2025-12-18
Blog Page 15

Aludiumeko langileen aurkako eraso gehiagorik ez!

LABek Aludiumen jarrera autoritarioa salatzen du eta norabidea aldatu ezean mobilizazioak egingo direla ohartarazi du.

Aludium Transformcion De Productos Amorebietako enpresa bat da. 537 pertsonak egiten dute lan bertan.

LAB sindikatutik publikoki salatu nahi dugu Aludiumeko zuzendaritza hartzen ari den norabide autoritarioa, azken aldian aldebakarreko erabakiak hartzen ari baita, plantillaren eskubideetan atzerakada nabarmenak eta lan-prekarietatea areagotzea dakartenak. Duela gutxi, bulegoetan ezkutatuko kamerak jartzeagatik zigortu zuten enpresa, bajan dauden edo egon diren langileen aparteko ordainsariak osatzeari utzi dio, eta orain langileak kriminalizatzen hasi da.

Enpresa inposaketan, elkarrizketarik gabe eta botere-abusuan oinarritutako lan-harremanen alde egiten ari da, ordezkaritza sindikalari entzungor eginez eta langileen eskaerei eta kezkei entzungor eginez. Jarrera hori oso lan-giro txarra sortzen ari da, eta horrek ez die mesederik egiten ez langileei ez enpresari berari.

LABen ustez, jokabide hori arduragabea eta onartezina da, eta Aludiumeko zuzendaritzari exijitzen diogu berehala zuzentzeko, alde bakarretik ezarritako neurriak indarrik gabe hutzi eta langileak eta entzuteko benetako prozesua irekitzeko.

Errespetua, negoziazioa eta parte-hartzea izan behar dira edozein lan-harreman duinen oinarri. Horregatik, enpresak inposizio eta jarrera honi eusten badio, LABetik Aludiumeko langileak aktibatzera eta mobilizatzera deituko ditugu, haien eskubideen eta lan-baldintza justuen alde egiteko. 

[IRITZIA] Euskal langileria Palestinarekin bat

Jarraian irakur dezakezue Igor Arroyo eta Koldo Saenz, LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra eta Nazioarteko Harremanetarako arduradunak urriaren 15 eko Palestinaren aldeko mobilizazioaren inguruan idatzitako iritzi artikulua.

Urriaren 15ean egin berri dugu Euskal Herrian Palestinaren alde inoiz egin den mobilizaziorik handiena: 110.000 lagun baino gehiago batu ziren Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean sindikatuok eguerdian deitutako manifestazioetan, eta 50.000 herritar inguru arratsaldean Gernika-Palestinak herriz herri antolatu zituen mobilizazioetan. Lanuzte orokorrak eragin esanguratsua izan du lan munduan; Greba Orokor baten pareko jarraipena izan du mobilizatutako langile kopuruari dagokionean. Europan, Italian salbu, ez da halakorik ikusi. 

Lanuzte orokorraren eskaria argia izan da: Israelekin harreman instituzional eta komertzial oro etetea. Instituzioek eta patronalak ezin dute ezikusiarena egin. Gazan su-eten hauskor bat egoteak ez du eskariaren premia gutxitzen, konponbide sakonagoa behar da: Palestinako lurralde osoa deskolonizatzea, Jordan ibaitik Mediterraneo itsasoraino; Palestinako errefuxiatuek euren lurraldera bueltatzeko duten eskubidea gauzatzea; eta Palestinaren autodeterminazio eskubidea egikaritzea. 

Horretarako, batetik, artikulatu behar dira Palestinaren aldeko gehiengo sindikal, sozial eta politikoak, Euskal Herrian nahiz nazioartean. Eta bestetik, boikot, desinbertsio eta zigorren nazioarteko kanpaina sustatu beharra dago, Hegoafrikarekin egin zen bezala, apartheidean oinarritzen den Israelgo estatu koloniala eremu guztietan isolatuz. Ildo horretan, euskal alderdi politikoei eskatu diegu eraman dezatela sionismoarekin harremanak eteteko proposamena instituzio guztietara: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, aldundiak eta udalak. Era berean, Israelekin harreman komertzialak dituzten enpresetara mozioak eramango ditu LABek, gainontzeko sindikatuekin elkarlanean. 

Azkenik, eremu sindikalean ere badago zer egin: sindikatu sionistak isolatzea. LABek Munduko Federazio Sindikalean (MFS) parte hartzen du eta han ez dago halako sindikaturik, sionismoa eta kolonialismoa MFSren oinarri ideologikoen aurkakoa baita. Aldiz, Euskal Herriko gainontzeko sindikatu nagusiak kide dituen CSI-Nazioarteko Konfederazio Sindikalean Histradut sindikatu sionistak parte hartzen du, baita izaera tripartitoa duen OIT-Nazioarteko Lanaren Erakundean ere.

Palestinaren aldeko dinamika indartzeko aukera eman digu Lanuzte Orokorrak, baina ez hori bakarrik, izan ere, borroka sindikalaren ikuspegitik mugarri izan da. Euskal Herrian ez zen gertakari politiko jakin bati erantzuteko greba edo lanuzterik deitzen 2008tik. Irail erdialdean LABek argi ikusi zuen palestinarren genozidioaren aurrean beharrezkoa zela horrelako urrats bat ematea. Buru-belarri hasi ginen lanean: gainontzeko sindikatuekin ekimena aurrera ateratzeko adostasunak eraiki; lanuztearen deia zehaztu eta erregistratu; oinarri soziala mobilizatu; lantokietan informazioa zabaldu, batzarrak eta mobilizazioak antolatu; merkatariekin harremanetan jarri; hiriburuetako lau manifestazio handiak antolatu… 

Ibilbidean izan da zailtasunik. Alde batetik, estatu mailan CCOO eta UGTk egindako diseinuak lanuzteen aukera aintzat hartzen bazuen ere, ez zegoen lanuzte orokorrerako deialdirik. Bestalde, ELAk ez zuen lanuzteak deitzeko borondaterik adierazi CCOOko estatu mailako idazkari nagusia lanuzteen alde azaldu zen arte. ELA azkena iritsi zen lanuzteen planteamendura, eta behin sartuta, modu inkoherentean eta korporatiboan aritu zen: lehenik euskal langileak bi lanuzte egun desberdinetan zatitzea planteatu zuen; ondoren, urriaren 15era batu zen, baina deialdi propio eta desberdina eginez, hain justu, euskal langileak zatitu behar ez zirela argudiatuta; jarraian, sindikatu desberdinen arteko elkarlanari uko egin eta proiekzio korporatiboa lehenetsi zuen; azkenik, bere bakardadea mozorrotzearren, aliantzan ari zela irudikatu nahi izan zuen, CIGa eta Kataluniako Intersindikalarekin lanketa bateratua oso modu behartuan erabiliz. LABek Hego Euskal Herrian egin bezala, Intersindikalak ere Katalunian sindikatu guztien arteko elkarlanaren alde egin zuen. 

Palestinako egoerak elkartasun internazionalista ariketa ahalik eta zabalenak eskatzen ditu, eta zalantzarik gabe, merezi izan du: Hego Euskal Herriko sindikatu guztiok egin dugu Palestinako genozidioa salatzeko lanuzte orokorrerako deialdia. Estatu mailako egun berean eginagatik ere, Hego Euskal Herria lanuztea lurraldetasun irizpidea kontutan hartuta landu dugu, marko berezitu gisa indartu dugu eta subjektu bezala irudikatu, baita nazioartean ere. Manifestazioen amaieran 

Palestinako komunitateak hitza hartu duenean ere, herritik herrira mintzatu zaio Euskal Herriari. 2018ko pentsiodunen olatuarekin gertatu bezala, bertako deialdiak estatu mailan egindakoa gainditu du, bai mobilizazio ereduari dagokionez, bai mezuari dagokionez, baita mobilizatutako jendetzari begiratuta ere. 

Lanuzte Orokor honekin sindikalismo soziopolitikoa indartu egin da. Erakutsi dugu sindikatuon ardura eta funtzioa ez dela mugatzen lan-baldintzen negoziaziora; badugula zer esana afera politiko eta sozialetan. Palestinaren kasuan, lanuzte politikoa deitzea beharrezkoa zen; ez soilik elkartasun internazionalistaren ikuspegitik, baita Euskal Herriaren eraldaketaren aldeko borrokari begira ere. Mundu mailan olatu erreakzionario eta autoritarioa zabaltzen ari den garai honetan, urriaren 15ak mezu argia utzi du: sionismoa ez da Palestinan gailenduko eta faxismoa ez da Euskal Herritik pasako. 

Grafikagintzako sektoreko laurden batek, dagoeneko, aktiboki babesten du Nafarroako hitzarmen propio baten aldarrikapen sindikala

LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur AEGRAN patronalaren egoitzaren aurrean, Nafarroako Arte Grafikoen Hitzarmenaren negoziazioa eskatzeko. Agerraldi horretan, ordezkari sindikalek 400 sinadura baino gehiago eman dituzte, langile guztien laurden bat inguru ordezkatzen dutenak.

Sindikatuen arabera, martxoan hitzarmena negoziatzeko gaitasuna zuten sindikatu guztiek batera egindako eskaerari patronalak “entzungor” egin ziolako gertatu da agerraldi hori. “Orduan, patronalak ez gintuen hartu ere egin nahi izan”, gogorarazi dute sindikatuek.

Oraingo honetan, elkarrizketarako eskaera berresteaz gain, langileen zuzeneko ahotsa helarazi nahi izan dute sindikatuek. “Gaur ez dugu sindikatuen aldarrikapena ekarri, hilabete gutxi batzuetan lortu dugun sektorearen laurden baten ahotsa baizik. Dagoeneko kontzientziatuta eta aktibatuta dagoen sektore osoko langileen laurden batek lan baldintzak duintasunez arautzearen alde dago”, adierazi dute. Era berean, datozen hilabeteetan laurden hori nabarmen handitzea espero dutela adierazi dute, egoera hori Nafarroako Grafiketako langile klaseari helarazten jarraituko baitute.

Patronalak sektorearen eskaerari kasu egingo diola espero dute sindikatuek. “Pentsatu nahi dugu, sindikatuekin egin ez zuen bezala, AEGRANek bere langileei entzungo diela. Hala ez bada, tamalez, gatazkak izango dituzte datozen hilabeteetan beraien enpresetan”.

Azkenik, LABek, ELAk, UGTk eta CCOOk Nafarroako Arte Grafikoen Hitzarmena berreskuratzeko konpromisoa berretsi dute, duela hamar urte indarraldia galdu baitzen. “Gure determinazioa argia da, ez gara geldituko berreskuratu arte. Negoziatu nahi dugu soilik, eta horretarako behar den denbora hartuko dugu”.

Hezkuntza sailak hitzartutakoa bete gabe jarraitzen du

Hezkuntza Sailak LABekin sinatutako Akordio Laboralean, ikastoletarako atalean adostutakoa bete gabe jarraitzen du. Horren aurrean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletako langileek egoera salatzeko iaz hasitako mobilizazioei segida emango diote ikasturte honetan ere.

2023ko ekainaren 1ean sinatu zuten Hezkuntza Sailak eta LAB sindikatuak Akordio Laborala. Honek, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza sare guztietako langileengan eragina izango zituzten neurriak adostu eta jaso zituen. Ikastoletako langileei zegokion atalean, jasotako neurriak, egun, bere osotasunean bete gabe daude. Alde batetik,Ikastoletako langileen eta sare publikoko langileen arteko soldata parekatzea adostu bazen ere, parekatze hori ez da langile guztiengan gauzatu. 

Bestetik, egin beharreko homologazioaren inguruko azterketari dagokionez, ezarritako epeak aspaldi gaindituta egonda ere, ez da hasteko borondatearen santsurik atzematen.

LAB sindikatuak bere kezka eta haserrea erakutsi nahi du Hezkuntza Saila ez delako betetzen ari Akordio Laboralean Ikastolen eremurako LABekin hitzartu zuena.

Egoera honen aurrean, LABek iazko ikasturtean mobilizazio dinamika abiatu zuen egoera hau salatzeko. Hezkuntza Sailarekin sinatu zuen Akordio Laborala blokeatuta zegoela salatu bazuen ere, esan beharra dago, zoritxarrez egoera hau aldatzeko ez dela inongo aldaketarik eman. 

Bere egunean, adierazi bezala, Hezkuntza Sailak akordioa ez betetzeak ondorio kaltegarriak ditu ikastoletako langileengan, lehendik onak ez ziren lan-baldintzen eta eguneroko lanean. Ikastoletako langileek argi adierazi zuten,negoziatzen jarraitzearekin batera, beste ekinbide batzuetara jotzea besterik ez zutela, Hezkuntza Sailak adostutakoa bete zezan.

LABek beti erakutsi du negoziaziorako eta akordioetara heltzeko borondatea, horren adibide dira alde batetik, Hezkuntza Sailarekin sinatutako Akordio Laborala bera, bertan jasotakoa Ikastoletako Hitzarmeneko negoziazio mahaira eramanez, eta hartutako konpromisoak betez; eta bestetik, Ikastolen Elkartea-Partaide eta EIBrekin sinaturiko ikastoletako azken lan-hitzarmena, 2024koa.

Aldaketarik ez eta gaur gaurkoz Akordio Laboralean jasotakoa bete gabe jarraitzeak, mobilizazioekin jarraitzea baino beste biderik ez du uzten, Hezkuntza Sailari exijitzeko Akordio Laboralean sinatu zuena betetzeko: ikastoletako langile guztientzat sare publikoko langileekiko soldata parekatzea eta lan-baldintzen homologazioa gauzatu ahal izateko azterketari ekitea, behingoz. Blokeoa gainditu eta Hezkuntza Sailak bere konpromisoak bete behar ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ikastoletako Lan-Hitzarmenean, Akordio Laboralean adostutako neurriek isla izan dezaten. Hezkuntza Sailak neurri horiek guztiak martxan jar daitezen hitzeman zuen bitartekoak jarri behar ditu mahai gainean.

Horregatik, LABek irmoki exijitzen dio Hezkuntza Sailari sinatu zuen Akordio Laboralean agindu zuena eta jasota dagoena bete dezan. 

Ez da onargarria igaro den denbora honetan inongo aurrerapausorik egon ez izana; ez da onargarria sinatutakoari ez heltzeagatik, ikastoletako langile batzuen lan-baldintzak ez hobetzea; ez da onargarria, eta ez dugu onartuko! Horri guztiari irtenbidea bilatu arte LABek egoera salatzen jarraituko du eta ikastolei dagokiena eskatzen jarraituko du, mobilizazioen bidetik.

Negoziaziorako erakutsi dugun prestutasun eta gaitasun bera erakutsiko dugu mobilizatzeko. LABen ez gara geldi egongo ikastoletako langileen lan-baldintzak nola okertzen diren ikusten. Behar den leku guztietatik, Hezkuntza Sailak LABekin hartu zituzten konpromisoak oraindik betetzeke dituela salatuko dugu.

Beraz, LABek Ikastoletako langileei dei egin nahi die Hezkuntza Sailari Akordio Laboralean hartu zituen konpromisoak martxan jarri eta bete ditzan exijitzeko. 

Era berean, Hezkuntza Sailari adierazi nahi dio hitzen garaia aspaldi amaituta, ekintzen ordua badela eta bestela aurrean izango gaituela. Horren adibide, gaurko egunez, urriak 27an, Hezkuntza Sailaren Bizkaiko egoitza aurrean burutu dugun mobilizazioa. 

LABek dei egiten die Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ikastoletako langile guztiei haien ahotsak gureekin batu ditzaten argi eta ozen esateko: parekatzea langile guztientzat eta lan-baldintzen homologazioaren azterketa orain!

LABek Ipar Euskal Herrian zabaltzen jarraitzen duela ospatu du Lekornen

1974an sortu zen LAB, eta 2000. urtean hedatu zen Ipar Euskal Herrian. Urte horretako Maiatzaren Lehenean egin zuen lehen agerpen publikoa, Baionan. Horrela, lurralde honetan zabaldu izanaren 25. urteurrena betetzen da aurten. Hori ospatzeko, hainbat ekintza egin ditu LABek Lekornen, Ipar Euskal Herrian 25, enbor beretik zabaltzen lelopean, bere komunitatearen parte hartzearekin.

Kanakiako USTKE sindikatuko Mina Kherifen agurrarekin hasi da eguneko egitaraua, LABek nazioartean dituen harreman zabalen erakusle. Ondoren etorri dira Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak eta Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko arduradunak bi ahotsetara egin duten hitzartzea.

“Inork ez digula ezer oparitu” aipatu dute; eta balioa eman diote militantziak egindako lanari: “badakigu hazten ari garela eta hori zuen lan nekaezinagatik izan da. Harro egotekoa da”.

Bazterketa sindikala ere hizpide izan dute: “Beste sindikatuek baztertu nahi gaituzte, eta badute motiborik kezkatuak egoteko, erakutsi baitugu LAB beharrezkoa dela Euskal Herrian”.

Gainera, LABen berezitasunak ere azpimarratu dituzte. “Egiteko beste modu bat da gurea. Langileak antolatu eta ahalduntzen ditugu, eta borrokak aktibatzen ditugu. LABen ekintza sindikala gertukoa da, bertatik bertara egiten dena, bertako errealitate espezifikoari eta beharrei erantzuten diena”. Mugarri zehatzei erreparatuz, Hemen erabaki dinamika eta urriaren 9an medikuntza sozialean egindako greba aipatu dituzte. Azken hau marko estatala alboratu eta Euskal Herriaren beharretatik sortu eta landutako mobilizazio egun garrantzitsua izan zen.

Horrela, 25 urte hauetako ibilbidea goraipatu dute, sindikatua bere presentzia zabaltzen eta bere eragin gaitasuna handitzen ari dela aipatuz. “Askapen nazionalerako LAB dugu tresna hoberena”, nabarmendu dute.

Ondoren, mahai-ingurua izan da LAB, 25 urteko ibilbidea eta borroka aitzina doa izenburupean, eta bertan parte hartu dute Dominika Daguerre LABeko sortzaileetako batek, Eñaut Aramendi LABeko arduradun ohiak, Henri Perez Sokoako delegatu ohiak eta Evelyne Mouesca sindikatuko ordezkari eta etxez etxeko langileak. LAB Ipar Euskal Herrian sortu zeneko testuinguruaz, sindikatuak egindako ibilbideaz eta ordezkari izateko edo afiliatzeko arrazoiez aritu dira.

Jarraian, elkarrekin bazkaldu dute Lekornen elkartutako LABeko komunitateko kideek, eta iluntzean kontzertuak izango dira, Los Piquillos, Zetkin eta Ekintza taldeekin, jaia eta borroka uztartuz.

Egun osoan zehar, ikusgai egon da sindikatuak Ipar Euskal Herrian izandako ibilbidearen berri ematen duen erakusketa.

LABek Sindikalismo Feminista Internazionalistaren bigarren topaketan parte hartu du

“Sindikalismo Feminista Internazionalistaren Topaketa: Emakume sindikalistak alternatibak eraikitzen krisiaren eta faxismoaren aurrean” ospatu genuen Bartzelonan Urriaren 17tik 19ra. Euskal Herrian egindako lehen topaketatik bi urtera, Munduko Sindikatuen Federazioko Herrien Koordinakundeko Batzorde Feminista sortu berriak antolatu du bigarren topaketa hau. Oraingoan, LAB, Intersindical Valenciana, La Intersindical, Intersidincal Alternativa de Catalunya eta Corriente Sindical de Izquierdas de Asturies sindikatuetako 40 emakumek parte hartu genuen.

Topaketa ostiral arratsaldean hasi zen, gaur egungo geopolitika inboluzionistari eta eskuin muturraren aurrerapenari buruzko azterketa kolektibo batekin, eta armagintzaren eskaladak eta ingurumen-espolioak, gaur egun iparraldetik hegoalderako mendekotasunean, kanpoko etsaiaren eraikuntzan emakume langileen aurkako gorputz-lurralde espolioan duten lekua azpimarratu zen. Halaber, gogoeta egin zen kontra-boterekoa sindikalismo subiranista berrantolatzeko premiari buruz, gorroto-diskurtsoek gehien eragiten dieten gizarte-sektoreek gure sindikatuetan harrerarako, eskubideen defentsa kolektiborako eta gizartea eraldatzeko guneak aurki ditzaten.

Larunbat goizeko lehen zatian Euskal Herriko lehen topaketan sindikalismo feminista bultzatzeko eta negoziazio kolektiboan gauzatzeko sortutako gida sindikala eguneratu zen. Herrien Koordinakundea osatzen dugun sindikatuen artean partekatutako tresna-kutxa bat sortu genuen, sindikalista feministok sindikatuetan eta sindikatuetatik kanpo dauden erresistentzia heteropatriarkalak gainditzeko sortu ditugun estrategiak eta praktikak trukatzeko.

Topaketaren bigarren zatian, FSMko zuzendaritza- eta ordezkaritza-organoen lehen diagnostiko feminista aurkeztu zen, kezka nagusi hauek identifikatzen ditugularik: nazioarteko harremanetan karguak maskulinizatzea eta pertsonalizatzea, belaunaldien arteko erreleborik eza, espazio hauek ez dituztela zaintzak bateratzeko aukerarik ematen, emakumeen ordezkaritza urria eta feminismoa ikusezin bihurtzea langile guztien emantzipazio-paradigma gisa.

Nazioarteko ordezkaritza sindikalaren espazioek askotan errealitate globala ikuspegi androzentrikotik nola irakurtzen duten eta sektore feminizatuen borrokak eta beharrak aintzat hartzen ez dituzten dinamika matxistak nola erreproduzitzen dituzten hausnartu ondoren, lan-plan bat adostu da Herrien Koordinakundeko batzorde feministarentzat. Epe labur, ertain eta luzerako akordioetatik abiatuta, helburua da klase feminismoa zeharkako apustu bihurtzea, eta parte hartzen dugun nazioarteko esparru sindikaletan konpromisoz eta seriotasunez presente egotea. Aldaketa horiek gure sindikatuetatik bertatik hasten dira, idazkaritza feministen eta nazioarteko harremanen arteko bateratzearen bidez, eta bultzatzen ditugun esparru internazionalistetan islatu behar dira.

Azkenik, topaketa amaitzeko, ibilbide feminista bat egin genuen Bartzelonako kaleetan barrena. Bertan, memoria historikoa erreskatatuz eta zuzeneko ekintzak eginez, emakume langileen borrokarako funtsezkoak diren kaleak, plazak eta eraikin publikoak berrizendatzeko, gaur egun oraindik hiriaren eta, beraz, historiaren kontakizun ofizialean agertzen ez direnak. Internazionalismo sindikala feminista izango da edo ez! Gora munduko emakume langileen borroka!

Udaldiak langabezia jaitsi du, baina egiturazko prekarietatea azaleratu du, bereziki lan baldintza prekario eta ezegonkorrak dituztenen artean

Langabezia tasa %7,1ra jaitsi da Hego Euskal Herrian. Pasaden urtean baino 6.300 langabetu gutxiago daude eta 29.900 langile gehiago lanean. Egoera hori izanik, deigarria da aktibitate tasa oso baxu egotea (%56,25), aktibo modura dauden langile kopurua igo arren (23600), biztanle kopuruak gehiago egin duelako gora gertatzen dena. 

Azken hiruhilekoan, ordea, langabeziaren beheranzko joera mantendu arren (%3,57 egin du behera langabetuen kopuruak), aktibo dauden langileen kopurua jaitsi egin da (3700 langabe gutxiago – 2200 langile gehiago lanean – baina 1600 aktibo gutxiago). Gertatzen dena hobe ulertzeko, sexu-generoari erreparatu behar diogu. Emakumeen artean langabezia igo da (13600 langabetu gehiago) eta emakume langile gutxiago daude lanean (11000 gutxiago); gizonezkoen artean, aldiz, langabetu gutxiago daude eta langile gehiago. Izan ere, udaldian datuek argi uzten dute sektore feminizatuetako ezegonkortasun zein prekarietatea, emakumeek dituzten lan baldintza kaxkarren ondorioz, lan kontratua eteten baitzaie. 

Azken urtean, emakumeen langabezia tasa %8,6ra igo da (6200 emakume gehiago lanean – 12300 emakume langabezian), gizonen artean %5,6ra jaitsi den bitartean (23900 emakume gutxiago lanean – 18700 langabetu gutxiago). Aktibitate tasari dagokionean, gizonek emakumeek baino aktibitate tasa altuagoa dute (%59,73 eta %52,97 hurrenez hurren), ia emakumeen erdia lan merkatutik kanpo kokatuz.

Udaldian agerian gelditzen den prekarietate zein ezegonkortasunak gazte zein langile migratuengan ere inpaktu zuzena du. Izan ere, gazteen langabezia tasa %20,9ra eta langile migratuena %18,8ra jaitsi dira, udako aldi baterako kontratazioen ondorioz. Epe luzez lan bila dauden langileen tasa %34,3ra jaitsi da udako kontratuen ondorioz. 

Kontratu mugagabe eta behin-behinekoen proportzioa (%82,4 eta %17,6 hurrenez hurren) zertxobait aldatu bada mugagabeak igoz, emakumeen biak jaitsi dira, gizon eta emakumeen arteko arrakala mantenduz emakumeen artean behin-behineko kontratuak gora egin duelako (%20,2 emakumeen artean, %15,1 gizonen artean). Izan ere, langile kopurua igo den arren, emakumeen artean kontratu gutxiago sinatu dira (14100 gutxiago), gizonezkoen artean baino (19800 kontratu gehiago).

Jardunaldiari dagokionean, azken urtean jardunaldi partzialean lan egiten dutenen proportzioa %14,8ra handitu da (azken hiruhilekoan jaitsi arren) eta 10800 langile gehiago daude lan-jardun mota honekin. Gizon eta emakumeen artean arrakala handia dago, emakumezkoen artean jardunaldi partziala %22,7koa den bitartean, gizonezkoen artean %7,5era jaitsi baita. 

Lan munduan egiturazkoa den prekarietate zein ezegonkortasunaren aurrean, langile klase osoarentzat onuragarria eta langile guztien lan baldintzetan inpaktu positiboa izango lukeen Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren igoera ezinbestekoa bilakatu da. Izan ere, arrakalak handitzen ari dira eta enpleguak soilik ezin du bermatu diru-sarrera nahikorik bizitza duina bermatzeko. LGS-ren igoera ahalbideratzeko borroka fase luzea burutzen ari gara LAB sindikatua osatzen dugun kideok beste eragile zein sindikatuekin batera. Gaurko langabezia datuek marrazten duten errealitatea ikusita, beste behin ere, Confebask patronalaren eta instituzioen jarrera irmoki salatzeko aprobetxatu beharrean gaude, ez baita zilegia LGS-ren igoera negoziatzeari patronalak emandako ezezkoa edota Eusko Jaurlaritzak HEL-aren aurka aurkezturiko kontrako Informea. LAB sindikatuak prekarietate zein ezegonkortasun egoerei aurre egin eta mobilizazioak indartuko ditu posizioak mugiarazi eta ahalik eta babes handiena eskuratzeko. 

Vicinay Sestaoko langileek bermeak eskatu dituzte Vicinay taldearen aurre-konkurtsuaren aurrean

Vicinay Taldea Europako Batasunean bere sektorean erreferente eta estrategikoa den euskal industria-konglomeratua da, ia mende bateko ibilbidearekin. Offshore plataformetarako amarratze-soluzioetan, kate navaletan, ainguratze-ingeniaritzan eta zerbitzu lotuetan espezializatuta dago, eta, beraz, bere ekoizpena guztiz moldagarria da bizi dugun trantsizio ekologikoaren erronkei aurre egiteko.

2025eko uztailaren 30ean, Vicinay aurre-konkurtsuan sartu zen. 2018tik aurrera taldeak finantza-arkitektura konplexua garatu du: mailegu sindikatuak, zirkulazio-lerroak, erakunde-bermeak eta partaidetza-finantzaketa, sozietateen artean berme gurutzatuekin. Gaur egun, 170 milioi eurotik gorako zorra pilatu da, eta egoera larri hori zuzendaritzaren kudeaketa txarraren ondorio zuzena da.

Vicinay Sestaoko LABeko ordezkaritzak azken asteetan Eusko Jaurlaritzari interpelazio instituzionala aurkeztu dio, enplegua eta lan-baldintzak bermatzeko eskatuz, eta administrazioaren inplikazioa galdeginez.

Vicinay Sestao taldeko enpresetako bat da, 140 langile inguru dituena, sektorean trebatutako eta esperientzia handikoak. Langileek uste dute jarduera produktiboa bideragarria dela oraindik ere. Hala ere, 2023ko abendutik, enpresak soldaten ordainketa irregularrak egin ditu. Azken bost urteetan lau aldi baterako enplegu-espediente (ERTE) izan dira, azkena langile guztiei %100ean eragiten diena, amaiera-datarik gabe eta luzatzeko aukerarekin.

Langileen gehiengoari urtebete baino gutxiagoko langabezia-prestazioa geratzen zaie, eta talde txiki batek gabonetarako inolako diru-sarrerarik gabe geratuko da. Gaur egun, enpresak bi hilabeteko soldata-zorra du, eta langileek uztailaren amaieratik ez dute inolako ordainsaririk jaso, familietan ziurgabetasun eta kezka handia eraginez etorkizun ilunaren aurrean. 

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila ikastetxe publikoetan kamerak instalatzen hasi da, hezkuntza komunitatearen onarpenik gabe eta informaziorik helarazi gabe

Inbertsioa hezkuntza kalitatea hobetuko duten bestelako baliabide pertsonaletan eta azpiegituretan egin beharrean, langileen kontrolerako diren eta ikasleen intimitatea urratuko duten gailuetan egin duela salatu du LABek. Ikastetxeei kamerak ez konektatzeko eta ez erabiltzeko deia luzatu nahi die LABek.

LABek jakin duenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila EAEko hainbat ikastetxe publikotako ikasgeletan kamerak jartzen hasi da, edo horiek jartzeko saiakera egin du. Gailu interaktiboen berriztatzea helburu, ikastetxeetan ikasgela digital berriak jartzeko asmoa du sailak. Ikasgela berri horiek monitore interaktiboa, mahai gaineko ordenagailua, web kamera, hari gabeko mikrofono pertsonala eta gelarako mikrofonoa izango lituzkete. Kamerak ikasgeletako sabaian ezarri nahi dituzte, eta, funtzionatu ahal izateko, mahai gaineko ordenagailura konektatu beharko lirateke.

Gailu interaktibo berri horien instalazioa aitzakitzat hartuta, Hezkuntza Saila ikastetxeetako zuzendaritzei xantaia egiten dabilela salatu nahi du LABek. Hainbat ikastetxetako zuzendaritza taldeei adierazi die kamerei uko eginez gero ez dutela gela digitaleko gainontzeko ekipamendurik jasoko.

Hezkuntza Sailak alde bakarrez hartutako erabaki berri honek, beste behin ere, noraeza eta urduritasuna eragin ditu. Hezkuntza komunitatea osatzen duten langile, familia eta ikasleak aurrez informatu gabe eta euren onarpenik gabe instalatu nahi izan dituzte kamerak. Ikastetxeetan kamerak jartzeko saiakera egin badute ere, langileei ez zaie inolako irizpide edo informaziorik eman horien erabileraren inguruan, ezta duten helburuaren inguruan ere.

LABen iritziz, helburu pedagogikorik gabeko tresnak izateaz gain, langileen kontrolerako dira aipatutako kamerak, hezkuntza komunitatearen baimenik gabe eta iritziak kontuan hartu gabe ezarri nahi dituztenak. Era berean, ikasleen babesa eta intimitatea arriskuan jartzen dituzte, eta beraien pribatutasunaren aurka jo.

Teknologiek ikasleengan pedagogikoki duten eraginaz hausnartzeko beharra mahaigaineratu nahi du LABek. Hezkuntza Saila teknologia digitalak neurrigabe bultzatzen ari da, irakasleak ikastetxeetan digitalizazioari neurria hartu nahian dabiltzan bitartean; teknologia pedagogiara moldatu beharrean, pedagogia teknologiara moldatzera behartuz.


Hainbat ikastetxetako klaustroek uko egin diote kamera horiek jartzeari, eskola kontseiluan edo klaustroan hala erabakita. LABek jarrera horiek babesten ditu, eta gainontzeko ikastetxeak berdina egitera animatu nahi ditu. Dagoeneko instalatuta dauden tokietan kamera horiek ez konektatzera eta ez erabiltzera deitzen du.

Lehentasunezkoak, baliabideak

LABek uste du aproposagoa dela inbertsioa hezkuntza kalitatea hobetuko duten bestelako baliabide pertsonaletan eta azpiegituretan egitea, eta ez kameretan. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuan egun azpifinantziatua dagoen hezkuntza publikoaren gutxieneko inbertsioak Barne Produktu Gordinaren %6koa izan beharko lukeela eskatzen du, Europako batezbestekoaren parekoa.

Era berean, pasa den ikasturtean hezkuntzaren kalitatea hobetuko duten hitzarmenak sinatu baziren ere, mobilizazio zein grebetan langileek erakutsitako konpromiso eta indarrari esker, gaur-gaurkoz zenbait baliabide zein ordu murrizketa aplikatzeke daude. Hala ere, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak hezkuntzaren kalitateaz hitz egiten jarraitzen du.

Beraz, Hezkuntza Sailari eta Jaurlaritzari orain arteko jarrerak baztertzeko exijitzeaz gain, LABek biei eskatzen die ikastetxeei informazio zehatza helarazteko eta hezkuntza komunitatea aintzat hartzeko. Hezkuntza Sailaren aldebakarreko erabakien aurrean, LABek lanean jarraituko du gai bakoitza dagokion mahaian negoziatu dadin.