2026-05-03
Blog Page 1205

Urrian langabeziak berriro gora egin du eta langabeziaren estaldurak behera egin du modu kezkagarrian

Hego Euskal Herrian erregistratu den langabezia 2.098 pertsonetan handitu zen urrian. Horrela, ondoz ondoko hirugarren igoera kateatu da udarako kanpaina amaitu ondoren eta langabetu kopurua 217.841 pertsonetan kokatzen da, Enplegu Ministerioak argitara eman dituen datuen arabera.

Lurraldeei dagokienez, langabezia igoera herrialde guztietan eman da, nahiz eta, Nafarroan erregistratu den %1,8ko hileko hazkundea hauen artean gailentzen den. Bestalde, langabetutzat hartzen direnen %52,4a emakumeak dira (enpleguko zerbitzu publikoek erabili irizpideen arabera).

Berri txar hau administrazio maila guztietako gobernu eskariaz landutako aurreikuspen baikor guztiei ematen zaien belarrondokoa da. Baina joera txar honen alderdirik mingarriena, enplegua eskatuz langabezia-ilarei gehitzen zaizkien milaka pertsonak jasaten ari diren drama dugu.

Hala ere, langabeziaren babes-sistemaren estaldura-tasak era nabarmenean behera egin izana guztiz kezkagarria da. Argitaratu diren diru-laguntzei buruzko azken datuak irailekoak dira, eta 119.000 bat langabetuek ez dutela inolako langabezia-laguntzarik adierazten digute, hots, aurreko hilean baino %9 gehiago.
Hain zuzen, estaldura-tasak %45a arte egin du behera, aldiz, hilabete bat lehenago bakarrik, %49,4a erdiesten zuen. Honez gain, ordaindutakoaren araberako prestazioen estaldurak ere egin du behera: hilabete batean, %30,1etik %25,5era. Modalitate honek babes handiagoa ematen du langabeziari aurre egiteko, eta haren zenbatekoa handiagoa da, nahiz eta iaz ere murriztu zen, hilero, 32 €tan baino gehiagotan (%-3,5a).

Krisialdiaren iraunkortasuna, langabeziaren kronifikazioa eta gobernu zentralak ezarri dituen murrizketak langabezia-estaldura urritzea eragiten ari dira.

Hala ere, PP-ri arduratzen zaion bakarra langabezia-kopurua itxuraldatzean datza, lanaldi osoko enplegu finkoa enplegu prekarioaz eta aldi batekoaz ordezkatu behar dela sustatuz; beharbada, Plan Prepararen ezohiko laguntza ere aurrezteko itxaropenaz egiten dute (prestazioa edo subsidioa agortu duten langabetuentzat), behin, langabezia-tasa, ofizialki, %20aren azpitik kokatuko denean.

 

 

 

LABetik gure elkartasuna adierazi nahi diogu Kataluniako herriari

Kataluniako prozesu subiranista oztopatzeko, igandeko herri galdeketa indargabe uzteko Espainiak hartutako erabakiaren aurrean, Katalunia erabakitzeko eskubidearen egikaritza azken burura eramateko egiten ari den bideari gure babes osoa adierazi nahi diogu.

Jendartearen gehiengoaren nahiaren gainetik Espainiako Gobernuak Kataluniako galdeketa prozesuaren aurrean hartu duen erabakia Kataluniaren nahiz Euskal Herriaren aurkako erasoa da, herrien erabakitzeko eskubidearen erabateko ukazioa.

Sortutako egoerak aukera handiak eskaintzen ditu. Konpromiso politikoan eta mobilizazio sozialean dago giltza. Inposaketa ororen gainetik herriaren borondatea eta nahia aurrera eraman behar da.

Ziur gaude jendartearen gehiengoaren nahiaren kontran Espainiar Gobernuak eginiko azken eraso hau, praktikan, independetziaranzko grina auspotu egingo duela. Bide horretan Kataluniarekin bat egiten dugu. Gure elkartasun eta atxikimendu osoa Euskal Herritik.

 

 

 

Beste emakume bat erahil dute Gasteizen. Ostegunean manifestazioa Gasteizen

Gaur Gasteizen emakume bat erail dutela jakin dugu. Emakumeon aurkako indarkeria adierazpenik larriena dela deritzogu Emakumeen Mundu Martxako kideok eta salatzeko ostegunean, azaroak 6, herri ezberdinetan izango diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu nahi dugu.

HIRIBURUETAKO MOBILIZAZIOAK
Gasteizen 20.00etan MANIFESTAZIOA Andra Mari Zuriaren plazatik abiatuta. 
Bilbon 19:30etan kontzentrazioa Arriaga plazan.
Donostian 19:30etan kontzentrazioa Bulebarrean.
Iruñean 20:00etan kontzentrazioa Udal plazan.

ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE!
 

 

 

«Procesos de transformación en América Latina: El Salvador» hitzaldia Areto Gorrian

0

Datorren ostegunean, hilak 6, Francisco Elías Valencia kazetaria El Salvadorren ematen ari den aldaketa prozesuaz arituko da Iruñeako Areto Gorrian. 52 urte ditu Elías Valenciagak eta Co Latinoko zuzendaria da 1989tik. Casa Ámerica Catalunya a la Libertar de Expresión saria jasotakoa da.

Hitzaldia Azaroaren 6an burutuko da, eguerdiko 12:00etan Iruñeako Areto Gorrian (Arga Ibaia kalea 14 behea, LABeko egoitzaren ondoan). 
 

 

 

Euskal Enplegu Publikoaren Legearen benetako negoziazio prozesuaren eske joango da LAB biharko bilkurara

Bihar EPEL jorratzeko Mahai Orokorraren bigarren bilkura izango da. LABek aurreproiektuari osoko emendakina aurkeztu zion eta bihar bilkuran izango da benetako negoziazio prozesuaren eske. Hau eman ezean mahaitik altxatu eta legearen tramitazioa bertan behera utz dezaten mobilizazioei ekingo dio.

Legearen aurreproiektuak planteatzen duen enplegu publikoaren ereduarekiko kritikoa izanik ere, LABen emendakinaren zioa Funtzio Publikoko Sailak abian jarritako tramitazio eta eztabaida prozesuari lotua dago, izan ere prozesuak ez baitu jasotzen sindikatuon iritziak biltzeko gutxieneko bermarik. Langileon ordezkarioi proposatzen zaiguna sasi-negoziazio prozesua da, eztabaida prozesu bat non Sailak izango duen ekarpenak onartu ala baztertzeko aldebakarreko azken erabakia. Jaurlaritzak legearen gaineko eztabaida eta negoziazio bakarra Legebiltzarrera trasladatu nahi du eremu horretan legea onartzeko bidailagun prestua PSE alderdian topatuko dutelakoan.

Horregatik LABek biharko bileran herri honek behar duen zerbitzu publikoen araberako egitasmoaren eskaera eramango du, lege proiektua definitzeko gutxieneko bermak emango dituen negoziazio metodologia eskatuz.

LABen ustez, legearen definizioa oinarrizko joko arau demokratiko horien gainean egin gabe, ekarpen partzialen eztabaidan sartzea Sailaren endreduetan jauzi eta sasi-negoziazio prozesuari ez duen legitimitatea ematea litzateke. Langileon ordezkariok bataila hori eman behar dugu baldin eta benetako negoziazioa egingo badugu, eta baldin eta zerbitzu publikoak eta lan baldintzak babestu nahi baditugu.

Zentzu honetan, mahaian bertan ordezkatuak gauden sindikatuon partetik antzeko erantzuna espero dugu. Langile publikoen lan baldintzetan atzera egitea helburu duen egitasmo hau baldintzatu, eta aurrera egitekotan, inongo babes sozialik ez emateari begira.

Beraz, LABek gutxieneko negoziazio berma horiek eskatzera joango da, eta horien ezean negoziazio mahaitik altxatu eta mobilizazioan jarriko ditugu gure indar guztiak

 

 

 

LABek, lehen aldikoz, Lurraldeko Funtzio Publikoko hauteskundeetan aurkezteko aukera du

2014ko abenduaren 4an hauteskundeak iraganen dira Lurraldeko Funtzio Publikoan. Hauteskunde hauetan, Ipar Euskal Herriko udalerri handi eta ttipietako langileek beren ordezkariak hautatuko dituzte.

LAB Zerbitzu Publikoak hau adierazi nahi du :

LAB sindikatuaren Lurralde Funtzio Publikoko sailak zerrendak aurkeztuko ditu lehendabizikoz datorren abenduaren 4an iraganen diren hauteskunde profesionaletan.

LABek, langileen eskubideen defentsa aldarrikatzeaz gain, Ipar Euskal Herri mailako Kudeaketa Zentroa sortzea ere proposatzen du.

2014ko abenduaren 4an, Funtzio Publikoko langile guztiek haien ordezkariak hautatuko dituzte. Ordezkaritza arauak aldatu baitira, LABek, lehen aldikoz, aurkezteko aukera du.
Funtzio Publikoan, elkarrizketa guneak Komite Teknikoak (CT) eta Burubidun Batzorde administratiboak (CAP) dira. Lurralde Elkargo batean, 50 langile izan behar da Komite Teknikoa sortzeko eta 350 Burubidun Batzorde administratiboarentzat.

LABek langileak ahal bezain hurbil antolatzea beharrezkotzat jotzen du eta beraz, Funtzio Publikoko langileek beren lurralde kolektibitatean berean antolatzea. Horretarako LABek zerrendak aurkezten ditu Hendaia, Kanbo, Uztaritze eta Hiriburuko herriko etxeetan, baita Xiberoko Herri Elkargoan ere.

Aldiz, udaletxe tipi gehienetan (50 langile baino gutxiago dutenak), ezin da tokiko Komite Tekniko bat izan. Ondorioz, lanaren antolaketari lotutako eskakizun guztiak Paueko Kudeaketa Zentrotik kudeatuak dira. Euskal Herriko udaletxeetako langileen beharrei erantzuteko, LAB eta SUD sindikatuek elkarrekin lan egitea erabaki dute eta zerrenda bat aurkeztea CDGrako baita CAPrako ere.

Negoziazio guneak hurbiltzea ezinbestekoa da : LABek langileen eskakizun sozialak eta Euskal Herrirako instituzio eskaera lotzen ditu. Horrela, LABek Kudeaketa Zentro baten sorrera Euskal Herrian eskatzen du, herri tipientzako erabaki guneak hurbiltzeko eta horrela Funtzio Publikoko langileen eskaerei hobeki erantzuteko.

Arrazoi guzti horiengatik, Lurralde Funtzio Publikoko langile guztiak LAB edo SUD-LAB zerrenden alde bozkatzera, heldu den abenduaren 4an, deitzen ditugu.

Kanpaina denboran, hauteskunde eguna arte, gure aldarrikapenak garatzeko biltzar eta eztabaida publikoak antolatuko ditugu, eta, interesatuak diren langile guztiak gurekin lan egitera eta kanpainan parte hartzera deitzen ditugu.

 

 

 

Pobrezia eta prekarietatearen aurkako giza katea azaroaren 7an Gasteizen

0

Gune Plataformak deituta, datorren ostiralean, hilak 7, giza katea egingo da Ama Zuritik Legebiltzarrera probreziara eta prekarietatera kondenatzen gaituzten politkak salatzera eta Hego Euskal Herriko erakundeei aldaketarako behar diren aurrekontu eta zerga-politikak aplika ditzaten eskatzera.

GUNE PLATAFORMA
NOS ARRASTRAN AL EMPOBRECIMIENTO Y LA PRECARIEDAD. EUSKAL HERRIAK BERE BIDEA

«Gune plataforma osatzen dugun sindikatu eta erakunde sozialok joan den otsaila eta martxoan Pobreziaren eta Prekarietatearen aurkako Kanpauna bat egin genuan, Orduan salatu genuenez, aplikatzen ari diren politika antisozialak herritar gehienak pobretzea eragiten dute, eta gutxiengo bat aberastea dakarte. Egoera honekk okerrera egingo luke Europar Batasuna (EB) eta Ameriketako Estatu Batuak (AEB) sekretupean negoziatzen ari diren Merkataritza Libreko Hitzarmenarekin, merkatuek pertsonen eta herrien bizimodua areago hondatuko baitute.

Prekarietatea, pobrezia, babes soziala, zalantza, eskubide murriztuak, aldi baterako enplegua, migrazioa derrigortuak… Osagai hauek taxutzen dute espotazioaren gainean eraikitako sistema ekonomiko bidegabe bat, eta desberfintasuna gero eta handiagoko sistema soziala. Esplotazioa eta desberdintasunaren bisktima nagusia emakumea da.

Hego Euskal Herriko langabezia tasak %16a gainditzen du, hits, EBko bataz besteko maila baino 6 puntu handiagoa da. Enplegurik gabe dagoen jendearen erdiak baino gehiagok ez du langabezia-prestazioarik jasotzen. Prestazioarik gabeko langabe portzentajea etengabe ari da hazten. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak prestazio sozialak moztu egin dituzte, zenbatekoari nahiz bera jasotzeko epeari dagokionez, eta hainbat kolektibo inolako babesik gabe utzi dituzte. Pobrezia maila azken 25 urteotako handienetakoa da. Emakumeek latzago jasaten dute pobretze dinamika hori. Beraz, agerian geratzen da sistema sozial honek herritarren erdia desberdintasun handiagoa pairatzera derrigortzen duela.

Horrenbestez, Pobreziaren eta Prekarietatearen aurkoko Kanpainari berriz heldu behar diogu, batik bat orain, zenbaitek zalantzan jartzen baitu babes sozialeko sistema publiko, unibertsal eta duina izateko aukera bera ere. Hauek dira gure eskariak:

Gutxieneko soldata zeharo hobetzea, ekiditeko lanean dagoen edonor pobrea izan dadin.

Langabezia-prestazio duina, enplegurik aurkitzen ez den bitartean.

Diru sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE edo RGI) eta Gizarteratzeko Errentaren (Oinarrizko Errentaren) zenbatekoa gehitzea, egungo LAGSEren (SMI) gainetik. Horrekin batera, kide bat baino gehiagoko bizikidetza-unitateei aplikatzen zaien eskalk gehitzea. Egun indarrean dagoen sistemaren ordez diru-sarrerak bermatzeko sistema berri bat ezartzea, eskubide soziala izango dena. Bizimodu duina izateko eskubidea bermatu beharra dago. BDE eta Gizarteratze Errenta mantenduko direla bermatzea, baliabide ekonomikorik ez dagoen bitartean. Gizarte-Larrialdietarako laguntzak jasotzeko eskubide subjektiboa aitortzea; laguntza horiek bebetako beharrizanak osatu behar dituzte.

Prestazio sozialak jasotzeko aukera aitirtzea murrizketen ondorioz baztertuta geratu diren kolektibo guztiei.

Prestazio sozialak kudeatzerakoan aplikatzen diren irizpide murriztaileak alde batera uztea.

Aurrekontuak gehitzea, ahalbidetzeko zerbitzu publiko unibertsal eta kalitatezkoak (osasungintza, hezkuntza, enplegua, arreta soziala) izango direla.

Pertsona guztiei osasun eta osasun-arreta eskubidea, hezkuntza eskubidea eta etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea bermatzea. halaber, bermatzea baliabide ekonomiko nahikorik ez duelako inor ez dela argindar, gas edo urik gabe geratuko.

Erakundeen konpromezua, babes sozialeko sistema oso bat ezartzea ahalbidetuko duten tresna propioak ezartzeko; sistema horri esker Euskal Herrian guztiek bizimodu duin, autonomo eta egokia garatzeko bitarteko eta baliabide nahikoak izango lituzkete.

Helburuok Hego Euskal Herriko erakundeak aplikatzen ari diren aurrekontu- eta zerga-politiken goitik beherako aldaketaren baitan leudeke.»

 

 

 

Berezko legea, enplegu publikoaren eredu berria eraikitzeko

Berriki ezagutu dugu Eusko Jaurlaritzak plazaratu duen zirriborroa Euskal Autonomia Erkidegoaren Funtzio Publikoa arautzeko. LAB sindikatutik salatu dugun bezala, estatu mailan aplikatzen ari den arauen garapena besterik ez da, bertako errealitateari eta beharrizanei erantzuten ez dieten irizpide batzuk aplikatu nahian.

Horren aurrean, Euskal Herrian funtzio publikoa arautzeko eredu propioa behar dugula galdegin dugu, irmotasunez. Hemen daukazue bi proiektuen arteko alderaketa labur bat: Eusko Jaurlaritzaren zirriborroaren nolakotasunak ezkerreko zutabean datoz, LAB sindikatuak Euskal Herrirako guztiz beharrezkotzat jotzen dituen ezaugarriak, aldiz, eskumakoan:


Sakabanaketarekin amaitzeko LABek dispertsioaren kontrako aldarria lantokietara eramango du

Sare, euskal preso, deportatu eta iheslarien aldeko herritar sareak sakabanaketarekin amaitzea bilatzen duen liburuxka aurkeztu zuen larunbatean. Politika horrekin behin betiko bukatu ahal izateko, errealitate hori ikuspuntu ezberdinetatik aztertu eta mundu guztiaren aurrean ezagutaraztea bilatzen du, ahalik eta persona gehienengana iritsiz. Aniztasuna oinarri eta ezaugarri izango duen Sare ekimenak, euskal jendartearen eskuz esku saretuz, bultzada berria emango dio konponbide prozesuari aurrera egiteko. LABek bere ekarpena egin nahi du norabide honetan, sarekidea egitea bultzatuz, dispertsioaren kontrako sarea lantokietara eramanez.

LAB: «Herritarron, langileon txanda da, aktiboki, geure parte hartze eta sostenguarekin aurrera egiteko unea dugu»

LAB sindikatuak ongi etorria eman nahi dio euskal preso, deportatu eta iheslarien eskubideen alde sortu den herritar sare berriari. LABen irudiko, aniztasuna oinarri eta ezaugarri izango duen ekimen honek, euskal jendartean eskuz esku saretuz, bultzada berria emango du konponbide prozesuan aurrera egiteko.

Arnas berria da, euskal jendartearen gehiengoarentzat berria ez den aldarrikapen batekin aurrera egiteko: euskal preso, deportatu eta iheslarien auziari behingoz irtenbidea eman eta gatazkaren konponbidean pausoak ematea. Iragan larunbatean Baionako mobilizazioan ikusi bezala, euskal jendartearen gehiengoaren eskaria da hau, orain sare zabal baten bueltan indarrak batzera eraman behar gaituena.

Banan banan bakoitza bere eremutik inplikatuz eta eskuz esku indarrak batuz elikatu eta egituratu behar dugun tresna da SARE. Euskal jendartearen aldarria saretzeko garaia dugu, Madril zein Parisen blokeoaren eta eskubide urraketen aurrean, herritarron, langileon txanda da, aktiboki, geure parte hartze eta sostenguarekin aurrera urratsak egiteko unea dugu. 

Bidean da SARE, eta bidean gara, euskal preso, deportatu eta iheslarien eskubideen alde, konponbidearen alde, aurrera egiteko. Sakabanaketa politikekin amaitu, bakartze egoerei amaiera eman, eta euskal preso, deportatu eta iheslari guztiak etxeratzeko urratsak egin behar ditugu. Salbuespenezko neurriekin, dispertsioarekin amaitu, bizi osorako zigorra ahalbidetzen duten legeak indargabetu, preso gaixoen egoera larriari berehalako irtenbidea eman, hiru laurdenak beteak dituzten presoen kaleratzea lortu… Gatazkaren konponbidea erdietsiko badugu, gatazkaren parte diren katebegi guztiak askatu beharra daude, eta giza eskubideen aldeko dinamikak saretu. Inplikatu gaitezen, urratsez urrats, guztien etxeratzea lortzeko, eta eskubide urraketekin amaitzeko. 

Posible da eta lortuko dugu, norberak bere eremuan konpromisoak hartu eta ekinez. Horregatik guztiagatik, LAB sindikatutik deia luzatu nahi diegu euskal langile guztiei eta herritarrei orohar, lantokiz lantoki, auzoz auzo, herriz herri, SAREa osatzen joateko, konpromisoak hartuz eta elkarlanean mobilizatuz, adostasunak eraikiz, preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde, gatazkaren konponbidea eta bakea lortzeko lan eginez.