2025-12-26
Blog Page 1193

Benetako negoziazioa ematen ez den bitartean LABek Metalgintzako mahaietan bere partehartzea etengo du

0

Patronalaren blokeorako jarrerak, Eusko Jaurlaritzak negoziazio bultzatzeko hartutako konpromezu antzuak eta patronalari ez aurre egiteko ELA, CCOO eta UGTk hartutako erabakiaren aurrean, LABek Metalgintzako mahaietan bere parte hartzea etetea erabaki du. Sindikatuak hitzarmenen defentsa denori dagokigula deritzo eta Metaleko hitzarmenaren defentsan mobilizatzen jarraituko duela iragarri du.

LAB sindikatuak pasa den maiatzaren 9an EAEko metalgintzako hitzarmenak berritzeko proposamena aurkeztu zuenean, patronalak, hau da, Confebaskek, negoziatzeko borondatea ote zuen ala ez egiaztatu nahi zuen. Gogoratu patronalak berak uztailaren 7a baino lehen negoziazioak bukatutzat eman zituela eta mahaietatik altxatu egin zela.

Proposamen honek metalgintzan bizi duen blokeo egoerari erantzuten zion, oso oinarrizkoa zen proposamena. Proposamen hau Confebaskek berak iada hainbat sektoreetan sinatu du azken hilabeteetan (grafikagintza, merkataritza, elikagaien industria…). Beraz, LABek proposamena erabat gauzagarria dela frogatu du. Zergatik metalgintzan ez da posible eta beste sektoreetan bai? Gaur da eguna inork erantzun ez diguna.

Negoziazio mahaiak eratu zirenetik dagoeneko 3 hilabete eta bilera batzuk igaro dira. Denbora pasa da eta LABek lau ondorio ateratzen ditu:

1.- Ez dago patronalik hitzarmena negoziatzeko. LABek akordioa bilatuz pausu bat aurrera egiten duen bakoitzean, patronalak bi pausu egiten ditu atzera. Gero eta jarrera gogorragoa du CONFEBASKek. Gero eta proposamen atzerakoiagoak aurkezten dizkigu Bizkaian eta Araban. Gipuzkoan, Adegi ez da eseri ere egin. Hau da daukagun benetako patronala!

2.- Patronalaren jarreraren ondorioz, ez dago negoziazio mahairik. Antzerki hutsa besterik ez. Lan erreforma inposatu nahi digute, hitzarmenari balioa kenduz. Negoziatzeko prest dagoen gauza bakarra da zenbat malgutasun orduak onartu behar ditugun, ze eskubide kenduko diguten, azken batean, ze eskubide kentzea nahiago dugun. Hor ez dago negoziaziorik, inposaketa besterik ez. Ez dute hitzarmenik nahi langileek eskubide galera jasoko dutela bermatzeko ez bada, lan erreforman sakontzeko ez bada.

3.- Patronalaren jarrera metalgintzako sektorea desarautzeko ahaleginaren baitan bakarrik ulertu daiteke. Patronala lasai dago negoziazioa blokeatuta baduelako B plan bat metalgintzako sektorerako: enpresaz enpresa sektorea desarautzea, enpresa eremuan errazago lortzen baititu bere neurrikoak diren akordioak.

4.- Gaur egun Confebaskek ez ditu enpresari txiki eta ertainen interesak defendatzen, enpresari handien interesak baizik. Jarrera honen aurka badaude enpresari asko baina tamalez ez daude oraindik antolatuak.

Confebaskek enpresen arteko lan kostuetan oinarritutako konpetentzia sustatu nahi du, jakin badakielako enpresa handiek hortik aterako dutela etekina lana azpikontratatuz.

ETA EGOERA HONEN AURREAN, ZER?
Dagoen blokeoa nabarmena da. Bizkaian denok hala erabakita, ez dago beste datarik biltzeko. Arabako kasuan hilabete bateko epea eskatu da egoera aztertzeko.

Egoera honek baditu noski erantzuleak noski. Egoera honen erantzule nagusia patronala da, jakina. Baina patronalaren jarrera ezin da ulertu Eusko Jaurlaritza eta beste sindikatuen jarrera aztertu gabe.

Eusko Jaurlaritzak LABen aurrean konpromiso bat hartu zuen negoziazioa bultzatzeko. Gure proposamena begi onez ikusi zuten. Beraien hitzetan “ oso gauzagarria zela” adierazi ziguten.

Non geratu da euren konpromisoa? Zer egin dute ordutik? Ezer ez. Ixilik egon dira. Eta ixiltasun horrek sostengua ematen dio Confebaski.

Bestalde, ELA, CCOO eta UGTren jarrera onartezina da. Estrategia eta helburu zeharo ezberdinak izan arren, gauza baten ados jarri dira: ez diote patronalari aurre egin nahi. LABek elkarlanerako dei egin dien bakoitzean ezetza eman digute. Konpromisorik gabe, ze nolako hitzarmena lor daiteke?

Egoera honen aurrean LAB ez dago jarrera hori babesteko prest. Ez diogu inolako zilegitasunik emango patronalaren inposaketari. Ez gaude negoziazio baten aurrean eta irtenbidea ezin da izan patronalak nahi duen guztiari men egitea. Hor ez dago konponbiderik. Langileentzat prekarietate eta langabezia gehiago baino ez luke ekarriko horrek.

Beraz, jakinarazten dugu LABek mahaietan duen bere partehartzea eten egingo duela, benetako negoziazioa ematen ez den bitartean. Are gehiago, benetako negoziazioa lortzeko ezinbestekoa da antzerki honekin bukatzea. LAB negoziazio hori eman dadin ahaleginduko da aurrerantzean.

Argi diogu. LABek sektoreko hitzarmenak defendatzen jarraituko du. Baina benetako negoziazio bat behar dugu. LAB ez da geldirik egongo.

Hauek dira aurrera begirako LABen konpromisoak:

1.- Eusko Jaurlaritzaren esku hartzea exijituko dugu. Ez al du ezer egin behar?
2.- Erakunde publikoetara eramango dugu metaleko hitzarmenen aldarria.
3.- Metaleko hitzarmenaren defentsan mobilizatzen jarraituko dugu.
4.- Enpresa eremuan sektoreko hitzarmena babesten eta defendatzen jarraituko dugu eta eremu honetan ere ekimen berriak martxan jarriko ditugu.

Hitzarmenaren defentsa ez dagokio soilik LABi, denon ardura da. Horregatik, dei berezia egin nahi diegu sektoreko langile guztiei hitzarmenak defendatzeko.

 

 

 

LABek ardura azaltzen du Nazio Batuek antolaturiko krisi klimatikoaren inguruko gailurraren aurrean

0

120 ordezkaritza politiko eta finantziaritik gora bildu dira Nueva Yorken gaur Nazio Batuek deituta, ustez klima aldaketaren eztabaidan beste bultzada bat emateko.

Gailur hau Copenhageko gailurraren porrotaren haritik dator. Orduan ere, Kyotoko protokoloa bete gabe zegoela salatu genuen 1997. urtetik. Emisioak murriztea herrialde askotan ez delako lortu eta beste herrialde batzuk ez dute onartu ere egin. Protokolo honek sei gas kopuru gutxitzea zuen helburu: lau berotegi efektukoak (karbodioxidoa, metanoa, nitrogeno oxidoa eta sufre hexafluoruro) eta bi gas talde (hidrofluorokarbonoak eta perfluorokarbonoak)

Honen aurrean LABek bere ardura eta mesfidantza adierazi nahi du, izan ere, agerikoa da ingurumena eta gaurko politika ekonomikoen arteko harremana. Gaur gai honen inguruan mundu finantzieroko buruzagi nagusiak eztabaidatzen egotea beldurgarria deritzogu, izan ere, haiek dira baliabide naturalen, giza komunitate jakin batzuen eta langileon zapaltzaileak irabazi ekonomikoak lortzeko. Aldaketa klimatikoa atzera bueltarik izan ez dezakeen puntura heltzen ari da, eta horren erantzulea kapitalismoa bera sistema bezala da, berau aldatzen hasi bada, ziur gaude krisi klimatikoan sakontzen jarraituko dugula.
 

 

 

Tubos Reunidos Industrialeko lan poltsaren eraketan errespetua, berdintasuna eta gardentasuna eskatzen ditu LABek

0

Tubos Reunidos Industrial enpresak lan poltsa bat eratzeko langileen hautespen prozesu bat jarri du maartxan. LABeko sail sindikalak, kontratazio eta hautespen prozesuak positiboki hartzen dituela argi utziz, enpresak kontratazio hauetan eramaten ari den jarrerarekiko desadostasuna publikoki salatu du.

Tubos Reunidoseko LABeko Sail Sindikalaren irakurketa
«Tubos Reunidos Industrial enpresak lan poltsa bat eratzeko langileen hautespen prozesu bat hasi berri du espezialista eta peoi lanak burutzeko. Argitu nahi dugun lehenengo gauza kontratazio edo hautespen edozein prozesu ona eta positiboak direla da.

TRIko LABeko Sail Sindikaletik enpresak kontratazio hauetan eramaten duen jarrerarekiko gure desadostasuna publikoki salatu nahi dugu.

Enpresa bat beste leku batera joaten denean deslokalizazio bezala ulertzen dugu, hasierako lekuan lan hutsunea ezarriz, baina enpresa bat deslokalizatzeko betse modurik badago. Tubos Reunidos Industrial enpresa Aiaraldeko enpresa garrantsitsua bada, eskualdeko sontegu ekonomietako bat. 60Ko hamarkadan Amurrion ezarri zenetik, azken urteotan TRIk normala denez langileen aldaketa jasan du, belaunaldi aldaketa alegia. Historikoki, kontratazioak eskualdeko jendarteetan zen nagusi baina azken aldietan kontratazio politika hau guztiz aldatu du. Enpresak ematen duen arrazoia behar duen kualifikazio handia da, trebatuak diren inguruko pertsonak gutxiesten.

TRIk kontratazio hauek eta prozesua nola burutzen ari duen ezin dugu onartu. Euren eskuak ez zikintzeko “kontratazioaren frankizia” baten gainean ipini dute prozesua, zein inpartzialtasun faltsu batekin TRIren ildoak betetzen ditu. TRIk Enpresa Batzordeari apenas informazioa ematea prozesuaren inguruan oso susmagarria da

Guztiz egokia da “TRIk aukera-berdintasun eta praktika ez-baztertzaileak sustatzen ditu” ipintzea prozesuaren deialdian, baina urteak darama Berdintasun Planari ezetz esaten Enpresa Batzordeari.

Tubos Reunidosek (beste enpresa asko bezala) bere hipokrisiarekin jarraitzen du, gauza bat esan baina beste bat egin. 3 urtetako experientzia eskatzea peoi lanetarako berdintasun printzipioa ote da gazte, emakume, etorkinentzako…?

TRIko LABeko Sail Sindikaletik errespetua, berdintasuna eta gardentasuna eskatzen jarraituko dugu.»
 

 

 

Ikastola, herri eskola, elkartasunari esker biziko da

0

Joan den ikasturtean Hendaia eta Beskoitzeko ikastolen aferetan prefetaren esku sartzeetan bezala, 2014 eskola sartze honetan ere administrazioaren itxikeria eta erasoa pairatu du Ziburuko Kaskarotenea ikastolak, kasu honetan auzapez eta Paueko epaileen esku sartzearekin. Prefeta eta auzapezaren jokaera itxiaren aitzinean denen elkartasuna izan behar da erantzuna LABen ustez.

Dakizuenez, Kaskarotenea ikastola auzitan eman zuen Ziburuko auzapezak herriko etxearekin zuen kontratua agortu eta okupatzen duten barrakoia eta lur publikoa utz zezaten.
Bitartean irailaren 4an, hesia eraitsi eta ura zein elektrizitatea moztearekin mehatxatu zuen auzapezak. Epaitegiak auzapezari arrazoia eman eta irailaren 8tik goiti egunean 100 euroko isuna ezarri zion.

Gurasoak, Seaskarekin adostuz, isuna ordaintzen hasi beste toki bat bilatzen hasi dira eta elkartasun dei bat hedatu dute.
Elkartasun deiari erantzun diote pertsona ezagunek (Irrien lagunek…) eta milaka euskal herritarrek sarean zegoen petizio bat sinatuz eta diru laguntza bat ekarriz. LAB sindikatuak horretan ere plazerrarekin parte hartu dugu.

Euskal herritar eta euskararen defendatzaile gisa eta gure haurren hezkuntzaz axolaturik murgiltze sistemak botere publiko eta administrazioaren babesa behar duela diogu beste behin ere.

Baina erasoaren tamainaz oharturik, eta ikastolak ito edo minoria baten eskola bilakatu nahi dutenen aitzinean, herritarrei dei bat zabaldu nahi die LAB Irakaskuntzak ahal duten neurrian eta gisan. Horrela, izan dadin finantzamendua edo babes eta elkartasun ekimenak bultzatuz, hitzetatik ekintzetara pasatzeko tenorea heldu da. Haurrek, burasoek, hezkuntzaz arduratzen den ekipak, laguntzaileek eta Seaskak gure babes eta elkartasun osoa ukanen du.

 

 

 

LABek epaitegietara joko du D eredua urratzen duen legea bertan behera geratu dadin eskatzeko

Justiziako Goi Auzitegiak bertan behera utzi du Balear Uharteetan "eredu hirueleduna" ezartzeko TIL Dekretua. Nafarroan ere legea urratzen ari dira PAI eredua (Balear TILaren bertsio forala) ezarri nahia eta horregatik LABek epaitegietara joko du horretarako prest dauden sindikatu guztiekin batera, 37/2014 Dekretua bertan behera geratu dadila eskatzeko.

Balear Uharteeetako Goi Auzitegiak bertan behera utzi du TIL eredua ezartzeko Balearetako Gobernuak ezarri zuen Dekretua. Auzitegiaren arabera, aipatutako Dekretua egiteko orduan Gobernuak ez zuen bertako Unibertsitatearen informerik jaso eta gainera Dekretuaren eraginaren gaineko azterketa egiten zuen Memoria ez nahikoa zen. LABen iritziz, Balear Uharteetan bezala, Nafarroan ere legea urratzen ari da PAI eredua (Balear TILaren bertsio forala) ezartzeko. Ez Balearetako PPri ezta UPNri ere ez zaie axola hezkuntzaren kalitatea; biek ala biek hezkuntza erabili nahi dute beren fobia ideologikoen arabera. Eurentzat, dena da zilegi katalanaren eta euskararen kontra egiteko bada.

Beste sindikatuek ez bezala, LABek hasiera-hasieratik eman zion ezezkoa UPNren Gobernuaren asmoei, honek ingeleraren ustezko irakaskuntza D ereduaren kontrako armatzat erabili nahi zuelakoan. Arrazoi pedagogiko, sozial, kultural eta laboralak jarri genituen mahai gainean. Baina gainera, PAI programa korrika eta presaka ezartzeko obsesioak legea urratzera eraman du Nafarroako Gobernua.

Izan ere, 37/2014 Dekretua hezkuntza kalitatearen, ikasleen eskubideen nahiz irakasleen eskubideen kontrako eraso larria da. Batetik, Haur hezkuntzako espezialitatea ez duten irakasleak hezkuntza ziklo horretan klaseak emateko gaitzen ditu: barrabaskeria hutsa. Bestetik, beharrezko ingeles titulazioa (C1) ez duten irakasleak ingelesezko klaseak emateko gaitzen ditu, Gobernuari ikasleek hizkuntza hori ikasten ote duten ezer gutxi axola zaiola erakutsiz; gainera, gerta liteke C1 titulua edo ingelesezko magisteritza duten irakasleak orain arte ez-nahikotzat jotzen zen titulazioa (B1 eta B2) duten irakasleen atzetik geratzea zerrendetan.

Arrazoi hauengatik, LABek epaitegietara joko du horretarako prest dauden sindikatu guztiekin batera, 37/2014 Dekretua bertan behera geratu dadila eskatzeko.
 

 

 

Etxe langileek prestazio guztiak jasotzeko duten eskubidearen aldeko mobilizazioa bihar Bilbon

Bihar, Irailak 25, Bizkaiko Etxe Langileen Elkarteak eta hainbat eragile Sozial eta Sindikalek "Etxe langileentzat ere prestazio guztiak" lelopean mobilizatuko dira Bilboko GIzarte Segurantzaren bulego aurrean goizeko 10:30etan.

Mobilizazio honek etxe langileak langabezia kobratzeko duten eskubidea aldarrikatu eta bestetik langile hauek LANBIDE eta Gizarte Segurantzaren aldetik pairatzen ari dituzten gehiegikeriak salatzea izango du helburu.

PREKARIETATERIK EZ,
ENPLEGU DUINA ETXELANGILEENTZAT!!

"Etxe langileentzat ere prestazio guztiak"
Eguna: Irailak 25, 10:30etan.
Lekua: Gran Via 89.
 

 

 

Pobreziaren kriminalizazioa eta arrazakeria salatu eta pertsona orok oinarrizko eskubideak bermatuak izatea exijitzen du LABek

Gasteizeko eta Arabako PP-a gizarte-laguntzak jasotzen dituztenen aurka egiten ari den kanpainak gure erabateko arbuioa bakarrik jaso dezake. Behin eta berriro, batzuetan hauteskunde-arrazoiak direla medio, bestetan, haren politiken porrota ezkutatzeko, alderdi popularrak, oraingoan Marotok eta De Andresek, ez du zalantzarik izan, sektorerik ahulenak erabiliz, haien buruak doilorki zuritzeko.

Eta egin, beraiek, lan erreformekin, eragin dituzten itxaropen ezaz, amorruaz eta sufrimenduaz baliatuz egin dute, non hauen ondorioz, milaka lagun langabeziara bidali dituzten, non babes politiketan egiten ari diren murrizketek milaka pertsona iraupen luzeko langabezia-babesik gabe uzten duten, non bankari eman laguntzek lotzen gaituzten zorraren uztarrira, non higiezinen espekulazio politikak jendea etxebizitzarik gabe uzten duen,… PP-rentzat errazena petxeroa bilatzea eta prekarietateari eta pobreziari aurre egiteko erabiltzen diren aurrekontu publikoek uzten dituzten papurrengatik borroka gaitezen eragitea da. Ozen esan behar da ordea, beraiek dira errudunak!

PP gezurretan ari da, eta aski ongi daki. Diru-sarrerak bermatzeko errenta legean jasotzen den eskubidea da, eta hura eskuratzeko, baldintza zorrotzak bete behar dira (egoera ekonomikoa, laborala, erroldatzea). Jakin badaki gezurretan ari dela, prestazio hau jasotzeko pertsonen duintasuna bera zalantzan jarri ohi duen etengabeko kontrol-sistema jasan behar delako (gastu pertsonalen justifikazioa). Jakin badaki gezurretan ari dela, prestazio honen zenbatekoak, txirotasun-atalasetik oso azpitik dagoena, ia ez duelako ahalbidetzen bizitza egokia. Horratx haur-txirotasunaren datuok. PP-k badaki gezurretan ari dela, baina zergatik egiten du?

Ba, helburu garbia duelako. Eta harekin batera, neoliberalismoaren esparruan dabiltzan guztiek, nagusi diren botere ekonomikoaren eta patronalen aldeko neurriak hartuz dihardute. Badakite bidegabea, gorabeheratsua eta eskubiderik gabeko gizarte eta ekonomia-ordena ezartzeko indarkeria erabili behar dela: beldurra eta xantaia enpresetan hedatu behar delako; sasi-lanak kontrolatzen dituelako eta haiek onartzera behartzen duelako; zatiketa eta zigorraren mehatxua erabiltzen duelako. Esplotazioa gero eta handiagoa izatea, enplegu politika atzerakoiak, langabezia, zigor-kodearen erreformak, gizarte-laguntzetan gertatu murrizketak, eskubideak desagertu izana, xenofobia eta pobrefobia, gizarte-ezinegonaren kudeaketa,… hauek guztiak eskaintzen ari zaizkigun eta etorkizunean eskainiko dizkiguten atalak dira.

Horrengatik, LABek ezinbestekoa deritza gizarte-mobilizazioari, politika horiei aurre egiteko eta justizia-sozialean oinarritzen den sistemara hurbiltzeko. Honen harira, Eskubide Sozialen Gutuna sustatzen dugu, hura, egungo gizarte-ordenarekin, prekarizazioarekin, kontsumismoarekin, indibidualismoarekin, arrazismoarekin eta patriarkalismoarekin eteteko prozesuan aurrera egin nahi dugun baliabidea da. Zilegitasuna kendu behar diogu eredu sozial bidegabe baten menpean jarri nahi gaituzten diskurtso orori. Guztiontzat eta inor baztertu gabe eskubide sozialak bermatuko dizkiguten baliabideak eskuratu behar ditugu. Eta batez ere, Euskal Herrian bizi garenon artean, ekoizpena, kontsumoa, aberastasunaren banaketa eta elkarbizitza eskubideak bermatuko dizkiguten tresnez hornitu behar dugu.

 

 

 

Kutxa-Kutxabanken pribatizazioaren kontrako plataformak giza katea egingo du bihar Donostian

Bihar osteguna, hilak 25, Kutxako administrazio kontseilua fundazio bankarioaren patronatoa izendatzeko bilduko da. Honen aurrean Kutxa-Kutxabank-en pribatizazioaren kontrako eta Euskal Herrirako sistema Finantziario publiko baten aldeko plataformak Donostian, goizeko 11etan Udaletxetik irtengo den giza katea deitu du. Pribatizazioaren aurka ere, gaur, hilak 24, mobilizazio ezberdinak deitu dira Ordizia (12:00etan Plazan) eta Eibarren (18:30etan Julian Etxeberria kalean).

Argudio politiko, ekonomiko edo legalik gabe, espekulatzaile eta bankeroen mesedetan kutxak likidatzea erabaki duten horiek, beren bide orria jarraitzen dute: Kutxa-Kutxabank-en pribatizazioa da datorren asanbladara eramango duten proposamena. Ez zaie inporta gehiengo sozial eta sindikala kontra egotea, ez zaie inporta euskal jendarteari bere iritzia emateko aukera lapurtu izana edo FDG bezalako instituzioek erakutsi izana legez ez dela derrigorrezkoa egiten ari diren hori egitea.

PNV, PP eta PSEren eskutik Gipuzkoako jendarteari egiten zaion espoliazioak bere alde du oraingo honetan CCOOren bozka. CCOOk Kutxa-Kutxabank-en izaera publiko eta soziala mantentzearen alde bozka dezake eta honela proposamena aurrera aterako da, ala PNV, PP eta PSErekin batera bozka dezake kutxak pribatizatu eta likidatuz, eta hau da egingo duena.

Hilaren 25ean Kutxa-Kutxabank-en pribatizazioaren kontrako eta Euskal Herrirako sistema Finantziario publiko baten aldeko plataformak Donostian, goizeko 11etan Udaletxetik irten eta Kutxan (Gabiria kalea) amaituko den giza katean parte hartzeko deia luzatzen du; denbora dago, alternatiba ere badago, borondatea besterik ez da falta Kutxa-Kutxabank pertsonen eta euskal ehun prodiktiboaren mesedetara, eta ez akziodun espekulatzaileen irabaziak handitzeko, egongo den erakunde finantziario publiko bat izan dadin.
 

 


Eusko Jaurlaritzak KZgune sarea suntsitzen eta langileak kaleratzen ari da

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek KZgunea sarea suntsitzen eta langileak kaleratzen ari direla salatu dute. Zerbitzua kudeatu zuten azpikontratek 15 langile kaleratu zituzten 2013ko martxoan eta beste 35 langile 2014ko udan.

Jaurlaritzako ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen irakurketa
Eusko Jaurlaritzak KZgune sarea suntsitzen eta langileak kaleratzen ari da

«Azken hamabi urteotan doako internet zerbitzua izan dugu gure herrietako KZguneetan. Proiektua 2001an sortu zen Berrikuntza Publikoaren Planaren eskutik. 2012an 279 KZgune martxan ziren, eta 91 dinamizatzaile aritu ziren 56.000 lagun artatzeko. 10.000 ikastaro burutu ziren. Erabiltzaileak, batez ere, izan dira bazterkeria sozialean dauden pertsonak, adineko pertsonak eta langabeak.

Zerbitzua kudeatu zuten azpikontratek 15 langile kaleratu zituzten 2013ko martxoan eta beste 35 langile 2014ko udan, gainontzeko langileei ohartu egin diete beste 30 bat lagun kaleratuko dituztela diru publiko gehiagorik jasotzen ez badute. Jakin dugu kaleratzeak KZguneetako zuzendariak eskatua izan dela, beraz, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu batetik, gai hori argitzea, eta, bestetik, Jaurlaritzak berak kalte-ordainak ez finantzatzea.

KZguneen zerbitzuaren kalitatea gutxitzen ari da EAJko Gobernuaren erabakiaren ondorioz; dagoeneko zenbait proiektu ezerezean geratu dira. Gela kopurua mantenduko bada ere, 10.000 bizilagun baino gehiagoko herrietan baino ez dute izango lanaldi normalizatua. Zenbait KZgune itxi egin dira, aldi baterako gutxienez, eta hainbat ikastaro ere bertan behera geratu dira langile berriek ez dutelako formazio edo kualifikazio nahikorik. Erabiltzaileen gogobetetze mailak nabarmen egin du behera. Baliteke egoera hau Gobernuak sustatutakoa izatea, zerbitzua txikitu edo, agian, itxi dela justifikatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Sindikatu guztiok –ELA, LAB, CCOO eta UGT– bat egiten dugu langileekin eta euskal herritarrek Interneterako sarbidea izateko duten eskubidearen defentsan agertu diren Udaletxeekin. Eusko Jaurlaritzari berari, herritarrei eta Legebiltzarreko taldeei eskatu nahi diegu ez onartzeko zerbitzu honen kaltetzea, ez eta KZguneetako langileen kaleratzea ere.

Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu batetik, arduraz jokatzeko eta UTEa derrigortzeko kaleratutako langileetatik nahi duten guztiak haien lanpostuetan berriro hartzera, lehengo lan-baldintza berberekin; eta bestetik, kontratatutako langile berriak lanean jarraitzea, ez baitira enpresaren kudeaketa txarraren erantzuleak.

KZguneetako langileentzako lan baldintza duinak ere eskatzen ditugu. Ez baita bidezkoa Jaurlaritzak onartzea langileak urtean 12.500€ gordineko soldata izatea azpikontratak langile bakoitzeko 30.000€ eskuratzen dituenean urtean, beste finantzabide batzuez gain (adibidez, Lanbidek langabetuentzat ematen dituen ikastaroei dagokiena).

Azkenik, Eusko Jaurlaritzako Administrazio Orokorreko Sindikatuok beste behin ere exijitu nahi dugu zerbitzu publiko gehiagorik Administraziotik kanpo ez ateratzea.»