LAB Osakidetzako Mahai Sektorialetik altxatu da beste sindikatuekin batera
Gaur LAB Sindikatua, beste sindikatuekin batera, Osakidetzako Mahai Sektorialeko mahaitik altxatu egin da. Sindikatu guztiak Mahaira joan gara Osakidetzako Giza Baliabideko Zuzendariari galdera berdina egitera: borondaterik ote duen EPE honetan plaza kopuru gehiago mahai gainean jartzeko.
Osakidetzak negoziazio partzialak bilatzen ditu, baina Batasun Sindikalean adostutako puntuak negoziatu arte ez dugu amorerik emango, gure aldarrikapenak justuak direlako eta gure osasun sistema publikoa defendatu nahi dugulako.
Altxatu aurretik Jose Maria Armentiak sindikatu guztion proposamenak entzun behar izan ditu. LABk mahai gainean jarritako EPEa guztiz ez nahikoa dela esan dio, ez soilik enplegu berria sortzeko orduan, baita gaur egun 9500 langile baino gehiagok burutzen duten behin-behineko enplegu prekarioarekin amaitzeko ere.
LABen irudikoz, enplegua suntsitzen duen EPEa dugu hau. Gainera, ez da kategoria guztientzako EPEa, hainbat esparru guztiz pribatizatzeko asmoa erakusten duena (adibidez, operario plazarik ez, zelari plaza gutxi, mantentze plazarik ez…).
LABn ustez garaiz gabiltza bidea zuzentzeko. Horregatik, eta EPE puntuari dagokionez, Osakidetzari honako urgentziazko gutxienekoak bete ditzala eskatu diogu:
1-Batasun sindikalean adostutako plaza kopurua: 3000tik gora
2-Kategoria guztiak. Operario, sukaldari, mantimendua.
3-Gaitegi propioak: Osakidetzak egin ditzala gaitegi ofizial eta bakarrak.
4-Tasarik ez.
5-Formazioaren inguruko negozioarekin amaitu.
6-Merituen zerrenda (hizkuntzak, tituloak…) berdina kategoria guztientzat.
7- Barne promozioaren bitartez sortutako hutsuneak, erresultetara pasatu plaza finko bezala.
8-Barne promoziorako librerako baino plaza gehiagorik ez. Operario eta zelari kategoriak desagerrarazi nahi dituzte.
9-Euskara hizkuntza ofizialaren izaera errespetatu, erabiltzaileon hizkuntza eskubideak babesteko eta ikasi duten langileen esfortzua saritzeko.
10-Ateratako nota mantendu: behin EPE bat gaindituta, nota hori mantentzeko eskubide hurrengo deialdietan, beti ere, azterketa berriro egiteko aukerarekin nota igotzeko. Ezin dugu onartu lau urtean behin milaka eta milaka pertsonen bizitza eta lan etorkizuna amildegiaren ertzean ipintzea.
Gaur Mahai Sektoriala honetan EPE honen ajeak planteatu dizkiegu, baina ez ditugu ahaztuko Batasun Sindikalean adostutako puntuak, Negoziazio erreal batean konpondu behar ditugunak.
Euskal Herria, 2015eko maiatzak 26an
Langileok AHT gelditzera goaz
Euskal Herriko hainbat mugimenduk, erakunde sozial eta sindikalek, LAB tarteko, AHT gelditzea exijitzeko kanpaina jarri dugu martxan. Ekimen bateratu honen baitan, bi hitzordu nagusi ditugu, maiatzaren 30ean Atxondoko mendi martxan eta Ekainaren 13an Donostian izango den manifestazioan.
Maiatzaren 30ean, larunbata, Atxondon mendi martxan. AHT Gelditu Orain! Lelopean. Goizeko 10.00etan hasita, egun osoko egitaraua dago antolatua. Informazio guztia hemen
Bestalde, ekainaren 13an, manifestazioa egingo da Donostian, arratsaldeko 17.30etan Alderdi Ederretik abiatuta.
AHT gelditzeko deialdi hauekin bat egitera animatzen zaituztegu. AHTaren kontrako gure jarrera agerian uzteko, egin “selfi” bat, talde argazki bat, zuen lantokian, egoitzan…. Eta bidali www.lab.eus helbidera.
Alternatiben herrixka ekainaren 6an Donostian
Datorren ekainaren 6an Alternatiben herrixka burutuko da Donostiako Antigua auzoan."Aldaketa klimatikoari aurre eginez, mundu hobeago baten alde" Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ere bertan izango da. 11:00etatik 19:00etara Alternatiben azoka egingo da Matia kalean eta bertan iaz onartutako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, Programa soziala eta bestelako materialak izango dira eskuragai.
Aurten 16 langile hil dira Euskal Herrian lan egiteko orduan inposatzen zaizkigun baldintzen ondorioz
Atzo, maiatzak 25, Gueñesen lan istripua gertatu da. RED ELECTRICArentzako lanetan ari zen azpikontratatutako COBRA enpresako 35 urteko langilea hil da lan istripu traumatiko baten ondorioz. Lan istripu mortala salatzeko, gaur, hilak 26, 12:30etan SODUPEko enparantzan, elkarrateratze bat egingo dugu gehiengo sindikalak deituta.
LABetik doluminak eta babesa helarazi nahi dizkiegu hildakoaren familia, lagun eta lankideei.
2015an Euskal Herrian gutxienez 16 langile hil dira euren lanpostuetan: 8 Bizkaian, 3 Gipuzkoan eta 5 Nafarroan.
Lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira. Izan ere, sektore horretan nagusi diren azpikontratazioak, prekarietateak, esplotazioa, lan baldintza txarrek eta lan erritmoak hil egiten dute.
Enplegua suntsitzen ari den eta jarduera ekonomikoa gainbehera etorri den ataka ekonomiko honetan, enpresek batetik prebentziorako inbertsioak murriztu dituzte, eta bestetik, lan osasuna eta segurtasuna galtzea eta kaltetzea eragiten dituzten egoerak sustatu dituzte.
LAB sindikatuak argi utzi nahi du heriotza istripuak onartezinak direla. Sei minuturo lan ezbehar bat gertatzen da. Bestalde azpimarratu nahi dugu hildako kopuruak behera egin badu ere ez dela lan baldintzek eta osasunak hobera egin dutelako, baizik eta jende gutxiagok lan egiten duelako, istripuen kopurua orokorra urritzen delako.
Langileok laneko gaixotasunekiko, eta lan istripuekiko TOLERANTZIA ZERO aldarrikatu eta adierazi behar dugu. Arazo horiekin bukatzeko eredu aldaketa bultzatu behar dugu, gure osasun eskubidea egiazkoa izan dadin aldaketa politikoa, ekonomikoa eta soziala aldarrikatuz. Horrexegatik sustatu nahi du LAB sindikatuak LAN HARREMANETARAKO ETA BABES SOZIALERAKO EUSKAL ESPARRUA sustatuko duen bestelako EREDUA.
Hori dela eta eta azkenengo lan istripu mortala salatzeko, gaur, hilak 26, 12:30etan SODUPEko enparantzan, elkarrateratze bat egingo dugu gehiengo sindikalak deituta, hau da, ELA-LAB-STEILAS-EHNE-HIRU.
LABek elkartasuna eta sostengua adierazi nahi dio larriki zauritu zuten Rodrigo Avilés gazteari eta chileko langile klaseari
LABek lagun ditugun SITECO sindikatutik (Sindicato Interempresa de la gran minería y ramas anexas) jasotako informazioaren harira, RODRIGO AVILÉS gazte ikaslearekin eginiko elkartasun adierazpenarekin bat egiten du.
Orain dela aste batzuk bi gazte izan ziren erailak hezkuntza eskubidearen aldeko beste mobilizazio batean Valparaisoko Victoria plazan.











