2026-10-28
Blog Page 2

Nafarroako bulegoetako hitzarmenean patronalaren blokeoa salatzen dugu

Nafarroako bulegoetako hitzarmen sektorialari 2025eko abenduaren 31an amaitu zitzaion iraunaldia. Negoziazio mahaia urte hasieran osatu zen. Geroztik hamaika izan dira patronalarekin izan ditugun bilerak, horietatik gehienak benetako aurrerapenik gabe. Uda aurretik, lau sindikatuok negoziaketan aurrera egiteko asmoz, oinarrizko puntuen proposamen bateratua helazari genion patronalari, honek konkrezioa eskatzen zigun bitartean.

Puntuak hurrengoak dira:

  • Igoerak soldata errealetara eta KPIaren bermea.
  • 21.000€ko sektorerako gutxieneko soldata.
  • Urteko lanaldiaren murrizketa.
  • Gaixotasunagatiko osagarriaren hobekuntza.
  • Baimen ordainduen hobekuntza.
  • Talde profesionalen berdefinizioa.

Egoera honen aurrean, patronalak, erantzun zehatza ematetik urrun, negoziazioa luzatzen ibili da bilera guztietan. LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok, beraz, patronalak negoziazioa blokeatzen ari duela salatu nahi dugu.

Hori dela eta, dei egiten diogu Nafarroako bulegoetako langile orori urriaren 28an arratsaldeko 19tan Juslarotxako Civivoxean ospatuko dugun asanbladan parte hartu dezan.

Bulegoetako hitzarmen duin baten alde!

Tuterako Osasun Barrutiko plantillaren egoera prekarioaz ohartarazten dugu

LAB sindikatutik berriz ere salatzen dugu Tuterako Osasun Barrutiko plantillaren narriadura. Lan publikoaren eskaintza batzuetako hautaketa-prozesuak amaitu ondoren, berriz agertzen hasi dira premiak, zailtasunak eta aspalditik datozen arazoak. Egoera ez da berria, eta errepikakorra izateaz gain, eskualdeko beste eremu eta ospitale batzuei ere eragiten die, Lizarrako Garcia Orcoyen ospitaleari, adibidez. Osasun arreta Iruñean zentralizatzeak, pizgarririk ezak eta plantillaren atxikimenduaren aldeko apusturik ez egiteak eragin kezkagarria dute eskualdeko ospitaleetan eta landa-inguruneko zerbitzuan.

Joan den urriaren 7an erizaintzako zainketa lagungarrien teknikari berriak hasi ziren lanean, eta laster sartuko dira administrariak eta Zerbitzu Orokorretako langileak ere. Horrek agerian utzi du aldi baterako langile kopurua gehiegizkoa dela, plantilla behar baino txikiagoa dela eta dagoen mugikortasunak lanpostu bakoitzaren zereginak benetan ezagutzea oztopatzen duela. Etengabe aldatzen ari den eta giza kapital prestatua galtzen duen plantilla batez ari gara. Egoera horrek ez dio laguntzen jarduera efizientea bermatzeko beharrezkoa den lan-egonkortasunari.

Oposizioen aurreko lekualdatzeek Reina Sofía ospitaleko langile finko asko eraman dituzte bertatik. Langileek, lehen deskribatutako egoera prekarioaren aurrean, beste administrazio batzuetara joatea erabakitzen dute, plantilla egonkorragoak eta erakargarriagoak dituztenetara. Tuterako Osasun Barrutia destino berrietarako nolabaiteko ate birakari edo kanpamentu nagusi bihurtzen ari da. Ezinbestekoa da plantillak egonkortu, dimentsionatu eta atxikitzeko neurriak hartzea. Tuterako Osasun Barrutia ezin da bazter utzi, Nafarroako Administrazioan batetik bestera ibiltzeko gune soil bat bailitzan.

Tuterako Osasun Barrutiko langile finkoen plantilla zahartzen ari da eta berritzeko estrategia bat behar da, errelebo antolatua bermatuko duena, egungo langileen eta haiek ordezkatuko dituzten langileen artean ezagutzak transmititzeko. Administrarien plantillari erreparatuz gero, adibidez, batez besteko adin altua duela ohartuko gara. Epe laburrean hasiko dituzte erretiroak tramitatzeko prozesuak, eta urteetan pilatutako esperientzia guztia horiekin batera desagertuko da.

Bertako beste arazo handi bat prestakuntza-ikastaroena da, “zerbitzuaren beharrak” direla-eta behin eta berriz ukatzen baitira baimenak. Profesional guztiek salatu dute zaila dela prestakuntza-ikastaroetara joatea, nahiz eta horiek ezinbestekoak diren Osasunbidearen funtzionamendua optimizatzeko.

Azkenik, LABetik agerian utzi nahi dugu eskualdeetako ospitaleetan, plantilla hain justuak dituztenetan, oso ohikoa dela lan-karga handieneko ordu-tarteetan txanda lerratuak egotea. Berriz ere, “zerbitzuaren beharrak” direla aitzakiatzat hartuta. Praktika horrek ez ditu kontuan hartzen langileei kontziliaziorako sortzen dizkien eragozpenak, eta agerian uzten du mugikortasun publikorako aukeren eskasia. Ezinbestekoa iruditzen zaigu fitxaketa-sistema moldatzen ari den hilabete hauek probestuz gai horiei ere heltzea eta langileentzat konponbide egokiak bermatzea.

LABen premiazkotzat jotzen dugu ospitaleak berritzeko plan bat egitea, bai langileen arloan, bai instalazioen arloan. Plantilla behar bezala dimentsionatu behar da. Arazo handia da hurrengo lekualdatzea egin arteraino zenbat egun falta dituen zenbatzen ari den plantilla bat edukitzea. Horregatik, gure eskaera da bertan behera utz dadila urte hauetan guztietan aplikatu izan den adabaki-politika eta egin dadila behingoz epe luzerako benetako estrategia eraginkorra.

Etxebizitza politika okerren eta utzikeriaren ondorioa da Gasteizko etxegabetzea

Gasteizko Udalak larrialdi egoerei aurre egiteko baliabideak eta etxebizitza parke publikoa ez zaintzeak ekarri du egoera hau. LABek Eusko Jaurlaritzaren erantzun polizial bortitza salatzen du.

Gaur Gasteizen 8 kideko familia bat etxegabetu dute, tartean 6 adingabe zirela. LAB sindikatuak etxegabetze hau salatu nahi du, eta baita PSE eta EAJk gidaturiko Gasteizko Udalak ganorazko bizitoki alternatiba bat eskaini ez izana ere. Etxegabetze hau ez da aurreikusi ezinezko egoera bat izan Gasteizko Udalarentzat. Aldiz, urte luzetako etxebizitza politika okerren eta utzikeriaren ondorioa da. Besteak beste, Gasteizko Udalak larrialdi egoerei aurre egiteko baliabideak eta etxebizitza parke publiko propioa ez zaintzeak ekarri du egoera hau.

Etxebizitza eskubide bermatua izan dadin egiturazko aldaketak behar ditugu; horien artean, etxegabetze guztiak gelditzea eta parke publiko indartsu bat eratzea. Horretarako konpromiso irmoa eskatzen die LABek instituzioei, eta hori da, kasu honetan, falta izan dena.

Halaber, LABek Eusko Jaurlaritzaren erantzun poliziala salatu nahi du. Izan ere Ertzaintza indarkeria gogorra erabiliz oldartu da etxegabetzearen aurka protesta egin eta hau ekiditen saiatzeko mobilizatutako herritarren aurka. Elkartasuna adierazi nahi die etxegabetzea gelditzera gerturatu eta Ertzaintzak jipoitutako herritar guztiei, eta atxilotuen berehalako askatasuna eskatzen du.

Vicinayn proposatutako kaleratzeak eta ABEE berria arbuiatzen ditugu, eta operazioaren atzean dauden interesei buruzko zalantza adierazi dugu

Plantillak hainbat urte daramatza Aldi Baterako Erregulazio Espedienteak pairatzen eta sakrifizioak egiten, eta orain enpresaren jarduerarekin loturiko arazoak ere langileek ordaindu behar izatea onartezina da sindikatuarentzat. Damaso Quintanak bultzatutako eta Eusko Jaurlaritzak babestutako operazioaren lehentasuna, enplegua eta Vicinayren industria-etorkizuna bermatzea baino, enpresaren lursailak ez ote ziren planteatu du LABek.

Vicinayko zuzendaritzak 60 pertsona kaleratzeko eta gainerako langileei beste ABEE bat aplikatzeko asmoa jakinarazi du. Egoera horren aurrean, LABek argi dauka: ez du kaleratze bakar bat ere onartuko, ezta beste ABEE bat gehiago ere.

Langileek urteak daramatzate ABEEak, hilabete osoak etxean igaro beharra eta sakrifizio ekonomikoak jasaten. Damaso Quintana enpresara iritsi zenean, baldintza berriak onartu ziren, besteak beste, 2027rako eta 2028rako soldatak izoztea, Vicinayren etorkizuna bermatzeko eta enpresa likidatzea saihesteko argudioarekin. Urtebete baino gutxiago igaro denean, erantzuna berriro ere enplegua suntsitzea eta ondorioak langileen gain jartzea da.

Hainbeste sakrifizioren ondoren, langileek eskubidea dute jakiteko operazio hura benetan euren etorkizuna bermatzeko eta industria-jarduerari eusteko egin ote zen.

LABen ustez, ezinbestekoa da mahai gainean galdera bat jartzea, ez enpresak ez erakundeek saihestu ezin dutena: eta Damaso Quintanak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako operazioaren benetako interesa Vicinayko langileak eta haren industria-etorkizuna ez baziren, enpresaren lursailak baizik?

Gertakarien bilakaerak zalantza larriak sortzen ditu. Ez da sinesgarria halako operazio batean Dámaso Quintanak eta Eusko Jaurlaritzak aurreikusi ezin izana Vicinayk eskaera- eta jarduera-arazoak izan zitzakeela. Horregatik, LABek exijitzen du argitzea zer helburu zituen operazioak, zer berme ezarri ziren enplegua babesteko eta zer eragin duten lursailek enpresaren etorkizunari buruzko erabakietan.

Eusko Jaurlaritzak baliabide publikoekin babestu du operazioa. Orain ezin du beste aldera begiratu, Sestaon eta Ezkerraldean industria-enplegua suntsitzea planteatzen ari direnean. Azaldu behar du zer konpromiso hartu ziren, zer berme eskatu ziren eta zer egingo duen kaleratzeak eragozteko.

Helburua Vicinay salbatzea bazen, nola azal daiteke urtebete baino gutxiago igaro ondoren kaleratzeak eta beste ABEE bat planteatzea? Industria-jardueraren eta enpleguaren jarraitutasuna lehenesten ari al dira, ala horien gainetik dauden beste interes batzuk daude?

LABek gardentasuna eta erantzukizunak exijitzen ditu. Langileen etorkizuna ezin da behar bezala azaldu gabeko interesen mende geratu, eta ezin da onartu enpresa-operazio bati babes publikoa ematea enplegua eta industria-jarduera benetan bermatu gabe.

Eskari bat galtzeak ezin du enplegua suntsitzea justifikatu

Eskari garrantzitsu bat galtzea ezin da automatikoki erabili 60 pertsona kaleratzeko eta gainerako langileei ABEE bat aplikatzeko justifikazio gisa.

Enpresak azaldu behar du zer alternatiba aztertu dituen, zer beste eskaera eta proiektu bilatzen ari den eta zer plan duen jarduera berreskuratzeko. Vicinayk lana, inbertsioa eta etorkizuneko industria-proiektu bat behar ditu, ez kostua berriro langileen gain jartzen duten neurrien segida.

Gainera, beste ABEE batek luzatu egingo luke dagoeneko jarduerarik gabeko aldi luzeak jasan eta langabezia-babesaren zati bat agortu duten langileen ziurgabetasuna. Zer gertatuko da ABEEa amaitzen bada eta eskaera berririk iristen ez bada? Langileak ezin dira bermerik gabeko itxaronaldi batean harrapatuta geratu, gero kaleratzeei aurre egin behar izateko.

LABek enpresari konponbideak bilatzeko exijitzen dio, eta Eusko Jaurlaritzari bere posizioa erabiltzeko Vicinayren jarraitutasuna, industria-jarduera eta lanpostuak bermatzeko.

Proposamenak batzordera, erantzuna bultzatzeko

Datorren astelehenean, LABek proposamen zehatzak eramango ditu batzordera, egoera honi aurre egiteko eta enpresari zein erakundeei erantzukizunak exijitzeko. LABek batzordearen erantzun bateratua bultzatu nahi du, baina uste du egoeraren larritasunak jardutea eskatzen duela, eta ezin dela amore eman enpleguaren suntsiketa saihestezintzat aurkezten denean.

LABek borroka egingo du kaleratze guztiak eta ABEE berria saihesteko, eta eskura dituen tresna sindikal eta judizial guztiak erabiliko ditu lanpostuak eta Vicinayren industria-etorkizuna defendatzeko.

Amarratzaileen aurkako jazarpen sindikal larriaz ohartarazi du LABek, eta langileen antolaketarekiko konpromisoan berresten da

Sindikatuak agerraldia egin du Bilboko Portuan, sektorean askatasun sindikalaren aurkako erasoak etengabeak direla salatzeko eta arduradunei argi uzteko LABek ez duela bazter utziko langile klasearen eskubideen alde borrokatzeko bere betebeharra. Enpresak LABeko hiru ordezkari kaleratu ditu eta hainbat zigor ezarri ditu, mehatxuak eta xantaia baliatzeaz gainera.

Amarradores del Puerto de Bilbao S.A.-k lau pertsona kaleratu ditu aurten (horietako hiru LABeko ordezkariak), 10 zehapen ezarri ditu eta aldi baterako 11 langileri betoa ezarri die. Horrez gain, lankide askoren aurka xantaia erabiltzen ari da behin eta berriro.

Horrenbestez, amarratzaileekin gertatzen ari dena ez da ohiko lan-gatazka batera mugatzen. Aldiz, langileek beren eskubideak defendatu eta antolatzeko duten eskubideen aurkako eraso larria da gertatzen ari dena; zehazki, LAB sindikatuaren aurkako erasoa. Bada, sindikatua prest agertu da eskura dituen tresna guztiak erabiltzeko egoera hau behin betiko amai dadin; izan ere, askatasun sindikala funtsezko eskubidea da, eta LABek ez du onartuko eskubide hori ezerezean geratzea.

Sindikatuak babes osoa adierazi die enpresaren jokabide horien ondorioak pairatzen ari diren langileei, eta arduradunei ohartarazi die LABek ez duela inolako asmorik langile klasearen eskubideen alde borrokatzeko bere erantzukizuna bazter uzteko. Zigorrak eta askatasun sindikalari eraso egiten dioten jokabide oro berehala eteteko exijitzen du sindikatuak, eta aleratutako ordezkarien egoerari berehala konponbidea emateko. Enpresak uste badu LABek uko egingo diola bere erantzukizun sindikalari kaleratzeak, zehapenak eta presioak direla medio, oker dabil. Aitzitik, sindikatuak langileak defendatzeko duen konpromisoa indartu baino ez dute egiten halako egoerek, eta horretarako eskura dituen baliabide sindikal eta legal guztiak erabiltzeko prest dago LAB.

Gerentzia berria iritsi eta amarratzaileen lan-baldintzak errotik aldatzeko asmoa abian jarri zuenean hasi zen guztia. Hainbat hamarkadaz martxan egon diren akordioak hautsi nahi izan zituzten, eta hainbat kontutan atzerapausoak ezarri, hala nola disponibilitatearekin, lansaioekin edota oporrekin lotutako gaietan. Horrez gain, langile kontratatu berriak gainerakoen baldintza berberetan sartzeko printzipioa ere bazter utzi nahi izan zuen zuzendaritzak. Hori guztia P&O Grupo Reyser eta DP World-en babespean gertatu da, zeintzuek amarratzaileen enpresaren kudeatzaileak baitira.

Egoera larri honen aurrean, LABek epaitegietara jo du eta prest azaldu da lan-baldintzen alde nahiz langileak antolatzeko askatasunaren alde borroka egiteko. Gogorarazi behar da langile hauek dagoeneko sei greba egun egin dituztela, ez baitaude prest hamarkadetan zehar lorturiko eskubideei uko egiteko.

Mobilizazio egutegia eta elkartasun kanpaina

Datozen asteetan langileekiko elkartasunez eta askatasun sindikalaren defentsan martxan jarriko dituzten ekimenen berri eman du LABek Santurtzin eginiko agerraldian:

  • Urriak 26: Informazio-ekintza portuan, 6:30ean
  • Urriak 29: Elkarretaratzea Bilboko Barroeta Aldamar kaleko epaitegiaren aurrean, 9:15etik 10:15era, aldi baterako langileekin lotutako epaiketaren harira
  • Azaroak 3: Elkarretaratzea Bilboko Barroeta Aldamar kaleko epaitegiaren aurrean, 10:45etik 11:45era, kaleratzeengatiko epaiketaren harira
  • Azaroak 5: Elkarretaratzea Bilboko Barroeta Aldamar kaleko epaitegiaren aurrean, 11:00etatik 12:00etara, ordu sindikalen erabilerarekin lotutako epaiketaren harira
  • Azaroak 10: Elkarretaratzea Bilboko Barroeta Aldamar kaleko epaitegiaren aurrean, 10:00etatik 11:00etara, grebalarien ordezkapenekin lotutako epaiketaren harira

LAB sindikatuak afiliazioari nahiz, oro har, langileei dei egiten die mobilizazio hauetan parte hartzera eta elkartasuna adieraztera; izan ere, langile klase osoa interpelatzen duen gatazka da portukoa.

Era berean, Amarradores del Puerto de Bilbao SA enpresari zuzendu zaio eta bere jarrera zuzentzeko, presio-estrategia alde batera uzteko eta gatazka konpontzea ahalbidetuko duen negoziazioa irekitzeko exijitu dio. Horrez gain, sindikatuak Portuko Agintaritzari eta Eusko Jaurlaritzari galdegin die gai honetan esku-hartzeko, instituzio hauek ez luketelako onartu behar halako eskubide-urraketarik beren eskumeneko eremuetan.

Miguel Servet Fundazioko langileek hitzarmena aplikatzeko finantziazio falta salatu dute, eta Nafarroako ikerketa biomediko publikoaren etorkizunaz ohartarazi dute

Langileek elkarretaratzea egin dute Nafarroako Parlamentuaren aurrean, eta lanuzteak iragarri dituzte astearte eta ostegunetan, 10:00etatik 12:00etara, datorren astetik aurrera.

Navarrabiomed – Miguel Servet Fundazioko langileek elkarretaratzea egin dute gaur Nafarroako Parlamentuaren aurrean, aurrekontuek dagokien lan hitzarmena aplikatzeko beharrezko finantzazioa jasotzen ez dutela salatzeko. Hori dela eta, 2027ko Aurrekontuetan diru partida espezifiko eta nahikoa sartzeko exijitu diote Nafarroako Gobernuari, hitzarmena efektiboa izan dadin.

Navarrabiomed – Miguel Servet Fundazioa Foru Erkidegoan ikerketa biomediko publikoa garatzeaz arduratzen da. Hori dela eta, haren aldeko hileta-elizkizuna antzeztu dute elkarretaratzean. Ekintza horrekin, langileek adierazi nahi izan dute Osasun Departamentuak eta alderdi politikoek ikerketari babesa emateko egindako adierazpenekin zer nolako tristura, haserrea eta etsipen sakona eragin dizkieten, ez baitoaz konpromisoak betetzeko behar duten diru-hornidurarekin batera.

«Nekatuta gaude ikerketa biomediko publikoaren etorkizunari buruzko hitz onak eta promesak entzuteaz, aurrekontuetan gure hitzarmena aplikatzeko beharrezkoa den partida ekonomikoa sartzen ez den bitartean», adierazi dute.

Langileek gogorarazi dute aldarrikapen honek ez diela soilik beren lan eskubideei eragiten, baita Nafarroako gizarte osoarentzat funtsezkoa den zerbitzu publiko baten etorkizunari ere. Ikerketa biomedikoak herritarren osasuna hobetzen, ezagutza zientifikoan aurrera egiten eta osasun publikoa sendotzen laguntzen baitu.

Egoera hori ikusirik, langileek iragarri dute datorren astetik aurrera lanuzteak egingo dituztela astearte eta ostegunetan, 10:00etatik 12:00etara, euren eskubideak defendatzeko eta hitzarmena aplikatzeko beharrezko finantzaketa eskatzeko.

Era berean, Nafarroako Gobernuaren, Osasun Departamentuaren eta bilera egin duten talde politikoen erantzukizuna eskatu dute: PSOE, Geroa Bai, Zurekin, EH Bildu, UPN eta PP.

«Ez dugu ikerketa defendatzeko dugun borondatea lurperatzen. Hileta sinboliko hau errealitate bihurtzea saihestu nahi dugu. 2027ko Aurrekontuek aukera ematen digute ikerketa biomediko publikoarekiko konpromisoa benetakoa dela erakusteko. Hitzak jada ez dira nahikoak: finantziazioa eta ekintza zehatzak behar ditugu», amaitu dute.

LABen Bilboko Udaleko atal sindikalak babesa adierazten dio eraikin publikoetako garbiketako langileen grebari

LABek, ELArekin eta CCOOrekin batera, Bilboko Udalari eskatu diogu kontratuaren esleitzaile gisa duen erantzukizuna bere gain hartzeko eta premiazko elkarrizketa-mahai bat abian jartzeko, akordio duin bat bermatze aldera. Gure aldarrikapen nagusietako bat soldatetan dagoen genero-arrakala nabarmena desagerraraztea eta kale-garbiketa bezalako sektore maskulinizatuekin alderatuta pairatzen duten prekarietate-egoera jasanezinari amaiera ematea da.

Bilboko Udaleko Langileen Batzordeko kide garen sindikatu sinatzaileok erabateko babesa eta elkartasuna adierazten diegu udal-eraikin eta lokal publikoetako garbiketako langileei, lan-baldintza bidezkoen alde greba mugagabean baitaude gaur egun.

Justifikaziorik gabeko genero-arrakala soldatetan

Ordezkaritza sindikaletik irmoki salatu nahi ditugu kolektibo honek jasaten dituen soldaten genero-arrakala nabarmena eta muturreko lan-prekarietatea.

Kale-garbiketako zerbitzuek (tradizioz sektore maskulinizatua) «duintzat» jotzen diren baldintzak dituzten bitartean, hiriko ikastetxeak, liburutegiak, polizia-etxeak eta beste eraikin publiko batzuk garbitzeaz arduratzen diren langileek hilean 1.200 eurora ozta-ozta iristen den soldata jasotzen dute.

Soldata-alde horren ondorioz, kale-garbiketako lankideek baino 600 euro gutxiago kobratzen dituzte hilean. Alde ekonomiko hori ez da justifikatzen inolako irizpide teknikoren, ahaleginaren edo arriskugarritasunaren arabera, eta generoan oinarritutako lan-diskriminazioa agerian uzten du.

Bilboko Udalaren zuzeneko erantzukizuna

Sindikatu sinatzaileok Bilboko Udala jotzen dugu egoera honen erantzule nagusitzat.

Udal Gobernu honek bultzatutako zerbitzu publikoen kanporatze-ereduak aurrezpen ekonomikoa lehenesten du eta lan-prekarietatea sustatzen du. Horren ondorioz, enpresa esleipendunek etekin handiagoak lortzen dituzte hiriaren funtzionamendurako ezinbestekoa den langile talde bat pobretzearen kontura, langileen ongizatea erabat baztertuta.

Lan-gatazka honen aurrean, sindikatu sinatzaileok honako hau eskatzen dugu:

  1. Elkarrizketa-mahai bat berehala eratzea, enpresa esleipendunak zein Bilboko Udalak parte har dezaten.
  2. Udalak bere erantzukizunak bere gain hartzea, eremu guztietan lan- eta soldata-baldintza duinak bermatuko dituzten akordioak lor daitezen.

Bilboko herritarrei, eta bereziki udal-langileei, dei egiten diegu garbiketako langile horiei elkartasuna adieraz diezaieten. Era berean, zerbitzu publikoetan soldata-berdintasunaren eta justizia sozialaren alde deitutako mobilizazioekin bat egitera animatzen ditugu.

Nafarroako Metalaren negoziazio mahaiaren presazko osaketa salatzen dugu

UGT eta CCOO sindikatuek eskatuta, Nafarroako Metalaren Hitzarmenaren negoziazio mahaia asteartean osatu zuten, indarrean dagoen hitzarmena bukatu baino bi hilabete lehenago. LABen ustez, aurrerapen hori justifikatzeko erabilitako argudioak ez dira nahikoak, eta bi sindikatuek mahaian duten gehiengoari eusteko balizko saiakera bati erantzuten dio.

Azpimarratzekoa da mahaiaren eraketa, sindikatuaren hainbat interpretazio eskaerari hitzarmenaren batzorde paritarioak erantzunik eman gabe zazpi hilabete baino gehiago igaro ondoren egin dela, eta baita ere, joan den maiatzean egindako negoziazio baten ondoren, zeinak behin-behineko langileen prekarietatea areagotzea ekarri baitzuen.

UGT eta CCOOk hitzarmen horren negoziazioak historikoki luzatu direla argudiatu dute, eta egoera ekonomiko orokorrari heldu diote aurrerapena justifikatzeko. LABen, ordea, zalantzan jartzen ditugu bi argudio horiek. Nafarroako Metalgintzako Hitzarmena da akordio bat azkarren lortzen den sektoreko hitzarmenetako bat, eta horrek edukien aldetik galera nabarmena ekarri du. Halaber, ezegonkortasun ekonomikoak urteak daramatzala azpimarratzen dugu, eta aurretik ez dela horrelako argudiorik erabili beste negoziazio mahai batzuen eraketa aurreratzeko.

Mahaian ordezkaritza sindikalak izan duen bilakaerarekin lotzen dugu erabakia. UGT eta CCOO 2022ko negoziazio mahaian ordezkaritzaren % 51,88 izatetik aurtengo abuztuan % 50,71 izatera igaro ziren, eta ehuneko horrekin osatu da mahai berria.

Testuinguru horretan, LABen uste dugu UGTk eta CCOOk negoziazio mahaian gehiengo osoa lortzeko egindako ahaleginari erantzun diezaiokeela aurrerapen horrek, ordezkaritza sindikalaren balizko aldaketa batek hori arriskuan jarri baino lehen. LABen iritziz, gehiengo horren aldaketak nabarmen aldatuko luke hitzarmenak historikoki izan duen negoziazio dinamika.

Negoziazio berriari begira, iragarri dugi Nafarroako industria siderometalurgikoaren sektoreko langileen lan baldintzak duintzean zentratuko garela, duela asko erreferente izateari utzi zion hitzarmen bati edukiz hornituz, eta gure aldarrikapenak defendatuko ditugula bai negoziazio mahaian, baita kalean ere.

Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulaziorik ez!

Euskal gehiengo sindikala eta etxebizitza sindikatuak elkarrekin mobilizatuko gara Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez! Contra el empobrecimiento, subida de salarios lelopean

LAB, ELA, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaroaren 11rako deitu dugun greba orokorrerako adostu dituzten aldarrikapenak eta mobilizazioak publiko egin ditugu gaur, Bilbon eta Iruñean egindako agerraldi banatan. Azpimarratzekoa da greba orokor honetan Euskal Herriko markoa babestu eta defendatu nahi dugula, hau da, Euskal Herrian adostutako aldarrikapenak zabaldu eta hemengo instituzioak interpelatu. Etxebizitza eskubide bermatua izan dadila eta espekulazioarekin amaitu beharra dagoela azpimarratu dugu. Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruan sakontzeko unea dela uste dute deitzaileek.

Etxebizitza langileria pobretzeko eta berau zeharkatzen duten arrakala matxista eta arrazistak sakontzeko arrazoi nagusietako bat bihurtu da. Zentzu horretan, etxebizitzak bermatutako eskubidea izan beharko luke, publikoa, osasungintza eta hezkuntza diren neurri berean. Langileen pobretzearen aurka eta soldatak igotzearen alde eta denon eskubideak bermatuko dituzten kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalen defentsa ere egin dugu sindikatuok gaurko egunean.

Hiru aldarrikapen nagusiak

Kalitatezko etxebizitza bermatze aldera erroko hiru transformazio bultzatu behar direla defendatu dugu sindikatu guztiok: batetik, espekulatzaileen espropiazioa, bestetik, jardun espekulatiboaren debekua eta, azkenik, etxebizitzen eta bitartekoen antolaketa justua, langileriaren beharren arabera antolatua. Egiturazko eraldaketa hauek lortu ezean, espekulazioak eta errentismoak bere horretan jarraituko dute.

Erroko hiru aldarrikapen horietaz gain, langileentzat aringarriak izan daitezkeen beste neurri batzuk defendatu ditugu, hala nola etxegabetzeekin bukatzea edota etxebizitzaren prezioaren jaitsiera.

Instituzioen ardura

PSOEk gidaturiko gobernua zuzenean kritikatu dugu, azken 8 urteetan ez baitu inolako neurririk hartu egoera egituraz aldatzeko. Hala ere, maila guztietako ardurak seinalatu ditugu, bereziki Eusko Jaurlaritzarena eta Nafarroako Gobernuarena. Etxebizitzaren esparruan eskumen zabalak izan arren, negozioa indartzen duten politikak babesteko erabili dituzte. Alderdi guztietako udalen ardura ere seinalatu dugu, alternatibarik gabeko etxegabetzeak egin baitira horietako batzuetan.

Confebask eta CEN patronalak ere interpelatuak izan dira. Patronal hauek dira prekarizazioa betikotzen jarraitzen dutenak eta, gainera, uko egin diote hemengo errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa ezartzeari.

Azaroaren 11rako greba orokorra deitu dugun sindikatuok ez dugu onartuko alderdiek etxebizitzaren auzia euren interesetarako erabil dezatela, konponbide errealik planteatu gabe. Hori dela eta, aipatutako erroko aldaketak ahalbidetu behar direla defendatu dute; espekulatzaileen espropiazioa, jardun espekulatiboarekin amaitu eta etxebizitzen eta bitartekoen antolaketa, langileriaren beharren arabera.

Era berean, etxebizitzaren bidez ez ezik, soldaten debaluazioaren bidez langileriak bizi duen pobretzea salatu dugu deitzaileok, eta Hego Euskal Herrian azaroaren 11ko greba orokorraren aldarrikapen nagusietako bat soldatak duintzea izango dela gogorarazi dugu.

Ildo horretan, bertako errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa premiazko neurria da. Ez dira 8 hilabete 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokorra egin genuela. Horregatik, kaleak hartu eta erroko eraldaketak bultzatzeko unea dela defendatu dugu bertaratutako sindikatuok.

Greba orokorraren eguneko mobilizazioak (Azaroak 11):

  • 12:30ean, Bilbon (Arriagatik) Donostian (Pio XIItik), Iruñean (Gaztelu plazatik) eta Tuteran (Foru plazatik).
  • 12:00etan: Gasteizen (Bilbo plazatik) eta Eibarren (Untzaga plazatik)
  • Arratsaldean ere mobilizazioak egongo dira 4 hiriburuetan zein hainbat herritan.