LABek urtebete baino gehiago borrokatu eta aldarrikatu ondoren, liburutegiko laguntzaile plaza berri baten sorrera ospatzen dugu Bilboko La Esperanzan.
Proiektu hark ez zuen udal-langilerik aurreikusten, eta kudeaketa esku pribatuetan uzten zen. Hasiera-hasieratik, LABek kudeaketa-eredu hori geldiarazten saiatu zen, Kontratazio Errekurtsoen Administrazio Organoaren aurrean errekurtsoa aurkeztuz.
Urte honetan zehar LABek etengabe eskatu die Giza Baliabideen arduradunei zerbitzu hori udal-langileek kudeatu zezaten. Azkenenean, Giza Baliabideek jakinarazi digute liburutegiko laguntzaile berri bat kontratatuko dutela La Esperanzako espazioan zerbitzua emateko.
Bilboko liburutegietako langile kolektiboaren aktibazioa balorean jarri behar da, tinkotasunean eta jarraikortasunean eredua izan dira. Oraindik asko dira kudeaketa pribatuaren pean dauden udal zerbitzu publikoak. LABek lanean jarraituko du guztiak udal-langileek kudea ditzaten.
Asteburu honetan, Donostian, Desazkunde Turistikoaren aldeko Euskal Herriko topaketak burutuko dira.
Turistifikazioa langileria etengabe prekarizatzen jarraitzeko kapitalaren aldeko estrategia ekonomikoa da, gure bizitzak egunerokotasunean baldintzatzen diharduena. Honek isla argia da hainbat eremuetan:
Lan-baldintza prekarioen hedatzea, turismoari lotutako enplegu-sektoreen eskutik. Honakoa ostalaritza, garbiketa edota zerbitzu ezberdinetan argi ikus dezakegu.
Etxebizitzaren prezioaren garestitzea. Langileok etxebizitza duin eta eskuragarrirako eskubidea ukatua dugun bitartean, etxebizitza negozio bilakatu eta erabilera turistikora bideratzen ari dira.
Gure auzo eta hirietan bizitzeko ezintasun gero eta agerikoagoa, soldata baxu eta etxebizitza prezio altuengatik, eta oro har negoziorako – eta ez auzokideontzako – eraikitako auzo eta hiri ereduarengatik.
LABen antolatuak gaude enpleguaren eremuan zein etxebizitzaren eremuan eta ekintza sindikalaren bidez, turistifikazioak dakarren prekarizazioari aurre egiteko prest gaude. Ezinbestekotzat jotzen dugu turistifikazioaren aurka borrokan ari diren norbanako eta eragile guztiekin aliantzak eraikitzea, fenomeno honi ahalik eta indar gehienarekin aurre egin ahal izateko. Horregatik BizilagunEkinek antolatutako topaketetan parte hartuko dugu eta LABkide oro parte hartzera gonbidatu nahi dugu.
LAB sindikatuak publikoki salatu nahi du Arabako Foru Aldundiak nola iragarri duen mahai bat sortuko duela enpresekin, udalerriekin eta sindikatuekin Aiaraldeko industria bultzatzeko. Komunikabideen bidez jakin dugunez, lehen bilerarako data bat ere ezarrita dago, baina LABek ez du jaso inolako jakinarazpen ofizialik, ezta mahai horretan parte hartzeko gonbidapen formalik ere.
Onartezina da teorian parte hartzailea eta irekia izan nahi duen prozesu bat hastea, hain zuzen ere, eskualdearen egoera industriala salatzen eta gatazka bakoitzean enplegua defendatzen urteak daramatzagunak baztertuz.
LABek komunikabideen bidez jakin dugu albistea, eta horrek agerian uzten du erakundeek ez dutela gardentasunik ezta benetako lankidetzarako borondaterik.
Aiaraldea azken urteotan enpresen itxierak eta enpleguaren suntsipenak gogor kolpatu duten eskualdea da. Industria ehunak, eskualdeko eragile ekonomikoak, etengabeko narriadura jasan du, administrazioek egoerak eskatzen zuen presaz eta konpromisoz jardun gabe.
LABek urteak daramatza deriba horretaz ohartarazten eta Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren pasibotasuna eta konplizitatea salatzen etengabeko desindustrializazio prozesuen aurrean. Itxiera bakoitza, espediente bakoitza, kaleratze bakoitza alarma seinale bat izan da, eta erakundeek nahiago izan dute diskurtso hutsekin ez ikusiarena egin edo egoera makillatu.
Duela gutxiko adibide bat Maderas Llodion aurkitu dugu. Bertan, enpresa batzordea Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarekin bildu zen astelehen honetan, inplikazioa eskatzeko eta iragarritako 35 kaleratzeak saihesteko. Erantzuna, beste behin, danbatekoa izan zen. Tubacexen kaleratze kolektiboko prozesuan eta Glavista eta Guardian enpresen itxieretan jaso genuen danbateko bera. Jarrera horrek ezin hobeto islatzen du erakundeek ez dutela borondaterik enpleguaren defentsan eraginkortasunez esku hartzeko.
LABetik beharrezkotzat jotzen dugu eskualdeko mahai bat sortzea, Aiaraldeko eragile sozial, ekonomiko eta instituzionalak bilduko dituena. Gure ustez, eskualdeko etorkizun industriala modu kolektiboan definitu behar da, langileen, sindikatuen, enpresen, udalerrien eta erakundeen benetako parte hartzearekin.
Horregatik, mahai hori sortzea albiste ona izan liteke, betiere gardentasunez, parte hartuz eta benetako helburuekin egiten bada. Hala ere, iragartzeko moduak mesfidantza eta prozesuaren zintzotasuna zalantzan jartzen ditu.
Gainera, gogorarazi nahi dugu Legebiltzarreko ponentzia batetik abiatuta, Aiaraldea ekonomikoki suspertzeko saiakera bat egon dela, eskualdeko plan estrategiko batekin eta berehala jarduteko plan batekin. Zoritxarrez, udalaz gaindiko eskaeren utzikeriaren ondorioz, plan horiek ez dira garatu, eta ez dira behar beste hornitu Aiaraldeko egoera sozioekonomikoa lehengoratzeko.
LABen ustez, oinarrizko baldintza batzuk betetzen baditu bakarrik du zentzua horrelako mahai bat sortzeak:
Benetako lan-mahai bat izatea, ez argazkirako edo aldez aurretik erabakitako kontakizun instituzional bat inposatzeko espazio bat.
Aiaraldeko industria-egoeraren diagnostikoa batera egitea, eskualdean bizi eta lan egiten duten eragile guztien ikuspegia eta esperientzia txertatuz.
Hartu beharreko neurriak talde-lanaren eta akordio partekatuen emaitza izatea, eta ez Foru Gobernuaren edo Eusko Jaurlaritzaren aldebakarreko erabakien emaitza.
Enpresa-batzordeen eta ordezkaritza-sindikatuen parte-hartze eraginkorra bermatzea, entzule gisa ez ezik, industria- eta enplegu-politiken definizioan ere parte aktibo gisa.
Hartzen diren erabakiek lurraldean eragin zehatza izateko adinako benetako konpromisoa eta aurrekontu-zuzkidura ziurtatzea.
Eta batez ere, langile guztien enplegu eskubidea bermatuta izatea.
Horregatik guztiagatik, LABek Aiaraldearen alde lan egiteko prest dagoela berretsi du, baina baita erakundeek beren jardunaren forma eta mamia alda dezaten eskatu ere. Uneak seriotasuna, errespetua eta parte-hartzea eskatzen ditu. Horrela bakarrik eraiki ahal izango da, guztion artean, eskualdean enplegua eta etorkizuna bermatuko duen industria-estrategia bat.
LABek greba egiteari eta mobilizatzeari ekin dio berriz. Aldundiari gatazka gainditzeko duen erantzunkizuna bere gain har dezan exijitu diogu. Adinduen Egoitzetan langileontzat tamalgarria den egoera amaitu beharra dago, eta PNV-PSEren gobernuak dauka horretarako giltza, pasa den hilabetean Patronalarekin burutu genuen negoziazio-mahaian sorrarazi genituen aukera txikiak aurrerapausuak bilakatzeko eta dagoen blokeoarekin amaitzeko.
Sei urte igaro dira Adinduen Egoitzen eta Etxebizitza Komunitarioen langileok gure sektorearentzat Arabako I.Hitzarmena lortzeko borrokari ekin genionetik.
Denbora honetan bitartean, Patronalak garatu duen praktikak langileongan higadura eta etsipena eragitean oinarrituriko estrategia bateri erantzun izan dio. Sektore honen lan-baldintzak hobetzeari dagokienez erabat ganorarik gabekoak izan diren mugimenduak gauzatu ditu, ezinbestekoa den egiten dugun lanarekiko mespretxuzko jarrera adieraziz.
LABetik ozen salatu nahi izan dugu une oro sektorean egungo lan-baldintzak mantentzeak suposatzen duen arduragabekeria, langileen prekaritatea egonkortzen duelako eta kalitatezko zaintza bermatzetik oso urrun dagoelako.
LABen argi daukagu sektoreko emakume langileok zein egoitzetan bizi diren pertsonek pairatzen ari diren mespretxuzko tratuaren iraunkortasuna soilik EAJk eta PSEk osatzen duten Aldundiaren Gobernuaren laguntza eta babesari esker dela posible. Horrexegatik interpelatu zituen LAB atzoko mobilizazioetan.
Gehiagora joaten ari den zerbitzu publikoen pribatizazioak eta berarekin dakarren ekidinezinezko prekarizazioak inflexio puntu batera eraman gaituzte, zeinean Adinduen Egoitzen egoera EAJren politika pribatizatzaileen porrotaren paradigma bilakatu den: Instituzio publikoek ezikusiarena egin, Patronala aberastu, langileria pobretu.
LABen antolatuta gauden emakume langileok mezu garbia helarazi nahi diegu GESCA Euskadi, LARES eta ACRA/ AEZE enpresek osatzen duten Patronalari eta baita herrialdeko Instituzioei ere: ez dugu men egiteko inolako asmorik. Atsedenik hartu gabe lanean jarraituko dugu sektorean ematen den prekarietatearekin amaituko duen herrialdeko hitzarmena errealitate bat izan artean, publifikazioa ipar-orratzat hartuta, eta norabide horretan, Arabako gizartea animatu nahi dugu guztiona den borroka justua babesten segi dezan aurrerantzean ere.
Epaitegiak baliogabetzat jo ditu prima jaso ahal izateko baldintza batzuk
Atzo, 2025eko urriaren 22an, Auzitegi Nazionalak emandako epaia ezagutu dugu, enpresak 2023ko azaroan ordaindutako primagatik. Epai horren aurretik, LAB, ELA, ESK eta CGT sindikatuek demanda bat erregistratu zuten.
2023. urtearen amaieran, Michelin España Portugal enpresak prima bat ordaindu zion plantillaren zati bati talde mailan, eta horrek kanpoan utzi zituen hainbat kolektibo. Horrela bada, eta enpresak irizpide diskriminatzaileak aplikatu zituela ulertuta, LAB, ELA, ESK eta CGT sindikatuek osatutako blokeak adiskidetze-eskaera bat erregistratu genuen SIMAn (EAEko PRECOren homologoa), Auzitegi Nazionalean demanda erregistratu ondoren.
Akordiorik lortu ez zenez, prima horren epaiketa irailaren 23an izan zen, eta gaur izan dugu epaiaren berri. Epai hau Michelinek Estatuan dituen lan-zentro guztiei eragiten die. Hala bada, sententziak nulutzat jo du kolektibo batzuk prima hori jasotzetik kanpo utzi izana. Zehazki, honako hau jasotzen du epaiak:
Nulua deklaratzen du ordainsaria kalkulatzeko aldi baterako ezintasun aldiak baztertzea.
Nulua da, azaroaren 30ean aldi baterako ezintasun egoeran egonda, enpresan lanik ez egiteagatik pertsona horiek baztertzea.
Ez dator bat zuzenbidearekin 2023ko azaroaren 30ean enpresan alta emanda egon behar izatea, baldin eta altan ez egotea langilearen borondatearekin zerikusirik ez duten arrazoiak badira (adibidez, aldez aurreko kaleratzea).
Era berean, zaintzagatiko eszedentzia-aldiak ordainsari hori jasotzeko kontuan hartu behar zirela jasotzen du. Beraz, norbait 2023an zaintzagatiko eszedentzian egon bazen eta primarik kobratu ez bazuen, ordainketa erreklamatu ahal izango du. Itxaron egin beharko da ea enpresak errekurtsoa aurkezten duen, edo bestela epaiaren irmotasuna ezartzen den.
Demandan jasotako asmo guztiak lortu ez baditugu ere, frogatuta geratu da kolektibo batzuetan gutxienez prima ordaindu behar zela. Ia bi urte hauetan inolako ekarpenik egin ez duten sindikatuek, prozesua gutxietsi egin dutenek, edo zuzenean kontra azaldu direnak, hausnartu beharko lukete jokatu duten paperaz.
Zehazki, CCOO eta UGT-taz ari gara. Leporatu digute prozesu horrek mehatxu eta etorkizuneko ordainsariak baldintzatu ahal izan dituela. Ezin dugu ontzat eman enpresak diskriminazioak egitea.
Era berean, agerian geratu da badagoela sindikalismoa egiteko beste modu bat, enpresaren interesak gehiago defendatzen dituztenen aurrean (berentzako prebenden truke).
Ordezkaritza txikiena dugun sindikatuak izan gara multinazional frantsesari aurre egin diogunak, guztion eskubideak defendatzeko — inolako ordezkaritzarik ez dugun lan-zentroetan ere eragingo duena.
LABek Ipar Euskal Herrian 25 urte bete dituen honetan, Argitxu Dufau, Ipar Euskal Herriko bokaliarekin egoteko aukera izan dugu. Egindako bidea aztertu eta hurrengo urteei begira ditugun erronken inguruan aritu gara.
25 urte ez dira urtero betetzen. Urte berezia izango da. Nola bizi duzue?
25 urte pasa dira. Batzuetan zailak, batzuetan garaipenekin, pozarekin, dezepzioekin, frustrazioarekin… Eta pentsatzen dugu hori dena ospatzen dela. Elkarrekin ospatzekoa dugula zenbat gauza pasa diren 25 urteetan. Beraz, pozez bizi dugu eta berriz ere prest horrelako zerbait kolektiboki antolatzeko.
Atzera begiratu eta egindako bidea balioan jartzeko une egokia da. Zer azpimarratuko zenukete?
Nik esango nuke hiru fase egon direla 25 urte hauetan. Lehen fasea ikusten dut sorreraren inguruan. LABeko lehen agerraldia, Baionako karriketan, oso gatazkatsua izan zen beste sindikatuekin, baina ez da dena hor hasi. Lehen agerraldi publikoa eta 880ko eta 90eko hamarkadak ere, nik fase berdinean kokatzen ditut, non baziren gogoeta ezberdinak: zer-nolako tresna behar zen Ipar Euskal Herrian Ipar Euskal Herriko langileentzat, langile abertzaleentzat? Zer-nolako beharrak ziren? Zergatik LAB? Zergatik sindikatu abertzale bat? Zergatik ezker abertzaleak behar zuen sindikatu abertzale bat Ipar Euskal Herrian ere bai? Gero bada bigarren. fase bat, sindikatua nola hedatu, zabaldu eta eraiki den, bai teknikoki, bai administratiboki. Hori eta gero, nola sortzen den, nola elikatzen den ekintza sindikala, bai enpresetan eta baita ere karrikan. Nola ziurtatu gure presentzia, nola asmatu egiteko beste modu hori. Azken fase bat ere ikusten dut, gaurkoa. Ikusten dugu sindikatuak Ipar Euskal Herrian panorama sindikalean bere tokia egin duela, nahiz eta beti dugun borrokatzeko. Baina, hala ere, iritsi gara momentu batera non irabazi dugun zilegitasunean. Gure tokia egin dugu eta segitu behar dugu hedatzen.
Sindikatu nazional bakarra gara. Praktikan errealitate administratibo ezberdinetan aritzea tokatzen da. Nola gauzatzen da hori?
Nire ustez, guretzat indar bat da, indargune bat da. Politikoki, hasteko, baina ez bakarrik. Presente gara gure herriko zazpi probintzietan. Abertzale gisa oso garrantzitsua da zubiak eraikitzeko. Askapen nazionalerako LAB dugu tresna hoberena. Batzuetan izaten ahal dira ere zailtasun batzuk edo oztopo batzuk. Zergatik? Gure herri txiki honetan hiru hizkuntzetan ibiltzea egunerokotasunean ez da beti erraz. Bi legedia ezberdin izatea ez da beti erraz. Kultura militanteak batzuetan ere ez dira berdinak. Erritmoak, nahi ala ez, batzuetan lotuak dira Paris edo Madrilen gertatzen den aktualitateari, eta ez dira beti erritmo berdinak. Oztopo hitza erabili dut, baina, nire ustez, oztopoa indar bihurrarazi behar dugu. Indar bat erakusteko Parisi eta Madrili alternatibak behar direla eta badirela, eta Euskal Herritik eraikitzen ahal direla. Alternatibak, frente bat eraikitzeko bi estatuei begira.
Beste urte asko ditugu betetzeko. Erronkak ez dira faltako. Lan zentroetan gure presentzia handitzen ari da, egoera zehatzei erantzuteko indarra handituz. Zein dira hurrengo erronkak eremu ezberdinei begira?
Antolatzea, lantokietan eta LABekin antolatzea. Hau dugu, nire ustez, erronka handi bat, eta lotzen dut hauteskunde sindikalekin. Hori da egunerokotasunean dugun erronka. Gero, landu behar dugu nola eramaten dugun gurea, dugun proposamen sozio-politiko hori nola gauzatzen dugun ekintza sindikalaean LABen baldin bagara eta ez beste sindikatu batean, gauzak beste modu batez egin nahi ditugulako da, eta hor ere baditugu urrats berri batzuk egiteko. Nire ustez, ekintza sindikala ere klabe bat da gure artean gure egiteko beste modu hori adierazteko eta langileak antolatzeko, enpresetan eta karrikan.Hor izan behar ditugu bi hankak.
Ibilbide honetan oztopoak ez dira falta izan, beste sindikatuen erasoak ere ez. Alta, ari da LAB elkarlanerako espazioak eraikitzen. Ze momentutan gaude?
Oztopoak anitzetan aipatzen ditugu. Zertan gara? Azpimarratuko nuke Maiatzaren Lehena antolatzeko egiten dugun lana. Urte askotan intersindikal moduan antolatzen zen, LAB baztertuz eta toki oso gutxi utziz mugimendu sozialeko beste eragileei, toki bat izan behar dutenak langileen borroka egunean. Nire ustez, proaktiboak izan gara egun hori berrasmatzeko, irekitzeko eta jende gehiagok atzemateko bere tokia borroka egun horretan. Haien tokia zen, baina beti ez zen hala adierazten. Eta zergatik egun hori azpimarratzen dut bereziki? Zeren ilustratzen du egiten dugun lana ere beste borroketan, beste mobilizazioetan.
LAB zabaltzen ari da eta zabaltzen jarraitu behar du. Honi begira hauteskunde sindikalak hitzordu garrantzitsua dira. Zein dira hurrengo hitzorduak?
Hartuko ditut, hauteskunde sindikalak, adibidez, pribatuan. Hau da, industria federazioan, Zerbitzu Pribatuetako federazioan eta medikuntza sozialeko parte batean —gaur oraindik ez dena zerbitzu publiko bat, pribatizatua dena—. Macronen ordenantzetatik, erreforma berri honetatik, erreformatu dituzte hauteskunde sindikalak eta bereziki eskubide sindikalak enpresetan. Honen eraginez mekanikoki hauteskunde sindikal ziklo bat instalatu da. Beraz, laster, urte honetan eta ondokoan pribatuan ere hauteskunde sindikal ziklo bat izanen da. Hor helburua, noski, enpresetan aspaldi hasi dugun lana segitzea da eta baita ere, enpresa berrietan sartzea.
Eta funtzio publikoari dagokionean?
Funtzio publikoan hiru ardatz badira. Alde batetik, lurraldeko funtzio publikoa. Hor dira herriko etxeak, elkargoa, kontserbatorioak eta horrelako tokiak; bada baita ere ospitaleko funtzio publikoa. Ospitale ezberdinak dira Baionakoa, Garazikoa, Maulekoa, Donapaulekoa. Eta gero deitzen dena Estatuko funtzio publikoa. Baina laburbiltzeko, gu aurkezten garen hauteskunde bakarra da irakaskuntza. Hauek dira ber egunean eta izanen dira 2026ko abenduan. Noski, horrelako hauteskundeak ez dira azken momentuan prestatzen. Hasten gara jendearekin biltzen, nolabait zehazten proposatzen duguna langileei begira, bai antolaketa mailan eta gero zer proposamen sindikal egiten dugun funtzio publikoko langileei begira.
Baina horrekin batera borroka zabalagoak ere eramanen ditugu. Hala nola Hemen erabaki dinamika.
Hemen erabaki proposamena berritu dugu eta horretan sakontzera goaz. 2012an argitaratu genuen lehen aldiz Bertan erabaki deitzen zen proposamena. Hamar bat urte baino gehiago pasa dira, eta, beraz, erabaki dugu gure proposamena egokitzea, egoera politikoa, instituzionala eta soziala anitz aldatu delako. Negoziazio kolektiborako gune hori zentratzen zen pribatuko langileetan, beraz, bigarren proposamen bat gehitu diogu. Funtzio publikoko langileentzat. Eta hirugarren aldarrikapen bat edo proposamen bat ere berritu dugu, Behatoki Sozioekonomikoa sortzea Ipar Euskal Herri mailan. Gainera, 2012an proposamena egin genuenean Elkargorik ez zen, instituzio propiorik ez zen, eta orain proposamen hori egiten dugu, instituzio bat badelako Ipar Euskal Herrian eta beharrezkoa delako horrelako behatoki bat izatea. Ondoko etapak izanen dira segitzea gure proposamen hori elikatzen eta hedatzen. Badugu pedagogia anitz egiteko Hemen erabaki proposamen inguruan. Hau izateko LABek proposatzen den proiektu bat, baina ere lurralde oso bateko aldarrikapen bat edo behar bat.
Sindikatu soziopolitikoa da gurea, eta eraldaketa sakonak eragiteko bokazioa dugu. Zabalduko den Batera prozesuan zein izango da LABen egitekoa?
Bateraren helburua da aitzinatzea prozesu instituzional horretan beti eskumen gehiago izateko eta estatus instituzionala aldatzeko. Hori da dinamika. Baita ere, gune bat da non elkartzen garen eragile ezberdinak. Eta hor, gure ustez, garrantzitsua da hasieratik aipatzea gai sozialak. Eta, noski, lan mundua nolabait eramatea Batera plataformara eta, beraz ere eskumen gehiago izatea. Deklinazio ezberdinak izaten dira, eta guk eraman behar dugun deklinazio bat da bertan negoziatzea, bertako negoziazio kolektiboa eramatea. Azkenean, sinpleki esanda, Ipar Euskal Herriak behar duen aitortza instituzionala izatea, aitortza soziala. Horretarako garrantzitsua eta ezinbestekoa da lurralde honetan negoziazio kolektiborako gune propio bat izatea.
Nola aurkezten da ikasturtea Ipar Euskal Herrian?
Mobilizazio ziklo batean gira, bereziki Batrou-k publikoki aurkeztu zuenean austeritate aurrekondu proposamen bat, eta geroztik mobilizazioak biderkatzen dira, izan blokeo egunak, izan greba egunak eta abar. LABek, noski, badu bere tokia horrelako borroketan zeren zuzenki hunkituak gara oraindik. Baina egia da, horretatik ere lortu behar dugula erakusten zer den LAB, zer den egiten dugun proposamena eta zer den ere Euskal Herria.dik. Baina egia da, horretatik ere lortu behar dugula erakusten zer den LAB, zer den egiten dugun proposamena eta zer den ere Euskal Herria.
Nafarroako Kontseilu Ekonomiko eta Soziala (KES) Iruñean bildu da gaur, 2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren Aurreproiektuari buruz hitz egiteko. LAB sindikatuak kritikatu du inbertsio sozialak eta osasungintza eta hezkuntza zerbitzu publikoetan egindako inbertsioak pisua eta garrantzia galtzen dutela Nafarroa Europatik urruntzen duten aurrekontuetan. Ildo beretik, ohartarazi du fiskalitatean aurrera egin ezean, progresibitateari eta aberastasunaren banaketari dagokienez (gehiago duenak gehiago ordain dezala), Nafarroak zerbitzu publikoetan eraginkor izateari utziko diola Europarekiko.
LAB sindikatuaren iritziz, 2026ko Nafarroako aurrekontuei buruzko eztabaida aurrekontu eta zerga politika bat diseinatzeko logikaren barruan kokatu behar da, zerbitzu publikoak indartzeko estrategia bat garatzea ahalbidetuko duena, zaintza sistema publiko bat sortzea ere barnean hartuko duena, aberastasuna banatzeko gehien dutenen pribilegio fiskalekin amaitzea, eta Nafarroako langileen bizi eta lan baldintzak hobetuko dituen benetako enplegu politika bat garatzea ahalbidetuko duena.
Dirudienez, zergen bidez aurrekontuen %84,56 ordainduko da. Espero den zerga sarrera BPGaren gaineko %19,18koa izango da, Europar Batasunean azken urteetan batez beste %26tik gorakoa izan denean. Nafarroan, Europan dagoen presio fiskalarekin, lehiakortasun berarekin, 1.880 milioi euro gehiago izango genituzke aurrekontuak birbanatzeko. Nahikoa gaur egungo autokonplazentziatik ateratzeko eta enplegua, osasungintza, hezkuntza edo etxebizitza erostea bezalako lehentasunei anbizioz heltzeko.
LAB sindikatua kezkatuta dago eskuin muturreko eta enpresarien diskurtso populistekin. Geroa Baik eta PSNk CEN, VOX, PP eta UPNri jarraitzen diete desberdintasunean eta zerbitzu publikoen ahultzean sakontzea helburu duten diskurtsoak hartzen. Nafarroaren lehiakortasuna kohesio sozialean eta justizia sozialean oinarritu behar da. Nafarroako enpresaburuek langileek baino bost aldiz gutxiago ordaintzen diote Foru Ogasunari.
Inbertsio sozialari dagokionez, ez da murrizketarik egin, baina funtsezko zerbitzu publikoei eragiten dieten partida garrantzitsuek garrantzia galdu dute 2026ko aurrekontuetan BPGrekiko.
Horrela, osasungintzara bideratutako zenbatekoa %3,33 handitu bada ere, aurrekontuen%24,55a osatuz eta partidarik handiena bihurtuz, BPGren %5,28 da (iaz %5,30); horrek erakusten du azken urteotan inbertsioa jaisten ari dela eta Gobernuaren apustuak ez diela erantzuten Osasunbidearen arazoak konpontzeko beharrei, ez Osasun Sistema Publiko bat indartzeari, ezta Europako eremuarekiko handinahiari eta lehiakortasunari ere, non Europar Batasunaren batez besteko gastua BPGarekiko azken urteetako %8tik gorakoa izan den.
Hezkuntzari dagokionez, bideratutako zenbatekoa %2,97 igo da, hau da, aurrekontuen %16,78 eta BPGrekiko %3,61 (iaz %3,64 izan zen). Europar Batasunak hezkuntzako BPGrekiko izan duen batez besteko gastua, aldiz, %4,7tik gorakoa izan da azken urteotan. Hezkuntza kontseilaria den Gimeno jaunaren ezintasun eta harrokeriaz gain, ez da inbertsiorik egiten baliabide pertsonal eta materialetan Nafarroako hezkuntza publikoaren erronkei erantzuteko, plantilla aktibo eta mobilizatu baten beharrak kontuan hartu gabe. Hemen ere, inbertsioa erortzen ari da. Beraz, LABek hezkuntza publikoan egindako inbertsioa BPGren %6ra igotzeko proposamena azpimarratzen du.
Inbertsio sozialaren atal honetan, beste partida garrantzitsu batzuk honako hauek dira: eraikin medikorako NUP, etxebizitza erostea, material sanitarioa eta obrak. 0-3 zikloari eta haur-eskolei buruzko beste bat ere bai, baina ez da nahikoa ziklo hori publifikatzeko eta erakundeek arlo publikotik bermatu behar duten hezkuntza-eskaintza antolatzeko, Nafarroako Gobernuaren finantzaketarekin.
“Gizarte Babes Indartuari” buruzko partida indartzeak aipamen positiboa izan behar du. Hala, “Haurren arreta” izenekoak %35,74ko igoera izan du (68,4 milioi euro), gizonen eta emakumeen arteko berdintasunak %21,93ko igoera (4,6 milioi euro) eta indarkeria matxistaren aurkako partida %16,17ko igoera. Igoera garrantzitsu horiek beharrezkoak dira errealitate horiek eraldatzeko.
Zaintzari loturiko pribatizatutako sektore guztiak blokeatuta daude. Adinekoen egoitzek hitzarmenik gabe jarraitzen dute, eta hori konpontzeko aurrekontu laguntza behar da. Nafarroako Gobernuak blokeatuta ditu Gizain eta Fundapa enpresa publikoen hitzarmenak, eta horiek ere aurrekontuaren laguntza behar dute parekatzeko. Esku Hartze Sozialean, sistemaren eraldaketak inbertsio ekonomiko handia eskatzen du. Azkenik, Desgaitasunaren Sektoreko Hitzarmenak ere aurrekontu laguntza behar du.
Beraz, aipatutako partidak handitzea positiboa bada ere, diru horren destinoa argitzea eta zehaztea garrantzitsuena da, Nafarroako Gobernuak argitu beharrekoa, hain zuzen ere.
Azkenik, aurrekontuen aurreproiektu honetan nabarmentzekoa da industria arloko gastua edo inbertsioa izugarri handitu dela trantsizio energetikorako eta industria eraldaketarako, eta horretarako diru laguntza handiak aurreikusten dira.
LABek azken hilabete hauetan Nafarroako Gobernuari gure lurraldean urteetan abandonatutako industria politika berreskuratzeko eskatu dio, sektorearen enplegu suntsiketari aurre egiteko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko (trantsizio energetikoa eta eraldaketa). LABek eskatzen du politika eta aurrekontu hori Nafarroako langileen lanpostuak bermatu eta babestuko dituzten baldintzak jartzera bideratzea, trantsizio ekosozialerako industria politikara bideratzea, erabaki politikoen erdigunean langile klasea jarriz. Horren ordez, Gobernuak diru hori kapitalaren errentagarritasuna ziurtatzeko erabili nahi du, enpresariei baldintzak jarri gabe diru publikoa euren eskuetan jarriz.
Azkenik, gerrak arazo guztien konponbidea direla sinetsarazten diguten garai hauetan, LAB armagintza industriari edo horrelako beste negozio batzuei ateak irekitzeko asmoaren aurka dago. Eta aurrekontu hauen atzean ez dago honen inguruko irizpide espliziturik.
Gaur Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean kontzentratu gara ozen entzun gaitzaten, bai baitakigu hona ekarri gaituen arazoan esku hartu beharko luketen pertsonak barruan daudela. Horregatik, hitzartze bakoitzaren ondoren, ahalik eta zaratarik handiena egiten saiatuko gara, ezinezko izan dakien entzuten gaituztela ukatzea.
Azken 15 urteotan Nafarroako Gobernuak milaka euro lapurtu dizkigu Administrazioan lan egiten dugun guztioi. 2010ean, behin-behinekoa izango zela esan zuten neurri baten bidez, gure soldatak % 5a murriztu zizkiguten batez beste. Hala ere, neurri hori ez da inoiz aldatu, eta 15 urte geroago soldata murriztuekin jarraitzen dugu.
Ordutik hona, gure soldatek izan dituzten igoerak KPIarenak baino txikiagoak izan dira beti, eta 2010etik 2015era, adibidez, gure soldaten igoera zero izan zen. Ondorioz, azken 15 urteotan, gure soldataren eta KPIaren arteko aldea ehuneko 20 puntutaraino igo da; hau da, gaur egun, duela 15 urte baino % 20 gutxiago jasotzen dugu.
Aldi berean, soldata-jaitsiera hark, edo nahi bada, lapurreta hark, Administrazioko maila desberdinen arteko soldata-proportzionaltasuna haustea ekarri zuen, eta hori Estatutuak ezartzen duenaren aurka doa. Beste era batera esanda: Estatutua ez betetzeagatik, A mailan lan egiten dutenek urte hauetan oinarrizko soldatan 31.000 euro baino gehiago galdu dituzte, B-koek 18.000 baino gehiago, C-koek 10.000 baino gehiago eta D-koek 3.000 baino gehiago. Hori oinarrizko soldatari dagokionez bakarrik. Kopuru horiei lanpostu bakoitzeko osagarriak gehitu behar zaizkie, oinarrizko soldataren arabera kalkulatzen baitira. Beraz, metatutako galera goian aipatutako zifretatik gorakoa da nabarmen.
Administrazioak egin digun lapurreta are larriagoa da kontuan hartzen badugu E mailarako ezarria duen soldata lanbide arteko gutxienekoa baino are txikiagoa dela. Gogoan izan E mailak kobratzen duena gainerako mailek jasotzen dutena kalkulatzeko oinarri gisa erabiltzen dela; beraz, berriz ere milaka euroz hitz egin behar dugu, horiek baitira gure ordainsarietatik lapurtu diguten kopuruari gehitu beharrekoak.
• Nafarroako Gobernua ez da betetzen ari Estatutuak maila desberdinen arteko soldaten proportzionaltasunari buruz ezartzen duena.
• Nafarroako Gobernua lanbide arteko gutxieneko soldataren aplikazioa urratzen ari da.
• Nafarroako Gobernua ez da betetzen ari Administrazioan lan egiten dugunontzat bidezko ordainsariak bermatzeko betebeharra.
• Nafarroako Gobernuak 15 urte daramatza guri lapurretan, eta jasotzen dugun nomina bakoitzean ere horretantxe jarraitzen du.
LABetik behin baino gehiagotan eskatu diogu Nafarroako Gobernuari 15 urteko ziklo honen aurretik genuen soldata maila berreskuratzea, baina ez dute inolako neurririk hartu erreklamazio honi aurre egiteko. Langile guztiekin duten zorra aitortzea eta lapurtu diguten guztia itzultzeko plangintza ere eskatu dizkiogu.
Horregatik guztiagatik, mobilizatzen jarraitzera animatzen zaituztegu, dagokiguna erreklamatzen; ez gehiago, gutxiago. LABek, noski, ez du ahalegin horretan etsiko eta bidegabekeria hau behin eta berriz mahai gainean jartzen jarraituko du.
EAEko patronalak hirugarren aldiz eman dio ezetza gutxieneko soldata propioaren negoziaketari, ELA eta LAB sindikatuek sustaturiko kontziliazioan.Â
Azken hilabeteetan, ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuok buru-belarri ari gara lanean gutxieneko soldata propio baten alde. Horretarako bi bide jorratu ditugu: batetik, bertako eskumenen baitan, langile guztientzat gutxieneko soldata propio bat ahalbidetuko lukeen lanbidearteko akordioa; eta bestetik, herri ekimen legegilea bultzatuz, langile estatutua aldatu eta autonomia erkidegoek gutxieneko soldata propioa ezartzeko eskumena eskuratzea.
Herri ekimen legegileak (HEL) 138.495 sinaduren babesa izan arren, Eusko Jaurlaritzak kontrako txostena aurkeztu du, eta ustez informe juridikoa zena argudio politiko hutsez jantzi du, aurka posizionatu ahal izateko. EAJk argi eta garbi azaldu du herri ekimen legegilearekiko aurkakotasuna, eta bizkarra eman dio langileen mesedetan eta burujabetzaren bidean eman zitekeen urratsari.
Eusko Jaurlaritzak eta patronalak, biek ala biek, gutxieneko soldata propioaren bidea blokeatzeko hautua egin dute. Confebaskek, gaur, ezezkoa eman dio berriz milaka langileren lan eta bizi baldintzak hobetzeari eta herri honek behar duen urratsari.
Premiazkoa da mugitzea blokeo egoera honen aurrean. Gehiengo sozial eta politikoa publikoki gutxieneko soldata propio baten alde agertu da, eta horrek ezin du hitz hutsetan geratu. Pobreziari mugak jarri behar dizkiogu, eta gero eta agerikoagoa den prekarietatea eta soldata arrakala murrizteko bitartekoak behar ditugu. Alderdi politiko guztiei dei egiten diegu Legebiltzarrean herri ekimen legegilearen alde bozkatzeko, ez baita posible hitzez gutxieneko soldata propioaren beharra defendatu eta ekintzetan herri ekimen legegilearen aurka posizionatzea.
Bestetik, Confebask mugiarazi behar dugu. Jaurlaritzak badu garaia Confebask benetan interpelatzeko eta gutxieneko soldata negoziatzera behartzeko.
Datozen hilabeteetan mobilizazioen bidea indartuko dugu. Posizioak mugiaraztea ezinbestekoa da, eta gure esku dauden tresna guztiak erabiliko ditugu horretarako. Guk lanean jarraituko dugu, euskal langileen lan eta bizi baldintzak hobetuko dituen neurria dela uste dugulako, burujabetzaren bidean urratsa emateko modua delako. Confebask interpelatzen eta presionatzen jarraitu behar dugu, eta horretan Jaurlaritzak bere ardura hartzeko garaia da.