2026-06-17
Blog Page 1128

LABek Arabako Unibertsitate Ospitala arrartsaldez kanpo kontsultak ixtearen erabakia salatzen du

0

Arabako Unibertsitate Ospitalaren Zuzendaritzak datorren abenduaren 23tik urriaren 7a bitarte Kanpoko Kontsulteetako eraikina arratsaldez itxita egongo dela iragarri du, “antolakuntza” arrazoiak direla medio argudiatuz. Erabaki honek Osakidetzaren murrizketen politikari erantzuten dio eta ondorioz langileen prekariezazioa dakar.

Badirudi Gabonetako espirituak Arabako biztanleria gaixo jarri ez dadin eragiten duela eta gainera espezialitate ezberdinetako itxarote-zerrenda desagertarazi nahi dutela. Egun hauetako magia izango ote da?.

Gure ustez, errealitatea erabat ezberdina da eta ziur aski “ANTOLATZEKO ARRAZOIAK” delako argudio horren atzetik beste faltsuzko arrazoiak daude, arratsaldeko txandan kategoria ezberdinetako langileak ez kontratatzea hain zuzen ere. Hau da, Osakidetza murrizketaren politika jarraituz bere helburua betetzen du, eta honen ondorioa langilearen prekaritatea da.

LAB Sindikatuari egoera hau larria dela iruditzen zaigu. Denok ezagutzen dugun bezala eta itxarote-zerrendaren kudeaketa nolakoa den ikusita, arratsaldeko itxierarekin, bai espezialitate, bai proba batzuk egiteko itxarote-zerrenda handitu besterik ez da egingo eta ondo dakigu denbora luze itxaron behar dugula hitzordu bat lortu ahal izateko. Honetaz gain, Txagorritxu ospitalean, kirurgia orokorra, baskular, urologia eta traumatología zerbitzuetan oheak itxi egingo dituztela ABENDUAREN 21etik URRIAREN 6a arte.

Laburbilduz, Osakidetzak gizarteari bere ontasunak saldu nahi dizkio, baina kontratazio egin barik jarraitzen du, ordezkapenik egin gabe, langileen lan-zama areagotuz eta pazienteen itxarote-zerrenda handituz. Iragarritako itxiera hauek osasungintzako egoera hobetzeko ez dute ezertarako laguntzen eta Euskal osasunaren kalitatea kolokan jartzen dute Zuzendaritza honen erantzunkizun eza egiaztatuz.

 

 

 

Nafarroako Irakaskuntzako Mahai Sektorialaren funtzionamendua erabat desbideratua dago

0

Nafarroako irakaskuntzako oposaketen inguruan, erabat desbideratuta ikusten dugu Mahai Sektorialaren funtzionamendua eta dei egiten diogu gobernu berriari dinamika aldatzeko, guztion artean hezkuntzak behar duen kalitatea bermatzeko.

Ostiralean, hilak 30, irakaskuntzako sindikatuok, Langile Irakasle Batzordean elkartu ginen mahai sektorialaren deialdi ezaren eta oposaketen inguruan solas egiteko. Departamentuak adierazi zuen urrian mahai sektoriala deituko zuela eta ez du bere hitza bete.

Honen aurrean, LABek, ordezkapen handiena duen sindikatu bezala eta horrek suposatzen duen arduragatik, azpimarratu nahi du, alde batetik, aurreko astean argitaratutako artikuluan esan zen bezala, Mahai Sektorialaren funtzionamendua erabat desbideratuta ikusten dugula eta dei egiten diogu gobernu berriari dinamika aldatzeko, guztien artean hezkuntzak behar duen kalitatea bermatzeko. Horretarako, Administrazioari eskatzen diogu hurrengo mahai sektorialen deialdiak errespetatzea.

Beste aldetik, Administrazioak erakutsi duen ezintasuna ikusirik, LABek hasieratik defendatu zuen proposama berresten du. 2015-2016 Ikasturtean hezkuntza egoeraren diagnostiko sakon bat egitea, etorkizuneko beharrak identifikatzeko eta planifikazio baten bidez kudeatzeko. Besteak beste, murrizketak bertan behera geratzeko. Diagnostikoaren ondorioz Lan Enplegu Publikoaren (LEP) prozesuaren denboralizazioari dagokionez hau litzateke; 2016-2017 ikasturtean Haur eta Lehen hezkuntzako oposizioak eta 2017-2018 ikasturtean Bigarren Hezkuntzako oposizioak.

Bukatzeko LABek azpimarratutako lan ildoan jarraituko du, Lehentasuna Irakaskuntzan dauden beharrak identifikatzeko dignostikoari emanez. Benetako LEP duina aldarrikatzen dugu, plaza kopuru aldetik eta denboran egokia (berandu egin da LEP iragarkia burutzeko ) eta azkenik murrizketen aurreko egoerara itzultzea irakasleriaren lan baldintzak hobetzeko bidean eta kalitatezko benetako hezkuntza lortzeko.

 

 

 

Darponen Osasun Sailak Deustuko Unibertsitateko Masterretan gastatzen du guztion dirua

0

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Deustuko Unibertsitateak, “Osasun Kudeaketarako Masterra” sustatzeko akordioa berritu dute bigarren edizio honetan. Iaz 16 plaza eskaini ziren eta aurten 22 izango dira prestakuntza jasoko dutenak. Irailean hasi eta 2016ko uztaila bitartean burutuko da 9 hilabetez. Hiruileko batean prestakuntza teorikoa jasoko dute eta beste 6 hilabetetan praktikak burutuko dituzte Osakidetzako hainbat zerbitzu erakundetan, zein osasun sailean bertan. 

Deustuko Unibertsitateko webguneak adierazi bezala, Deustuko Unibertsitateak zein Osasun Sailak duten interes haudia dela eta, bi erakundeen kofinantzazioa dela eta, masterrak 6.000 euroko kostua izango du. Beste behin desbideratu egiten da diru publikoa, kasu honetan, unibertsitate pribatu batek osasun kudeaketari buruzko ikasketak diruz laguntzeko.

Lan aukera ugariak eskaintzen dituen eta “galdu ezin daitekeen” ikastaro bezala saltzen da masterra, “osasungintza eta sektore soziala hazten ari dira, aukera paregabeak eskeintzen dituztenak etorkizunerako zuzendaritza eta kudeaketa esparruetan”.

Masterraren edukiei erreparatuz, “osasun sistemen erronkak eta etorkizuneko osasun estrategien definizioan sakontzea” ageri dira. Helburua, osasun sektorearen eraldaketa prozesuetan lidergoa eramango duten kudeatzaileak prestatzea da.

LAB sindikatuak, lehenik eta behin, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egiten duen diru publikoaren kudeaketa salatu nahi du. Helburu enpresarialak asetzeko erabiltzen da diru publikoa, kasu honetan kostu haundiko masterrak finantzatuz. Bigarrenik, gure konbentzimendua, pertsona hauek, gastu arrazionalizazioaren ikuspegi horretatik izango direla trebatuak. Guztiz faltsua, errepikakorra eta denerako balio duen diskurtso horretan. Osasun sistemak iraungo badu, gastu gutxiagorekin izango dela alegia. Pertsona hauek, Kudeaketa Klinikorako Unitateek (KKU) osasun sistema bermatzeko duten bertuteetan heziak izango dira. Osakidetza, sare guztian integratzen ari den unitateen bertuteetan hain zuzen. Errealitatea, guztiz ezberdina da baina. KKU hauek, osasun publikoa berregituratzeko tresna dira, osasun publikoaren merkantilizaziorako giltza.

Gure sindikatuak, behin baino gehiagotan salatu izan du praktika hauekosasun sistemaren kalitatea kolokan jartzen dutela. Kudeaketa Klinikorako Unitateek, irizpide enpresarialak barne hartzen dituzte eta. Osasun Sailak, isilpean egiten ari da aldaketa hauek, medikuen eta erizainen sindikatuen laguntzarekin (SME eta SATSE). LABek, egungo osasun sistema merkatu libreak ordezkatua izan dadin tresna erabakigarria izango dena salatzen jarraituko du iritzi publikoaren aurrean.
 

 

 

Bizkaiko metalgintzako hitzarmena lortzeko borrokatzeko prest gaude

0


UGTk deituta, 2008-2011ko eragin mugatuko Bizkaiko metalgintzako hitzarmena indarrean dagoela berresteko bilera egin zen atzo Lan Harremanetarako kontseiluan (LHK). Bilera horretan Bizkaiko metalgintzako hitzarmena lortzeko borrokatzeko prest gaudela azaldu zuen LABek.

LABek adierazitakoa bileran:

1.- Deialdiaren aurrean gure harridura adierazi nahi dugu, ez baitago inongo ebazpenik 2008-2011ko metalgintzako hitzarmena aplikatzen den lekuetan aplikatzen jarraitu behar ez denik dioenik.

2.- Eragin mugatuko hitzarmenak, gehiengoa ez errespetatzeaz gain, langileentzat iruzurra eta kaltegarriak baino ez dira. Patronalarentzat, ordea, pagotxa, negoziazio kolektiboa faltsuan ixten baitute.

3.- UGTri gogoratu nahi diogu arazoa ez dela juridikoa, patronalaren aldetik lan eskubideak errespetatzeko borondate eza baizik. Bizkaiko metalgintzako patronalak, FVEMek alegia, Bizkaiko metalgintzako beharginen lan-baldintzak prekarizatzeko apustua argia egin du, besterik ez. Horrexegatik, akordioa erdiesteko LABek egindako proposamen guztiak baztertu ditu. 

4.- LABek sektoreko langile guztientzat eragin orokorreko hitzarmenaren aldeko apustua berretsi nahi du. Tamalez, egun ezin da mahai baten bueltan akordioa erdietsi patronalarekin, patronalak sektoreko langileen lan baldintzak prekarizatzeko bidea hartu baitu. Bide horretan, ez dute LAB bidelagun izango. LABek, metalgintzako hitzarmena hobetzeko baino ez du negoziatuko. 

5.- LAB Bizkaiko metalgintzako hitzarmen duina lortzeko borrokatzeko prest dago, gainerako sindikatuak? Hor dago koska, ez dago beste biderik edota bidezidorrik. 

6.- LAB, patronalaren boikotaren aurrean, ez da geldirik geldituko. Ez ditugu gure eskubideak patronalaren eskuetan utziko. Sektorean zein lantokietan defendatuko ditugu. Gure eskubideak borrokatuko ditugu.
 

 

 

2016an gastu sozialetara bideratutako partiden baturak %1,3 baino ez du egiten gora


EAEko 2016ko aurrekontuak: Kontzertu Ekonomikoa, Madrilgo gobernuarekin aurrekontu-egonkortasunari dagozkion gaietan helburu eta politikak koordinatzeko aldebiko mekanismoa dela dioen mitoa aienatu egiten da. 

EAJren gobernuak atzo goizean aurkeztu zuen Parlamentuan datorren urterako Aurrekontuetarako Lege Proiektua, baina egia esan, aurrekontuok ez darakuste 2015eko kontuekiko berritasunik. Salbuespen bakarra, zor publikoaren gastuaren ordainketak sortutako gastuak gora egingo duela 181 milioi eurotan, hau da, %25,4.

Honekin lotuta, nabarmentzeko da nolako aldea dagoen zorra eta kapital finantzieroaren exijentziak betetzeko egiten den aurrekontu-ahalegina eta legegintzaldi honetan zein PSEren agintepean ezarritako murrizketa sozialak atzera botatzeko interés falta argiaren artean.

Izan ere, 2016an gastu sozialetara bideratutako partiden baturak %1,3 baino ez du egiten gora. Gainera, igoera apal honen zati handia izaera sozialdun politika hauek egikaritu behar dituzten langileei dagozkien soldata-igoera apalek hartuko dute euren gain.

Hortaz, EAJren gobernuak disimulurik gabe erakusten du bere lehentasunak zorra itzultzea eta PPko gobernuak ezarritako defizitaren mugak betetzea direla. Muga hau BPGaren %0,3an dago zehaztuta eta berdina da autonomia erkidego guztientzat.

Modu honetara, Kontzertu Ekonomikoa, Madrilgo gobernuarekin aurrekontu-egonkortasunarri dagozkion gaietan helburu eta politikak koordinatzeko aldebiko mekanismoa dela dioen mitoa aienatzen da.

Hala ere, ziurrenik, datozen egunotan behin eta berriro entzungo ditugu Urkulluren gobernuari egiten zaizkion aldarrikapenak gastuaren muga gaindi dezan eta defizitaren muga gaindi dezan. Hori bai, garrantzitsua da kontziente izatea Estatuak bere esku dituela beharrezko tresna guztiak neurri koerzitiboak ezarri eta diziplina fiskaleko arauak indarrez betearazteko, Konstituzioaren 155. artikuluan jasotako autonomiaren interbentzioa barne.

Azken batean, defizitaren muga ez betetzeak desobedientzia eta Estatuarekiko deskonexio estrategia baten baitan soilik izango luke lekua, horrela gure politika ekonomiko eta sozialak erabaki ahal izateko, kanpo injerentziarik gabe. Urrun ikusten dugun helburua, kontuan hartzen badugu EAJk toki berean bueltaka jarraitzea aukeratu duelako, autonomismoaren gurpila etengabe biraraziz.

 

 

 

LHko Ikastetxe Integratuetan oinarritutako prestakuntza sare publikoa sortu behar da

0


LAB sindikatuak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren erreformari begirako proposamena aurkeztu du. Akordio Programatikoaren ildoan, LABek Nafarroako Enplegu Zerbitzuan (Iturrondo zentroa, Cenifer) edota Hezkuntza Departamentuan (Zentro Integratuaren izaera duten 13 LHko ikastetxe) dauen baliabide publikoak hobestea proposatzen du, Hezkuntzako zerrendatik irakasleak kontratatuz.

LABen proposamenak bost puntu ditu:

  1. Enplegu arloko eskumenak aldarrikatu eta gauzatzea
  2. Prestakuntza arloko jardueraren auditoria egin
  3. Lanbide heziketako Ikastetxe Integratuetan eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren zentroetan oinarritutako prestakuntza sare publikoa sortu
  4. Nafarroako Gobernuaren funtsak prestakuntza sare publikora bideratu eta estatu mailako funtsak eskuratu
  5. Kontratazioan aukera berdintasuna sustatzea, irizpide horren betetze mailaren arabera laguntza publikoak baldintzatuz

Aurreko Gobernuek Patronalari, UGTri eta CCOOi hitzarmen bidez ematen zieten dirua prestakuntza sare publikora bideratzea eskatzen du LABek. Proposamen bideragarria eta gain kosturik gabekoa da, beraz, LABek egiten duena.
 

 

 

EKINTZA SINDIKALEKO DINAMIKA BERRITUA EKIMENETAN

SEKTORE FEMINIZATUETAN

Helburua: Lan baldintza prekarioetan lan egiten duten langileak egoeraren diagnostikoaren parte egin eta antolatzeko nahiz mobilizatzeko bideak eman

-Langileen kontzientziaziorako eskuorria eta bideoa.

-Galdetegia. Errealitatearen diagnosia, langileen behar eta aldarrikapenak jaso.

-Galdetegik ondorioa atera eta aldarrikapenak zehaztu.

-Sinadura bilketa aldarrikapenen inguruan, patronalari eta administrazioari prekarietatearekin amaitzeko behar diren neurriak eskatzeko.

-Mobilizazioak.
 
AZPIKONTRATETAN

Helburua: klausula sozialen lanketa

-Klausula sozialen lanketa esparru publikoan.

-Erakundeetan ateratzen diren pleguetan klausula sozialak sartzeko eskaera.

-EAEko legearen tramitazioan eragin.

-Eremu pribatuan enpresa zerrenda bat hautatu eta lanketa sustatu. Esparru pribatuko enpresetan lanketak.

-Aldarrikapen honen alde langileen aktibaziorako eskaintzak: sinadura bilketak,  mobilizazioak…

 

ENPRESA TXIKIETAN

Helburua: Desarauketari aurre egitea

-Inkesta, bilerak eta lan saioak, errealitatearen azterketan sakondu, langileen ekarpenak jaso eta harreman sareak estutzeko.

-Sektoreko hitzarmena blokeatuta eta enpresa hitzarmenik ez duten langileentzat plangintza berezitua.

-Galdetegia. Errealitatearen azterketan sakondu eta langile guztien ekarpenak jaso.

 

ENPRESA HANDIETAN

Helburua: Desarauketaren kontrako dinamika. Enpresa handi zein txikietan dinamika bera da baina abiadura ezberdinak.

-Kontratazio berrietan ematen den diskriminazioaren kontrako lanketa.

-Enpleguaren aldeko lerroa: ordu estren salaketa, malguntasunarena, lanaldi murrizketak aldarrikatu…

-Egoeraren mapa. Arazo nagusiak testatu.

-50 enpresa aukeratu eta plangintza pilotoa egin.

-Negoziaketak dauden tokietan gure proposamenak dinamika honetan sartzen diren berberak izango dira.

-Negoziaketarik ez dagoen tokietan akordioak lortzeko borrokak piztu.

-Mobilizazioak.
 

SEKTORE PUBLIKOAN

Helburua: Euskal esparruaren defentsa + hitzarmenak eta zerbitzu publikoa hobetzeko borroka

-EPELaren kontrako dinamika. Herrialdeko mintegiak, langileen kontzientziaziorako bideoa.

-Langile batzordeetan mozioak. Kontzientziaziorako eskuorria.

-Negoziazio kolektiboko markoetan eragin.

-Zerbitzu publikoetako sektorerik prekarioenekin lanketa espezifikoak: kartela eta bideoa, testigantzen kaiera, langile prekarioen manifestua.

-Zerbitzu publikoetako sektore prekarizatuen inguruko dinamika. Ordezko langileei eta azpikontratatuei begira.

-Soziokomunitarioa:

            -Erratioak hobetzeko lerro berezitua

            -Ordezkaritza dugun enpresetan sentsibilizazio kanpaina

            -Alderdi politikoekin bilerak

            -Jardunaldia

            -Batzar irekiak eta hitzaldiak, ordezkaritzarik ez dugun lekuetara ere iritsiz

            -Parlamentuei interpelazioa aldaketa legalak eskatzeko

 

Hedapen orokorrekoak

LAN OSASUNA

Mutualitateen desagerpena eta sistema publikoaren indartzea helburu

-Mutuak, enpresak aukeratu eta prozesua diseinatu.

            –Kontingentzia arruntak gizarte segurantzan jarraitzea eskatu

            –Kontingentzia profesionalak mutuatik sistema publikora pasatzea             aldarrikatu

-Liberatuen formakuntza
-Lan istripuak. Protokolo berritua gauzatu.

-Bonusaren inguruko lanketa (lan osasunean hartutako erabakiengatik enpesen jasoitzen duten diru laguntza).

 
EUSKARA

Helburua: LANEUS plangintzarekin jarraitu, lan mundua euskalduntzea helburu

-Formazioa delegatuentzat
-Normalizazio arduradunekin lan saioak

-Hizkuntz eskubideen urraketa salatzeko kanpaina Behatokiarekin.

-Interpelazio instituzionala
 

AUKERA BERDINTASUNA

Helburua: Lantokietan berdintasunaren aldeko borroka gaurkotu

Federazio bakoitzean (industria, zerbitzu pribatuak, zerbitzu publikoak), diskriminazio egoeren diagnostikoa, berdintasun planetan sakontzeko.

-Esperientzia pilotoak martxan non jarriko ditugun identifikatu eta plangintzatu.

-Orain arteko esperientziak konpartitu Aukera Berdintasun Planak martxan dituzten lantokietako LABeko kideen artean.

 

 

Gure ekintza sindikala berritzera goaz

LABen Nazio Komiteak ezohiko agerraldia egin du gaur datozen hilabeteetako ekintza-sindikaleko dinamikaren barruan egingo dituen ekimenak aurkezteko. Garbiñe Aranburuk ekintza-sindikaleko idazkariak egoeraren diagnostikoa egin du, prekarietatea nagusi den egoera deskribatuz. Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak, bere aldetik, sindikatuak datozen hilabeteotan egingo dituen ekimenak aurkeztu ditu.

Erreformek utzi diguten panorama deskribatu du, egoerarik makurrenak erreformak aplikatu ondoren ematen direla nabarmenduz. Batetik, enplegua suntsitzen jarraitzen dute, irabaziak dituzten enpresetan ere, adibidez, Kutxabanken. Bigarrenik, erreforma berrien hotsak entzuten dira, pentsioena eta lan-merkatuarena esaterako. “Erasoen garaia ez da amaitu”. Egoera honetan, EAJren esku dagoen Eusko Jaurlaritza Madrildik, PPren eskutik datozen neurri suntsitzaileei babesa emateko prest egotea, benetan larria dela nabarmendu du.

Egoera honi aurre egiteko gako desberdinak planteatu ditu. Lana eta langileak espekulatzaileen gainetik jartzea, egun ikusten ez diren enplegu politika eraginkorrak martxan jarriz. Bestetik, prekarietatea behingoz murrizteko neurriak hartzea, bost ardatzen inguruan koka litezkeenak: enplegua banatzeko, 35 orduko lan-astea; 1.200 eurotako gutxieneko soldata; aukera berdintasuna, euskara eta hizkuntza-eskubideak eta lan-osasuna bermatzea.

“Prekarietateari aurre egin diezaiokeen bakarra langileon antolaketa” izanda, duela hilabete batzuk sindikatuak planteatu zuen “Zure ESKUbideak, actívate por tus derechos” dinamikaren urrats berriak aurkeztu ditu.

Aurrera begira, azaroaren 12an sindikatuko delegatuak Bilbon elkartuko dituztela gaineratu du, prekarietatearen “negu gorriari” aurre egiteko sindikatuak prestatu duen bide-orriaren baitan.


 

 

Irish Chains-eko langileek lan uzteak egingo dituzte lan hitzarmenaren alde

0


Gipuzkoako Siderometalurgiako hitzarmena (2010-2011) aplikatzeko Lan Harremanetarako Kontseiluan egindako hainbat ahaleginen ondoren, IRIS CHAINS, SLeko langileek lan uzteak egiteko deia egin dute. Urriaren 8an langileek egindako asanbleadan ez zuten enpresaren azken proposamena onartu eta lan uzte partzialak egiteko erabakia hartu zuten.