2025-12-24
Blog Page 158

LOSALeko langileek lanuztea eta manifestazioa egin dituzte Gernikan, hitzarmen duinaren alde

Urtebete daramate LAMINADOS LOSAL SA enpresan enpresako hitzarmen duin bat negoziatu nahirik, baina zuzendaritzak ez du horretarako borondaterik erakusten. Langile Batzordetik aurkeztutako plataformari puntuz puntu ezezkoa erantzun eta KPI-a bermatzen ez duen “soldata igoera” da LOSALeko zuzendaritzak proposatzen duen gauza bakarra.

Urtarrileko asteazkenetan ordubeteko lanuzteak egin eta enpresak negoziazioan ezarria duen blokeoa gainditu dezan aldarrikatu dute langileek, euren plataforman jasotako puntuak plazaratzearekin batera. Hala ere, gaur-gaurkoz, zuzendaritzak ez du urratsik eman, ez du prestasunik langileen lan baldintzak hobetu daitezen lan egiteko.

Hori horrela, gaur kalera atera dira LOSALeko langileak. Lanuztea egin eta manifestazioan atera dira Gernikan ozen salatzeko enpresaren jokaera atzerakoia. Hitzarmen duin bat nahi dute: KPI-aren araberako soldata igoera, errelebo kontratuak bermatzea, antzinatasuna errespetatzea, urteko jarduna murriztea, baimenak errespetatzea. “Ez dugu atzerapausorik onartuko hitzarmenean, zuzendaritzaren blokeoari aurre egin eta geurea dena defendatzen eta borrokatzen jarraituko dugu”, adierazi dute.

Borrokan jarraituko dugu EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileek 2027rako soldaten ekiparazioa izan dezaten

Baiezko kritikoa emango diogu Gizarte Ekimeneko greba bukaerako akordioari honek ekainaren 1ean sinaturiko Akordio Laboralaren ondoriozkoak diren neurrietako gehienak dituelako, bereziki, enplegua mantentzearen ondoriozko figura berriak eta lan zamak arintzeko neurriak adostea.

Bere afiliatu eta ordezkariei galdetu ondoren, Gizarte Ekimeneko greba amaierako akordioari sinadura kritiko bat ematea erabaki du LABek, enpleguari eustearekin duen erantzukizunagatik. LABek ekainaren 1ean sinaturiko Akordio Laboralaren ondoriozko prozedura jaso du akordioak, jaiotze-tasaren jaitsieraren aurrean enplegua mantentzekoa, alegia. Honen ondorioz, ondorengo hilabeteetan negoziatu eta adostuko dira kategoria berriei dagozkien lanpostuak euskara eta hizkuntza gaitasuna indartzeko, behar bereziak dituzten ikasleei arreta hobetzeko, hezkuntza berrikuntzan sakontzeko, kudeaketa hobetzeko eta langileen lan zamak arintzeko. Eta horrekin batera, 60 urtetik gorako langileentzat neurrien zehatzen azterketa, plantillak gaztetzeko.

Hala ere, borrokan jarraituko du 2027rako soldaten ekiparazioa Gizarte Ekimeneko langileentzat ere eraginkorra izan dadin, ikastoletako langileekin egin zuen bezala. LABen ustez, langileen borrokaren ondoriozkoa zen garaipen nagusiari ezin diogu uko egin, beste sindikatu batzuek horrela egin duten arren. Ekiparazioak %18ko eta %20ko soldata igoerak ekarriko lituzke. Bide batez, LABek begi honez ikusten du Hezkuntza Sailak publikoki adierazi izana soldata igoera horiek 2027rako ekiparazioarekin lotuta daudela. Halaber, LABek kezkaz bizi du mahai-negoziatzailetik ekiparazioa baztertu izana eta 2024 urtea bukatuta langileak ezegonkortasun egoera batean egongo direla salatzen du. LABek ez du onartuko Gizarte Ekimeneko langileak gutxiago kobratzea edo baldintza kaskarragoak edukitzea.

Finantziazio publikoari guztiz loturiko soldata igoera eta enplegu mantentzeko neurriak adostu dira Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileentzat. Izan ere, hezkuntza lege berriaren testuinguruan itunpeko ikastetxeek hezkuntza zerbitzua dohain eskaini behar dute eta familiei ezingo zaie arrazoi horregatik kuotarik kobratu. LABek hau horrela dadila bermatzeko legeak ezartzen dituen auditoretza eta ikuskaritzen jarraipen zorrotza egingo du eta betetzen ez den kasuetan gogor salatuko du, ituna baldintzatzeraino.

Aurrekoaz gain, LABek azpimarratu nahi du Gizarte Ekimeneko akordioan dauden eduki gehienak LABek Ikastoletako akordioan jaso eta sinatu zituela aurreko urtarrilaren 16an. Bertan, enplegua eusteko neurriak adostu ziren, lan kargak arintzekoak, feminizaturiko eta prekarioen dauden langile kategorientzat hobekuntzak lortu eta eskola orduetan murrizketak adostu ere.

LAB pozik agertzen da Hezkuntza Sailarekin ekainaren 1ean sinaturiko akordio laborala, soldaten ekiparaziorako eta langileen lan baldintzen homologaziorako lortutako akordioa, oinarri izan delako ikastoletan eta Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan akordioak lortzeko.

Bukatzeko, LABek adierazten du Gizarte Ekimeneko langileen akordioa sinatu ostean, akordiotik sortu behar diren enplegua mantentzeko batzordeetan lanean arituko dela enplegu suntsiketa ekiditeko eta lanpostua galtzear egon daitezkeen langileen birkokapena bermatzeko. Izan ere, LABek sektoreak behar duen egonkortasunaren alde lan egiteko konpromisoa hartzen du Lan Hitzamenaren negoziazioetan.

2008an sinatutakoa betetzeko eta Bizkaia osorako garbitegi publiko bat martxan jartzeko eskatu diogu Osakidetzari

Osakidetzako ikuztegiko eta lentzeriako zerbitzu gehienak pribatizatuta daude. Bizkaian, Barrualde ESIak bakarrik mantentzen du garbitegi publikoko zerbitzua Galdakaoko Ospitalean; gainerako ESIetan, berriz, enpresa pribatuak arduratzen dira uniformeak eta ospitaleratutako pertsonentzako oheko arropa garbitzeaz eta kudeatzeaz. Egoera honen aurrean, Osasun Sailak Bilbon duen egoitzaren aurrean mobilizatu gara, Osakidetzari Bizkaia osorako garbitegi publiko bat martxan jartzea eskatzeko.

Beste behin ere, Osakidetzaren funtzionamendu egokirako oso garrantzitsua den zerbitzua, etekina ateratzeari zerbitzuaren kalitateari baino gehiago erreparatzen dioten esku pribatuetan utzi da. Izan ere, zerbitzu pribatizatuta daukaten ESI horietan guztietan arazo ugari sortu dira, bai uniformerik ez izateagatik, txarto garbiturik egoteagatik edota ospitaleratutako pertsonentzako oheko arropa eta manta faltagatik. Azken adibidea Bilbo-Basurtu ESIan dugu, non zerbitzua ILUNION enpresak ematen duen. Enpresa hori ez da behin eta berriz hitzartutako kalitatea eta zerbitzua betetzen ari, eta, aurretik ere beste ESI batzuetan, hala nola Santa Marinan eta Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetan, arazoak ere sortu ditu.

Osakidetzako zuzendaritzak osasun publikoaren pribatizazioaren aldeko apustu garbia egiten jarraitzen du. Iurretako plataforma logistiko baten lizitazioarekin edo Boroako biltegiarekin ikusten ari gara egunotan. Zerbitzu horiek guztiak Osakidetzako langileek ondo baino hobeto eman ditzakete, kalitate eta segurtasun handiagorekin eta koste txikiagoarekin. Arazoa da horrela diru publikoaren iturria moztuko litzaiekela enpresa lagunei. LABek 160 milioi euroko balioa duten pribatizazioak geldiarazi ditu gaur arte Osakidetzan.

Ikuztegi-zerbitzuarekin, gainera, Osakidetzako Zuzendaritza behin eta berriz eta kontzienteki urratzen ari da 2008an Mahai Sektorialean sinatutakoa. Urteak dira Bizkaian ikuztegi publikoko zerbitzu bat izan behar genuela, lurraldeko Osakidetzako zentro guztien eskaerari erantzuteko. Hala hitzartu zen gaur egun indarrean dagoen 2007, 2008 eta 2009ko Lan Baldintzen Akordioan, 12. atalean, honako hau adierazten baita: “-Zerbitzuen kanporatzea: Osakidetzak, Akordio hau sinatzean, onartu egiten du ente publikoak Bizkairako Garbitegi zerbitzu propioa sortzeko konpromisoa eta Akordio hau indarrean dagoen bitartean jarriko du martxan, euren kontratuak amaitu ahala Osakidetzako zentroek azpikontratatuta dituzten zerbitzuak bere gain hartzeko”.

Osakidetzako zuzendaritzaren sinadurak ez du ezer balio dirua eta etekin pribatua jokoan daudenean.

Kontzentrazio honekin jarrera hori salatu nahi dugu eta Osakidetzako Zuzendaritzari gutxienez adostutakoa eta sinatutakoa bete dezala eskatu nahi diogu. Zehazki, LABek honako hau eskatzen dio Osakidetzako Zuzendaritzari:

• Bilbo-Basurtu ESIan, ILUNIONekin egindako kontratua bertan behera uztea behin eta berriro hitzartutakoa ez betetzegatik.

• Pribatizatuta dagoen ESIetan ikuztegiko eta lentzeriako zerbitzua publiko bihurtzeko prozesua abian jartzea.

• Mahai Sektorialean hitzartutakoa betetzea eta Bizkairako garbitegi publiko bat abian jartzea, betiere Galdakaoko Ospitalean dagoen ikuztegi publikoko zerbitzua mantenduz.

Mejorando cada Día fundazioaren kudeaketa negargarria salatu dugu, baita langileei ematen dieten tratua ere

Salatu nahi dugu Mejorando cada Día fundazioaren bidez Avanvida SL enpresak Iruñerrian kudeatzen dituen osasun mentaleko laguntzako etxebizitzetako langileak egoera larrian daudela. Gure iritziz egoera jasanezina da.

Gaur egun zazpi langile daude plantillan, eta horietatik bi bakarrik dira finkoak. Aldi baterako langileekin aritzea da enpresa honen araua, betiere %80tik goitiko behin-behinekotasunarekin. Langileek behin-behineko kontratuak lotzen dituzte eta kontratu finkoak egin behar dizkietelarik ez diete kontratua berritzen, eta kalean uzten dituzte, lanpostu horretarako bertze pertsona bat kontratatzeko. Zerbitzuaren beharrak ez dira aldatzen eta, beraz, ez dago justifikaturik jarduteko modu hori. Hartara, lanpostu estrukturalak egonik, zergatik ez dituzte langileak finko egiten? LAB ziur dago jokabide hori iruzurrezkoa dela, ezkutuko kaleratzeak baitira.

Hitzarmenari dagokionez, enpresak ez ditu gauza asko betetzen. Langileek hilabeteak daramatzate lan egutegia eskatzen eta gaur arte ez diete eman. Langileek ez dute lan egutegi egonkorrik, ez dakite noiz joan behar duten lanera, dena bat-batean egiten dute eta etengabe egiten dizkiete aldaketak, enpresaren beharrak betetzeko.

Bertzalde, lanaldi luzapenak etengabeak dira, eta langileek guardiako txandak egin behar dituztelarik, atsedenaldiak ez dira betetzen eta ez dira behar bezala konpentsatzen. Langileek ez dute aparteko deus eskatzen, baizik eta edozein lanpostu motak bete behar dituen oinarriak betetzea.

Egoera larria da. Eta are larriagoa da, gainera, enpresak ez dituelako betetzen langileen legezko ordezkaritzaren eskakizunak: ez dago informaziorik, ez dago erantzunik, ez dago elkarrizketarik, ez dago lanpostuen ebaluaziorik, ez eta laneko osasun psikosozialaren jarraipenik ere, hain garrantzitsua baita pertsonekin lan egiten duten zerbitzuetan.

Bukatzeko, LABek langileek jasotzen duten tratuari buruz duten haserrea adierazi nahi du; izan ere, enpresak behin eta berriz zalantza egin du haien profesionaltasunaz, haien aurkako jazarpen emozional eta psikologikoko formulak erabiliz. Bajak daude arrazoi horregatik.

LABek egoera hau konpontzeko eskatu nahi dio enpresari, bere erantzukizunak bere gain har ditzan eta bere plantilla errespetuz, duintasunez eta tratu onez trata dezan. Hala ez bada, sindikatu honek egoera publikoki salatzen jarraituko du.

Bizkaiko Foru Aldundiak indarkeria matxistaren arloan lan egiten duten psikologoen lanpostuak kendu nahi ditu

Aldundiko langileak Bilbon mobilizatu dira, Foru Jauregiaren aurrean, indarkeria matxistaren arloan lan egiten duten psikologo postuak kendu dituztela salatzeko. “Indarkeria matxistaren aurka ez dago inor soberan”, adierazi dute.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Emakumearen eta Familia Esku-hartzearen Zerbitzua, 1987an sortua, Bizkaiko indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei* eta haien seme-alabei arreta ematen dien zerbitzu espezializatua da. Sortu zenetik, eta urteetan zehar, indarkeriaren biktimei arreta emateko programa eta zerbitzu berriak sortzen aitzindari eta berritzaile izan den zerbitzua izan da, eta helburu argia izan du, emakume guztiengana* eta haien seme-alabengana iristea.

Emakumearen eta Familia Esku-hartzearen Zerbitzua indarkeria matxistaren biktimen beharretara egokitzen joan da urte hauetan, eta genero-ikuspegia eta gizarte-aldaketak barneratu ditu arazo horren arretan.

Zerbitzu honen egungo taldea honako hauek osatzen dute: 4 gizarte-langile, 4 psikologo, 6 administrari eta Administrazio Orokorreko teknikari bat. Diziplinarteko talde horrek aukera ematen du emakumeen* eta haien seme-alaben beharrei esparru global eta integral batetik erantzuteko. Sortu zenetik, beti hartu da kontuan diziplinarteko lana egiteko beharra.
Indarkeria matxistak eragin sozial eta psikologiko handia du indarkeria jasaten duten pertsonengan. Horregatik, beharrezkoa da ikuspegi integrala eta globala izatea indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak artatzeko eta berreskuratzeko prozesu osoan.

Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Sailak 15 urtetik gorako esperientzia eta indarkeria matxistan espezializatutako prestakuntza duten 3 psikologo lanpostu amortizatzea proposatu du. Horrek begirada murriztailea eta biktimei ematen zaien arretaren kalitatea asko galtzea dakar.

Bizkaian indarkeria matxista desagerrarazteko lan egitea denez zerbitzu honen eskumena, psikologiaren arloko profesionalak kentzea ulertezina da, are gehiago indarkeria matxistak indarkeria jasaten duen pertsona bakoitzaren osasun psikologiko, afektibo eta emozionalean eragin zuzena duenean: edozein emakume* eta haien seme-alabak.

Osakidetzaren Iurretako plataforma logistikoaren lizitazioaren aurka egin dugu

Biltegi-zerbitzuen pribatizazioa arautzen duten pleguak inpugnatu ditugu, egungo plantillan lanpostuak galtzea eragiten dutelako.

Osakidetzak bere biltegi-sarea desegin nahi du. Oraingoan, elkarrizketa lehiakorraren figura aitzakia gisa erabiliz eta plataforma logistikoaren eraikuntza haren kudeaketarekin lotuz. Argi eta garbi azaltzeko, hasiera batetik ospitale bat eraikitzea langile pribatuekin hornitu behar izatearekin lotzea bezala da.

Sindikatu honentzat, plegua zentzugabekeria bat da, zehaztasunik ez duena, anbiguotasun kalkulatuak dituena eta faltsukeria nabarmenak dituena. Era berean, Sektore Publikoko Kontratuen Legearekin talka egiten duten eta lege hori bertan behera utzi beharko luketen hainbat gai identifikatu ditugu.

Gogoratu behar dugu, halaber, Osakidetzak hautsi egiten duela 106/2008 Aginduaren bidez, 2008ko ekainaren 3an Ibarretxek zerbitzuak ez kanporateko hartutako konpromisoa.

Osakidetzak baliatutako zehaztasun falta eta faltsukerien artean, bi mantra errepikatzen dira:

Plantillaren gaitasuna mespretxatzen da: nahiz eta 24 biltegiek gaur egun ospitaleak, osasun-zentroak, kontsultategiak, osasun mentaleko sareak eta egoitzak hornitzen dituzten, Osakidetzak, beste batzuetan bezala, biltegietan lan egiten duten langileen gaitasuna debaluatzen du, uste baitu ez direla gai biltegi berria kudeatzeko, eta horregatik justifikatzen du haien pribatizazioa. Duela hamarkada batzuetatik hona, gure lankideak normaltasunez ari dira jarduera hori egiten.

Era berean, LABek argitu nahi du, plataforma logistiko berri bat eraikiz gero prestakuntza osagarriren bat beharko balitz, Osakidetzaren ardura dela biltegietako langileak prestatzea, beste kategoria batzuekin etengabe egiten den bezala. Baina langileek jakin behar dute horrelako pribatizazioak sustatzen dituztenean, egungo langileen gaitasunik eza dela justifikazioetako bat. Mingarria da pleguetan horrelako baieztapenak irakurtzea, baina koherentea da zuzendaritzak egunez egun duen jarrerarekin, hau da, erakundeko langileekiko mespretxuarekin.

Nabarmentzekoa da kanporatze-espedienteak egiten dituzten eta biltegietako langileek gaitasunik ez dutela balioesten duten pertsona berberek kontratatzen dituztela kanporatze-espedienteak kudeatzeko aholkulari baten zerbitzuak (2023/00177 esp.), sindikatu honek lizitazio guztiak aztertzeko eta enplegu publikoa suntsitzen dutenak inpugnatzeko duen estrategiari aurre egiteko. Hau da, horrelako pribatizazioak sustatzen dituztenek, administrazioaren barrutik, sindikatu baten estrategiari aurre egiteko prestakuntza-premiak dituztenean, prestakuntza osagarri hori kontratatzen dute, baina zeladoreak, zerbitzuetako langileak, zerbitzu orokorretako gidariak eta abar direnean, zuzenean pribatizatzea erabakitzen dute, eta ziurtzat jotzen dute ez direla gai beren lana egiteko.

Baliabide faltaren mantra: Zuzendaritzak, berriz ere, bitarteko falta erabiltzen du pribatizaziorako ustezko justifikazio gisa. Baina kontratazio-zerrendak izatea da bitartekorik falta ez denaren frogarik sendoena. Zerrenda horietan borondatez izena eman eta betebehar jakin batzuk betetzen ez dituztenak zigortzeko araubidea ere jasotzen da diziplina horretan. Izan ere, zerrenda horietan milaka pertsona daude Osakidetzaren dei baten zain lan egiteko, baina Osakidetza gai da biltegietan lan hori egiteko baliabide propiorik ez dagoela defendatzen jarraitzeko.

LABek ireki du pleguak inpugnatzeko bidea, aldi berean biltegietako lankideek abiaturiko mobilizazioen osagarri dena. Mobilizazio horiek jarraitu egin behar dute plataforma logistikoaren diseinua birplanteatzeko. Modu berean gainerako langile eta herritarrak animatzen ditugu, horrelako kasu nabarmenekin zalantzan jar dadin Osakidetzako egungo zuzendaritzak gauzatzen duen pribatizazio-politika, askotan iruzurrezkoa den eredu bati erantzuten baitio, duela aste batzuk kontratu txikien kudeaketan salatu genuen bezala, 8 milioi euroko zatikatzeekin.

Merkataritza Libreko Europako Itunen aurka eta baserritar zein landa eremuko langileen etorkizun duinaren alde, otsailaren 9ko mobilizazioak babesten ditugu

Europar Batasuneko hainbat herrialdeetan lehen sektoreko langileen protestak areagotu dira, politika noliberalen ondorioz etorkizun duina ukatzen zaiela salatzeko. Elikadura eskubidearekin negozioa egiteko Merkataritza Itunek eta eredu industrialak baserritar eta landa eremuko langileeen lan baldintzak prekarizatu ditu etengabe, baita herritarroi bertakoa, osasuntsua eta kalitatezkoa den elikadura eskubidea urratu.

Nekazaritza politika sakonki eraldatu eta merkatuaren erregulazioan oinarrituriko ereduari bide eman behar zaiola uste du LAB sindikatuak, agroekologian sakondu, landa eremuko soldatapeko lan baldintzak hobetu eta elikadura burujabetzari bide emateko norabidean urratsak emateko. Bizi dugun testuinguru ekologiko eta sozialak, eraldaketa sakona galdegiten du beraz, eta LAB sindikatua borroka horretan bidelagun izango da.

Merkataritza askeko akordioak gelditu, baserritarrentzako prezioek ekoizpen kostuak bermatu, nekazaritza politika eraldatu eta sektoreko langile guztien lan baldintzak duintzearen alde, otsailaren 9an ENHE Bizkaiak eta ENBA Bizkaiak deitutako Traktoreen kontzentrazioa eta azoka gardena babestu eta bertan parte hartzera deitzen du LAB sindikatuak, baita aldarrikapen hauekin antolatzen diren bestelako mobilizazioak ere.

Elkarretaratzea egin dugu Osakidetzako biltegien pribatizazioa salatzeko

Diru publikoko 129 milioi euro bideratuko dira enpresa pribatuen jarduera finantzatzeari, eta lanpostuak suntsituko dira Osakidetzan. Osasuneko Mahai Sektorialaren deialdiarekin bat eginez, LAB, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur, Osakidetzaren bulego nagusien aurrean, biltegien pribatizazio-proiektua salatzeko.

Sagardui Sailburuak iazko apirilean iragarri zuen plataforma logistiko bat eraikiko zela EITBren egoitza zaharrean, Iurretan. Plataforma horrek gaur egun Osakidetzako biltegietan egiten den jardueraren zati handi bat bereganatuko du; izan ere, titulartasun publikoko biltegiak dira, eta langile publikoek kudeatzen dituzte.

Osasun Sailak erabilitako eufemismoak gorabehera, zerbitzu publiko baten pribatizazio baten aurrean gaude, interes pribatuen mesedetan, eta horrek, diru publikotik milioika euro esku pribatuetara bideratzea ez ezik, Osakidetzan lanpostuak suntsitzea ere ekarriko du. Horrela, urtarrilaren 23an, Osasun Sailaren proiektua ofiziala bilakatu zen lizitazioaren argitalpenarekin. Guztira, 129 milioi euroko lizitazio baten aurrean gaude.

Ildo horretan, gogoratu behar da 2023an Osasun Sailak 269 milioi euro erabili zituela  pribatizatuta dituen zerbitzuak ordaintzeko, hau da, aurreko urtean baino %9 gehiago. Orain planteatzen den pribatizazioak beste urrats bat ematen du arlo publikoa pribatizatzeko eta sektore pribatua aberasteko apustu horretan, guztion diruaren kontura. Argi dago, Osakidetzak bizi duen egoera larria ikusita, kopuru horiek zuzenean inbertitzeak funtsezko hobekuntza ekarriko lukeela, bai plantillaren lan-baldintzetan, bai herritarrei ematen zaien zerbitzuaren kalitatean.

Osakdietzako biltegietan 180 pertsonak egiten dute lan. Gaur egun, 180 pertsona horien etorkizuna airean geratzen da, batez ere aldi baterako langileena. Duela hilabete batzuk, Sagardui sailburuak adierazi zuen ez zela lanposturik suntsituko. Baieztapen horren atzean, benetako errealitatea ezkutatu nahi zuen: aldi baterako izendapen asko amaitutzat emango dira, eta langile finkoak beste zerbitzu batzuetan birkokatuko dira, horretarako eskubidea baitute. Plantillaren erdia baino gehiago aldi baterakoa den eremu batean, enplegua galtzeko arriskua agerikoa da.

Sindikatuok Osakidetzari eskatu diogu proiektua geldiarazteko eta zerbitzuaren kudeaketa eta plantilla publikoa izaten jarraitzeko.

Osasunbideko esklusibotasunari dagokionez, Nafarroako Gobernuak konfirmatu du gaizki jokatu dutela eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak onartu egin du LABek salatutako egoera

Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoaren eta Nafarroako Praktika Egokien eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoaren zenbait ebazpenek berretsi eta onartu egin dituzte LAB sindikatuak Osasunbideko esklusibotasuna gaizki erabiltzeari buruzko 11 salaketak. LAB sindikatuak salaketa horiek duela urtebete egin zituen, eta kasu horiek agerian uzten dituen kontrolik eta utzikeriarik eza azpimarratu nahi du, eta Gobernuari eskatzen dio bere erantzukizunak bere gain har ditzala eta, arduradun zuzena den heinean, konpon dezala “Osasunbideko eskandalua”, horretarako behar diren neurri guztiak hartuz eta lanbide medikoaren duintasuna kaltetzen duten zeinbaitzuen interes korporatibo eta politikoak aintzat hartu gabe.

LAB sindikatuak aurkeztutako salaketa guztietan (11 guztira) konfirmatu da Osasunbidean kontrol falta eta utzikeria egon dela eta jardunbide desegokiak izan direla. Horixe ondorioztatu da Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren zazpi ebazpenetan, non salatutako kasuei buruzko ebazpena ematen baita. Gainerako lau kasuei dagokienez, ez da jarduketarik hasi, fakultatibo horiek une honetan ez daudelako Administrazioan lanean (Osasunbidea eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa arduratu beharko dira kasu horietaz), baina egiaztatu da haietako bakar bati ere ez zitzaiola baimenik eman eginkizun publikoak jarduera pribatuarekin bateratzeko. Jokabide hori falta oso larritzat tipifikatuta dago, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren arabera pertsona horiek zerbitzutik bereizi litezke horregatik.

Horrez gainera, espedienteak Nafarroako Praktika Egokien aldeko eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak ere aztertu ditu eta LABek salatutako egoera berretsi du. Hortaz, epea sei hilabetez luzatzea erabaki ondoren, salatu diren gertakariak eta horien ondorioak sakon ikertuko ditu, Osasunbideari zuzenean eragiten dioten neurrian. Era berean, arlo pribatuan ere lanean aritu direnek bidegabeki jasotako esklusibotasun-osagarria itzultzeko espedienteak ere aztertuko ditu.

LAB sindikatuak uste du Nafarroako Sindikatu Medikoaren (NSM), VOXen, UPNren eta Medikuen Elkargoaren (sindikatuarekin biltzeari uko egin dio) jokaerak eta eskakizunek interes korporatibo eta politiko dituzte, eta horrek kalte egiten diola mediku lanaren duintasunari. Izan ere, praxi txarraren lehen kasua salatu eta konfirmatu zenetik urtebete bete denean, eragile erreakzionario eta eskuin muturreko horiek berriz exijitu dute publikoki esklusibotasuna ken dadila, azken gertakari horiek beren mesederako aprobetxatu nahian. Horixe da, eta ez besterik, LABek zuzendu nahi duen jokabide onartezina. Horregatik, LABek ez du inoiz eraginpeko profesionalen nortasuna eman, eta etorkizunean ere ez du emango.

Interes korporatibo horiek aterabiderik gabeko egoera batera eraman ditu Nafarroako Gobernua, mediku asko eta, bereziki, osasun sistema publikoa. Gauzak horrela, LABek ez du onartuko NSMri inolako pribilegiorik ematea eta, are gutxiago, sindikatu horrek beto-eskubidea erabiltzea. Amaitu da mahai esklusiboen garaia, non langile bakar batzuen interes ekonomikoak asetzea eta negozio pribatuak bultzatzea bilatzen baitzen, osasun sistema publikoa, langile guztien baldintzak eta herritar guztien eskubideak hobetzeaz ahazturik.

Hartara, LABek Nafarroako Gobernuari exijitzen dio bere gain har dezala dagokion erantzukizuna eta behar diren neurriak har ditzala Osasunbidean gertatzen ari den eskandalu horri amaiera emateko, horren erantzule zuzena baita. Horrekin batera, Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren ebazpenei men egin diezaiela eskatzen du, eta horren arabera ikuskatu, kontrolatu eta jardun dezala, betiere medikuen lanbidea eta osasun sistema publiko osoa defendatzearren.

Era berean, exijitzen diogu bete dezala Osasunbideko langileekin sinatutakoa eta jar dezala martxan mekanismo bakar bat jarduera pribatuari buruzko bateragarritasun- eta esklusibotasun-arauak betetzen direla monitorizatzeko eta kontrolatzeko. Ez dago aitzakiarik, eta LABek ez du inola ere onartuko mahai paraleko bat eratzea NSMrekin, hori bailitzateke otsoa artaldea zaintzen jartzea.

Azkenik, Gobernuari exijitzen diogu bete ditzala bateraezintasun-erregimenari buruz dagozkion eginkizunak, eremu pribatuan lan egitea eskatzen duen pertsona orok horretarako baldintzak betetzen dituela bermatzen duen lege-sistema baten bidez; eta sistema horretan oinarrituta eskura dezatela, hala badagokie, esklusibotasunaren osagarria.