2026-07-03
Blog Page 1151

LABek ez du parte hartu Industria Lehiakortasuneko Plataforma Iraunkorraren batzarrean

0

LABek Industria Lehiakortasunerako Plataforma Iraunkorraren batzarrean parte ez hartzea erabaki du bilera hauetan ez baita partehartzea bermatzen. Hala ere, gaiak duen garrantziaren aurrean sindikatuak Gobernuarekin aldebiko bat egiteko bilera eskaera ofiziala egin genuen bilera horretan planaren inguruko gogoeta egiteko.

LABek ez du parte hartu Industria Lehiakortasunerako Plataforma Iraunkorraren batzarrean ondoko arrazoiengatik:

1-Urteak dira LAB sindikatuak plan hauen inguruan bere irakurketak egiten dituela. Irakurketa eta ekarpen hauek Gobernuari helarazi dizkiogu eta publikoak izan dira beti. Gure ustez Euskal Herria herri industrializatua izango den auzitan dago. Asko dago egiteko, eta ez goaz norabide egokian.

2-Ez dugu uste horrelako formatuko bilera batek gaiak duen garrantziari erantzuten dionik. Ez da parte hartzea bermatzen, ez baitago ekarpen zehatz ez orokorrerako aukerarik. Berez egina dagoen eta aldaketetarako aukerarik ematen ez duen plan baten aurkezpen bilera batean ez dugu parte hartuko.

3-Hori dela eta, pasadan astean Gobernuarekin aldebiko bat egiteko bilera eskaera ofiziala egin genuen bilera horretan planaren inguruko gure gogoeta aztertzeko. Benetako parte hartzerako borondatea badago eta benetan Gobernu honek garrantzia ematen badio gai honi ez litzateke arazorik egon behar bilera hori egiteko. Gure konpromisoa da bilera hori eta gero planaren inguruan LAB Sindikatuak egiten duen gogoeta eta Gobernuak ekarpen horiekiko eduki duen jarrera gizarteratzea.
 

 

 

LABek kritika zuzena egiten dio Jaurlarizak aurkeztu duen arrantza plan estrategikoari

0

LAB sindikatuak prentsaren bidez izan zuen Eusko Jaurlaritzak aurkezturiko Arrantzaren Plan Estrategikoaren berri. Plan Estrategikoari buruz egiten duen irakurketa eta gai honen inguruko proposamenak plazaratzeko prentsaurrekoa eskeini du gaur.

Eusko Jaurlaritzak aurkezturiko arrantzaren plan estrategikoa prentsaren bidez ezagutu du arrantzaleen ordezkaritza nagusiena duen LAB sindikatuak, beraz, lehen kritika hortik zuzendu beharrean gaude. Plan estrategiko hau osatzeko, Jaurlaritzak ez du inongo parte hartze mekanismorik martxan jarri, beraz plan honen gardentasuna zalantzan jartzen dugu. Proposamen zehatza jartzen du LABek mahai gainean, aurreko planaren kopia egin beharrean, benetan arazoiei eta arrantzaren etorkizunari aurre egiteko mahai instituzionala osatzea, non ordezkaritza politikoaz gain, teknikoa, soziala eta sindikala egongo den.

Zehaztasuna eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari, guztiz eznahikoa dela deritzogu plana, neurri zehatzak guztiz beharrezkoak dira eta ez deklarazio hutsak. Aurreko planetatik hona gertaturikoaren kritika egin beharra du administrazioak, eta ez bide beretik jarraitu. Horrez gain larria deritzogu planean programa ezberdinen finantziazioa ere ez agertzea.

Eusko Jaurlaritzaren benetako apostua zein den jakin nahiko genueke, Kantauri itsasoak denarekin ezin du eta, Eusko Jaurlaritzak bioanistasunaren eta euskal arrantzaren alde borrokatuko da, edo hidrokarburoak ateratzeko teknikaren alde egingo du? Bata edo bestea, bi aukerak ez dira bateragarriak. Eta euskal arrantzaren alde egingo badu, non inbertituko du, arrantza iraunkorrean, hau da, teknika tradizionaletan oinarriturikoan edo arrantza industrial eta multinazional handietan? Arrantzaren etorkizuna bermatzeko arrainak behar dira, horretarako arrantza zientifikoa bultzatu behar da, arrantza arduratsua eta iraunkorra izan behar da, ekosistemari eta arrainen espeziei ahal den kalte gutxien eginez. Honetan ere aukerak ez dira bateragarriak.

Gure eskaintza aurrera egiteko argia da, gure herriak arrantza zein nekazaritza derrigor behar ditu, administrazio publikoentzat lehentasun izan behar dira industriarekin batera gure herriaren ekonomian. Beste arrantza eredu bat pentsatzen eta praktikan jartzen urgentziaz hasi behar gara elkarlanean, eta arrantza eredu horren flota eta bere kudeaketa publikoak izan behar dira benetan eraginkorrak izateko eta biziraupena izan dezan, Flotaren murrizpenarekin amaitu behar da, lizentzien eta arrantza eskubideen galera ekidin behar ditugu, horretarako Euskal Herrirako flotarako arrantza politikoa propio behar dugu. Belaunaldi berriek eta dagoeneko itsasoan dabiltzanak sektorean lanean izateko, arrantzaleek lan baldintza duinak izan behar dituzte, horretarako, lan hitzarmen egokia nahitaezkoa da.

Bidea zein den argi dugu LABen, elikadura burujabetza, eta ez gabiltza utopia aipatzen, hartu beharreko erabaki zehatzak hartuz gero benetako aukera egingarria da. Bertoko sasoiko arraina eskola zein ospitaleetako sukaldeetan sukaldatzeaz ari gara, ez da inongo zorokeria, aukera logikoena baizik. Eredu aldaketa horretan, denok irabazle aterako ginateke, hasteko euskal jendartearen osasunean, gure ekonomian eta baita kulturan ere. Horren aldeko apostua eta horrekin batera inbertsioak egin behar dira, bertoko sasoiko arraina fileteatzeko makinak adibidez, horrelako neurriek, lanpostu berriak sortuko lituzkete beraz, komertzializazioan, trataeran..

Arlo honetan ere erabakitze eskubidea aldarrikatzen dugu, gure arrantzaren, ekonomiaren, kantauri itsasoaren, arrantzale, portuen eta bioanistasunaren inguruko erabakiak hartzen diren erabakigune guztietan presente egon behar dugu, eta erabakigune horiek, berton izan behar dira.
 

 

 

LAB ere Euskal Herriko hondartzetan izango da dispertsioaren amaiera aldarrikatuz

Uztaila eta abuztuan jende asko eta asko oporretan egongo bada ere, “familia askoren norakoa ez da hondartza izango, kartzela baizik. Senideentzat ez da oporrik, espetxeratuak dituzten ahaideen eskubideak etengabe baitira zapalduak.


Presoek eta beren senideek pairatzen duen egoera larria da: sakabanaketak indarrean jarraitzen du, Bizi Osorako Zigorra -40 urteko kartzelaldia- aplikatzen jarraitzen dute, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak ere ez dituzte askatzen, senide eta lagunon kontrako jazarpena ere gero eta handiagoa da…

Udan ere deskantsurik ematen ez digun mamua da dispertsioa. Dispertsioarekin amaitzeko unea da, horregatik abuztuaren 2an, aldarri horren oihartzuna Euskal Herriko kostalde osoan barna entzun eta ikusiko da, hondartzaz hondartza.

LABek, euskal presoen eskubideen alde hartutako konpromisoari eutsiz, bat egiten du du Etxerat-ek egindako deialdiarekin eta Euskal Herriko hondartzetan izango da datorren igandean.

GIPUZKOA
-Donostiako Kontxa hondartzan, Deban eta Orion 12:00etan.

BIZKAIA
-Lekeitio eta Ondarroan 12:00etan
-Mundaka eta Ean 13:00etan
-Plentzian 17:00ean

 

 

 

Arabako Metalgintzan CCOO, UGT eta SEAk sinatutako akordioa inposaketa bat da

0

Gaur, LAB Sindikatuak, Arabako metalgintzako delegatuekin asanblada egin du CCOOk eta UGTk SEArekin sinatutako akordioa aztertzeko eta aurrera begirako lan lerroak zehazteko. Eragin mugatuko hitzarmen honek patronalaren intesesak bermatzen ditu. CCOO eta UGT patronalaren jokoan erori dira, euren interesak jarriz langileen interesen gainetik. LABetik eragin mugatuko hitzarmen honen aplikazioaren kontra gogor erantzungo dugu enpresetan benetako akordioak eskatuz.

SEAri langileak zatitzeko zein enpresa eremuan lan-baldintzak kaskartzeko tresna ezinhobea oparitu diote langileen %33ko ordezkaritza edukita.Eragin mugatuko hitzarmen honek ez du enplegurik sortzen lagunduko, eta prekarietatean sakonduko duela patronalari lan kostuak murrizten jarraitzeko aukera ematen diolako, bi arrazoi nagusigatik:

– hitzarmen honen bidez langileek urteetan galdutako eros ahalmena ez dute berreskuratzen eta KPIaren erreferentzia desargetuz, aurrerantzean soldata egiturak, patronalak nahi duen moduan, aldatzeari ateak parez pare irekitzen dizkio.

– Malgutasun handiagoa oparitzen zaie enpresaiei, enpleguaren aldeko inolako konpromisorik bereganatu gabe.

Honela negoziaizio kolektiboa, sortzen den aberastasuna gero eta okerrago banatzeko tresna bilakatzen da, enpresarien onurarako eta langileen kaltetan.

Patronalak topatu du beraren interesak babestuko duen sindikalismoa. Baina topatu du ere eragin mugatuko hitzarmenei balioa eta aitortza ematen dion eremu publikoa. Lan Harremanetarako kontseiluaren Presidenteak, Tomas Arrietak, aste honetan egin dituen adierazpenak agerian uzten dute langileen interesen kontrako eraso honetan patronala ez dagoela bakarrik. Badago eremu publikoan, non eta Lan Harremeanen Kontseiluan, eragin mugatuko hitzarmen eredu hau babesten duena, jakinda antidemokratikoa dela eta langileen artean pobrezia hedatuko duela. Jakinda, jada ,pobrezia, estadistikak argi adierazten duen moduan, hedatzen ari dela.

LABek ez dio eragin osoko hitzarmenaren beharrari uko egingo. Eta eragin mugatuko hitzarmen honen aplikazioaren kontra gogor erantzungo dugu enpresetan benetako akordioak eskatuz:

• Eros ahalmena berreskuratzen lagunduko duten soldata igoerak proposatuko ditugu, KPIren erreferentzi mantenduz. Aurreko urteetan eman ez diren soldata igoerak jasoko dituena.
• Lan baldintzetan atzerapausorik ez. 
• Malgutasun gehiagorik ez enplegua ez suntsitzeko edo berria sortzeko akordiorik ez badago.
• Adostutakoa beteko dela bermatzen duten akordioak.
 

SEAk, CCOOk eta UGTk badakite, eduki hau bermatuz eragin osokoa izan zitekela hitzarmen sektoriala. Eragin mugatuko izatea beraien erabakia izan da, jakinda akordio honek soilik patronalaren interesak babesten dituela.
  

 

 

LABek Kristau Eskoletan, akordiori so eginez, ematen ari diren kaleratzeak salatu ditu


LAB sindikatuak Kristau Eskoletan sinatutako akordio bete dadin exijitzeko elkarretaratzea egin du gaur Donostian. Kaleratzeen kontra eta 3. artikuloan jasotzen den birkokapena martxan jarri artean LAB kalean izango da Kristau Eskolen eta AICEaren jarrera salatzen.

2014ko urriaren 10ean, Eibarren, Akordio bat sinatu genuen EAEko Gizarte Ekimeneko Sindikatu guziok Kristau Eskoletako eta AICEko ordezkariekin. Egun, 3. artikuloan jasotzen denari jaramonik egin gabe, ez da garatu eta bideratu enplegua eta lanpostuak berriro kolokatzeko neurririk. Matrikulazio datuak otsailetik ezagunak dira eta birkokapenerako saiakerarik egin gabe uztailean langile bat kaleratua izan da. Ez diote arazoari aurre egiten eta lapurren moduan, gordeketan, udaran egiten dituzte triskantzak.

LABek Kristau Eskolek eta AICEk adostutakoa bete dezatela exijitzen du, hau da, enplegua eta lanpostuen birkokatzea bermatzea. Argi geratu zaigu Zuzendarien aldetik arlo ekonomikoari, eta beroni soilik, kasu egiten diotela. Non dago errespetua? Gardentasuna? Konfidantza? Elkartasuna? Zintzotasuna? Hauek al dira Kristau Eskolak?
 

 

 

LABek balorazio ezkorra egiten du EPAren azken datuen inguruan

LABek balorazio ezkorra egiten du EPAren azken datuen inguruan, kontuan hartuta 2015eko bigarren hiruhilekoan Hego Euskal Herrian oraindik 202.800 langabetu daudela.

15.000 pertsona gutxiago daude langabezian, horrela da, baina nabarmendu behar dugu EAEn okupazio tasa ere jaitsi egin dela, %0,66 hain zuzen ere. Behin-behineko kontratuen bidez sortzen da enplegua, ez kalitateko enplegu finkoa sustatzearen ondorioz. Hori da gaurko datuek baieztatzen dutena.

Espainiako Gobernuak, EAEeko eta Nafarroako Gobernuak ez dute gaurdaino politika eraginkorrik sustatu aberastasunaren banaketarako; kalitateko enpleguaren bidez, langabezia prestazio egokien bitartez edota behar besteko errenten bidez pertsona guztiek bizi baldintza duinak izateko, alegia. Murrizketetan oinarritutako krisiaren aurkako politikek porrot egin dute, eta ondorioz, krisiak oraindik luze joko dugu.
 

 

 

LAB sindikatuak Bizkaiko Aldundiari eskatu dio egoeraren larritasunari aurre egiteko neurriak hartzeko

LAB sindikatua Bizkaiko Aldundiarekin batzartu da gaur. Bileran, gaur egun bizi dugun egoeraren larritasuna agerian utzi eta egoera sozial larria iraultzeko neurriak hartzeko eskatu dio sindikatuak.

LAB sindikatuak kezkaz aztertzen du Bizkaiko egoera. Gure sindikatuaren eguneroko jardueran, Bizkaian dagoen errealitate sozialaz jabetzen gara. Urte hauetan emandako prekarietate eta pobrezia prozesuak desberdintasun sozialen areagotzea ekarri du eta prekarietate soziala gure jendartean asko zabaldu da, adierazleek (Eustat, eragile sozial desberdinak..) azaltzen duten moduan.

Zentzu horretan, eskuetan ditugun datuen arabera, alarma gorriak piztuta daude eta, sindikatu honen aburuz, Bizkaiko Aldundian orain arte sustatutako politikak ez dio arazoren larritasunari tamainako erantzuna eman.

Hiru dira LABetik azpimarratu nahi ditugun ideiak:

1- Enpleguari dagokionez, egoera oso kezkagarria da. Alde batetik, langabeziaren tasa altua, % 17aren inguruan. Bereziki larritzen gaituzte Bilbo, Ezkerraldea edota Enkarterriko eskualdeek, horietan langabezia tasa %20tik gorakoa baita.

Egia bada ere azken hilabeteetan enplegua sortzen ari dela, sortzen dena oso prekarioa da. Joera hau mantentzen bada, lana izan ala ez, pobreziak eta prekarietateak iraun egingo dute. Aldi baterako kontratuak, kontratu partzialak edo soldata baxuetan (gogoratu behar da duela gutxi Urkullu Jaunak adierazi zuela 800-1000 euroko soldatak ez direla duinak) oinarritutako enplegu politikek ez dute balio pobrezia eta prekarietatearekin bukatzeko. Beraz, kasu askotan ez da nahikoa lana izatea bizitza duin bat aurrera eraman ahal izateko; bazterketa poltsa bat sortzen ari da lan prekarioa duten langileen artean ere.

2- Egoera hau are larriagoa da epe luzeko langabeen kasuan: Europako tasa handienetakoa da. Egoera onartezina eta jasanezina da. Horrek hiru ondorio ditu:

• Makina bat langile dugu orain babes ekonomikorik gabe eta etorkizunean pentsio duin bat lortzeko inolako aukerarik gabe.
• Diru sarrerak bermatzeko errenten eskariak gora egiten du. Hala ere, errenta horrek babes ahula ematen du, ez baitu laguntzen pobrezia larria gainditzen, estatistikek agertzen duten bezala (2008tik 2014ra pobrezia hazi baino ez da egin, % 6,4 Eustaten arabera).
• Eta gainera kontuan hartu behar da badela babesik gabeko jendea, erroldaren baldintza gogorrak direla eta.

3 – Azken urteetan, nahiz eta egoerak eta beharrak areagotu, gastu soziala ez da proportzio berean igo, eta horrek ekarri du zerbitzu eta prestazio sozialen azpigarapena, kuantitatiboa eta kualitatiboa.

Esan bezala, LAB sindikatuan argi dugu orain arteko politikek bere mugak eta ezintasunak agertu dituztela egoera sozial larria iraultzeko. Horregatik, Bizkaiko Aldundiari neurriak hartzea eskatzen diogu:

a) Aldundia eragile aktiboa izan behar da kalitatezko enplegua sortu, sustatu eta banatzeko orduan. Neurri zehatzak aldarrikatzen dizkiogu: klausula sozialen sustatzaile izan dadila, hitzarmenen ultraaktibitatea defendatu dezala, behin behinekotasuna mugatu, langileen osasuna zaindu eta berdintasuna bermatu…

b) Bizkaian sortzen den aberastasuna era justu eta solidario batean banatzea beharrezko ikusten dugu. Horretarako, egungo eredu fiskala progresiboagoa bihurtzea eskatzen dugu, gehien dutenek gehien ordaintzeko.

Zentzu berean, 2016rako aurrekontuetan gastu soziala handitzea eskatzen dugu. Horrela, gizarte zerbitzuetan eta dependentzia alorrean egindako murrizketei aurre egin behar zaie, Bizkaiko jendeak behar eta merezi dituen zerbitzuak eskainiz.

d) Bukatzeko, eta LABkin bildu dena berdintasuna barnebiltzen duen Departamendua izanik, eta kontuan edukita, pobreziaren eta prekarietatearen aurpegirik larriena emakumearena dela, berdintasunaren inguruko araudi forala egitea proposatzen diogu Bizkaiko Aldundiari. Besteak beste, behar dira neurriak har ditzan, pertsona guztien zaintza bermatzeko duintasunez eta unibertsaltasunez beti ere, genero zapalkuntza eta ezberdintasunak gainditze aldera.
 

 

 

“Dispertsioa Hiltzaile. Euskal Presoak Etxera” aldarrikapena Debako hondartzan

Debaldeako LAB sindikatuko delegatuek, elkarretaratzea burutu dute Debako hondartzan euskal preso politikoen eskubideen alde . Eskualdeko hainbat enpresetako delegatuak, “Dispertsioa Hiltzaile. Euskal Presoak Etxera” lelodun bi pankartekin gizartearen gehiengo handi baten nahia irudikatu nahi izan dute.
 

 

 

Cabieces kasua politikari batzuen onurarako ate birakarien funtzionamenduaren agerraldi klasiko bat da

"Kutxabank Cabieces" auzian herri-akusazio gisa agertu garen alderdi sindical eta sozialek egun dagoen informazioaren arabera Cabieces kasua politiko batzuen onurarako ate birakarien funtzionamenduaren agerraldi klasikoa dela ondorioztatzen dugu. Gure ustez, ez da inongo frogarik ekarri non ziurtatzen den Cabieces jaunak jasotzen zuen dirua lan-prestazio mota batekin bat zetorrela. Aitzitik, auditoretzaren txostenak zein alderdi honek eskatu lekukotasunek ziurtatu dute lan-prestaziorik ez dagoela.

CABIECES-KUTXABANK KASUAN HERRI-AKUSAZIOAREN BALORAZIOA

LAB, ESK, STEE-EILAS, Bizkaiko ENHE, HIRU, EKA eta Euskal Herriko pentsiodunen plataforma herri-akusazio gisa agertu gara Bilboko 4. instrukzioko epaitegian 2015eko 426 aurre-eginbideaz eta Kutxabanken jazo gertaerengatik fiskaltzak jarri duen salaketaren haritik burutzen ari den auzian, non ikerketaren ondorioz, Mario Fernandez, Mikel Cabieces eta Rafa Alcorta, besteak beste, inputatuak dauden.

Egun arte egin denaz akusazio honek iritsi duen ondorioa oso argia eta eztabaidaezina da:

Cabieces kasua ate birakarien funtzionamenduaren agerraldi klasikoa dugu, beti ere, politikari gutxi batzuen onuran. Gure ustez, ez da inongo frogarik ekarri non ziurtatzen den Cabieces jaunak jasotzen zuen dirua lan-prestazio mota batekin bat zetorrela. Aitzitik, auditoretzaren txostenak zein alderdi honek eskatu lekukotasunek ziurtatu dute lan-prestaziorik ez dagoela.

Babes-harremana eta Kutxabanki egin omen zaion iruzurra Euskal Kutxak eta Kutxabank pribatizatzea erabaki dutenen erabaki politikoak dira.

Cabieces jaunak Kutxabanken, ia lanik egin gabe, hilero 6.000 bat euro kobratzen zituen. Aipatu ordainketak ez badatoz bat inongo lanarekin; ordainketa politikoez ari garela esan daiteke.

Ordainketok, Kutxabank pribatizatzeko prozesuan, EAJ-k, PP-k eta PSE-k lotu dituzten akordioen baitan gauzatu ziren; alderdi politiko horien ordezkariek eman beharko lituzkete azalpenak, eta hala balegokio, euren gain hartu beharko lituzkete ondoriozta daitezkeen ardura politikoak.

Cabieces jaunak Kutxabank eta Iberdrolatik 12.000 euro hilero kobratzen zuen bitartean, eskatu zuen langabezia-prestazioa kapitalizatuz, haren autonomo-kuotaren gizarte-segurantza finantzatu zuen. Litekeena da jarduera hori legezkoa izatea, hala ere, guztiz ezmorala deritzagu. Gure ustez, moralki onargarria izan daitekeen ekimen bakarra Cabieces jaunak bidegabeki jaso zuen kopurua itzultzea litzateke.

Akusazio gisa agertu izanari eraginkorra deritzagu eta gustura gaude horrekin, herri-akusazio honen jardunari esker lekukotzak jaso direlako, eta hauek dute zalantza izpirik uzten: laneko prestazio batengatik ez bada ordainik egin, interes politiko kutsuko ordaina dagoen adierazgarri.

Caja Surreko abokatuak, joan den astean, eman lekukotzaren arabera, zioen ez zuela inondik inora ezagutzen Espainiako Gobernuaren ordezkari ohia, harekin ez telefonoz, ez posta elektronikoaz ere, ez zuela harremanik izan. Horrez gain, Alcorta jaunaren bulegoko lankideok baieztatu zuten epaitegiko egoitzan Cabieces jaunaren izendapena ezarri zutela, eta hautapenean ez zirela gaitasuna eta ezagutzak aintzakotzat hartu. Hortaz, ez digute Cabieces jaunak egindako lanen berri eman, eta kontuak honelakoak izanik, Caja Surreko abokatuarekin harremanik ez bazuen, nolatan justifika daitezke Andaluziara egindako bidaiak eta haiek eragindako gastuak? Gure zalantza zentzuzkoa da: zertan jardun da orduan Cabieces?

Herri-akusazioak bere buruari galdetzen dio nolatan egin dezakeen jaun honek lan, era berean, Iberdrolan eta Kutxabanken?

Gure ustez, behar beste zantzu daude epaitegiak instrukzioari eutsi diezaion eta prozedura aldatuko duen autoa eman dezan.

Azkenik, berriro ere, adierazi Kutxabanken pribatizazioa haztegi izan dela aipatu jokaerak eman daitezen, eta gure aburuz, erakunde publiko sortzaileei akzioak itzuliko ez balizkiete, antzeko egoera gertatuko lirateke etorkizunean.

Kutxabank publikoa izan dadila, pribatizazio prozesuak atzera egin dezala eskatzen dugu; euskal ekoizpen ehunak eta oro har, euskal gizarteak behar dute euskal finantza sistema publikoa sortzea. Horrela bakarrik, eskuartean daukagunaren antzeko iruzurrak saihestu daitezke.