2026-01-25
Blog Page 1118

AHTa gelditzeko bihar denok Donostiara

0

Abiadura Handiko Trena gelditzeko momentua da, beharrezkoa ez den proiektu bat baita, bidera ezina, sozialki alferrikakoa eta diru publikoari esker gutxi batzuk negozioa egiten jarraitu dezaten balioko duena soilik. Bihar "AHT Gelditu Orain!" lelopean Donostian manifestazioa deitu dugu eragile sozial eta sindikal ezberdinok, eta LABetik bertan parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu. 

Honelako obra egitea erabaki dutenek ongi dakite informe guztiek zer dioten: milioika euro lurperatuko dira lanak amaitu eta urte gutxira zaharkitua geratuko den obra batean eta administrazio publikoek urtez urte ordaindu beharko duen mantenu defizit bat sortuko duela.

Harrigarria badirudi ere obra hau inolako bideragarritasun planik gabe egingo da; ez dakigu ze erabilera izango duen, ze motako mugikortasuna gestionatuko duen (bidaiariak, merkantziak…); ze lotura izango dituen eta nork erabiliko duen.

Proiektu zentzugabe hau gelditzeko unea da; astakeri hau egin ez dadin auditoretza sozial bat egiteko unea da, moratoria bat ezarri eta herritarrei galdetzeko momentua da.

Hau irabaziko dugun batailla bat da. Horregatik, larunbat honetan Donostian egingo den manifestazioak parte hartzeko deia luzatzen du LABek.

  

 

 

LAB: “Prest ditugu oihalak erabakitzeko eskubidearen aldeko borondateak josteko”

LAB sindikatuan oihalak prest ditugu Gure Esku Dago ekimenak ekainaren 21erako antolatutako ekitaldietan josteko. LABetik dei egiten diegu gure militantziari, eta euskal langile guztiei, erabakitzeko eskubidearen alde, deialdiarekin bat egin eta parte hartzeko.

Bi urte dira Gure Esku Dago abian jarri zela. Zorionik beroenak helarazi nahi dizkiegu ekimen herritarraren sustatzaileei, eta auzoz auzo, herriz herri, ekimena gorpuztu duten euskal herritar guztiei. Eredugarria da bi urteotan Gure Esku Dago-k erabakitzeko eskubidearen alde sortu duen mugimendua, herritarrok erakarri, antolatu eta aktibatuz, ezberdinen arteko zubiak eraikiz, konplizitate berriak sortuz eta elikatuz, eta sentsibilitate politiko ezberdinetako jendea oinarrizko eskubide demokratiko horren alde batuz. Gure Esku Dagok posible egin du ekimen anitz eta guztiz parte hartzailearen bidez eskubide demokratiko honen aldeko motorrak aktibatzea euskal jendartean.

Nazio bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarron garaia da. Hiru printzipio horien bueltan bagoaz urratsez urrats bidea egiten. Ziur gaude, gainera, gaur arteko ekimenak arrakastatsuen ondotik, datorren igandean ere milaka eta milaka lagun mobilizatuko garela. Horrela behar du, gure esku dago. 

Euskal jendartearen borondatetik abiatuta hautesontzi erraldoiak josteko prest gaude. Herritarron borondateak ehuntzeko unea da. Ekimenaren sustatzaileek dioten moduan, zer, noiz eta nola erabaki behar dugu, eta ondoren erabaki ahal izateko erronka gauzatu. 

Iazko ekainean, giza-katea egin zenean, garbi geratu zitzaigun hura ibilbide baten hasiera zela. Orain pauso berri bat emateko ordua dugu. Jarrai dezagun aurrera bidean, ehuntze fasea borobildu, adoste fasea eraiki eta erabakitze fasea egikaritzeko. 

Erabakitzeko eskubidearen alde auzoak eta herriak, errepideak, kaleak eta hondartzak hartu ditugu. Orain hiriburuetako estadioak bete behar ditugu, oihal zatietan jasoa izan den milaka herritarren borondatea josiz.

Hasitako modu berean bukatzen dugu gure oharra, LABetik gure militantziari eta euskal langile guztiei dei eginez, Gure Esku Dago-ren deiari erantzunez aktiboki parte hartzeko. Erabakitzeko eskubidearen aldeko bidean aurrera egitea gure esku dago. LABetik geure konpromisoa berresten dugu lan munduan, lantokietatik estadioetara eta estadiotik lantokietara, erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduaren eta indar batuketaren alde lanean jarraitzeko. 

 

 

Urriaren 24an ALTERNATIBEN HERRIA Bilbon

Urriaren 24an ALTERNATIBEN HERRIA Bilbon
Iazko udazkenean, aurrera begirako erronkak zehaztu zituen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak. Batetik mobilizazioa eta bestetik, alternatiba, eredu berria lantzea. Lan hauetarako, bi ekimen zehaztu zituen, martxoaren 14ko manifestazio nazionala eta urriaren 24ko Alternatiben herria. Atzo, azkena aurkeztu genuen Bilbon, aldarrikapen eta ospakizun eguna izango den Alternatiben herria. Kartaren ardatz nagusiak jarraituz bizia ematen diguten hamaika proposamenen erakuslehio izatea bilatuko da urriaren 24an, “Bizitza burujabea eskubide osoz” jarduteko aldarrikapenarekin.

LABek eredu soziala aldatu eta lan harremanak demokratizatzeko beharra plazaratu dio Geroa Bairi

LABek eta Geroa Baik bilera izan dute gaur, azken honek eragile sozialekin egiten ari den biraren baitan. LABen aldetik Igor Arroyo (Nafarroako bozeramailea), Isabel Artieda (zerbitzu publikoetako arduraduna) eta Juantxo Goien (antolakuntza arduraduna) egon dira; Geroa Bairen aldetik, berriz, Uxue Barkos eta Manu Aierdi.

LABek hiru proposamen egin ditu Nafarroan ireki den garai berriari begira. Lehenik eta behin, Gobernu aldaketa ez ezik Eredu aldaketa ere bermatzea eskatu du sindikatuak. Ildo honetan, LABeko ordezkariek Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak osatutako Programa Soziala eman diete Geroa Bairen ordezkariei. Bertan jasotzen dira, hain zuzen ere, eredu berri horretarako eragile sozial eta sindikal ugarik adostutako oinarriak.

Bigarrenik, lan harremanak berehala demokratizatzeko beharra planteatu du LABek. Ikuspegi sindikalen arteko ohiko eztabaidatik harago doan afera da hau: sindikatu bakoitzak duen ikuspegia gora-behera, lan harremanak berdintasunaren printzipioaren arabera antolatu behar dira, klientelismo eta diskriminazio oro ezabatuz. Horretarako, honako neurri hauek proposatzen ditu LABek: 1) Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua bertan behera utzi; 2) Lan Auzitegia eta Nafarroako Lan Zerbitzua bezalako instituzio soziolaboralen demokratizazioa; 3) "Elkarrizketa Soziala" delakoaren baitako dinamiken gaineko moratoria; 4) Berdintasun, objektibitate eta errepresentatibitate printzipioen araberako sindikatuen finantziazio publikoa; 5) Kontratazioetan aukera berdintasuna, KYBSEko lan hitzarmenean jasotako formularen bidez. Epe erdian, lan harremanetarako eta babes sozialerako eredu propioaren aldeko apustua egiten du LABek.

Azkenik, azken urteotako murrizketen ostean, zerbitzu publikoak berreraikitzeko beharra plazaratu du sindikatuak eta horretarako udazkenean Mahai Orokorra deitzea eskatu du.
 

 

 

Homofobiari aurre egiteko gakoak aztergai

Gaur LAB sindikatuak eta Ipar Hegoa Fundazioak antolatuta "Homofobiaren aurrean askatasun sexuala" hitzaldia izan da Bilboko LABen egoitzan. Egoitz Arbiol eta Ibai Fresnedo izan dira hizlariak. Bihar Iruñeako LABen egoitzan izango dira goizeko 10:00etatik aurrera.

2014an eta 2015ean LABek argitaratutako homofobiaren aurkako gida eta protokoloek hasitako bideari segida emanez LAB sindikatuak eta Ipar Hegoa Fundazioak homofobiaren aurrean lantokietan nola jokatu behar den aztertzeko eta sakontzeko hitzaldiak antolatu ditu gaur eta bihar. Gaurkoa sindikatuaren Bilboko egoitzan burutu da eta bihar Iruñeko egoitzan izango da. Hitzaldian Egoitz Arbiol eta Ibai Fresnedo izan dira gizartean homofobiak dituen eraginak eta hauei aurre egiteko hartu beharreko neurri eta erabakiak aztertzen.

Hitzaldia ezezik, parte hartzaileek taldeka lan egiteko aukera izan dute, bakoitzak euren alorretan bizitako esperientziak partekatuz eta sortzen diren kezkak plazaratuz.

Lan saion argi geratu da homofobiaren kontra eta aniztasun sexuala errespetatua izan dadin, bai lan munduan zein gizartean orokorrean, lan asko dagoela egiteko eta denon inplikazioa ezinbestekoa dela. Mezua argia da, askatasun sexuala eskubidea da eta ezinbestekoa da askatasun sexualaren alde denok martxan jartzea.
 

 

LABek gogor salatu nahi du La Naval enpresak aurrera eraman nahi duen kontratazio politika basatia

0

Pasadan astean La Navaleko zuzendaritzako iturriek publiko egin zuten Euskal Erkidegotik kanpoko langileak kontratazera behartuta zegoela, hemen lan hori egiteko kualifikazio nahiko duten langileen falta dagoelako. Jarrera honekin Bizkaiako Metalgintzako Patronalak egindako mezuari jarraipena ematen diote langabezian egotearen ardura langilean eta bere prestaketa faltan kokatuz. Noski, kontratazio politikaz eta atzean doan langileen eskubide lapurretaz irabaziak biderkatzeko ez dute ezer esaten. LABek bat egiten du Sestaoko Langabetuen Kolektiboak eta Langabetuen Asanbladak biharko deitutako mobilizazioekin.

Nonbait badago esperientzi nahikoa sektore horretan, hori Euskal Herrian da, hare gehiago, langabezian luze daramanten langileak eta formazio nahiko eta esperientziadunak soberan daude ezkerraldean. Gazte kulaifikatuak ere soberan daude, baina eredu honetan gazte langile hauentzako irteera Alemaniara joatetik pasatzen da zoritxarrez.

Elite ekonomiko eta politikoak behin eta berriz errepikatzen dute hazkunde fasean sartuta gaudela eta hori positiboa dela, baina mezu honen atzean ezkutatzen dute hemendik aurrera inposatu nahi duten lan harreman eredua. Erabat prekarioa. La Navaleko deklarazioek berriro ere agerian uzten dute Euskal langileriarentzat ez dagoela eskubideetan oinarritutako eskaintzarik; prekarietatea, aldi baterako enpleguan eta inposaketan oinarritzen da dagoen eskaintza bakarra.

Berriro ere, eta enpresari hauen deklarazioak eta gero, Industriako Sailen isiltasuna langileekiko duten sentsibilitate faltaren adierazle da. La Navaleko jabeek lan karga arazoak eduki dituztenean Sailburuak edukitako inplikazioa oso ezberdina izan da. Enplegu Sailak espero dugu ezberdin jokatzea eta kontratazio eredu horren aurrean hartu behar diren erabakiak hartzea egon daitezkeen egoera ilegalak eta, langileak indefentsioan utzi ditzaken egoerak eman ez daitezen.

Guzti honengatik LAB Sindikatuak bat egiten du Sestaoko Langabetuen Kolektiboak eta Langabetuen Asanbladak deitutako mobilizazioekin, hau da ekainaren 11an goizeko 11etan Sestaoko Kasko Palzatik aterako den manifestazioarekin.
 

 

 

Gipuzkoako Eraikuntza hitzarmena bete dadila exijitu du LABek

0

LABek elkarretaratzea egin du Hernaniko Florida auzoko babes ofizialeko etxebizitzen obra aurrean Eraikuntzako langileei dagozkien lan baldintzak betetzen ez direla salatzeko.

LABek gaur burutu duen elkarreratzearen bidez ondoko puntuak azalarazi nahi ditu:

• Obra hau Eusko Jaurlaritzak sustatzen du diru publikoarekin, beraz, obra publikoa da. Eusko Jaurlaritzak diru publikoa erabiltzeko duen ereduak enpresarientzat irabaziak ziurtatzen ditu eta langileentzat prekarietatea eta heriotza dakar.

• LAB Sindikatuak obra honen aurrean konzentrazioa egin du Eraikuntzako langileei dagozkien lan baldintzak betetzen ez direla salatzeko. Gainera, istripu arriskua dagoela salatu nahi dugu ere.

• Orain urte bete, obran herrialdeko eraikuntzako hitzarmeneko soldatak, eguneko jardunaldiak eta lan egutegiko atsenaldiak ez zirela betetzen ikusita LABek salaketa bat sartu zuen Lan Ikuskaritzan, eta orain jaso dugu erantzuna esanez ez dutela ezer atzeman.

• Lan Ikuskaritzak egoera honekin bukatzeko aukera izan du, baina agerian geratu da ausardia falta. Langileek azkartasuna behar dutenean Lan Ikuskaritzak urte bat behar du. Urtebetean langileak obra utzi, obran baldintzak aldatu edo eta obra egin duen enpresa desagertu daiteke.

• Lan Ikuskaritzaren funtzionamendu honen atzean badaude erabaki politikoak horrela egin dadin. Hemendik eta 30 kilometrotara, Frantziar estatuan, aldiz, berme sistemak duen jarrera bestelakoa da. Han lege urraketaren zantzurik dagoenean, poliziaren laguntzarekin obra inguratzen dute inor ez ataratzeko eta han geratzen dira lan baldintzak bermatzen direla argi egon arte. Honek erakusten du, han, klase politikoak onartzen duela desoreka argi dagoela enpresari eta langileen artean eta, horren bitartez, enpresak irabaziak ataratzen dituela langileek lan baldintzak eta bizitza galtzen dituzten bitartean eta hori gerta ez dadin erabakiak hartzen direla.

• Hemen ez. Hemen obrak berandu bisitatzen dira, batzutan jakinean daudela eta poliziaren laguntzarik gabe. Klase politikoak ez du onartu nahi enpresarien aldeko desoreka dagoenik. Guk galdetu nahi dugu Eusko Jaurlaritzak zenbat diru aurresten du eredu hau obratan aplikatzen?, bidezkoa da Eusko Jaurlaritzak aurrestea langileen lan baldintzen eta bizitzaren kontura?

• Eusko Jaurlaritzak arazo honekin bukatu nahi badu, aukera bere eskuetan dauka. Lan Ikuskaritzak ez badu tresna nahikorik, horrela erabaki dutelako da, enpresarien inpunitatea erabatekoa delako, klase politikoak onartutako inpunitatea.

• Guzti honek agerian uzten du LABek pasa den maiatzean publikoki egin zuen planteamenduaren beharra sektorean erabiltzen diren praktika basatiekin bukatzeko. Hori dela eta, eta jakinda hauteskundeengandik ataratako instituzio asko oraindik osatu gabe daudela gure proposamena hasiko gara lantzen alderdi politikoei proposamena helaraziz. Eta irailean instituzioetako talde politikoekin kontaktu erronda bat zabalduko dugu, poterean zein oposizioan daudenekin, gure proposamena aztertu dezaten.

 

 

 


LABek LANEren 104. Nazioarteko Lan Konferentzian MSFak eginiko ekitaldietan parte hartu du

0

LABek Lanaren Nazioarteko Erakundeak ospatu duen 104. Nazioarteko Lan Konferentzian Munduko Sindikatuen Federazioak eginiko ekitaldietan eta erakunde beraren Presidentzia Kontseiluan parte hartu du.

Ekainak 5 eta 8an bitartean Geneva hirian Munduko Sindikatuen Federazioak Greba eskubidea aztertzeko nazioarteko topaketa egin zuen. Greba eskubidea eraso bortitz eta koordinatua jasaten ari da, horren erakusle LANEren barruan enplegatzaileen taldeak daraman jarrera da. Enplegatzaileen taldeak ez du onartzen greba eskubidea oinarrizko eskubide bezala eta sindikatuetan elkartzeko eskubidearekin zuzenki erlazionatua dagoenik. LANEren antolaketa aldatu beharra etengabeko erreferentzia izan zen, erakunde

George Mavrikos MSFko idazkari nagusiak Nazioarteko Lan Konferentziaren batzarrean partehartze gogorra izan zuen. LANEk MSFri egiten dion diskriminazioa salatu, eta interes inperialistak blokeo eta isunen ezartzeak herri horietako langileak eta lan baldintzak erasotzen dituela salatu zuen.

Aurten MSFaren 70. urte urrena ospatuko dela eta, MSFn ibilbidearen azterketa egin zen ekainak 8an LANEko eraikuntzan. 1943an MSF sortu zenetik, izandako gorabeherak eta egungo egoera aztertu ziren. Leporaino beterik zegoen gelan internazionalismoaren aldeko aldarri etengabea izan zen: Cuba, Venezuela, Colombia, Palestina, Siria, herria eta beste asko bere txokoa izan zuten diskurtsoetan. LANEren langileen (ACTRAV) erakundearen ordezkari batek MSFak egindako ibilbidea goraipatu zuen.

Ekainak 6 eta 7an Nazioarteko Lan konferentzia aprobetxatuz MSFaren presidentzi kontseiluaren batzarra egon zen. Kontseiluan 2015eko lan plangintzaren jarraipena eta etorkizuneko erronkak aztertu, afiliazio eskaerak onartu, elkartasun aldarriak e.a. onartu ziren. Erakunde desberdinetako 50 ordezkari baino gehiago parte hartu zuten.

LABek eginiko interbentzioan Euskal Herriko egungo egoera azaldu zen. Confebask Euskal Herriko sindikalgintza legezkanpo kokatzeko saiakera, Bilboko egoitzan Guardia Civilak eginiko operazioak, gazte mugimenduaren aurkako errepresioa, Rafa Diezen eta berarekin atxilotutakoen egoera, Askapena erakunde internazionalistak jasaten ari den jazarpena eta estatu Espainiar eta frantseraren egungo jarrera.
 

 

 

Euskal Herria herri bezala garatzeko tresna izango den Lanbide Heziketa behar dugu

0

LAB eta Ikasle Abertzaleak-ek gaurko egunean Donostian Kursaalen burutzen ari den Lanbide Heziketako Kongresuaren atarian elkarretaratzea egin dugu bestelako Lanbide Heziketa bat aldarrikatzeko.

Ikasle Abertzaleak eta LAB sindikatuaren aldarrikapenak:

1.-Lanbide Heziketan ere, hartzen diren erabakiak Madrilek hartzen diren erritmo eta norabidean hartzen direla Euskal Herriak dituen behar, errealitate eta nahiei muzin eginez.

2.-Erabaki guzti hauek aldebakarrez hartu izan dira hezkuntza komunitatearekin inolako hartu emanik izan gabe.

3.- Beste behin ere Cristina Uriartek zuzentzen duen hezkuntza departamentuak jarrera bera errepikatu du. Hezkuntza komunitatea kanpo utzi eta beste behin ere dekretu bidez erabakiak ezarriz.

Hemen biltzen garenok Lanbide Heziketa euskalduna, eskualdeetako beharrei erantzungo diena, Euskal Herria herri bezala garatzeko tresna izango dena aldarrikatu nahi dugu.