2025-12-25
Blog Page 173

Eroskik Elorrion duen biltegiko langileak greban ari dira prekaritatearekin behingoz amaitzeko

Astelehenean hasi eta hilaren 16ra arte dago deituta greba Cecosa hipermercados SLk kudeatzen duen lantokian. 130 pertsona inguru daude bertan lanean, gehienak gizon arrazializatuak, eta urteak daramatzate gutxieneko soldata kobratzen, txandaka eta jaiegunetan lan egiten, zama handiak manipulatzen eta atseden-egunetan lan egitera behartuak. Gaur Bilbon egin dugu elkarretaratzea.

Lanagileen baldintza latzak aztertzeko enpresarekin hainbat bilera egin ondoren, eta hobekuntzarik lortu ez zenez, komiteak 5 greba-egun deitzea erabaki zuen (abenduaren 11tik 16ra), gaur egun biltegian lan egiten duten baldintzak duintzeko helburuarekin.

Berriz ere, prekaritate horren guztiaren atzean estatalizazioa dago. Enpresa honetan Biltegi Handien hitzarmena aplikatzen da, CCOOk eta UGTk 2023an sinatutako Estatuko hitzarmena, zeinaren lan-baldintzak EAEko hitzarmenetan jasotakoetatik oso urrun dauden. Deigarria egiten zaigu Eroski bere euskalduntasunarekin harro omen dagoenean.

Gauzak horrela, plantillaren helburuak argiak dira: Bizkaiko Elikaduraren hitzarmena aplikatzea, laneko osasun eta prebentzioan neurri eraginkorrak izatea, ordaindutako atsedenaldiak eta aldaketa arbitrarioekin eta alde bakarreko malgutasunarekin amaituko duen urteko egutegia.

IDEko langileek soldaten izoztearen aurka greba egingo dute bihar

EAEn lantokiak dituzten Accenture taldeko hainbat enpresatako langileak jasaten ari diren bidegabekeria salatzeko mobilizatzen hasi dira IDEko (Informática de Euskadi) beharginak, eta bihar, hilak 14, greba eguna izango dute.

Accenture multinazional amerikarrak, jabeak, taldeko enpresa guztien soldatak izoztea erabaki du, gaur egungo errealitate ekonomiko eta soziala kontuan hartu gabe.

Hartutako erabaki honek, Tecnilogika eta Informatica de Euskadi bezalako enpresei eragiten die, gure herrialdearen garapen teknologikorako eta berrikuntzarako funtsezko lana egiten duten enpresei.

Enpresa-batzordeak osatzen ditugun sindikatuok saiatu gara Accenturerekin negoziatzen, plantilletako soldata gordinen benetako igoera bermatzeko, eta hori, jakina, bizitzaren kostua eta erosteko ahalmenaren igoerak kontutan hartuta.

Accenturen lortutako onurak garrantzitsuak izan dira, baina uko egin dio elkarrizketari eta ateak itxi dizkio negoziazioari. Bere irizpidea ezarri du, etika falta eta taldea osatzen dugun langileenganako errespetu falta erakutsiz.

Ezin dugu onartu egoera hau, gure lan-eskubideak atzeratzea eta bizi-kalitatea galtzea erkatzen dituelako. Horregatik, Accentureri negoziatzea eskatzen diogu eta aldi berean mobilizatzea erabaki dugu, langileei eragiten dieten neurri hauek babesteko.

Greba hau, gure erosteko ahalmena eta soldata duinak berreskuratzeko geratzen zaigun tresna bakarra da.

Accenturen egoitzaren aurrean (Iberdrolako dorrean) elkarretaratzea egin ostean, aste honetako mobilizazio egunik garrantzitsuena biharkoa izango da, abenduak 14. Egun osoko GREBA bat egingo dugu, eta 11:00etan manifestazioan abiatuko gara Plaza Biribiletik, eta bezero ditugun enpresa gehienetatik pasatuko gara (El Corte Inglés, BBVA, Kutxabank, Sabadell, La Caixa, Iberdrola…).

Halaber, gizarte eta ekonomia sektore guztien elkartasunerako deia egin nahi dugu, gure borroka babestu, lan-duintasuna eta gizarte-justizia babes ditzaten.

Ez dugu onartuko Accenturek zenbaki gisa tratatzea eta gure soldata eta etorkizuna lapurtzea.

Esteka honetan entzun daiteke LABen IDEko sail sindikalak eginiko podcasta, greba eta mobilizazio hauen zergatia azaltzen duena: https://open.spotify.com/show/59miaqOJSrHpLtGQfGK2ky

LABek 100 proposamen baino gehiago egin ditu Nafarroako Esku-hartze Sozialeko hitzarmena hobetzeko

Nafarroako Esku-hartze Sozialeko bigarren hitzarmena izan behar duenaren negoziazio mahaia abian da dagoeneko, eta LAB sindikatutik 100 proposamen baino gehiago aurkeztu ditugu, zalantzarik gabe langile guztien lan-baldintzak hobetuko dituztenak.

Gure sindikatuak borroka ibilbide luzea du sektore honetan, eta, horregatik, ongi ezagutzen ditugu sektorearen egoera, arazoak eta beharrak. Horri esker, oraingo hitzarmena hobetzea helburu duten ideia berriekin gatoz: batetik, hitzarmenaren artikulu batzuen erredakzioa aldatzea planteatzen dugu; eta bestetik, hitzarmenaren edukiak hobetzea eta artikulu eta eduki berriak gehitzea. Gainera, gure ekarpen gehienak sektoreko langileek beraiek egin dituzte; izan ere, LABek egindako deialdiari modu eredugarrian erantzunez, proposamen asko eta oso interesgarriak bidali dizkigute langileek.

Horrela, bada, negoziaziorako proposamen bat prestatu dugu, non 100 neurri baino gehiago biltzen diren egungo hitzarmena hobetzeko eta langileen arazoei konponbideak emateko. Hori guztia artatzen ditugun pertsonei eskaintzen dizkiegun zerbitzuak eta arreta hobetzeko helburuarekin. Azken batean, eskubide gehiago lortu nahi ditugu guztiontzat, eta eskaintzen diren zerbitzu publikoen kalitatea hobetu dadila. Proposamen guztien artetik, hauexek dira aipagarrienak:

  • Urteko soldatak hobetzea talde guztientzat (KPIaren igoera bermatuta)
  • Urteko lanaldia murriztea
  • Opor egun gehiago.
  • Lanaldi bereziak sortzea kolektibo jakin batzuentzat
  • Soldata-plus batzuk ezartzea titulazio betebeharrak eta eginkizun jakin batzuk betetzen dituzten langileentzat
  • Baimen ordainduak aldatzea; kasu batzuetan, izan diren arau-aldaketetara egokitzeko, eta beste batzuetan, behar berriei heltzeko eta testuaren erredakzioa hobetzeko
  • Norberaren aferetarako baimenak ezartzea
  • Lanpostuak betetzeko protokolo objektibo bat sortzea
  • Amatasuna babestea zuzeneko esku-hartzea eskatzen duten lanpostuetan, eta erasoen aurkako erregistro bat sortzea enpresa guztietan
  • Elkargoko bazkidetze-gastuak eta mantenu-gastuak ordaintzea larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan lan egiten duten langileei
  • Aholkularitza juridikoa bandalismoaren ondoriozko kalteak gertatzen diren kasuetan.
  • Datu pertsonalen babesa

Hobekuntza horiek guztiak negoziazio mahaian azalduko ditugu, eta, beharrezkoa bada, mahaian eta kalean defendatu beharko dira. Aurreko negoziazioan bezala, badakigu inork ez digula ezer oparituko, ez Gobernuak, ez patronalak. Horregatik, ezinbestekoa da plantillak aktibatzea, 2025etik aurrera hitzarmen honek arautu ditzan gure lan-baldintzak.

Arabako egoitzetako langileek ikatza eraman diete Urkullu, Gonzalez eta Urtarani

Asteko bigarren greba eguna izan dute gaur Arabako egoitzetako langileek hitzarmen duinaren alde. Gaurko mobilizazioan, ikatza eraman diete Urkullu EAEko Lehendakaria, Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusia eta Gorka Urtaran Gizarte Politiketako Foru Diputatuari.

Manifestazioa egin dute, Gasteizko Plaza Berritik abiatuta eta ondoren, instituzioak interpelatu dituzte Arabako Mugimendu Feminista, Zaintza Arabako, Arabako pentsionistak eta Babestu Araba kolektiboekin. Olentzero eta Mari Domingi ere langileekin egon dira Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean.

EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan greba eskubidea urratzeko ahaleginak salatu ditugu

Lan hitzarmen berriaren alde, bost egunetako greba zikloan murgilduta daude EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileak. Gaur, asteko hirugarren greba egunean, baterajotzea egin dute Bilbon, eta Jaurlaritzak Kale Nagusian duen egoitzatik abiatu dute manifestazioa. 5.000 langile inguru bildu dira bertan, eta greba %65 eta 70 bitarteko babesa izaten ari da orohar.

Salatu nahi dugu Lan Sailak ezarritako zerbitzu minimoen gehiegikeriaz gain, ikastetxe ugari zerbitzu minimo horien iruzurrezko aplikazioa egiteko saikerak egiten ari direla, greba zapuzteko asmoz. Langile askori greba egiteko eskubidea ukatu eta oztopatu zaio.

Hala eta guztiz ere, balorazio positiboa egiten dugu. Grebek babes handia izan dute, eta milaka langile dira hainbat ekintza eta mobilizazioetan parte hartzen ari direnak. Esaterako, gaurko Bilboko manifestazioan 5.000 langile inguru elkartu dira.

Helburua da 2021ako abendutik iraungita dagoen hitzarmena lehenbailehen berritzea. Aurreko hitzarmenak 10 urte eman zituen berritu gabe, eta 29 greba egun egin behar izan zituzten langileek hitzarmen berria lortzeko.

Kristau Eskola patronal nagusiari eskatzen diogu publikoki adierazi duen negoziaketerako borondatea isla dadila mahai negoziatzailean, benetako edukiekin. Azken mahaitik 9 hilabete igarota, azaroaren 27rako mahai negoziatzailea deitu zuten Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek mobilizazioek behartuta. Baina ez zuten ekarri inolako proposamenik.

Hezkuntza Sailari berriz, gatazka honen irtenbidean parte har dezala eskatzen diogu, beste aldera begiratu ordez. Hezkuntza Saila ez da edozein eragile, eta esparru honetako langileen lan baldintzekiko ardura berea ere bada.

Bihar osteguna, mobilizazio deszentralizatuak

Bilbon, manifestazioa egingo dute 11:30ean Eskolapioen ikastetxetik (kalejira, zutabe eta kontzentrazioez gain), Donostian, ordu berean kontzentrazioa egingo dute Kristau Eskolaren egoitzaren aurrean eta Gasteizen, beste horrenbeste egingo dute Egibideko Jesus Obrero ikastetxearen aurrean.

Hego Euskal Herrian 263 langileri eragingo dien Telefonicako Enplegu Erregulazio Espedientearen aurka mobilizatu gara

Hilabete hasieran izan genuen Telefonica de España S.A.U. enpresak Estatu mailan ezarri nahi duen Enplegu-Erregulazioko Espedientearen (EEE) berri. Horren bidez, kaleraketa kolektiborako prozedura bat gauzatu nahi da, zeinak, Hego Euskal Herrian, 541etik 263 langileri eragingo dien; hots, plantillaren %48,61ari. Honen aurrean, mobilizazioa egin dute LABeko kideek Bilbon, enpresak Artxandan duen egoitzaren aurrean.

LAB sindikatutik erabateko arbuioa adierazi nahi dugu Telefonicak abiatu duen prozedurarekiko eta honek suposatuko duen enplegu suntsiketa masiboarekiko. Are gehiago, azken hiru urteetan 11.782 milioi euroko irabaziak lortu dituela jakinda, eta kontuan izanik kaleratu nahi dituen langileak izan direla aipatutako hobariak sortu dituztenak.

Enpresak beharrezkoa ikusten du, “zerbitzua hobetze aldera, hainbat programa eta ekimen modu progresiboan ezartzen joatea, konpainiako esparru ezberdinetako digitalizazioa, automatizazioa eta efizientzia bermatu ahal izateko”. Hitz hauekin justifikatzen du Telefonicak kaleratze kolektiborako prozedura aurrera eraman behar izatea.

LABen ustez, ordea, badaude Telefonicaren zerbitzua egungo beharretara moldatzeko bestelako aukerak; esaterako, lanaldiaren murriztapena edo langileentzako formakuntza aproposa eskaintzea, enpresak erronka berriak gainditu ahal izan ditzan. Aldiz, Telefonicak, irabaziak pilatzen jarraitzeko desio aseezina dauka.

Bestelako aukera horiek jorratu eta plantilla kaltetua modu eraginkorrean babestua izan dadin, Hego Euskal Herrian negoziazio mahai propioa zabaldu dadin exijitzen dugu; izan ere, hemen errealitate sozio-ekonomiko eta sindikal propioa daukagu.

Hemen lan egiten badugu, hemen erabaki behar dugu.

Hernaniko SETE enpresako langileek greba egin dute gaur nominak ez dizkietelako ordaintzen

Nominak ez ordaintzeaz gain, 2020-2022 urteetarako sinatutako enpresako hitzarmeneko igoera ez zitzaien aplikatu, eta beraz, 2022ko eta 2023 igoerak zor dizkiete oraindik. Gainera, salatu dute hurrengo urteetarako hitzarmenaren negoziketetan enpresak ez du aurrera pausurik ematen.

Hartzekodunen konkurtso bat pasa ostean, SETE saldu egin zen, baina jabe berriek nominak egunean jarri gabe jarraitzen dute. Hilabetero hilabetero ordainketak atzeratzen dira eta egoera hau urteetan luzatu da. Hori guztia dela eta, langileen bizi baldintzak erabat kaskartu dira eta askotan, hileko nomina kobratu gabe lanera joaten dira dirua noiz jasoko duten jakin gabe.

Egoera hau jasanezina bihurtu da langileentzat eta bere familientzat eta honek greba hau egitera eraman ditu. Aski dela esateko garaia da! Langileok ez dugu onartuko gure diruarekin jolasten jarraitzerik. Enpresak zor dizkien nominak egunean jarri arte, astero greba egingo dutela adierazi dute, euren esanetan “borroka eta elkartasuna baita langileok dugun aukera bakarra”.

Garraio sektorean heriotza gehiagorik ez

Gaur goizean Tuterako la Serna industriagunean beste garraiolari bat azaldu da hilik bere kamioan. 55 langilek galdu dute bizia 2023an dagoeneko, eta garraiolarien artean bederatzigarrena da hau.

Ikerketak zabaldu duenaren arabera, istripu ez traumatikoa izan da heriotza eragin diona. Aurtengo ezbeharren txostenean LABetik salatu dugu orokorrean istripuz hildakoen %33 direla “ez traumatiko” gisa tipifikatuak. Garraiolarien artean, aldiz, 2022an %75 izan ziren “ez traumatikoak”. Honek argi erakusten du garraiolarien lan baldintzek istripu kardiobaskularretan duten eragin zuzena, lanpostuen prekarizazio etengabea tarteko.

Garraioaren sektorea da laneko ezbeharren gaitza gehien pairatzen dutenetako bat. Iaz 11 garraiolari hil ziren lan-istripuz. Ez gara nekatuko lan-istripuak lan-baldintza txarren eta prebentzio eta segurtasun-neurri faltaren ondorio direla salatzeaz.

Oso prekarioak dira garraioaren sektoreko lan-baldintzak: lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, lan baldintzen eraginez modu osasuntsuan elikatzeko zailtasunak, eta abar. Horregatik diogu garraioaren sektorean gertatzen diren lan-istripu gehienak guztiz ekidin daitezkeela, eta borondate politikoa baino ez dela behar garraiolarien lan-eskubideak bermatu eta errespetatzeko neurriak jartzeko, baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere.

Prekaritatearekin amaitu behar da. Patronalaren inpunitatearekin amaitu behar da. Erakundeek ezin dute segi bete aldera begiratzen, bestela gertatutakoaren konplize izango baitira.

Arabako egoitzetan hitzarmena beharrezkoa dela oihukatu dugu gaurko greba egunean

Bihar eta etzi (abenduak 13 eta 14) ere grebara deituta daude nagusien egoitzetako langileak.

Ia hiru urte eman ondoren patronalarekin negoziatzen sektoreko langileentzako baldintzen hobekuntzak, Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen lehen hitzarmen probintzialean jasoko direnak, joan den martxoaz geroztik negoziazioen blokeo egoera baten aurrean gaude.

Arabako egoitzak eta etxebizitza komunitarioak bezalako funtsezko sektore baten prekarietate nabarmena jasanezina da, ACRA, GESCA eta LARES patronalek ezin dute alde batera utzi sektoreko lan-baldintzak hobetzeko premia nabarmena, negoziazio-proposamen bat berretsiz, langileen aldarrikapenetatik oso urrun dagoena eta gatazka honen alde sozialetik ezin duguna onartu, horrek prekarietate-egoera hori betikotzea ekarriko lukeelako.

Adierazi dugun bezala, Arabako egoitzen eta etxebizitza komunitarioen sektoreko I. hitzarmena negoziatzen hasi zenetik, premiazkoa da sektoreko langileen eskaeretara hurbiltzea; soldatak nabarmen hobetzea; erosteko ahalmena bermatzea; lanaldia nabarmen murriztea, egungoa erabat jasanezina eta bizitzarekin bateraezina delako; baita sektoreko langileen funtsezko lana duintzen duten beste hobekuntza sozial batzuk ere.

Gatazka honen alderdi sozialetik, LAB eta ELA sindikatuok negoziazioei berriro ekiteko prest gaudela adierazi nahi dugu, negoziaketetan aurrera egiteko bide eta formula berriak bilatzeko, eta ACRA, GESCA eta LARES patronalei zentzuz jokatzeko eta gaur egun mahai gainean dauden baldintzak berriro kontuan hartzeko eskatzen diegu.

Sektoreko langileek argi eta garbi adierazi dute 30 greba-egunetan, eta herritarrek argi utzi zuten joan den azaroaren 30ean ere, greba feminista orokorrean, zaintza bizitzaren, gizartearen eta erakundeen erdigunean jarri behar dugula. Honek ezin du horrela jarraitu. Horregatik, sektoreko langile guztiek egiten duten lan izugarri eta baliotsua balioetsi nahi dugu, lan-baldintza duinen oinarri izango den lehen hitzarmen probintzial baten bidez.

Langileek argi utzi dute, ez dute kategoria baxuenetako lanbide arteko gutxieneko soldataren inguruko proposamenik nahi, ez dute 2028an 1742 orduz lan egin nahi, ez dute 2028an gerokultoreek 1340 euro gordin kobratzeko proposamenik nahi. Ez dugu aitzakiarik nahi eta borondate ona nahi dugu, orain arte falta izan zaiguna.

Azkenik, Foru Aldundia ere interpelatu nahi dugu, beste alde batera begiratzeari utz diezaion eta gatazka honetan bitartekari lanak egin ditzan. Foru Aldundiak, aitortu ez arren, erantzukizun zuzena du gatazka honetan. Urtaran, bada garaia zure hitzak egintzetan gauzatzeko, hitzak galeriari begira ez esateko, enpresak sektoreko langileen baldintzak nabarmen hobetzera behartzeko, eta egoitzetako laguntza integraleko proiekturako 2024ko aurrekontuetan dituzun 8,2 milioi euroak sektoreko langileen baldintzak hobetzen inbertitzeko.

Ez dugu komunikatu hau itxi nahi sindikatuok negoziazioekin jarraitzeko prest gaudela berriro azpimarratu gabe.