2026-06-10
Blog Page 1114

Landa eremuko eskolak zaharkituak: Erronkariko eskolan sabai zati bat erori da

0

Erronkariko eskola publikoan sabai zati bat erori da, ondorioz bertako ikasle eta irakasleak ebakuatu behar izan dituzte segurtasun arrazoiengatik. Ez da ezbehar pertsonalik egon gertakaria patio orduan izan delako. Ez da lehenengo aldia Nafarroako Landa Eremuko Eskola batean ikasleen mahai gaineetara sabai zati bat erori edota azpiegitura zaharkituekin loturiko beste hainbat istripu ematen dela, nahiz eta, zorionez, orain artekoan ez den kalte pertsonalik izan.

Jakin badakigu aurreko gobernuen utzikeriari erantzuten diola Landa Eremuko Eskolek bizi duten egoera. Gauzak horrela, aldaketaren Gobernuari, zein, eta modu zuzenean, Hezkuntza Departamentuari, zera eskatzen diogu:

•Lehenik eta behin, urgentziazko prozeduraz, ikasle zein langileriaren segurtasuna bermatu dezala, ikastetxeetan egon litezken arazoen detekzioa eginez eta beharrezko konponketetarako diru partida bat esleituz, udaletxe txikien ezintasun ekonomikoa sahiestuz egoera hauen aurrean.

•Bigarrenik, duela hamarkada luzea hezkuntza komunitateak aldarrikatzen duen Erronkariko Eskola Publiko berria lehen bait lehen sartu dadila Hezkuntza Departamentuaren inbertsio planean.

•Hirugarrenik Nafarroako Landa Eremuko eskolen aldeko apustu garbia egin dezala, hitzez baino ekintzez hornitua, gure lurraldearen giza eta lurralde garapen integral, jasangarri eta orekatu bat helburu.
 

 

 

Industrian bakarrik 882 enplegu sor daitezke Durangaldean 35 orduko astearekin


LABek mobilizazio eguna egin zuen larunbatean Durangaldean "Eremu guztietan prekarietatea borrokatu" lemapean. Eguna ekintza-sindikala berritzeko LABek abiatu duen "ZURE ESKUBIDEAK, ¡ACTÍVATE POR TUS DERECHOS!" dinamikaren barruan sartu da. Azaroko SEPEko datuen arabera, eskualdean 5.000 langabetu baino gehiago daude. Horietatik %57 inguru emakumezkoak dira. Egiten diren kontratuen %37 soilik da emakumeentzako, desberdintasuna areagotuz doa.

Goizean Abadiñoko merkatal-gunean gazteek eta emakumeek pairatzen duten prekarietatearen salaketa zen. Ermuan, 35 orduko lan astearen aldeko apustua aldarrikatu zen langabeziarekin amaitzeko eta Cardenal Orbe plazan kontzentrazioa egin zuten.

Zornotzan, prekarietatearen ondorioz jasaten diren lan-istripuen salaketa eta lan osasunaren aldarrikapena egin zen. Honekin batera, 2015ean lan-istripuz hildako 54 langileak oroitu ziren, 2014an baino 17 gehiago (eta urtea ez da oraindik amaitu). Elorriotik Abadiñora kotxe-karabana egin zen.

Ekintza guzti hauek ELKARRETARATZE batekin amaituko ziren, Durangoko Landakon “EREMU GUZTIETAN PREKARIETATEA BORROKATU” lelopean. Ainhoa Etxaide sindikatuko idazkari nagusia bertan izan zen eta sindikatuaren bost aldarrikapenak gogoratu ziren: 35 orduko lan astea, 1.200 eurotako gutxieneko soldata, aukera-berdinatsuna, lan-osasuna, euskara eta hizkuntza-eskubideak.

Eulate Zilonizaurrekoetxeak, Duralgaldeko LABeko kideak, egin zuen amaierako interbentzioa. Sindikatuaren 35 orduko lan-astea kontuan izanda, eta industrian bakarrik, eskualdean 882 enplegu sortuko liratekeela adierazi zuen, besteak beste.
 


 

 

LABek irakasleen kontrako erasoen ugaritzea salatzen du

0

Azken hilabeteetan irakasleen kontrako eraso ezberdinen berri jaso ostean, LABek bere kezka adierazi nahi du. Gainera, kezka areagotu egiten da gertakerien jakinarazpena irakasleek beraiek eman digutenean. Izan ere, sindikatuak hezkuntza sailetik inolako informaziorik ez jasotzeak eta langileengandik jasotzeak kasu gehiago egon badaudela berretsi egiten du.

Azken erasoak icebergaren tontorra izan daitezkeela pentsatzen dugu. Horregatik, eta icebergaren tamaina jakiteko, Hezkuntza Sailari azken urteotan irakasleek jasandako erasoen datuak sindikatuei heleraztea eskatzen diogu.

Langileen ordezkariekin, datuak mahai gainean, azterketa sakona egin eta arazoari aurre egiteko neurri eraginkorrak bilatu behar dira. Gaur egun erasoen aurrean jarraitzen den protokoloaren eraginkortasuna zalantzan jartzen dugu. Berau berrikusteaz gain, erasoak ez gertatzeko prebentzio neurriak aztertu behar dira.

 

 

Gazteen egoera aztergai Gasteizen abenduaren 12an

0

Gaur egun gazteek bizi duten prekarietatea ezin da larriagoa izan eta horren aurrean alternatiba eraikitzen hastea premiazkoa. Guzti honen inguruan aritzeko Ernai gazte antolakundeak ekitaldia antolatu du bihar, abenduak 12, 18etan, Gasteziko gastetxean “Bizitzeko jaio gara” izenburupean. Ekitaldiaren hasieran, Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusiak hitzaldia emango du “Burujabetzaren bidean bagoaz” izenburupean.

Botere politiko eta ekonomikoek hartutako erabakien ondorioz gazteak miseriara kondenatuta daude. Honen aurrean eta gazteon bizi premiak aurrera atera ahal izateko sistema kapitalista patriarkarrari mugak jarri eta gaurdanik iraultzeko alternatibak eraikitzen hasteko unea da. Borroka eta antolakuntza ardatz bizitza erdigunean kokatuko duen bizi eredua eraikitzeko bidean aurrera egin behar dugu.
 

 

 

EAJ eta PSEren Gipuzkoako aurrekoentuek ez dute ongizate ereduaren aldeko aposturik egiten

LABek EAJ eta PSEk aurkeztu dituzten 2016rako Gipuzkoako aurrekontuak salatuz elkarretaratzea egin du Batzar Nagusien aurrean. Sindikatuaren iritziz aurrekontu hauek ez dute ongizate ereduaren aldeko aposturik egiten, alderantziz behar handiena dutenei bizkarra ematen die gutxi batzuen mesedetan.

Gipuzkoa, murrizketa sozialik gabeko lurraldea izateari uko egin eta murrizketak mantentzearen aldeko apustua egin dute. Horrela aurrekontuetan politika sozialek duten pisua %48tik %46ran jeitsi da eta adibidez, pertsona helduentzako laguntza partida 3 milio eurotan gutxitzen da.

Ez dute birziklapenaren aldeko aposturik egin nahi, errauskailuaren proiektua inposatu dute. Hala nola, 2016. urtean errauskailura 6 milio euro zuzenduko dituzte eta hurrengo 3 urteetarako 78 milioi euro konprometitu dituzte.

Ez dute fiskalitate justuagoa nahi. Fiskalitateak aberastasuna birbanatzeko eta gizarte justiziarako balio behar du, baina EAJ eta PSEk nahiago dute Fortuna Handiak dituztenei lagundu birbanaketa justu eta solidario egin baino.

Aberastasun eta Fortuna haundien zergan buruturiko aldaketak oraingoz ez dute eragin handiegia diru bilketan. Hain zuzen ere zerga honen bidez 66 milioi euro jasotzea aurreikusten zen eta urgentziazko aldaketa batzuk tarteko 62.000 euro gutxigo bilduko dira. Gipuzkoako Aldundiaren asmoa zerga kentzea eta ondaren gaineko zerga berrezkuratzea. Aldaketa horrek diru bilketan eragin handia izango du.

LABen ustez Gipuzkoan bada bitarteko eta baliabide nahikorik konponbideak eraikitzeko horregatik borrokatzen jarraituko dugu badagoen aberastasuna erabili dezaten egoera sozial justu eraikitzeko eta krisi sozialaren kontra borrokatzeko.
 

 

 

LOGITERSeko aurreakordioa langileen garaipena izan da

0

Logiterseko langileek burututako borrokari esker aurreakordio batera iritsi berri dira. Honek lanpostuen eta lan baldintza guztien bermea barnebiltzen du, baita SESE enpresara trasladatuko diren langile guztien aintzinatasuna ere. Lan baldintzak unilateralki aldatzea ere neutralizatzen du komite berria osatu bitarte.

Logiterseko zuzendaritzak VW Navarra-rekin zuen kontrataren galera komunikatu zuenetik eta horrek Logiterseko langileengan izan zitzakeen ondorioak ikusirik, Logiterseko Batzordea enpresarekin aurreakordio batera iritsi zen, aurreakordio hori gaur osteguna Logiterseko langileek berretsia izan da. Aurreakordiok langile guztien lanpostuak eta lan baldintzak bermatzen ditu, hau da, 103 langile hain zuzen ere.

Zuzendaritzarekin akordioa gauzatu faltan, LAB-k Logiterseko langileak zoriondu nahi ditu. Langileek bere osotasunean babesturiko lanuzte partzialen dinamika eta greba mugagabearen deialdiak aurreakordioa langileen interesen meseden jarri du, inposaketa eskubideak bermatzen dituen aurreakordio batetan bihurtu du.Berriro ere, mobilizazioa eta borroka langileen eskubideen bermerik hoberena bihurtu dira.

Honekin batera, VW Navarrak aspaldian darabilen azpikontratazio politika salatu nahi dugu, enpresaren etekinak lehenesten dituen politika hau azpikontraten konpetentzian oinarritzen da eta honek azken finean langileen lan baldintzetan du eragina. Politika hau, VW motoreen iruzurrarekin areagotu egingo dela deritzogu.

LAB-tik Logiterseko eredua harturik VW-ko, azpikontratetako eta hornitzaileen arteko batasuna bultzatuko dugu, VW Navarra ren asmoak geldiarazteko.
 

 

 

Kalera irten gara euskal presoak etxera ekartzeko exigituz

Gaur, abenduak 10, Nazioarteko Giza Eskubideen eguna den honetan, euskal preso politikoek eta beren familiek egunero sufritzen duten egoera salatzeko mobilizazioak egin ditugu Euskal Herriko hainbat txokotan. Hain zuzen ere, azken 25 urteotan aplikatu den sakabanaketa politika giza eskubideen kontrako eraso garbia da.

Egoeraren larritasunaren aurrean LABek lanean jarrituko du gai honen inguruan langileriaren aktibazioa eta mobilizazioa lortzeko. Zentzu honetan dispertsioaren aurka eta preso politikoen eskubideen aldeko aldarrikapena lan-munduan zabaltzeko ekimen ezberdinak landuko ditu sindikatuak

Euskal Herrian gatazka politikoaren benetako konponbidea nahi badugu euskal preso eta iheslari guztiak etxera ekarri behar ditugu, eta horretarako herria, langileria kalera irten behar da. LABetik gure konpromisoa adierazten dugu bide horretan lan egiteko eta gure eskuan dagoen guztia egiteko.
 

 

 

Prekarietatea indarkeria da, prekarietatetik irtetea zure eskubidea da

Aupa lagun! Sara naiz, ezagutzen nauzu? Beste lankide batzurekin hizketan, konturatu naiz lanpostuan dudan egoera eta lan baldintzak ez direla normalak.

Gure soldata eskasak ez digu bermatzen bizimodu duin bat izatea; gure ordutegiak ez digu gure familia edo lagunekin egotea uzten; beste batzuek lanaldi partziala dugu eta hilabete bukaerara heltzea ezinezkoa da; emakume askori, emakume izateagatik, gure soldata osagarri (etxerako diru sarrera gehigarri) moduan hartzen zaigu eta ez digute besterik eskaintzen, ez soldata duinik, ez lan baldintza onik. 

Krisi egoerarekin, eta dagoen langabeziarekin, sinestarazi digute egoera hau onartu behar genuela lan bat izateko, baina berriro diogu, hau ez da egoera normala. Batzuk diru asko irabazten ari dira gure lan baldintza kaskarren kontura. Lan baldintza prekarioak inposatzen dizkigute beren irabaziak biderkatzeko.

Nik NAHIKO DELA esatea erabaki dut jada, eta zuk?

Gauza bat argi izan behar duzu:

• Zure soldata ez bada 1200 eurora heltzen
• Egonkortasunik ez baduzu lanean
• Lanaldi partziala baduzu
• Hainbat lanaldi partzialeko lanak egiten badituzu hilabete bukaerara heltzeko
• Emakume izateagatik, “osagarri” den lana besterik ez badizute eskaintzen
• Zure lan ordutegiak ez badizu zure bizitzako beste zereginik egiten uzten
• Zure ordutegia aldiro aldatzen badizute
• Ordu estrak derrigorrez sartu behar badituzu
• Kontratua jardunaldi erdikoa baduzu, baina jardunaldi osoan lan egitera behartzen bazaituzte

Aurreko guztiak edo batzuk onartu behar badituzu lana izateko ez izan inongo zalantzarik:

1.- LAN BALDINTZA PREKARIOAK DITUEN LANGILEA ZARA
2.- ZURE LAN EGOERA EZ DA “NORMALA”

Prekarietatetik atera eta lan baldintza duinak dituen lanpostu bat izateko eskubidea duzu eta borroka horretan laguntzeko prest nago. Nirekin batera bide bat egiteko proposamena, PREKARIETATETIK IRTETEKO BIDAIA.

Laster izango duzu gure berri, bidai horretan lehen etapa betetzeko.

Bizitzen ari garen egoera prekarioari buelta ematea da ZureESKUbidea!
 

 

Kontratazio berrietan diskriminaziorik ez!

Segurtasun eta eskubide gabeko lan eredu prekarioa ezarri nahi digute; mobilizatzeko gaitasuna eta erantzun sindikala oztopatuko dituen eredua. Patronalari bere dibidendoak eta abantailak betirako bermatuko dizkion eredu bat nahi dute.

Norabide honetan kokatzen dira azken hilabeteetan kontratazio berriekiko ugaldu diren erasoak. Besteak beste, hauek dira esanguratsuenak:

– Asmatutako lan kategoria berrien bidez soldata taula bikoitza ezartzea.
– Estatu mailako hitzarmenaren araberako lan baldintzak arautzea eta, hau ez balego, Langile Estatutuaren arabera.
– Lan baldintza onartezinak (malgutasun handia, guardiak, ordezkapenak, aparteko orduak…).
– Praktika kontratuen erabilpena, nahiz eta aurretik lanean ibili
– Antzinatasun plusa ez aitortu, ezta ordaindu ere. 
– Behin-behinekotasuna, ABLEak, azpikontratazioa… 

Neurri horiekin guztiekin, langile berrien eskubideak erasotzeaz harago, langile guztien lan baldintzak merketu eta prekarizatu nahi dituzte. Guztiok argi izan behar dugu hori: ez da soilik printzipioen kontu bat edo elkartasun ariketa hutsa. Enpresak, langile berriei baldintza prekarioak ezarriz, langile guztien lan baldintzak erasotu nahi ditu. Langile berriak —langileen artean egoerarik ahulena dutenak—, berri izate hutsagatik lan baldintza okerragoetan sartzen diren bitartean, zaharrek ez dituzte sekula beren lan baldintzak hobetuko. Asko jota, hurrengo borrokak langileen arteko desberdintasunak gutxitzera mugatuko dira, hortaz, enpresariak benetan bilatzen duen helburua guk geuk bermatuko dugu. Azken helburua, enplegu duina prekarioagatik ordezkatzea da, jubilazio edo kaleratzeen bidez.

LAB ez dago egoera hau onartzeko prest. Neurri bidegabeak dira, eta gainera, ez dira beharrezkoak. Langileen arteko banaketa eta talka baino ez dakarte. Kontratazio berrietan diskriminazioa aplikatzea langile guztien kontrako erasoa da, neurri horiekin langileon pobretzea bilatzen dute. Aski dela esateko garaia da.

Kalitatezko enplegua aldarrikatzeko garaia da, langile GUZTIEN eskubideak defendatzeko garaia da. Lanpostuak bizi maila duina bermatu behar digu, ez pobrezia egonkortu. Horrela ez gara krisialditik aterako, krisi garaiko ondorioak betikotu egingo dira. Soldata duinak behar ditugu, lan baldintza duinak behar ditugu, gure eskubideak ziurtatzeko eta dagozkigun prestazio sozial duinak, doakoak eta unibertsalak bermatuak izan daitezen, orain eta etorkizunean.

Esandako horren guztiaren defentsa enpresa honetatik hasten da.

Beraz, hamaika arrazoi ditugu esateko:

KONTRATAZIO BERRIETAN DISKRIMINAZIORIK EZ!,
ENPLEGU DUINA DENONTZAT!