2026-05-23
HomeEkintza SindikalaAtzo Loiun gertatutako AMIANTEC 3000 enpresako langilearen heriotza ez zen kasualitatea izan

Atzo Loiun gertatutako AMIANTEC 3000 enpresako langilearen heriotza ez zen kasualitatea izan

Atzo Loiun Gecsa enpresan lanean ari zela hil zen langileak AMIANTEC 3000 enpresarentzako lan egiten zuen. 47 urteko langile urduñarra erorketa baten ondorioz hil zen. AMIANTEC 3000 enpresak urteak daramatza lan osasun eta prebentzioko neurri egokirik gabe langileak lan egitera behartzen. Horregatik, duela urtebete, enpresa honen kontra lan-ikuskaritzan salaketa jarri zuen LABek.

Atzo, Loiuko Gecsa enpresan, AMIANTEC 3000 azpikontratak teilatuan amiantoa kentzeko lanak hasi zituen. Lanak hasi baino lehen, LAB sindikatuaren delegatuek lan hauen inguruko informazioa ezagutzeko bilera eskatu zioten Gecsari, eta enpresak ukatu egin zuen. Ordu batzuk beranduago, 47 urteko langile urduñarra 9 metroko altueratik erori zen eta bertan hil zen.

LAB sindikatuan susmoa dugu AMIANTEC 3000 enpresak, amiantoa kentzeko lanetan jarduten duenak, ez dizkiela langileei lan baldintza egokiak bermatzen eta langileen osasunaren eta ingurumenaren kontrako jarduerak egin izan dituela. Susmo hau egia bihurtuz joan zen, bertan lan egiten zuten hainbat langile LABeko kideekin harremanetan jarri eta bertan ikusi eta jasan zituzten praktiken berri eman zietenean.

Hainbat izan dira enpresa horretan lanean hasi eta hortik gutxira enpresa utzi duten langileak, bertako praktikak ikusi eta pairatu ostean. AMIANTEC 3000 enpresa lan osasun eta prebentzio neurrik gabeko enpresa bat dela esan dezakegu.

Horregatik, duela urtebete, AMIANTEC 3000ren kontrako salaketa bat jarri genuen lan-ikuskaritzan. Bertan hainbat irregulartasun salatu genituen, horien artean, altuerako lanetan ez zela beharrezkoak ziren segurtasun neurriak hartzen, eta baita hauek ere:

-Amiantoaren eraginpean jartzearen aurrean neurri egokirik ez hartzea.

-Desamientatze plan egokirik ez egotea.

-Amiantoa kendu, mugitu eta biltegiratzeko neurri egokirik ez egotea.

-Langileek ekipo egokirik ez izatea desamiantatze lanak egiteko.

-Norbera babesteko ekipo egokirik ez izatea (amiantorako espezifikoak zein orokorrak).

– Gehienezko lan orduak ez errespetatzea, orokorrak zein amiantoarekin lan egiteko espezifikoak.

-Fitxaketa sistema egokirik ez egotea.

-Langileek lan osasun eta prebentzioan formakuntzarik ez jasotzea.

-Informazio eta formakuntza orokor eta espezifiko nahikorik ez jasotzea.

-Mediku azterketa egokirik ez egitea

-Langileen kontrako santzioak eta presioak egotea

-Higiene, garbiketa eta deskontaminazio egokirako neurririk ez egotea

AMIANTEC 3000 enpresan lan osasun eta prebentzio neurririk ez zegoela esateaz gain, orokorrean lan baldintza oso prekarioak ezartzen dituen enpresa bat dela esan daiteke. Gainera, hainbat langile migratu eta arrazializatuen egoera zaurgarriaz baliatzen da horretarako.

Aipatu beharra dago lan ikuskaritzan jarritako salaketak, langileek behar bezalako informazio eta formakuntzarik ez zeukatela eta azterketa mediku egokirik egiten ez zietela egiaztatu zuela soilik. Beraz, kasu honetan zein bestelako kasu larrietan, ikerketa sakonagoak eta presentzialak oso beharrezkoak direla uste dugu. Horretarako, funtsezkoa da erakundeen kontrola, lan-osasunari buruzko araudia behar bezala bete dadin.

Ezinbestekoa da patronalari lan osasunerako araudia betearaztea, behar bezalako baliabide eta neurriak hartuz. Izan ere, behartzen ez badira, inpunitate osoz hiltzen gaituzte.

Beraz, enpresa honen gaineko behar bezalako ikerketak eta neurriak hartzea eskatzen dugu, eta baita ere lan istripu gehiago ez gertatzeko berehalako neurriak har daitezela. AMIANTECeko langileek lan baldintza egokiak dituztela bermatzen ez den bitartean, enpresa honen jarduna geratzea eskatzen dugu.

Honekin batera, kasu hauen aurrean mobilizatzea eta egoera salatzea funtsezkoa dela ikusten dugu. Beraz, bat egiten dugu bihar, urriaren 17an, Urduñan zein Loiun egingo diren mobilizazioekin eta bertan parte hartzeko deia luzatzen dugu.

Urduñakoa Aiaraldeko Greba Batzordea-SOS Aiaraldea ekimenak antolatu du eta Foru Plazan izango da 19:00etan. Loiukoa aldiz, herritar talde batek deitu du eta udaletxean izango da, 19:30ean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskal arrantzale bat hil da Senegalen, ATUNSA enpresarentzat lanean ziharduela aurten hil den bigarren langilea

LABek irmo salatu nahi du heriotza hau. Izan ere, arrantza sektorean izaten diren eskubide urraketek erabateko eragina izan ohi dute heriotza mota hauetan.

Ezkabako 190 etxebizitza deskalifikatuko dituztela ohartarazi du LABek eta etxebizitza eskubidea bermatzeko premiazko neurriak exijitu ditu

LABek Txantrea auzoko Ezkabako auzokideekin elkartu zen berriz ere atzo arratsaldean, 2027rako aurreikusita dagoen babes ofizialeko 190 etxebizitzaren berehalako deskalifikazioa salatzeko eta Nafarroako Gobernuari...

Bilboko garabietan segurtasuna eta zerbitzu ona bermatzeko neurriak bete daitezen exijitzen dugu

LABek eta ELAk publikoki salatzen dugu Vectalia Park S.L. enpresak kudeatzen duen Bilboko garabien zerbitzuaren egoera larria, langileen eta herritarren segurtasuna arriskuan jartzen duten hainbat akats ofizialki egiaztatu ondoren.