2025-12-14
Blog Page 1114

LABen iritziz ulergaitza da Cristina Uriarte, 3.mailako probekin kritiko direnen aurrean, oldartu izana

0

Cristina Uriartek, egindako adierazpenen aurrean, LAB sindikatuak ikasleen familia eta hezkuntz komunitateen jarrera txalotu eta euskal jendarteak behar eta nahi duen hezkuntz sistema baten aldeko eztabaida ireki dezan eskatzen dio EAEko hezkuntz kontseilariari.

LAB sindikatutik EAE-ko Hezkuntza Kontseilariak egindako adierazpen harira honakoa adierazi nahi dugu:

1.-Cristina Uriarte berak Madriletik LOMCEaren ezarpena eman denetik, euskal erkidegoko ikasleak babestea sailaren helburu nagusia zela errepikatu du behin eta berriz. Bitartean, familiek lege honen aplikaziotik eratorri den 3.mailako probaren aurrean beraien seme alabak babesteko erreakzio natural bezala, planto egitea erabaki dute. Ez bakarrik inplikatutako ikasleen familiek baizik eta hezkuntza komunitate osoa osatzen dugun eragile zein herritarrok erantzunkizunez jokatu dugu.
2.- Cristina Uriarte masa kritiko honen aurrean entzuteko jarrera izan beharrean oldartu egin da. Ulergaitza egiten zaigu bere jarrera hau. Gure iritziz iniziatiba propioz eta pasibotasunari aurre eginez, pausu bat haratago joan eta eraikitzailea den planteamendu batetara iristea lortu dute. Euskal Herriak behar eta nahi duen hezkuntza propioari heltzeko ezinbestekotzat jotzen ditugu jarrera aktibo eta eraikitzaile hauek.
3.- Cristina Uriartek zuzentzen duen sailak bi aukera ditu Madriletik ezarritakoa aplikatzea edo euskal jendarteak dituen behar eta nahiei behar bezala erantzutea. Bide hau jorratzeko lehen urrats gisa eragile eta herritar orori irekita egongo den eztabaida gunea abian jar dezala eskatzen diogu.
4.-LABek argi du zein den ipar orratza, gaurdanik Euskal Herritik eta Euskal Herrirako Hezkuntza sistema irutea. Langileok hezkuntza komunitatearen parte garen aldetik norabide honetan lanean jarraituko dugu.
 

 

 

Bihar denok Durangora silikosiaren aurka

0

Silkosi kasuek gogorki kolpatu dute Fumbarri enpresa, baina Funbarrikoa ez da kasu isolatu bat. Euskal Herriko beste hainbat enpresatan antzeko kasuak ematen ari dira. Hori dela eta LABek mobilizatzen jarraituko du, datorren hitzodua bihar izango da. Bihar, ekainaren 6an, larunbatez, Durango manifestazioa egingo dugu, 12:30ean San Roketik, Fumbarri aurretik, abiatuta.

2011an eduki zuen LAB sindikatuak lehen silikosi kasuaren berri. Gaur egun, gutxienez, 11 dira gaixo dauden langileak. Horietatik biri, gainera, gaixotasunaren konplikazio eta larritasunaren ondorioz, inkapazitate iraunkorra aitortu zaie. Datu hauen arabera, langile guztien %10a baino gehiago dago gaixo.

Egoera ezagutu genuenetik gaur arte, LAB sindikatuak salaketa ugari egin ditugu, bai enpresa barruan zein kanpoan, eta helburua argi izan dugu momentu oro; enpresak prebentzio plan eraginkorra egin dezala langile guztientzako, egun silikosiak gaixotutako langileentzako eta langile gehiago gaixotu ez dadin.

 

 

 

Leitzako Torrespapel Enpresa Batzordeak, Leitzara materiala kargatzera zetorren gidari bat erail izana salatu nahi du

0

Enpresa batzorde honek zenduaren senideei atsekabea adierazi nahi die eta haien esanetara jartzen gara edozer behar izango balute.
Horrez gain, Leitzako Torraspapeleko langileok jakinarazi nahi dugu, hilaren 9an, asteartea, 13:15ak 14:15 bitartean elkarretaratzeak eginen ditugula

Granadako Transamilla Garraio Enpresa arduratzen da Motril eta Leitzako Torraspapel lantokien arteko garraioaz.
Hedabideen bidez jakin dugu egilea zerbitzuz kanpo zegoen ertzaina izan dela.
Onartezina da kontrolik gabe jende armatua ibiltzea gure kaletan dagokion erakundeak kontrolatu beharko lituzkeenean.
Honengatik guztiarengatik, Leitzako Torraspapelen Batzordeak gertakariak argitu daitezela eta berriro gerta ez dadin, dagozkion neurriak har daitezela eskatzen du.

 

 

 

LABek naturaren defentsan lan egingo du lantokietako erabakietan parte hartuz eta jendartean ere eragile aktibo izanez

0

Ingurumen osasuntsua eraikitzea da gure nahia eta beharra. Eta horretarako, Euskal Herrian naturaren eskubideekin konprometitua egotea besterik ez dago. Ez dago jarraitzerik pertsonak eta natura negozioen menpe jartzen dituzten erabaki politikoekin, uste baino lehenago amildegiarekin aurkituko garelako.

Ingurumenaren egun horretan adituko ditugu urtean zehar ingurumena txikitzen dituztenen ele zuriak. Bai, neoliberalismotik gobernatzen gaituztenek adierazpen ponpoxoak iragarriko dituzte, Klima Aldaketari aurre egiteko neurriak aletuko dituzte, berotegi efektuko gasen isurpena murrizteko konpromezuak aizeratuko dituzte. Baina haien eguneroko praktika kontrako norabidetik doa. Energia fosilen aldeko hautua: fracking-a, Kantauri Itsasoan hidrokarburoen bilaketa, Petronorren planta; azpiegitura inutilak, antisozialak eta kutsatzaileen aldeko apostua: AHT, errauskailua,… Uraren kudeaketa merkantilistaren aldeko erabakiak: nafarroako ubidea, esako urtegia, pribatizazioak,… Eta hori gutxi ez balitz, ez da inon somatzen egungo produkzio eta kontsumo eredua gainditzeko borondaterik agintarien aldetik.

Testuinguru berezi batean gaude. Bada lotura lan munduan eta bizi baldintzetan zabaltzen ari diren prekarietatea eta natur baliabideak mugarik gabe esplotatu nahi dutenen artean. Interes espekulatibo asezinek gure osasuna, gure ongizatea, pertsonen arteko berdintasuna eta ingurumenaren oreka ezinezko bihurtu nahi dute. Desberdintasun sozialak eta ingurumenaren suntsipena esku berberek sortuak dira: kapitala jendearen gainetik jartzen duena.

LABen argi marraztuak dauzkagu lehentasunak. Badakigu zeren aldekoak garen eta zeren aurkariak garen.

1. Ez dugu energia nuklearrik onartuko, Lemoiz itxi genuen, eta Garoña ixtea ere derrigorra dugu. Kantauri itsasoan hidrokarburorik dagoen ez dugu ikertu dezaten ere nahi, eta Euskal Herria frackingetik librea izan behar da. Mugikortasunari dagokionez, Abiadura Handiko Trenaren aurkariak gara, makroproiektu hau euskal herritarrontzat ekonomikoki, sozialki eta ingurumenari dagokionez kaltegarria da, obrak gelditzea eta auditoria soziala egitea exijitzen dugu. Hondakinen tratamenduari dagokionez, errauskailuak bezalako sistemak edo zementeretan erraustea gaixo sortzailea eta guztiz kutsakorra dela jakinda, sistema hau alboratzea exijitzen dugu. Aurre egiten diogu TTIP bezalako hitzarmenei, multinazionalek are gehiago zanpatuko dizkiguletako gure eskubide sozialak, ekonomikoa eta natura merkantzia ziztrin bat bilakatuko delako.

2. Baina noski, ez gara ezezkoan gelditzen, ereduen arteko talka egiten dugu, biak aurrez aurre konfrontatuz. LABek arrantza, nekazaritza, hosto zabaleko basogintza.. bezalako sektore estrategikoen alde egiten du. Argi dugu bidea elikadura burujabetza dela. Energiari dagokionez, gehiegizko kontsumoa gelditu, aurreztu eta enplegua sortuko duten berriztagarrien eta ordezkagarrien alde egitekoak gara. Mugikortasunari dagokionez, garraiobide komunitario eta publikoaren alde egiten dugu. Hondakinen tratamenduari dagokionez, kontsumo eta produkzio arduratsuak egitearen alde egingo dugu, erraustegiak alboratzeko, zero zabor izan behar da helburua, eta hori lortzeko, sistema egokiena denaren alde egingo dugu.

3. Baina erronka proiektu zehatzetatik haratago dago. Hasi behar dugu bidea jorratzen langileok produkzio bitartekoetan, kontsumo ereduetan eta erakundeen kudeaketan inziditzeko. Hasi behar dugu trantsizio prozesuak martxan jartzen: energetikoak, politikoak, ekonomikoak, sozialak, kulturalak,… Horretan Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta ezinbesteko paradigma eta ondare daukagu lanketa hori egiteko. Erabakien jabe gu geu izatea nahitaezkoa da, langileon eta gainontzeko sektoreen parte hartzea eta mobilizatzea guztiz beharrezkoa da natura eta komunitate osoaren mesedetan kudeatzeko, bai gure belaunaldiaren alde, eta bai etorkizuneko belaunaldien alde ere.

4. LABek naturaren defentsa egingo dugu lantokietako erabakietan parte hartuz, eta bai jendartean ere eragile aktibo izanez. Berdintasuna, justizia soziala, bizitzaren duintasuna, pertsonen zaintza eta ingurumenaren babesa borroka berberak dira. Eta horien alde, mobilizazioaren beharra daukagu, gero eta indar handiagoa hartu behar duena: gauzei aurre egiteko eta gure helburuak lortzeko. Hurrengo egunetan agenda karga karga eginda daukagu ingurumena eta eraldaketa sozialaren alde gaudenok:

• Ekainak 5, Baionan, Karta Sozialak antolatu duen ekimenean parte hartuko dugu.
• Ekainak 6, Donostian eginen den Alternatiben herrixkara hurbiltzeko parte hartzeko dei egiten dugu.
• Ekainak 13, AHTaren lanak gelditzeko manifestazioa Donostian.
• Uztailean, fracking teknika Euskal Herrian martxan ez jartzeko Araban egingo den frakanpada internazionalean ere present egonen gara.

 

 

 

Osalanek prebentzio ordezkarien prestakuntza eten du

0

Osalanen zuzendaritzak prebentzio ordezkarien prestakuntza etengo duela erabaki du. Hartu den erabakia bereziki larria da LAB eta ELA sindikatuontzat eta horregatik Jaurlaritzari berehala prestakuntza ikastaroak berriz has daitezela, osasun eta laneko arriskuen prebentzio arloan Lanbide arteko Akordioaren alde egin dezala eta estatuko ereduari makurtu gabe enplegurako berezko prestakuntza sistema susta dezala eskatu diogu gaur.


LAB eta ELAren irakurketa 

Osalanek prebentzio ordezkarien prestakuntza eten du

Osalanen zuzendaritzak erabaki du prebentzio ordezkarien prestakuntza etengo duela, aipatu prestakuntza, laneko esparruan, enplegurako lanbide heziketa sistemaren baitan sartzen dela kontsideratu behar ote den zalantza sortu dela argudiatuz, eta hori dela eta, 4/2015 Errege Lege Dekretuaren (martxoaren 22koa, non lan esparruan Enpleguaren Lanbide Heziketa Sistema premiaz aldatzen duen) aurreikuspenek eragiten diotelako.

Hartu den erabakia bereziki larria da, moldeei eta honen funtsari dagokienez.

OSASUN ETA LANEKO ARRISKUEN PREBENTZIO ARLOAN LOTURIKO LANBIDE ARTEKO AKORDIOA

Prebentzio ordezkarien prestakuntza, EAEn, 1997ko abenduaren 19ko “Osasun eta laneko arriskuen prebentziorako lanbide arteko akordioak” arautzen du.

Akordio honek enpresariak prebentzio ordezkariei ezinbestean eskaini behar dien prestakuntza arautzen du, Laneko Arriskuen Prebentzio Legean aurreikusitako eskuduntza garatzeko behar besteko gaitasuna izan dezaten.

Akordioa sinatu zuten alderdiek (ELA, LAB, COO, UGT eta Confebask) Osalanen esku utzi dute oinarrizko prestakuntza egitasmo horren kudeaketa, bi zatitan garatuko dena:

a) Parte arauemailea: laneko arriskuen prebentzio arloari eta honi lotu eskubideei eta betebeharrei buruz behar besteko ezagutzaz hornitzera bideratua.

Sindikatuek irakasten dute zati hau. Sindikatu bakoitzak bere prebentzio ordezkariak trebatzen ditu, OSALANek landu dituen prestakuntza gidaliburuaren edukietan oinarrituz, OSALAN berak egiaztatu dituen hezitzaileekin.

b) Parte teknikoa: norberaren betekizunak burutzeko behar diren honi loturiko ezagutzak lortzera bideratua.

Alderdi teknikoa OSALANek akreditatutako trebakuntzako zentroek emango dute.

Hots, 1997. urteaz geroztik OSALANek kudeatzen eta kontrolatzen du egiten ari den heziketa lana. Honez gain, esan daiteke Lanbide arteko Akordio honen alderdi sinatzaileak bat datozela, etengabeko prestakuntza arautzeari dagokionez, hauek berariazkoa eta autonomoa den izaera hartzeaz eta hornitzeaz. Izatez, etengabeko prestakuntzaren berariazko araudia 1995eko beste Lanbide arteko Akordio batean oinarritzen zen, non hartan, Hobetuz eratu baitzen.

ENPLEGURAKO LANBIDE HEZIKETA SISTEMA ALDATZEKO ERREGE LEGE DEKRETUA

Martxoak 20an, Rajoyren gobernuak Errege Lege Dekretua onartu zuen Enplegurako Lanbide Heziketa Sistema aldatzeko.

Araudi horren puntuetako batek enplegurako trebatzearen irakaskuntzan enpresarien elkarteen eta sindikatuen betekizuna urritzea zekarren berarekin, gizarte eragileen partaidetza “langileei zuzendutako prestakuntza-eskaintzaren diseinuari, plangintza egiteari eta programazioari” mugatuz.

PREBENTZIO ORDEZKARIEN PRESTAKUNTZA ETETEKO ERABAKIA

Maiatzak 15ean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2015eko maiatzaren 6ko ebazpena argitaratu zen, non haren bidez 2015eko ekitaldirako prebentzio ordezkarien oinarrizko prestakuntza emateko baimenaren eta subentzioaren deialdia egin baitzen. Aipatu ebazpenaren hartzaile, besteak beste, sindikatuak etaenpresarien elkarteak dira, araututako prestakuntzaren eta prebentzio ordezkariak gaitzeko oinarrizko mailaren trebakuntzari buruzko eskubideen eta betebeharren emaileak izanik.

Bi aste geroago, maiatzak 29ean, posta elektronikoa bidali zitzaien Osalaneko prestakuntza batzordekideei (sindikatuak eta patronala) prebentzio ordezkarien trebakuntza eten zela jakinaraziz, eta argudiatuz, zalantza sortu zela aipatu oinarrizko trebakuntzari 4/2015 Errege Lege Dekretuak eragiten ote zion edo ez.

Kontuan hartuz, ELA eta LAB ez direla prestakuntza batzordeak egin ohi dituen bileren partaide, Osalanen Batzorde Nagusian parte hartzen ez dutenez, lehenengo aldiz, posta elektroniko horren bidez bakarrik izan dugu erabaki garrantzitsu horren berri.

ELA-K ETA LAB-EK ETETEAZ DUTEN IRITZIA

1.- Erabaki horrek bere biziko garrantzia du prebentzio arloko prestakuntza bezalako funtsezko arazo bati eragiten diolako.

Erabaki honek milaka ordezkariri eragiten dio, hauetako asko hautatu berriak hauteskunde sindikaletako azken aldi trinkoan. Nola beteko dituzte prebentzio ordezkari gisa dagozkien eginbeharrak?

Argi dago prestakuntza egokirik gabe ez dagoela prebentziorik. Laneko arriskuen Prebentzio Legearen arabera (31/95 legea), prebentzio ordezkarien prestatzeko premia haien lanpostuei atxiki arriskuen ezagutza izatetik haratago doa. Aipatu trebakuntza oinarrizko zutabea da enpresan prebentzio kultura egokia susta dadin, prestakuntzarik gabe, behin hautatuta bete behar izango dituzten zereginak ezin izango dituztelako egin.

Prestakuntza ezak Hego Euskal Herrian pairatzen ari garen ezbehar-maila handiei eragiten dien eragiletako bat da. Honezkero, aurten 21 istripu hilgarri gertatu dira.

2.- Moduak onartezinak dira.

E-mail bidez jakinarazi izana herri honen gehiengo sindikalari erakutsitako begirune ezaren adierazgarri dugu. Telefono dei bat ere ez dugu jaso.

Kontuan hartu behar da ikastaro gehienak bi sindikatuon artean antolatzen ditugula. Datozen asteetarako, batzuen deialdia egin genuen.

3.- Osalani ez diogu onartzen inolako gaitasunik ez eta zilegitasunik ere, lan osasunaren arloan, loturiko Lanbide Arteko Akordioaren ezarpena eteteko.

Erabakiak, dirudienez, Osalanen prestakuntza batzordearen lan esparruan sortu den zalantzan du jatorria. Aipatu batzordean sindikatuen gutxiengoak parte hartzen du.

ELAk eta LABek ez dugu parte hartzen Osalanen Batzorde Nagusian, baina hala ere, Lanbide arteko Akordioak indarrean dirau eta guk gehiengo sindikala ordezkatzen dugu. Ez biltzekotan, akordio horren Batzorde Parekidea ere ez dute bildu.

Ez dakigu, Hobetuzekin gertatu bezala, oraingoan interesik ba ote dagoen lan osasun arloan lotu zen Akordio honekin ere amaitzeko.

4.- Eusko Jaurlaritza, berriro ere, lehen aukeran, estatuko ereduaren aurrean makurtu da, prestakuntza arloan, prebentzio ordezkarientzat egin zen EAEko berezko sistema babestu barik.

5.- Eusko Jaurlaritzak, horrenbestetan Eztabaida Soziala babesten duela esaten duen horrek, alde bakarraren erabakiz, hondoratu du Lanbide arteko Akordioa.

Lanbide arteko akordio hori orain arte funtzionatzeaz gain, oraindik indarrean dagoen gutxienetako bat dugu.

6.- Prebentzio arloko prestakuntzak enplegu sortzea ez den bestelako izaera du.

Eten den prestakuntzak, nagusiki izaera sindikala du. Hain zuzen, prebentzio ordezkariaren zeregina, funtsean, sindikalgintzari dagokion betekizuna da, eta arloaren ezagutza juridikotik haratago doa. Hortaz, zilegia eta beharrezkoa deritzogu sindikatuok gure ordezkariei aipatu alderdi arauemailea ematen jarraitzeari.

Bestalde, prestakuntza hau Osalanen aurrekontutik finantzatzen da, gizarte-kotizazioek ez dute zuzenean finantzatzen. Zehaztearren, 2015. urteko ikastaroak finantzatzeko esleitu ziren baliabide ekonomikoak 300.000 eurotakoak izan ziren, Osalanen aurrekontuaren kontura.

7.- Geure buruei galdetzen diegu ea erabaki honetan beste erakunde batzuk izan ditzaketen interesak lehenesten diren.

CCOOk, UGTk eta Confebaskek prestakuntza hau eman ahal izango dute aurrerantzean beste formula batzuk erabilita edota beste entitate batzuen bitartez?  Adibidez, IFESen bidez (UGTren prestakuntza fundazioa), prebentzio arloko prestakuntza teknikoa irakasteko akreditatua dagoelako, aipatu Lanbide arteko Akordioaren baitan, sindikatuok ezin dezakegulako irakatsi alderdi teknikoa.

ELA-REN ETA LAB-EN ESKAERA
Guzti honengatik,

ELAk eta LABek Eusko Jaurlaritzari honako hau eskatzen diogu:

  • Berehala, prestakuntza ikastaroak has daitezela berriz.
  • Osasun eta laneko arriskuen prebentzio arloan, Lanbide arteko Akordioaren alde egin dezala.
  • Enplegurako berezko prestakuntza sistema susta dezala, estatuko ereduari makurtu gabe.

Gai honetaz eztabaidatzeko, jendartean deitzen dugu Enplegu Sailburua bilera egin dezagun.

 
Euskal Herrian, 2015eko ekainaren 4an

 

 

 
 

Lanpostu duinen alde mobilizatu dira Telefónicako langileak

Sektoreko patronalak, Telefonica haren buru izanik, ezarri duen laneko esplotazioaren aurka, Movistarrentzat lan egiten duten eta ia duela bi hilabete greban dauden kontratetako eta azpikontratetako langileei nahiz autonomoei elkartasuna adierazteko iragarritako bigarren lanuztea burutu dute gaur Telefónica. Datorren ekainaren 9 eta 11ean beste bi lanuzte iragarrita dituzte.

Kontratetako eta azpikontratetako langileek zein autonomoek aurrera daramaten grebarekin bat eginez eta lanpostu duinen alde Hego Euskal Herriko Telefonícako langileek lanuztea burutu dute gaur. Zereginak kanpoko beste enpresetara bidali izana arbuilatzen dutela adierazi dute, pertsonak morroi bihurtzen dituzten egoera latzetan egin behar izaten dutelako lan. Hau guztia jabeen eta zuzendarien onuran egiten dela salatu dute ere, nahiz eta multinazionalak, iazko irabaziak hirukoiztu zituen 2015eko lehen hiruhilekoan.

{linkr:related;keywords:movistar;limit:5;title:Albiste+gehiago}

 

 

 

LABek ez du ulertzen Gometegiko batzordeak greba bertan behera uztea erabaki izana

0

Laudioko Gometegui enpresak burututako kaleratzeen aurka eta hortaz, duela bi hilabete eskas sinatutako akordioaren hausturaren aurka aste honetan hastekoa zen greba deialdia bertan behera uztearen aurrean, LABek erabateko desadostasuna adierazi nahi du. Akordio horretan 2015 eta 2016 urteetarako enplegu bermea eta soldata jaitsiera berreskuragarri baten truke kaleratzeen ezinezkotasuna jasotzen ziren, hain zuzen ere.

Urtebetez langileriarekin jolasean ibili dira: lehenengo kaleratuak izatea edo Poloniara joatea aukeratu behar izanaren ultimatumarekin; gero solataren jaitsierak exijitzen; orain gutxi enpresaren iraunkortasunerako ezinbestekoa omen zen laguntza instituzional bat jasotzeko plan baten onarpena eskatuz, gero laguntza eskatu ez zutenean… Laburbilduz, langileekin joko zikina eginez eta hartutako konpromisoak modu unilateralean apurtuz, enpresako zuzendaritzak 8 langile kaleratzeari ekin baitzion joan den astean.

LABen iritziz onartezina da enpresaren jokabidea, eta aproposa iruditu zitzaigun Enpresa Batzordeak proposatutako eta gehiengoak onartutako greba deialdia. Horregatik ez dugu ulertzen, gerentearen berbaldi baten ostean batzordearen erabakia atzera botatzea eta greba bertan behera uztea erabaki izana.

Honek guztiak kaleratutako langileei bizkarra ematea eta enpresak akordioak modu unilateralean eta nahierara apurtu ahal izatea suposatzen duela uste dugu. Langileak kaleratu ditu aldi berean ABLEak kontratatuta dituenean aurretik kaleratutako langileetako batzuek egiten zituzten lanak burutzeko, ordu extra ugari egiten direnean eta langileriak bi hilabeteko atzerapena daramanean soldataren kobrantzan. Hori guztia inolako bideragarritasun plan sinesgarririk gabe, etorkizuneko inolako bermerik gabe eta egoera hau hemendik gutxira errepikatuko ez den bermerik gabe.

Gure ustetan, Gometegui enpresak langileriari etorkizuna eta lanpostuak bermatzeko utzi dion aukera bakarra mobilizazioarena da.
 

 

 

Langabezi prestazioa hiru pertsonetatik bati bakarrik heltzen zaio Hego Euskal Herrian

Enplegu publikoko zerbitzuek emandako maiatzeko datuek langabeziaren jeitsiera bi arrazoietan sustengatzen dela azaleratzen dute: Enplegu kaskarren zabaltzea eta luzapen handiko langabezi estrukturalaren igoera.

Enplegu publikoko zerbitzuek emandako maiatzeko datuek langabeziaren jeitsiera bi arrazoietan sustengatzen dela azaleratzen dute: Enplegu kaskarren zabaltzea eta luzapen handiko langabezi estrukturalaren igoera.

• Enplegu kaskarraren zabaltzea eman da: lana gero eta prekarioagoa da, aldi baterakoa, lanaldi partzialean sustengatua eta soldata oso baxukoa.
• Luzapen handiko langabezi estrukturalaren igoera, zeinak milaka pertsona enplegu bat lortzeko esperantza gabe alboratzen dituen. Uzkurdura efektu honek, langabezi prestazioak amaituak dituztenean, langabezi bulegoetan haien eskaera ez berritzea dakar.

Zentzu honetan, gero eta kezkagarriagoak dira langabeziaren kontrako mekanismoen hutsuneak.

Lanbide eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emandako datuen arabera, pasa den apirilean langabezian dauden %34,2ak bakarrik jaso zuen edonolako langabezi prestazioren bat (prestazioen estadistika emandako langabezia datuak baino hilabete beranduago argitaratzen da). Honek esan nahi du jadanik 140.745 direla inolako langabezi prestaziorik jaso dutenen pertsona kopurua.

Gainera, emakume langabetuei eskaintzen zaien estaldura gizonei ematen zaiena baino baxuagoa da: lehenari %31,2 a eta bigarrenari %37,5a.

Egia da ere langabeziagatik prestazioak jasotzen dituzten beste kolektibo batzuk badirela, baina eman den langabezi datuetatik kanpo geratzen dira. Hemen sartzen dira, adibidez, lanaldi partzialak eta langabezia bateratzen dituzten pentsonak edota suspentsio edota lanaldi murrizketako EEE baten eranginpean dauden langileak.

 

Hego Euskal Herrian langabezi prestazioak jasotzen dituztenen datuak

2015eko apirila
Gizonezkoak
Emakumeak
Guztira
Jasotzaile totalak (SEPE)
88.245
Langabezia jasotzen dutenak
37.647
35.419
73.066
Eman den langabezi tasa
100.326
113.485
213.811
Estaldura Tasa doitua
%37,5
%31,2
%34,2

Iturria: LABek osatua Landide, Nafarroako Enplegu Zerbitzua eta SEPEtik jasotako datuetan oinarritua

Gauzak honela, langabeziaren aurrean babesean eman den ahultze progresiboa faktore ezberdinen emaitza direla salatu behar dugu, eta hauek dira: prekarietarearen eta tenporalidadearen gorakada, luzapen handiko langabezia eta PPren gobernuak emandako murrizketak prestazioetan.

 

 

 

Alternatiben herrixka: beste modu batera bizi nahi dugunon gunea

Datozen ostiral eta larunbatean, ekainak 5 eta 6an, Donostian Alternatiben Herrixka ospatuko da. Alternatiben herrixka, klima aldaketari aurre egitea posible dela erakutsiko digun herrixka bat izango da. Bertan parte hartzen duten eragile ezberdinetako kideek gaur eskeini duten agerraldian ekimen honen inguruko zehaztapenak ezagutzera eman dituzte.

Xeila Padrones, Donostiako Piratetako kideak azaldu du “Alternatiben herrixkak beste modu batera bizi nahi dugunon gunea” izan nahi duela. Bizi dugun larriadi egoeraren aurrean alternatiban sinisten dugun eragileon artean sortu da. “Gaur egungo egoeraren larritasuna azalarazi eta bestelako gizarte modu bat eraikitzeko modu ezberdinak existitzen direla erakutsi nahi da herrixka honetan”. Horrez gain transizio soziala, ekologikoa eta energetikoa lehen bait lehen abiarazteko deialdia egin nahi dugu. 

Alternatiba Herrixka ekimenak Frantzian du jatorria eta 2015eko abenduan izango du jomuga Paris-en ospatuko den klima aldaketari buruzko nazioarteko konferetzian. Hau aitzakia hartuta eta 5.000 kilometroko bizikleta martxa batekin, Bizi! mugimenduak bestelako mundua posible dela aldarrikatuko du uda honetan, ekainaren 5ean Baionatik irten eta irailaren 26ean Parisera helduko da, tartean Europako 6 estatu zeharkatuz. Baionatik atera eta lehengo geldi unea Donostia izango da ekainak 5ean. Bizikleta martxa honekin bat eginez, Alternatiben Herrixka Donostian eraikitzeko aukera aprobetxatu nahi izan dugu. Baina ez da hitzordu bakarra izango, Euskal Herri mailako Alternatiben Herria Urriaren 24ean, Bilbon ospatuko da Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartak antolatuta eta “bizitza burujabea eskubide osoz” lelopean.

Maider Sagrero, Emaus eta Saretuz taldeko kideak bi egun horietako egitarauari buruzko azalpenak eman ditu. Ekainaren 5ean bizikleta martxa Antiguara iritsiko da eta honi ongietorria egiteko hainbat ekintza antolatuko dira. “Larunbatean, ekainak 6an egun osoko festa egingo da Antiguan”. Matia kalea ardatz bezala hartuz egun osoan zehar hainbat ekintza burutuko dira txoko eta plaza desberdinetan: hitzaldiak, artisau azoka, haurrentzako ekintzak, musika, bazkari herrikoia, tailerrak, erakusketak…

Amaitzeko, hau guztia “ezinezkoa izango zela auzolanik gabe” azpimarratu du Iker Huegunek, Ekoliderrak sareko kideak, eta parte hartu duten guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie. Horrez gain alternatiban sinisten duten guztiei Donostiara gerturatzeko deia luzatu die, “txoko guztietan festa giroa izango da nagusi”. 

 

Informazio guztia hemen