Gaur izan da Bizkaiko Grafikagintzako hitzarmenaren negoziazio-mahaiaren laugarren bilera. Azken bileran, uztailaren 27an, patronalak bere plataforma aurkeztu zuen. Plataforma horrek, hitzarmenik gabeko urteetarako soldaten eguneraketarik ez jasotzeaz gain eta proposatutako igoeretan erosahalmena ez bermatzeaz gain, alderdi atzerakoiak baino ez zituen biltzen.
Gaur beste inposaketa bat ekarri du negoziazio mahaira: sindikatuok CEBEKi interesatzen zaizkion gaiei buruz hitz egiteko prest egongo ez bagina, negoziazioak ez lukeela aurrera egingo. Gai horietako bat malgutasuna da. Patronalak hitzarmen berrian malgutasuna % 10etik gora aplikatzea jaso dadin nahi du, hau da, Langileen Estatutuak ezartzen duenaren gainetik.
Horren aurrean, LABek, gainerako sindikatuek bezala, negoziazio honetan patronalak duen jarrera salatu du, eta argi utzi dugu ez dugula planteamendu atzerakoirik onartuko. Halaber, hurrengo bileran LABen plataforma osoari erantzuteko eskatu diogu patronalari, orain arte ez baitu halakorik egin.
Tamalgarria da CEBEKek jarrera hori izatea hitzarmena 12 urtez eguneratzeke daukan sektore baten aurrean, horrek dakarren guztiarekin. Urte hauetan asko izan dira erreformak eta lan-arloko lege-aldaketak, eta grafikagintzakoek uste dute beren lan-baldintzak gero eta urrunago daudela sektorearen errealitatetik, eta horrek langileen prekarizazioa eta pobretzea dakarrela. Errealitate horren aurrean, patronalak erakusten du sektorea sostengatzen duten pertsonen lan- eta bizi-baldintzek bost axola diotela.
Urriaren 4an beste bilera bat deitu dugu, eta LABetik berriro esan nahi dugu patronalak bere asmoei eusten badie, argi dugula gure estrategia zein izango den: negoziazioa, aktibazioa eta mobilizazioa.
Bizkaiko grafikagintzako patronalaren helburu bakarra negoziazioa blokeatzea dela salatu dugu
Salatzen dugu Nafarroako zahar egoitzetako patronalak immobilismoan finkatua jarraitzen duela
LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzetako patronalari eta Gobernuari benetako inplikazioa eta borondatea eskatu die sektoreko lehen hitzarmenaren negoziazioek aurrera egin dezaten. LABek salatu du patronalak ez zuela ekainean bere hitza bete, ez baitzuen negoziazio mahaira bere proposamenik eraman, eta ordutik ez duela batere mugimendurik egin.
Ikasturte berrian, zaharrak berri; Nafarroako zahar egoitzetako patronalak, oraingoz, inmobilismo bera erakusten baitu! Iragan ekainean patronalak ez zuen bere hitza bete, ez baitzuen negoziatzeko proposamenik ekarri, udako hilabeteetan zegoen ziurgabetasun politikoa dela-eta ezer proposatzea oso zaila zela argudiatuz. Baina konpromisoa hartu zuten Nafarroako Gobernua eratu ondoren negoziazio-mahaiari berriz deitzeko. Bada, Gobernua abuztuan osatu zen, eta oraindik ez dute deitu.
Jokabide hark interes falta erakutsi zuen, bai patronalaren aldetik, bai Nafarroako Gobernuaren aldetik, zaintza-zerbitzu publiko bat betetzen ari diren langile batzuen gatazkari irtenbidea emateko; badirudi botere ekonomiko eta politikoek ez dutela honetan batere interesik.
Ekainaren bukaerako bilera LAB sindikatuaren ekimenari esker lortu zen, hainbat mugimendu egin baitzituen, erakundeetan zein kalean, jada bi urte martxan zeramatzan ukapena eta borroka berriz aktibatzeko. Hartara, LAB sindikatuak berriz deitu zuen negoziazio-mahaia, horrek egoera desblokeatuko zuelakoan.
LABek negoziazioari bizitasuna ematen jarraitu nahi du. Horregatik, Nafarroako Gobernuari eta patronalari benetako inplikazioa eta borondatea eskatzen dizkiegu, sektorearen lan eta bizi baldintzak kualitatiboki hobetzeko. Aurten Nafarroako zahar egoitzen lehen hitzarmen kolektiboa sinatzea exijitzen dugu, eta behingoz negoziazio-esparru propioa errealitate bihurtzea. Nafarroako Gobernuari eta patronalari exijitzen diegu hitzarmen duin bat ahalbidetzeko, hau da, KPIari lotutako soldatekin, aldi baterako ezintasunen osagarriekin, eta deskuelgerik gabe.
Horretarako, mobilizazioetan ahalegintzea eskatzen diegu sektoreko langileei, ezer ez baita lortzen kalean presioa egin gabe. Sektoreko langileei dei egiten diegu LABekin antola daitezen, gure lan eta bizi baldintzak hobetzearen alde mobilizatzeko.
Etxeko langileen sail sindikalak 2023-2024 ikasturtean eman beharreko urratsak zehaztu ditu asanbladan
Larunbatean, irailak 9, LABeko etxeko langileen sail sindikalak hileko asanblada egin zuen, hasi berri dugun ikasturtean jorratu beharrekoak elkarrekin prestatzeko.
Oraingo honetan, helburu nagusia izan da kolektiboki adostea azaroaren 30ean egingo den Greba Feminista Orokorreko parte-hartzea eta errepresentazioa; izan ere, “ikusezin izateari uzteko borrokan jarraitzeko” hautua egin dugu. Halaber, zera nabarmenduko dugu: guk, zaintzen dugunok, zainduak izateko eskubidea daukagula.
Jende asko eta askotarikoa bertaratu zen deialdira, eta guztion parte-hartzea izan da aberasgarria. Hitzarmena orain! Etxeko langileak borrokan!
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatzen diogu ikastetxe publikoetako eskola-jantokiak arautzen dituen 2000ko aginduaren aldaketa negozia dezala
LAB sindikatuak hainbat eta hainbat aldiz salatu du jendaurrean, jangela publikoak arautzen dituen 2000ko martxoaren 22ko Agindua eta jangela horien funtzionamenduari buruz Hezkuntza eta Zerbitzuen sailburuordeak emandako Zirkularra aldatu behar direla. Horretarako, ezinbestekotzat jotzen genuen Hezkuntza sailburua den Jokin Bildarratzek eta Xabier Aizpurua sailburuordeak langileon ordezkariekin elkarrizketa-mahaira deitzea.
Bada, Hezkuntza Sailak, 23 urteren ondoren, ikastetxe publikoetako jangelak arautzen dituen 2000ko agindua aldatzeko prozedura hasi du, alde bakarrez eta inolako elkarrizketa sozialik gabe. Are gehiago, abuztua aprobetxatu du, zeina sektorearen jarduera eza den, aldaketa egiteko.
Gainera gogorarazi nahi dugu ekainaren 1ean LAB Sindikatuak Hezkuntza Sailarekin sinaturiko “hezkuntza-legea garatzeko langileen lan-baldintzak hobetzeko sindikatuon eta hezkuntza sailaren arteko akordioa”-k jasotzen duela 2023an kontrataturiko zerbitzuen azterketa zehatza burutzeko prozedura, oinarrizko aztergaiak eta irizpideak adostuko direla, jantokiko hezitzaileak lehenetsitako langile kolektiboetako bat izanik. Hortaz, Hezkuntza sailari dei egiten diogu jangelako hezitzaile eta gainerako langileei eragingo dien agindu berria langileon ordezkariokin negoziatzeko.
Jangelak ikastetxeko beste gune bat izan behar du, bertan hezten eta ikasten jarraitzekoa, eta ez zerbitzu osagarri soil bat gehiago. Horregatik, ezinbestekoa da ikastetxe bakoitzaren hezkuntza-proiektuan txertatzea.
Ezin dugu ahaztu agindu horrek zuzenean eragiten diela jangeletako langileen lan-baldintzei; besteak beste, hitzarmen kolektiboan jasotzen diren baino funtzio gehiago beren gain jartzen baititu.
Horregatik, hezkuntza komunitatea osatzen dugun sindikatu zein eragileekin biltzeko eskatzen diogu, Jangela eredu berri baterantz trantsizio adostu bat egin dezagun.
Eros ahalmena berreskuratu eta lanaldia murriztearen alde egingo dugu Arabako aisia hezitzailearen hitzarmenaren negoziazioan
Gaur, irailak 8, Arabako aisialdiko III. hitzarmenaren bigarren mahai negoziatzailea izan dugu. Mahaia urte honen hasieran eratu bazen ere, gaur arte ez da bilerarik egin, eta gaur bertan adostu dugu sindikatu bakoitzaren ordezkaritza.
Aurreko negoziazioetan egin izan den bezala, LABek hirugarren hitzarmen hau negoziatzeko plataforma bat proposatuko die gainontzeko sindikatuei, honako alderdi nagusi hauek jasotzen dituena:
- Hiru urteko indarraldia, 2023, 2024 eta 2025.
- Soldata-igoera, hitzarmena indarrean dagoen bitartean, urteko KPIa eta ehuneko finkoa %2 handituko da urtean, hau da, %6koa indarraldi osoan.
- 2025ean 1.592 ordura iristeko lanaldi-murrizketa.
- Opor-egunak 40ra arte igotzea 2025ean.
- Hainbat hobekuntza hitzarmenean jasotako lizentzietan, bizitza erdigunean jartzera lagunduko dutenak.
- Bilera intersindikal bat adostu dugu datorren asterako. Gainerako sindikatuekin negoziaziorako proposamen bakarra adosten saiatuko gara, eta patronalari helaraziko diogu, hurrengo mahai negoziatzailea, irailaren 19ean, baino lehen baloratu ahal izan dezaten.
- Dagoeneko aurreratu dezakegu ez dela negoziazio erraza izango eta, beraz, sektoreko langileen antolaketa ezinbestekoa izango dela aisialdiko hirugarren hitzarmen honen negoziazioarekin lortu nahi ditugun hobekuntzak lortzeko
LAB, alarde publiko, parekide eta bakarraren alde
LAB sindikatuak, eta bereziki Oarso-Bidasoa eskualdeak, Jaizkibel konpainiarekin bat egin dugu aurten ere. Jaizkibelek 25 urte daramatza Hondarribiko alardean emakumeen* parte hartu dezaten aldarrikatzen, oztopoak oztopo eta borroka eredugarri baten bidez.
LABetik adierazi nahi dugu emakumeen* parte hartze librerik gabeko jaiak ez direla parekideak, ezta askeak ere. Kaleak emakumeenak* ere badira, eta jaietan libre izateko eskubide osoa aldarrikatzen dugu.
Alarde publiko, parekide eta bakarra aldarrikatzen du LABek, eta bide horretan urratsak egiteko eskatu nahi die eragile politiko zein sozialei. Zenbaitek Jaizkibelek jasaten duen mespretxua elkarbizitza arazo moduan aurkeztu nahi badute ere, LABen argi dugu emakumeen* kontrako eskubide urraketa ezin dela modu horretan hartu. Gatazkari konponbidea emateko urratsak eskatzen dizkiegu inplikatutako guztiei, emakumeek* jai horretan libreki parte har dezaten.
Gora alarde parekidea! Gora borroka feminista!
Greba mugagabea abiatu dugu Olazabal y Huarten enpresaren pasibotasunaren aurrean
Gaur, irailak 7, 41 langile dituen eta Gasteizen kokatuta dagoen Olazabal y Huarte fundizioko langileek greba mugagabeari ekin diote, lan baldintza duinak eta bidezko hitzarmena eskatzeko. Uztailean 12 egunetako greba egin ondoren, enpresako zuzendaritzak jarrera pasibo bera izaten jarraitzen du, hitzarmenaren negoziazioa oztopatuz.
Horregatik, hainbat negoziazio-saio egin ondoren, eta enpresak ados jartzeko inolako borondaterik ez duenez, langileek greba mugagabea egitea erabaki dute batzarrean. 2021eko soldaten jaitsierak (%15), azken urteetako KPIaren igoerari gehituta, eroste-ahalmenaren galera izugarria ekarri du.
Grebaren jarraipena ia erabatekoa izan da, eta ekoizpena txanda guztietan gelditu dute.
Herritarrei dei egiten diegu laster deituko diren mobilizazioetan parte har dezaten.
Bizkaiko Correoseko garbitzaileek grebari ekingo diote ez dizkietelako soldatak ez ordaintzen
Bizkaiko Correosen azpikontrata den Limpiezas J Cordoba enpresako langileek mobilizazioa egin dute gaur Bilbon, LAB, ESK eta CCOOek deituta, enpresak zor dizkien soldatak ordaintzea eskatzeko. Abenduan enpresak zerbitzua bere gain hartu zuenetik, langileek mobilizazioak egin dituzte nominak atzeratu egin dizkietelako eta ez dizkietelako ordaindu. Konpondu beharrean, ez-ordaintzeak bata bestearen atzetik gertatu dira uztaileko eta abuztuko nominekin (aparteko ordainsaria barne), eta, beraz, egoera horren aurrean, bost greba-egun deitu dituzte, irailaren 11tik 15era.
Irailaren 6an langileen asanblada egin ostean, eman beharreko hurrengo urratsak erabaki dituzte, Correosek egoeraren larritasuna serioski har dezan eta enpresa modu irmoan behartu dezan soldatak ordaintzera. Ezinezkotzat jotzen dute da 24 milioi euro baino gehiago mugitzen dituen kontratu publiko batean, langileak kobratu gabe egotea. Salatu dute Correos Limpiezas J. Cordoba garbiketa-enpresari ordaintzen ari dela, diru publikoa dela, eta, beraz, erantzukizunak eskatzen dituzte. Adierazi dute Correosek bilera egin behar duela langileekin eta beharrezko azalpenak eman behar dituela, eta langileei zor dizkieten soldatak, dagokion berandutza-interesarekin, ordaintzera behartu dezakeela enpresa eta ez-ordaintze gehiago ez egotera behartu. Correosek kontratazio publikoaren araudia aplikatu behar duela uste dute langileek, eta azpikontratatutako enpresak betetzen ez badu, kontratua deuseztatu behar diola eta baldintza duinak bermatzen dituen plegu berri bat ate
Langileek salatu dute azpikontratazioak dakartzan egoera hauek lan-prekaritatearen iturri handienetako bat direla, eta, beraz, garaia dela Correosek zerbitzua bere gain hartzeko eta ez diru publikotik etekin handiena ateratzea baino bilatzen ez duten enpresa piraten esku uzteko, langileen eta zerbitzuaren lan-baldintzak prekarizatzearen kontura.
Hori dela eta, greba egingo dute irailaren 11tik 15era bitartean eta egoera premiaz aldatzen ez bada, greba mugagabera joko dutela adierazi dute.
Viveroko adingabeen zentroaren itxiera eta 19 langileren kaleratzearen aurrean, greba mugagabeari ekingo diote langileek irailaren 12tik aurrera
Galdakaon kokatuta dagoen Vivero adingabeen zentroa Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzua da eta Emankor Taldearen baitan dagoen Landalan enpresak kudeatzen du. Orain dela urtebete inguru, Landalanek zerbitzua emateari utziko ziola adierazi zien langileei eta baita LABeko 4 ordezkarik eta ELAko 1ek osatutako komiteari ere. Ordutik hona, 50 langile izatetik, 19 langile izatera pasatu dira, kaleratzeak egon dira eta lan baldintzak nabarmen kaskartu dira. Orain, zentroa itxi nahi dute eta langileak kaleratu. Honen aurrean, greba mugagabeari ekingo diote langileek.
Landalaneko zuzendaritzarekin zein zerbitzuaren titularra den Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte ekintzako buru izan zen Sergio Murillorekin hainbat bilera egin zituzten sindikatuek, komiteko kideekin batera.
Bilera horietan, Landalanek zerbitzua emateko aukerarik ez zuela ikusten esaten zuen, eta Aldundiarekin zuen hitzarmena bukatzerakoan zerbitzua emateari utziko ziola iragarri zuen. Enpresa berriari subrogaziorako datu guztiak emango zizkiola agindu zuen, hitzarmen kolektiboak adierazten duen bezala, baina hau ez dute bete. Ordutik hona, zerbitzua ematearen hitzarmena hainbatetan luzatu dute, eta langileen lan baldintzak kaskartu dituzte; ratio falta, plaza itunduak baino erabiltzaile gehiago eta abar luzea, hilabetez hilabete langileen lan osasuna jokoan jartzeraino.
Gogoan izan behar da Landalan, urteetan zehar sektoreko hitzarmen kolektiboa errespetatu ez duen enpresa dela eta Bizkaiko Foru Aldundiak, hau guztia jakin arren, beste alde batera begiratu duela.
Egoera zaila zela aurreikusita, ekainean, gaur egun Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte ekintzako burua den Amaia Antxustegi Ziardari eskatu genion bilera bat, baina ez dugu erantzunik jaso. Eta orain, Foru Aldundiak, zentroa itxi eta 19 langile kaleratzea erabaki du.
Bizkaiko Foru Aldundia eta Amaia Antxustegi Ziarda guzti honen erantzule dira, baita Landalan enpresa ere, ia 20 urtez oso lan baldintza gogorretan lanean aritu diren langileak kalean utzi nahi baititu. Errudunak, egoeraren berri izan eta langileei emandako hitza bete ez dutelako, langileei agindu baitzieten zentroa irekita mantenduko zutela. Errudunak, lan zentroa pixkanaka-pixkanaka desegiten ibili baitira. Eta errudunak, langileek zein egoiliarrek salatu duten bizi eta lan egoera kaxkarrak zeintzuk diren urteetan jakin jakin arren beste albo batera begiratu izan dutelako, langileen lan eta bizi proiektuekin jolastuz.
Beste behin ere, argi geratu da publikoak izan beharko liratekeen eta Aldundiaren menpe dauden zerbitzuen pribatizazioak langileen miseria dakarrela. Horregatik, langile zein egoiliarren lan eta bizitza duinen aldeko borrokan, lanpostuen defentsan eta kaleratzeen aurka, mobilizazio zikloa hasiko dute langileak, irailaren 12tik aurrera greba mugagabea deituz. Egun horretan, mobilizazioa egingo dute Bilbon, 11:00etan, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean.

