2025-12-27
Blog Page 127

Kapitalaren pribilegioekin amaitzeko eskatu dugu Gipuzkoako Batzar Nagusietan

Zerga erreformaren inguruko eztabaidari ekin diote Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta LABetik eredu fiskalaren sakoneko eraldaketaren alde agertu gara, Sozietateen gaineko zerga eta, oro har, kapital errenten gaineko presioa areagotzeko proposamenak eginez.

Erronkaz beteriko testuinguruan bizi gara. Krisi anitzak elkargurutzatuta ageri zaizkigu; bizitzak sostengatzeko zaintza lanak, emakumeen bizkar, prekarizatuta eta aitortzarik gabe; larrialdi ekologikoak eragindako aldaketa klimatikoaren eraginak eta gauzatu beharreko trantsizio energetikoa. Arrakala sozialak areagotzen ari dira, pobrezia prozesuak hedatzen eta babes publikorako sareak eraisten.

Gauzak horrela, hala Gipuzkoan nola Hego Eukal Herri osoan, sakoneko erreforma fiskala galdegin dugu. “Hemen dagoen erroko arazoa da lan errentok zerga gehiegi ordaintzen ari garen bitartean, aberatsen ekarpena oso murritza dela. Kapitalaren pribilegioekin amaitu beharra dago“, adierazi du Gorka Vidalek, LABeko politika ekonomikoaren arloko ordezkariak. Proposamen sorta mahai gaineratu du segidan, heburu horretara bidean.

Besteren artean, PFEZaren dualitatea ezabatzeko beharra azpimarratu du Vidalek, eta kapital errentei lan errentei ezartzen zaizkien tarte berdinak jartzekoa. Ildo beretik, sozietateen gaineko zerga modu ausartean eraldatzeko garaia dela adierazi du, besteak beste, enpresariak kenkariak eta hobariak baliatzen ari direlako mozkinen zati bat zuzenean poltsikora eramateko. Deslokalizazio prozesuak mugatzeko aukera dago modu horretan.

LABen ustez, Hego Euskal Herrian zerga sistema eraberritzeko fasean sartuta gauden honetan, harmonizazioa erraztea eta langileok ditugun beharrak lehen mailara ekartzea dagokie instituzioei. “Gaur egungo egoera mantentzea, onartezina izateaz gain, ekonomikoki justifikaezina eta sozialki jasanezina“ dela esan du LABeko kideak.

Hala, zerga sistema berrizteko erabateko subiranotasun fiskalean aurrera egitea behar-beharrezkoa da, zerga politika kudeatzeko eskuduntza eskaera eginez. Lurraldean sortzen den aberastasuna modu justuan banatu, langileon interesak lehenetsi, sare eta sistema publikoa indartu eta politika neoliberalen aroari amaiera emateko erabaki ausartak behingoz hartzeko eskaria egin diegu LAB sindikatutik Batzar nagusietako ponentzia batzordeko ordezkariei, sindikatuak plazarautako proposamenak egingarriak eta beharrezkoak direla azpimarratuz: “Borondate politiko kontua da“. Modu horretan amaitu du bere hitzartzea Vidalek.

Lan istripuan zendutako azken langilearen kasua salatu eta lan osasunaren mesedetan prekaritatearekin amaitu behar dela aldarrikatu dugu

Barakaldoko Leroy Merlinen aurrean egin dugu mobilizazioa intersindikalarekin batera; izan ere, bi aldiz azpikontratatuta zegoen behargina enpresa horrentzako iturgintza lanetan ari zen istripua gertatu zenean.

LAB-ESK-STEILAS-Hiru-EHNE/Etxalde intersindikaletik deituta, elkarretaratzea egin dugu gaur eguerdian, Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte lelopean. Gogorarazi dugu dagoeneko 27 behargin hil direla aurten Euskal Herrian beren lanpostuetan, eta azpimarratu dugu prebentzio neurriekin eta legea betez, halako gertakari gehien-gehienak saihestu egin daitezkeela.

Horretarako, baina, beste behin ere azpimarratu behar dugu patronalak bere erantzukizuna alboratzeari utzi behar diola eta instituzioek berehalako neurri eraginkorrak hartu behar dituztela lan osasuna bermatzeko neurriak zorrotz betetzen direla egiaztatzeko. 29 urteko azken langile honen kasuan, gainera, azpikontratazio kateek berekin dakarten prekaritatea eta lan-baldintza eskasak salatu ditugu.

Langabeziak behera egin du, prekaritatean oinarrituriko eredu sozioekonomikoa finkatzen ari den bitartean

Hego Euskal Herrian 136.201 herritar daude langabezian, pasa den hilabetean baino 3.593 langabetu gutxiago eta aurreko urtean baino 1.086 gutxiago. Dena den, sorturiko enpleguak kalitaterik gabekoak dira, eta joera hori finkatzen ari da gurean azkenaldian.

Aste santu goiztiarra izan genuen eta ondorioak maiatzeko langabezia datuetan islatzen ari dira. Langabeziak behera egin arren, egoera zaurgarrian daude kolektiboen artean goranzko joera hartu baitu.

Zentzu horretan, gazte belaunaldiek urtaroko langabeziaren ondorioak pairatzen dituzte, kontratazio ezegonkor zein lan baldintza prekarioekin, enplegua galtzen duten lehenak izan ohi baitira. Langabezia datuak horren erakusle dira. Izan ere, pasa den urtetik 25 urtetik beherako herritarren artean langabeziak %5,93 egin du gora, bereziki gizonen artean.

Aurreko enplegurik gabekoen artean ere langabeziak gora egin du, urte bat edo gehiago enplegurik gabe daramaten 717 langile gehiago baitaude joan den urtean baino, erregistraturiko langabeziaren %13 direlarik.

Migratuen artean ere langabeziak gora egin du, pasa den urtearekin alderatuta 1.600 langabetu gehiago direlarik. Azken hilabeteko datuak aztertzen baditugu, ordea, migratuen artean zerbitzuen sektorean egin du nagusiki behera langabeziak, industria sektorean eta aurreko enplegurik gabekoen artean langabetu kopuruak gora egin duen bitartean.

Langabeziak behera egin arren, enplegu prekarioa egiturazkoa da, lan baldintzei erreparatuz eta zerbitzuetan oinarrituriko ekonomia finkatu dela kontutan hartzen badugu.

Udako turismo-kanpainaren hastapenak ere nabaritzen hasiak dira gurean, sektore guztietan langabeziak behera egin arren, zerbitzuen sektorean proportzio handiagoan gertatu baita (%3,3 egin du langabeziak behera zerbitzu horretan).

Maiatzean zehar, aurreko urtean baino 1.854 kontratu gutxiago sinatu dira eta horietatik %77,19 behin-behinekoak izan dira. Behin-behineko kontratuen proportzioak gora egin du pasa den urte zein hilabetearekin alderatuz gero.

Afiliazioa maximo historikoetan dago Hego Euskal Herrian, 1.060.448 pertsona baitaude izena emanda erregimen orokorrean. Azpimarratzekoa dena da zerbitzuen sektoreak afiliazioan izaniko gorakada, erregistraturiko afiliazioaren %73,37 sektore horretan kokatua baitago, industrian %21,78 dagoen bitartean. Azken urtean sortutako afiliazioaren %88,72 zerbitzuen sektorean izan da.

Gizon eta emakumeen artean lan baldintzen arrakala dago, emakumeen artean prekaritate indize handiagoa egonik. Jardunaldi partzialean dauden langileen artean %68,34 emakumea da, gehiengo nabarmena. Emakumeen artean jardunaldi partziala %25,5ekoa den bitartean, gizonen kasuan nabarmen baxuagoa da (%11,2). Era berean, azken hilabetean sinatu diren aldizkako kontratu finkoetatik %64,45 emakumeek sinatu dituzte.

Azken hilabeteetan behin eta berriro errepikatzen ari garen egoeraren ondorioek kezka areagotu beharko luke, kalitaterik gabeko enplegua sortzen duen eredu ekonomikoa finkatu baita gurean.

Zentzu honetan, politika publikoen bidez egoera zuzendu eta herritarron lan zein bizi baldintzak hobetu beharko lirateke. Aldiz, zoritxarrez, inflazioaren kontura mozkinak areagotu dituzten energia-enpresa handiak babestu eta langile klasea babesgabe uzten dute. Politika neoliberalak gurean ere nagusi dira eta eskuin muturrak langileon desjabetzea, ekonomian sektore publikoaren esku-hartzea gero eta gehiago mugatzea, enpresa pribatuak sustatzea eta gainbeheran diren zerbitzu publikoak guztiz eraistea du helburu.

Euskal Herrian eta Euskal Herritik, olatu erreakzionarioari aurre egiteko sindikalismo eraldatzailea indartsu dago. Hori dela eta, Europako hauteskundeetan ere langile bozka aktibatzea beharrezkoa da. Egin dezagun migrazio politika arrazisten, zerbitzu publikoen eraispenaren, eskubide sozialen inboluzioaren eta gerren aurka. Egin dezagun demokrazia eta burujabetzaren, justizia sozialaren, trantsizio ekosozialaren edo feminismoaren alde.

Oso ontzat jotzen dugu Productos Kol enpresan lortutako hitzarmenari buruzko akordioa, lanaldi murrizketa eta KPI + 1,5eko soldata igoera jasotzen dituena

Productos Kol-eko langileek, Rocaforten (Nafarroa), bukatutzat eman dituzte egiten ari ziren lan uzteak. Izan ere, iragan ortziralean, LAB eta ELA sindikatuok akordioa lortu genuen enpresako zuzendaritzarekin hitzarmena berritzeko, hobekuntza garrantzitsuekin, hala nola lanaldia 24 orduz murriztea eta soldatak KPIa baino 1,5 puntu gehiago igotzea.

LABen oso ontzat jotzen dugu akordioa, izan ere, langileen borrokari esker, erosahalmena berreskuratuko zuen hitzarmen baten aldeko mobilizazioak planteatzean ezarri ziren helburu nagusiak jasotzen ditu. Hala, hitzarmenaren indarraldiko lau urteetan, soldatak KPI baino 1,5 puntu gehiago igoko dira, gaueko lanaren plusa igoko da, ordaindutako lizentziak luzatuko dira eta lanaldia 24 orduz murriztuko da. Azken hori horrela zehaztuko da: 8 ordu 2024an, 4 ordu 2025ean, 8 ordu 2026an eta bertze 4 ordu 2027an.

Akordio hau enpresako langileen borrokaren testuinguruan gertatu da, LAB eta ELA sindikatuok deituriko lanuzte batzuk babestu baitituzte. CCOOk baztertu egin zituen mobilizazio horiek, eta parte ez hartzea erabaki zuen, nahiz eta erabakia langileen gehiengoak batzarrean hartu zuen.

Lorturiko emaitzaz gain, LABen oso positibotzat daukagu langileek egin duten borroka eta txalotu egin nahi dugu helburua lortzeko borrokan erakutsi duten ausardia. Era berean, azpimarratu nahi dugu borrokaren benetako fruitua ez datzala berehalako emaitzan, baizik eta lankideen artean sortu duten elkartasunean, borroka berriei aurre egiteko balio izanen zaiena.

Punt Romak ez die langileen beharrei erantzuten

Gasteizko dendako langileak nekatuta daude eta enpresaren konpromiso falta eta erantzun ezak salatzen dituzte; izan ere, enpresa ez da negoziatzera eseri eta ez du legea betetzen.

Arabako Punt Romako hitzarmenaren iraunaldia 2019-2021ekoa da, hau da, hitzarmena eguneratzea eta negoziatzea beharrezkoa da. Maiatzean negoziazioekin hastea adostu zuten, horregatik apirilaren amaieran enpresari lehenengo bilera egiteko daten proposamena bidali zitzaion. Egun, ez dute erantzunik jaso, eta beraz, lan baldintzek berdin jarraitzen dute.

Punt Romako langileek enpresaren erantzun faltagatik euren frustrazioa eta atsekabea azaleratu dute. Enpresarekin duten elkarrizketa eta komunikazio ezagatik kezkatuta daudela adierazi dute. Arrazoi hauengatik, enpresari exijitzen diote atzerapen gehiagorik gabe egindako eskaerei eta komunikatuei erantzuteko:

Lan egutegiari dagokionez, Araban dauden Punt Romako dendentzako hitzarmenak finkatzen du otsailaren 28rako egiaztatuta eta publikatuta egon behar dela. Hala ere, maiatzaren 24an enpresari lehenago adierazi zitzaizkion akatsak zuzendu gabeko egutegiaren proposamena jaso zen.

Oporren eta zubien onarpenari buruz garaiz bidaltzea eskatzen dute. Langileek 2023ko urrian bidali zituzten eskaerak, aurrerapen nahikoarekin. Hauen onespena maiatzaren hasieran iritsi zen. Gainera, langile batek ezin izan zuen eskatutako zubia izan onarpen falta zela eta. Gauzak horrela, beste eskaera bat bidali izan da, eta gaur gaurkoz ez da erantzunik jaso.

Lan osasunaren arloan irregulartasunak daude. Urtarrilaren 10ean enpresari dendako eskaileren egoera txarra jakinarazi zitzaion. Eskailera hauek dendako eginbehar ezberdinetarako beharrezkoak dira, hala nola, erakusleihoaren aldaketa egiteko, denda barruko ornamentaziorako, biltegiko lanetarako… Eskaileren egoerak berdin jarraitzen du.

Are larriagoa da Arabako sektoreko ehunkien hitzarmenaren betetze eza. Punt Romako hitzarmenean jasotzen ez den guztian aplikatu behar da sektoriala, hala agintzen baitu hitzarmenak: “Xedapen gehigarriak. Hitzarmen honetan aurreikusten ez den guztirako, Arabako Ehungintza Merkataritzaren sektoreko Hitzarmen Kolektiboan -edo hori ordezten duen hitzarmena- xedatutakoa aplikatuko da.” Enpresari behin eta berriz jakinarazi zaio hainbat artikulu aplikatu behar direla, hala nola, 15 minutuko atsedenaldia 6 ordutako lanaldi jarraietan, ornamentazio lanak gauzatzearen ordainketa edota inbentarioak ateak itxita egin ahal izatea… baina mezuei ezikusiarena egin die.

Horregatik guztiagatik, langileek hitzarmen berria eta eurek dituzten beharrei eta eskaerei kontuan hartzeko exijitzen diote enpresari. Izan ere, funtsezkotzat jotzen dute elkarrizketa eraikitzaileak izatea akordio onuragarriak lortzera bidean.

Europako hauteskundeetan langile botoa aktibatzera dei egiten dugu

Eskuin muturraren aurrean antidotorik hoberena sindikalismo feminista eta antirrazista da.

Eskuin muturraren gorakadak langile kasearentzat, emakumeentzat edota migranteentzat dituen arriskuak nolanahikoak ez direla azpimarratu du LABeko koordinatzaile orokor Garbiñe Aranburuk gaur egindako agerraldian: “Eskuin muturra autoritarismoa da, demokraziaren kontrakoa da, inboluzioa da”. Ezarri nahi duten programa oligarkiaren mesedetan egina da, eta horrek zera ekarriko du, Aranbururen esanetan: “Langileon desjabetzea, ekonomian sektore publikoaren esku-hartzea gero eta gehiago mugatzea, enpresa pribatuak sustateza eta gainbeheran diren zerbitzu publikoak guztiz eraistea”. Gauzak horrela, aberatsek gero eta aberatsago izaten jarraituko dute eta, kontrara, langileek gero eta zailtasun handiagoa izango dute eguneroko gastuei aurre egiteko.

Horrez gain, eskuin muturrak bultzatzen dituen ideia kontserbadoreei ere erreparatu die koordinatzaile orokorrak, kapitalismo heteropatriarkal, ekozida eta arrazistak bizirauteko topatu duen bidea diren heinean eta horrek injustizia eta desberdintasun sozialen areagotzea, krisi klimatikoa, Hegoalde Globaleko lurraldeen arpilaketaren ondoriozko migrazio behartuak eta gerrak dakartzan heinean.

Horri guztiari gehitu behar zaio neoliberalismoak langile klasearen zatiketa eta atomizazioa eragin duela, indibidualizazioa bultzatu baitu eta, ondorioz, kolektibotasunaren garrantzia lausotu. “Horretaz baliatzen da eskuin muturra, mezu errazak erabiliz, bere ideia eta molde erreakzionarioak ezartzeko, eta ez du erreparorik gezurrekin errealitatea faltsutzeko”, azaldu du Aranburuk. Ondorioz, normalizatzen ari dira pentsaezinak ziruditen hainbat jarrera eta pentsamolde.

Fenomeno hedatua izanik, nazioarteko mailako aliantzak sendotzen ari dira, agenda politikoa guztiz baldintzatzen dutelarik eta eskuina gero eta muturrerago eramaten dutelarik. Europaren kasuan, zorpetze publikoaren gaineko arauak zorroztu, gastu militarrera gero eta diru gehiago bideratu eta austeritate garaietara itzultzeko aukera indartzen ari da. Eta egoera horren aurrean, ezkerrak alternatiba sendo moduan proiektatzeko zailtasunak ditu. Beraz, erronka ez da nolanahikoa, baina Aranburuk azpimarratu du ezinbestekoa dela sindikalismoak horretan ere eragitea: “Olatu erreakzionario horri aurre egiteko zuntzak baditugu Euskal Herrian. Ezkerretik, independentismotik eta sindikalismotik. Klase sindikalismo indartsua, kontrabotere izaera sendoarekin. Sindikalismo feminista, sindikalismo antirrazista dira eskuin muturrari aurre egiteko antidotoa”. Izan ere, faxismoaren kontra, oso garrantzitsua da mugimendu soziosindikala antolatua eta aktibatua egotea.

Hala, Europako hauteskundeetan langile botoa aktibatu beharra dago, Aranbururen arabera: “Egin dezagun migrazio politika arrazisten, zerbitzu publikoen eraispenaren, eskubide sozialen inboluzioaren eta gerren aurka. Egin dezagun demokrazia eta burujabetzaren, justizia sozialaren, trantsizio ekosozialaren edo feminismoaren alde”.

17. Talaia

Gako horiek guztiak nabarmendu ditu Garbiñe Aranburuk, gaurko agerraldian ez ezik, baita Talaia-ren 17. zenbakian, LABeko Gizarte Ekintzako egiturak eta Ipar Hegoa ikasketa sindikaletarako fundazioak elkarlanean egindako aldizkarian. Europako hauteskundeen testuinguruan, eskuin muturraren gorakada mehatxu nabarmena da, baina hauteskunde horietatik haratago doa. Horrela, azken ale honetan fenomeno horri erreparatu diote, Ipar Hegoako Martin Arbeok azaldu duenez.

Aldizkariaren gainerako edukiei dagokienez, Talaiak europar eskuin muturrean aditua den Alba Sidera kazetariaren elkarrizketa jasotzen du, zeinak Europako alderdi politiko ultraeskuindarren bilakaera aztertu duen, bereziki Italiako kasua. Horrez gain, Raul Zelik idazle alemaniarrak herrialde hartako joera erreakzionarioak xehatu ditu. Ikuspuntu ekosozialista ere jorratzen da, oraingoan Joana Bregolat aktibistaren eskutik, ekofaxismoa hizpide izan duelarik. Aldoni Olariaga filosofoa, aldiz, ezkerrean hedatzen ari diren joera erreakzionarioez aritu da, eta Jonathan Martinezek diskurtso sekuritarioen arriskuaz ohartarazi du. Horrez guztiaz gain, gaia lantzeko hainbat gomendio eta baliabide bildu dituzte.

Eduki osagarri gisa, Talaiak podcasta ere egin du, gai berberaren bueltan baina gonbidatu ezberdinekin eta bestelako erpinetatik, azkenaldian ikusi izan ditugun lehen sektoreko protestak, kasurako. Ivoox plataforman, Spotifyn eta Youtuben dago entzungai.

Idatzizko aldizkaria, berriz, hementxe irakur dezakezue PDFn:

Dagoeneko 27 dira aurten Euskal Herrian lanean zendutako beharginak

Maiatzaren 16an oso lan-istripu larria gertatu zen Sestaon eta, ondorioz, 29 urteko langile autonomo bat hil da. LABetik babes eta elkartasun osoa adierazten diegu hildako langilearen senide eta lagunei.

D.A.P.O. langilea berogailu bat instalatzen ari zen etxe partikular batean, ezagunak ez diren arrazoiengatik leiho batetik barruko patio batera erori zenean. Istripua gertatu zenean, arrebarekin lanean ari zen. Horrek eragindako zauri larrien ondorioz maiatzaren 27an hil zen langilea, LABen jakin ahal izan dugunez.

Langileak SIRKUS, Sistema de Tiendas S.L. enpresarentzat egiten zuen lan, eta enpresa hori Leroy Merlinek azpikontratatu zuen. Berriro ere, azpikontratazio-kate luzeak hil egiten duela salatu beharrean gaude. Egoera horrek lanak prekarizatzen ditu, eta langileen lan-baldintzen kontura dirua aurreztu nahian, segurtasun-neurrietan ere aurrezten du. Langileak dira beren bizitzarekin multinazionalen etekin aseezinak ordaintzen dituztenak.

Salatzen dugu praktikan langile autonomoei ez zaiela aplikatzen prebentzioari buruzko araudia, eta Lan Ikuskaritzari, Osalani eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu sektore prekario horietan kontrol handiagoa izatea, langile autonomoen segurtasuna eta osasuna errespetatzen direla bermatzea eta azpikontratazio masiboaren iruzurra etetea.

Azken lan heriotza hau salatzeko asmoz, ekainaren 4an, 12:30ean Barakaldoko Leroy Merlin multinazionalaren aurrean LAB-ESK-STEILAS-Hiru-EHNE/Etxalde intersindikalak antolatutako mobilizazioan parte hartzera deitzen dugu.

Salatu du 2024an billabesetan eginiko aparteko orduen kopuruak nabarmen gainditzen duela iazko kopuru eskandalagarria

Duela hilabete 2023ko zifrekin egin zuen bezala, Iruñerriko hiri-garraioko LABeko sekzio sindikalak —jendartean “billabesak” deitzen zaio eta gaur egun TCC enpresak kudeatzen du— 2024ko lehen hiruhilekoko zenbakiak aztertu ditu, eta egiaztatu du aurtengo aparteko orduak eta ordu osagarriak iragan urtean tarte berean eginikoak baino %81 gehiago direla. Hartara, eskandaluzko igoera horrek horrela jarraituko balu urte osoan, ordu horiek guztiak lanaldi osoko 29 lanposturen baliokideak izanen lirateke.

Duela hilabete, TCCko LABeko sail sindikalak salatu zuen, bai Lan Ikuskaritzan, bai publikoki hedabideetan, 2023an eginiko aparteko orduen eta ordu osagarrien kopuru izugarria. Zehazki, 25.176 aparteko ordu eta 2.431 ordu osagarri izan ziren kontratutik kanpo; guztira 27.608 ordu, lanaldi osoko 16 lanposturi dagozkienak. LABen aburuz, kopuru horiek aberrazio bat dira, eta horregatik salatu zituen, agerian uzten baitute ez dagoela konpromisorik lana modu ekitatiboan banatzeko, enpresa pribatuak neurriz kanpo erabiltzen dituela bere langileak diru irabazteko asmoarekin, eta erakunde publikoek ez dituztela enpresak kontrolatzen.

Bada, 2024ko lehen hiruhilekoko aparteko orduen eta ordu osagarrien kopurua aztertzean, harridura handia izan da; izan ere, lanaren antolaketan gehiegikeria hori zuzendu beharrean —nahiz eta neurri txiki batean izan zitekeen—, dinamika aberrante anitzez gehiago handitu da. Hala, 2023ko lehen hiruhilekoan aparteko orduen eta ordu osagarrien metaketa 3.250,52 ordukoa izan zen, baina 2024ko lehen hiruhilekoan 5.885,46 ordu metatu dira. Iaz baino %81,06 gehiago. Beraz, 2023ko kalkuluaren arabera lanaldi osoko 16 lanpostu galarazten ari zirela adierazten bazen, %86ko igoera urte osoan mantenduko balitz, 2024an ezabatuko liratekeen lanpostuak 29 izanen lirateke.

Zergatik ahalbidetzen dituzte erakunde publikoek langileendako erabat esklabo diren praktika horiek, eta zergatik ahazten dute politika sozial justuak aplikatzea ekonomikoki ahulenak diren kolektiboei? Zergatik ateratzen da justizia hain merkea enpresa pribatuendako, Lan Ikuskaritzan isun bat ordaintzeak langile gehiago kontratatzea baino gehiago konpentsatzen badu?

LABek egoera zentzugabe hori betikotzen duten eragile guztiei dei egin nahi die, behingoz, gaiari behar bezala heldu eta dinamika zital horri buelta eman diezaioten. LABek lana ekitatez banatzearen alde egiten du, langile guztiendako baldintza duinak ezarrita, eta horregatik, behin eta berriz salatzen jarraituko du aparteko orduetan oinarritzen den lanaren kudeaketa.

Beste hiru greba egun deitu ditugu Bizkaiko grafikagintzan

Agerraldia egin dugu gaur Bilbon, ekainaren 11, 12 eta 13an greba egingo dugula iragartzeko. Salatu dugu patronalak negoziazioak blokeatzen dituela eta ez duela Bizkaiko grafikagintzan hitzarmen duinik adostu nahi. Apirilean eta maiatzean sektorean 4 greba egun arrakastatsu izan ondoren, maiatzaren 27an arratsaldez, patronalak aukera izan zuen Bizkaiko grafikagintzako hitzarmenaren negoziazio mahaian funtsezko aurrerapena planteatzeko, sektoreko hitzarmena adosteko helburuarekin. Mugimendu txiki batzuk egon ziren, baina CEBEKen proposamena eros ahalmena bermatzetik oso urrun dago; eta, gainera, atzera egiten du eduki batzutan. Bileran, harrigarriena izan zen CEBEKek ez zuela beste bilera datarik ezarri nahi izan, proposamen sindikalaren azken berritasunak entzun ondoren. LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok argi daukagu negoziazioaren aldeko apustua egiten dugula, eta horregatik, datorren asteartean, ekainaren 4an, patronala deitu dugu negoziazio mahaiaren beste bilera baterako. Gaur goizean bertan, CEBEKek erantzun du uko egin diola deialdi horretara joateari, eta argitu du ez duela onartuko hurrengoetara joatea, baldin eta langileen asmo ekonomikoak ez badatoz bat negoziazio-mahaian finkatu dituen irizpideekin, hau da, sektoreak uko egin behar dio erosteko ahalmenari eta taulak KPIaren arabera eguneratuta edukitzeari eta baita aurrekoaren aldean inolako murrizketarik edo atzerakadarik izango ez duen hitzarmen bati ere. Eztabaidaezina da grafikagintzan ordezkaritza dugun 4 sindikatuok, alde batetik, negoziatzeko borondate argia erakusten dugula, baina patronalaren jarrera ikusita, zalantzarik gabe, nahitaezkoa da sektoreko borrokaren eta mobilizazioaren jarraipenarekin osatzea. Horregatik, gaurko  prentsaurrekoan, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok 3 eguneko greba deialdia egingo dugu publiko Bizkaiko grafikagintza sektorean, ekainaren 11rako, 12rako eta 13rako. Sektoreko plantillek merezi dute 2011. urtean amaitutako hitzarmen bat berreskuratzea. Baina ondo berreskuratu behar da, erosteko ahalmena bermatuz soldatari dagokionez, hitzarmena aplikatzeko bermeekin, inolako murrizketarik gabe, eta beste hobekuntza batzuekin. Bizkaiko grafikagintzako langile klaseak indar erakustaldia egin zuen aurreko 4 greba egunetan. Sektoreko enpresa garrantzitsuenen ekoizpena geldirik egon zen, eta jende askok hartu zuen parte mobilizazioetan. Horregatik guztiagatik, sindikatuok dei egiten diegu sektoreko langileei ekaineko 3 greba egunetan modu masiboan parte hartzera.