2025-12-30
Blog Page 143

Bizkaiko Foru Aldundiko azpikontratatutako garbiketa zerbitzuan aurreakordioa #LortuDugu

Sei greba egun eta bi hilabeteko mobilizazioen ondoren, LAB, UGT eta ESK sindikatuok soldata igoeren aurreakordioa lortu dugu Optima enpresarekin, Bizkaiko Foru Aldundiko garbiketa zerbitzuaren esleipendunarekin.

Lortu ditugun soldata-igoerak historikoak dira, eta langile askoren kasuan, indarraldiaren amaieran ia edo erabat parekatuta egongo dira. 6 urtetan, soldata-igoera gutxienez %24,23koa izango da (funtzionarioen igoera zein izango den jakin gabe). Igoera horri soldata erreferentziatzat duten beste plus batzuena gehitzen badiogu, igoera %50etik gorakoa ere izan daiteke. Horrek garrantzi handia du sektore feminizatu eta partzializatu honetan.

Negoziazio honen helburua Aldundiko langileen soldatakin parekatzera hurbiltzea zen: lan berdina, soldata berdina. Gure asmoa, hurrengo negoziazioan bide honi jarraitu eta erabateko parekatzea lortzea da. Igoera horiekin, Foru Aldundian azpikontratatutako garbitzaileen soldatak Udalhitzen soldaten gainetik geratuko gara, udaletako langileei dagozkienak.

Langileen asanbladaren ia %100ak babestu du soldata aurre-akordio hau, eta beraz, LAB, UGT eta ESK sindikatuok, langilegiaren borondateari jarraiki, sinatu egin dugu.

Edonola ere, negoziazio gogorra izan da hau. Enpresak proposamen tamalgarriak egin ditu grebetara jo dugun arte, igoera bakoitza borrokatu behar izan dugu.

Bereziki, Bizkaiko Foru Aldundiaren papera salatu nahi dugu: bera da enpresaren bezeroa eta dirua zein baldintzak jartzen dituena. Beraz, negoziazio mahaian Optima esertzen bada ere, denok dakigu Aldundiak duela azken hitza. Ordezkaritza dugun sindikatuok behin eta berriro saiatu gara instituzioko arduradunekin biltzen, egoera azaltzen, adostasunetara iristen. Ez dugu erantzunik jaso, gurekin bilduko ez zirela esateko ere ez.

Garbitzaileen lan baldintzaren negoziazioan ez inplikatzea nahikoa ez, eta greba egunen aurretik bereziki garbiak izan eta usainik gabeko janaria ekartzeko eskatu die Aldundiak bertako langile publikoei. Lotsagarria izateaz gain, greba eskubidea urratzen duela uste dugu, eta bide hori arakatzen jarraituko dugu.

Garbitzaileak martxoaren 8aren testuinguruan greban zeudela, Foru Aldundiak bertako emakumeei omenaldiak egiten aritu da, baina bere praktikak erakutsi du benetan zer opa dien emakume langileei: partzialitatea, soldata baxuak eta azpikontratazioa.

Lan berdinari soldata berdina dagokiolako hasi dugu azpikontratatutako langileen soldaten parekatzearen aldeko bidea, baina argi dugu helburua zerbitzu guzti hauen publifikazioa izan behar dela. Feminizatutako lanak azpikontratatuta, emakumeen pobretzean sakontzen du Foru Aldundiak. Gainera, zerbitzua garestitzen du, enpresak aberasteko gainkostu bat ordainduta, diru publikoaren kontura.

LABek, hainbeste aldiz eskutik lotuta doazen sektore feminizatutako eta azpikontratatutako zerbitzuetako lan baldintzak duintzeko borrokan jarraituko dugu.

Beste garraiolari bat hil da, eta honezkero 18 dira laneko heriotzak urte hasieratik

Martxoaren 14an istripu larri bati izan zen Arrasaten. Fagor Ederlan enpresarentzako materiala garraiatzen ari zen 25 urteko Orixol Garraioak (TKV taldea) enpresako langileari zama gainera erori zitzaion. Gaur jakin dugunez, langilea hil egin da istripuak eragindako zauri larrien ondorioz. LAB sindikatuak, heriotza berri honen aurrean langilearen senide, lankide eta gertukoei elkartasuna adierazi nahi die. 2024an dagoeneko 18 langile hil dira lan istripuetan eta istripu arin eta larri kopuruen gorakada gogor bat pairatzen ari gara.

Garraioa da istripu larri eta hilgarrien intzidentzia oso altua pairatzen ari den sektoreetako bat. Sektore honetako langileek, trafikoko istripu traumatikoez gain arazo kardiobaskularrak modu nabarmenagoan pairatzen dituzte, laneko faktoreek eragin altua dutelarik. Gainera, bada garraiolariek pairatzen duten beste arrisku erantsi bat, karga eta deskarga prozeduretan gertatzen diren istripuak hain zuzen. Nahiz eta karga eta deskarga ez dagokien garraiolariei, enpresa askotan ez da segurtasun arau hau errespetatzen eta bitartekorik ez duen garraiolariari uzten zaio materiala manipulatzen.

Honela LABetik azpimarratu nahi dugu kontratek karga eta deskarga prozedurak garatu eta abian ipini behar dituztela, lan hauek egingo dituzten langileen arriskuak aurreikusi eta beharrezkoak diren neurri guztiak ezarriz.

Datozen orduotan LAB, ESK, STEILAS, Hiru eta EHNE-Etxalde osatzen dugun intersindikaletik mobilizazioak deituko ditugu heriotza berri hau salatzeko.

Sedenako langileek auzitara eraman dute enpresa eta mobilizatu dira Esku-Hartze Sozialeko hitzarmena aplika diezaieten, horixe baita beren lanagatik dagokiena

Atzo, Iruñean, Sedenaren aurkako epaiketa bat egin zuten, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek hainbat zerbitzuri dagokien hitzarmena behar bezala ez aplikatzeagatik enpresaren aurka jarritako demandagatik. Eta hori aprobetxatuz, hainbat langilek elkarretaratzea egin zuten Justizia Jauregiaren aitzinean enpresaren jarrera salatzeko eta Nafarroako Esku-hartze Sozialeko hitzarmena eskatzeko, lan-baldintzak nabarmen hobetuko lizkiekeena.

Duela zenbait hilabete, Sedenako langileen legezko ordezkariek (CCOO, ELA eta LAB) gatazka kolektibo bat jarri zuten enpresaren aurka, kudeatzen dituen zenbait zerbitzutan Esku-hartze Sozialeko hitzarmena aplikatzea eskatzeko eta ez Aisialdikoa. Izan ere, bere langileen eginkizunak eta zerbitzuen ezaugarri zein helburuak Esku-hartze Sozialekoak dira.

Azkenean, atzo egin zen epaiketa, eta ordezkari sindikalek eta zenbait langilek Justizia Jauregiaren aurrean kontzentratu ziren, Sedenaren jarduteko modua publikoki salatzeko. Sedenak ez baitu bertze erremediorik utzi eta hitzarmen egokia ezartzeari eginiko ukoa judizialki salatu behar izan da. Enpresak Esku-hartze Sozialeko ekintzak eta lanak ezkutatzen ditu Aisialdiko euritakoaren azpian, ez du bere profesionalen lana behar bezala aintzatesten, eta dagozkienak baino lan baldintza txikiagoak aplikatzen dizkie.

Epaitegiaren epaia sindikatuen eskarien aldekoa balitz, 25 langile inguruk nabarmen hobetuko lituzkete egungo lan-baldintzak: Nafarroako KPIaren igoerari lotutako soldata izanen lukete, lanaldi-murrizketa eta %100ean estalitako bajak, bertzeak bertze.

Hauexek dira gatazka kolektibo honetan inplikaturiko zerbitzuak: Convive zentroak; Atarrabiako, Barañaingo eta Zizurko jubilotekak; Noaingo ludoteka eta gaztetxea; eta Orkoiengo Nerabezaroan eta Gazterian Esku Hartzeko Udal Programa.

4 greba egun deitu ditugu Bizkaiko grafikagintzan

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok greba egunak deitu ditugu apirilaren 29rako eta 30erako, eta maiatzaren 22rako eta 23rako, patronalak negoziazioak blokeatu dituelako eta sektorerako hitzarmen duin bat adosteko helburuarekin.

Bizkaiko grafikagintzako azken hitzarmena 2011koa da. 2013an, sektoreko patronala sektoreko Bizkaiko langileen lan-baldintzak Estatuko sektoreko hitzarmenaren bidez erregulatzen saiatu zen. CEBEK patronalak porrot egin zuen bere saiakeran, epai batek Bizkaiko azken hitzarmena ultraaktiboa zela onartu baitzuen.

Azken 10 urte hauetan, patronalak, besterik gabe, ez du ezer jakin nahi izan sektoreko hitzarmen berri bat negoziatzeko orduan. 2023ko ekainean, Negoziazio Mahaia eratu zen berriro. Hala ere, egin diren Negoziazio Mahaiaren 12 bileretan, CEBEKek ez du negoziatzeko borondaterik erakutsi. Planteamendu atzerakoiak egin dituzte hainbat gaitan; eta ez dute ezer jakin nahi azken urteetan galdutako erosteko ahalmenaren berreskurapenaz. Gainera, beste aldarrikapen sindikal batzuk ere atzera bota dira.

Negoziazio Mahaiak 2023an eta 2024an 12 bilera egin ostean, bertan ordezkaritza dugun LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok 4 greba egun deitu ditugu Bizkaiko grafikagintzako sektore osorako, hitzarmen duina adosteko helburuarekin. Greba egunak apirilaren 29an eta 30ean eta maiatzaren 22an eta 23an izango dira.

Apirilean zehar mobilizazioak egitea adostu dugu 4 sindikatuok, gatazka sozializatzeko eta grebaren lehen egunak berotzeko. Horrela, apirilaren 16an mobilizazioa egingo dugu patronalaren egoitzaren aurrean eta 22an, sektoreko enpresa erreferentzial baten aurrean.

Euskal Herriaren nazio askapenerako eta eraldaketa sozialerako bidea zabaltzen jarraitzeko konpromisoa adierazi du LABek bere 50. urteurrenean

Mende erdiko historian lehen aldiz, 50.000 afiliatuko langa gainditu du LABek; osasuntsu eta indar betean da sindikatua

LABek bere 50. urteurreneko ekitaldia egin du Bilboko Euskalduna Jauregian, sindikatuko 400 kide eta hainbat gonbidaturen aurrean. Ekitaldian bost hamarkadetako ibilbidea izan dute hizpide, eta sindikatuko kidegoari aitortza egin diote, LABek 50.000 afiliatuen langa gainditu duela jakinaraziz. Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo koordinatzaile orokorrek elkarrekin egin dute ekitaldiko hitzartze nagusia.

Bertan, atzera begira jarri dira, egindako bideari erreparatuz eta baita aurrera begira ere, sindikatuaren erronka eta aukeretan arreta jarriz, “harrokeriarik gabeko harrotasuna” erakutsiz.

Horrela, sindikatuaren sorrera gogoratu dute: “duela 50 urte, langile abertzale talde batek jarri zuen gaur LAB denaren hazia”. Zuhaitz baten hazkundearekin konparatu dute sindikatuaren bilakaera. “Jarritako hazia ernaldu egin zen eta hazi horrek sustraiak bota zituen. Sustraiei sendo eutsita, adarrak zabaltzen ari gara orain, gure egitasmoa aberasten, zabaltzen ari gara”, adierazi dute.

“Nazio kontzientziaren hazia” ere aipatu dute, sindikatua frankismoan sortu zela gogoratuz. “Ezker Abertzaleak euskal nazio askapenerako egitasmoa birsortu zuen. Herri honen askatasunaren alde, diktadurari aurre egin eta bere onena eman zuen eta ematen ari da”, gaineratu dute.

“Klase kontzientziaren hazia” izango litzateke LABen sorreran eragin zuen bigarren elementua. Horrela, historian zehar eta lurralde desberdinetan esplotazio kapitalistari aurre egiten ari den Internazionalaren parte moduan kokatu dute LAB. “Esplotaziorik gabeko jendartea sortzea da gure anbizioa, bai Euskal Herrian baita mundu osoan ere”, zehaztu dute.

LABek “feminismoaren hazia” ere baduela gaineratu dute. Horrela, adierazi dute sindikatuak emakumeenganako* zanpaketa, diskriminazio eta bortizkeria oro ezabatu nahi duela, lan munduan zein jendartean. “Kapitala baino, bizitza nahi dugu erdigunean” aipatu dute, denontzako bizitza bizigarria aldarrikatuz.

50 urtean, LAB 50.000 afiliatu izatera iritsi dela adierazi dute, honetarako “formula sekretua militantzia” izan dela nabarmendu eta kidego osoaren ekarpena eskertuz.

Bere ibilbidean zehar LABek defendatutako ideietako asko euskal sindikalismoan nagusi bilakatu direla ere gogoratu dute, hala nola izaera soziopolitikoa, kontraboterea, independentismoa, sindikalismo feminista edota sindikalismo antirrazista. Izan ere, adierazi dute LABek ekarpen garrantzitsua egin duela sindikalismo eraldatzailea birpentsatu eta zabaltzeko, eta aurrerantzean ere horretan aritzeko asmoa agertu dute, “euskal langileen eta Euskal Herriaren mesedetan ortzimuga berriak irekitzeko laguntzeko”.

Sindikatua tresna moduan, eta ez helburu moduan ikusten dutela azaldu dute LABeko ordezkariek. Horrela, “Euskal Herriaren nazio askapena eta eraldaketa soziala sustatzea” jo dute helburutzat eta 50 urteotan egindako bidea oparoa izan dela adierazi dute. Alde batetik, “herri hau desagerrarazteko estrategia desberdinak indargabetu ditugulako”. Eta bestetik, “Euskal Herria antolakuntza eta borroka sindikalerako esparru autonomo gisa eratu delako eta eratzen ari delako, bi estatuetako sindikalismoaren koordenada erabat desberdinetan”. Honekin lotuta, duela 30 urte herri honen historian mugarri garrantzitsu izan ziren Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren aldeko adierazpena eta manifestazioa gogoratu dituzte. Era berean, aipatu dute agenda propioarekin aritu dela sindikatua. “Euskal Herria helburu eta abiapuntu. Langileen lan eta bizi baldintzen aldeko borrokatik abiatuta, aldaketa sozial eta politikoak sustatuz”, nabarmendu dute.

Palestinako egoera ere hizpide izan dute, Estatu Batuek babestu eta Israelek gauzatutako genozidioa irmoki gaitsetsiz. Euren herria askatu arte ondoan izango dituztela adierazi diete Palestinako langileei.

Azpimarratu dute nazioarteko krisi ekologiko eta ekonomikoari aurre egiteko Euskal Herriak estatu tresnak behar dituela; euskalduntze prozesuari, trantsizio energetikoari edota osasun eta zaintza sistemei dagokienez politika burujabeak. Era berean, arlo soziolaboralean, LABek lan kode eta gizarte segurantza propioa aldarrikatzen dituela zehaztu dute, euskal langileen lan eta bizi baldintzak bertan erabaki ahal izateko.

Honetaz gain, azpimarratu dute Euskal Herriaren prozesu eratzailea eraldaketa sozialerako aukera eta bidea dela. Une honetan, bi estatuetan lurralde antolaketaren eta nazio aitortzaren auzia eztabaidagai dagoela gogoratuz, Euskal Herriko hiru lurraldeetan estatus juridiko-politiko berriak sustatzeko ordua dela adierazi dute, LAB honetan eragile aktibo izango dela nabarmenduz. Gaineratu dute sindikatuak erabakitzeko ahalmen osoa eskuratzea eskatuko diela estatus berriei lan eta bizi baldintzei dagokienez, hau da, euskal esparru soziokonomikoa eta lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa eratzea.

Europan eskuin muturra indartzen ari dela ere onartu dute, baina nabarmendu dute estaturik gabeko hainbat naziotan, Irlandatik hasi eta Euskal Herriraino, ezker subiranismoa ari dela indartzen alternatiba gisa.

Bestalde, azpimarratu dute Euskal Herrian badagoela bestelako politika publikoak eskatzen dituen esparru sozial, sindikal eta politikoa, eta gehiengo zabalak bat egiten duela eraldaketa sozialaren aldeko aldarriekin eta herri honen erabakitzeko eskubidearekin. Honekin lotuta, orain arteko errezeta neoliberalak eta patronalaren neurrira egindako kudeaketa instituzionala auzitan daudela ere adierazi dute. “Langile jendeak agortua dagoen ziklo politikoari agur esan eta alternatibak nahi ditu”, gaineratu dute.

Eta alternatiba posiblea dela zehaztu dute: “Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan bezala, Euskal Autonomia Erkidegoan ere aldaketarako aukera parez pare irekia dago”. Honetan sakonduz, gaineratu dute ezkerreko independentismoa dela eredu aldaketa sustatzen ari den erreferentzia, lantokietan, kalean nahiz instituzioetan.

Eremu bakoitzaren autonomia aintzat hartuta burujabetzaren eta eraldaketa sozialaren norabidean bultza egiteko unea dela adierazi dute: “aldaketarako agenda partekatua bultzatzeko unea, herri langilearen alde, kapitalari eremu guztiak, lantokiak, kaleak eta baita instituzioak ere lehiatzeko unea”.

Kapitalaren boterea lehiatzearen beharra ere aipatu dute, LABek bere sorreratik berezko izan duen kontrabotere sindikalismoaren erreferentziari eutsiz. Hala ere, erresistentziatik harago joan beharra azpimarratu dute: “Kontraboterea egiten dugu, herri boterea eratzen laguntzeko, nazio askapenean eta eraldaketa sozialean aurrera egiteko”.

Amaitzeko, sindikatuaren konpromisoa nabarmendu dute Aranburu eta Arroyok: “langileon antolakuntza eta borrokaz, Euskal Herriaren nazio askapenerako eta eraldaketa sozialerako bidea zabaltzen jarraitzea”, horretarako, sindikatuarekin kidegoa bidelagun izango dutela azpimarratuz.

LABen historiaren inguruko dokumentala
Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo koordinatzaile orokorren hitzartzeaz gain, beste interbentzio batzuk ere egon dira ekitaldian, Rafa Diez eta Ainhoa Etxaide idazkari nagusi ohienak, besteak beste. Ekitaldiaren amaieran, LABen historiari buruzko dokumentala proiektatu da.

Epaitegiek arrazoia eman diote berriro LABi, eta Oñatiko Autlan EMD enpresa zigortu dute langile bati 104.435,98 euroko kalteordaina ematera, lan osasunaren araudia urratzeagatik #LortuDugu

Eibarko lan-arloko epaitegiak arrazoia eman dio berriro LABi, eta Oñatiko Autlan EMD (lehen CEGASA) enpresa zigortu du langile ohi bati 104.435,98 euroko kalte-ordaina gehi interesak ordaintzera, enpresak lan-arriskuen prebentzio araudia urratzean sortu zizkion kalte-galerengatik.

Epaiak langileak lanean jasandako kaltea zein enpresaburuaren errua edo zabarkeria egiaztatzen ditu, “istripua eragin duen arriskua saihesteko behar den arreta guztia erabili izana egiaztatu ez duelako”.

Enpresan produktu kimiko arriskutsuekin lan egiten dute, eta, zehazki, epaiak egiaztatzen du beren lanpostuan eta enpresako gainerako lanpostuetan aise gainditzen zirela ingurumen-mugako balioak, eta oso egoera larria sortzen zela, langileei patologia larriak eragin diezazkiekeena.

Egoera horren aurrean, epaiak argi uzten du enpresak ez zuela neurri eraginkor kolektiborik hartu; aitzitik, langileei banakako Norbere Babeserako Ekipamenduak ematera mugatu zen, nahikoa ez zirenak arriskua saihesteko edo minimizatzeko.

Era berean, epaiaren arabera, enpresak ez zuen proba mediko espezifikorik egin, behar bestekoak eta langileen arriskuari egokitutakoak.

Eragindako lesioen ondorioz, langileak ezintasun iraunkor osoa du lanbide-gaixotasunagatik. Gogoan izan behar da epaitegi honek berak zigortu zuela enpresa langile horren prestazioan % 40ko errekargua ordaintzera, segurtasun eta osasun neurriak ez betetzeagatik. Eta otsailean berriro arrazoia eman ziola LABi, eta enpresako beste langile bati ezintasun iraunkor osoa aitortu ziola.

LAB pozik dago epaiarekin, baina nahiago luke halakorik inoiz gertatu ez balitz, enpresak diru hori prebentzioa egiteko erabili izan balu eta langilea gaur egun osasuntsu egongo balitz. LABentzat, helburua beti izango da langileen osasuna, eta, horretarako, enpresek prebentzioan inbertitu behar dute. Osasuna galtzeak ez du atzera bueltarik.

Tamalez, epai hauek agerian uzten dute patronalak sistematikoki ez duela betetzen lan-osasuneko araudia. Patronalak ez du prebentzioaren kulturarik, eta etekin ekonomikoak langileen osasunaren aurretik jartzen dira. Gobernuen konplizitatea ikusita, LABek tinko lan egiten jarraituko du patronalari merkeago atera ez dakion lan osasunaren araudia ez betetzea betetzea baino. Langileak lantokietan antolatzen eta aktibatzen jarraituko dugu, lan osasuna helburu izan ez dadin, errealitatea baizik.

Imegar enpresako jazarpen sindikala salatzen dugu, delegatu bat kaleratua izan baita lan sindikala egiteagatik  

Pasa den apirilaren 2an, Laudioko Imegar enpresako LABeko delegatu bat diziplinaz kaleratua izan zen. Langile batzar batean Imegar eta zuzendariaren arteko akordio ekonomikoen inguruko informazioa eman izana leporatzen diote.

Gure ordezkariak langileen batzarraren aurrean salatu zuen etekinak modu bidegabean banatzen ari zirela enpresako zuzendaritzako kideen artean. Horregatik, Imegarreko zuzendaritzaren jazarpena eta xantaia jasan zituen. Xantaia onartu ez zuenez, diziplina espediente bat ireki zioten, bere kaleratzearekin amaitu dena.

LABek erabat gaitzesten du justifikatu gabeko kaleratze hau, non informazio sindikala emateko eskubidea zigortzen ari den. Kaleratzeak agerian uzten du errepresalia argia dela, langileek enpresaren emaitza onen eta irabazien banaketa desorekatuaren berri izan dutelako.

Egoera honen aurrean, elkartasun eta borrokarako deia egin nahi dugu, fabrikan bertan zein eskualdean. Ezin dugu onartu arrazoi sindikalengatik edozein langile edo ordezkari kaleratzea.

Kaleratutako ordezkaria berehala berronartzeko exijitzen diogu enpresari.

Bakearen Artisauen absoluzioa aldarrikatzeko kontzentrazioak egin ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Hego Euskal Herriaren kasuan, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek eta jendarte zibileko hainbat ordezkarik (Foro Sozialeko kide izanak: Antxeta Irratia, Bilgune Feminista, Etxerat, Egiari Zor, Gernika Batzordea, Herri Eliza, Hitz&Hitz, Bakea eta Duintasuna eta Sare) lau mobilizazio egin ditugu: Gasteiz, Iruñea, Bilbo eta Donostiako udaletxeen aurrean. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Baiona, Donibane Garazi eta Mauleko udaletxeen aurrean egingo dira mobilizazioak, arratsaldeko 19:00etan.

Manifestu bat irakurri da mobilizazioetan, gogoratzen duena atzo eta gaur, Béatrice Molle-Haran eta Txetx Etxeberri Parisko auzitegi korrekzionalean agertzen ari direla. 2016ko abenduaren 16an, Luhuson, biak saiatu ziren ETAren armategitik zetozen armak eta lehergailuak neutralizatzen. Ekintza hori euskal gizartearen gehiengoak eta joera politiko ia guztien ordezkariek babestu eta txalotu zuten.

Pertsona horiek, indarkeriarik gabeko konpromisoagatik aintzatetsitako aktibistak, hildako beste batzuekin batera, ETAren armagabetze seguru eta ordenatua ahalbidetzeko Paris eta Madrilen ekimenik eza konpentsatzera etorri ziren; ETAk bost urte lehenago borroka armatuari amaiera ematea erabaki baitzuen. Bi estatuek, aldiz, errepresioarekin, presoen sakabanaketarekin eta salbuespen-politikekin jarraitu zuten.

Luhusoko ekintzaren helburua agintarien bost urteko inmobilismo arriskutsuari amaiera ematea izan zen. Luhusoren ondoren, beste Bakearen Artisau batzuk ekimen berri bat burutu zuten, eta 2017ko apirilaren 8an, hogei mila pertsona bildu ziren Baionan ehunka pertsonek egindako armategiaren neutralizazioa babesteko.

Ondoren, Frantziako Gobernuaren eta Bakearen Artisauen artean euskal presoen gaiari buruzko lan gune ofizial bat sortu zen lehen aldiz, eta horrek espetxeratze baldintzetan aurrerapausoak ematea ahalbidetu zuen. 2018ko maiatzaren 3an, ETAk bere disoluzioa iragarri zuen ofizialki.

Oraindik lan handia dago egiteko bake osoa eta iraunkorra lortzeko, mendeku gogorik gabekoa alegia. Horrek ekarriko du biktimak behar bezala aitortzea, memoria- eta egia-betebeharra betetzea eta oraindik kartzelan edo erbestean dauden pertsonen egoerari heltzea. Azken gai horri dagokionez, euskal presoei oraindik ere aplikatzen zaien salbuespenezko espetxe-politika gainditu behar dela aldarrikatzen dugu eta eskubideen errespetuaren baitan kokaturiko etxeratze prozesu bat eraiki behar dela diogu.

Hala ere, uste dugu Luhusok bost urteko immobilismoaren amaiera markatu zuela eta Euskal Herrian aukera berriak zabaldu zituela. Horregatik, Beatrice Molle-Haran eta Txetx Etxeberri absolbitzea eskatzen dugu. Absoluzio hori Euskal Herriko gatazka armatuaren ondorioei heltzeko determinazioa eta gure historian kapitulu berri bat irekitzeko borondatearen zantzu argia izango litzateke.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak LABek Amazonen aurka lortutako garaipen judiziala babestu du #LortuDugu

Amazonek bere nominen egituran borondatezko hobekuntza bat sartzeko ohitura du, nahierara ematen eta kentzen duena. Merkataritza elektronikoaren multinazionalaren zuzendaritzak bere kontura erabaki zuen kontzeptu hau konpentsatu eta xurgatu ahal izatea erabaki zuen, langileen soldata izozteko, baina LABek jarritako demandari esker, borondatezko hobekuntza hori ezin izango da konpentsatu ez xurgatu.

LABek beste garaipen bat lortu du Amazonen aurka EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Izan ere, 2022. urtearen hasieratik alde bakarrez kendu zieten borondatezko hobekuntzaren hilabetero 50 € baino gehiago itzuli beharko dizkie salaketa jarri zutenei. Amazonek 1.000 € baino gehiago zor dizkio eskaria egin zuen langile bakoitzari, atzerapen moduan.

Epaiak enpresa behartzen du “oinarrizko soldataren gaineko igoera borondatezko hobekuntzarekin konpentsatzen jarraitzera. Azken osagarri horrek ez du jatorri zehatzik, eta, beraz, langileak jasotzen duen ordainsaria handitzeko enpresak duen interesari soilik egin diezaioke erreferentzia. Hau da, hobekuntza horrek zenbateko gehigarri bat ordainduko luke bere jardueraren garapenagatik, hitzarmen juridikoan ezarritako aurreikuspenak gaindituz”.

Amazonen izandako borroka fruituak ematen hasi dira, eta orain, inoiz baino gehiago, borrokak merezi duela esan dezakegu. Garaipen horiek lortzeko, LAB sindikatuak, Amazoneko langileekin batera, borroka modu desberdinak erabili ditu; epaitegietan, lan ikuskaritzan, enpresaren aurrean… baina aipamen berezi bat merezi du Amazoneko langileek 11 greba egunekin egindako borrokak, langileen lan baldintzak duintzea defendatu duenak.