2026-06-24
Blog Page 1101

O20an, ere, Euskal Presoen eskubideak aldarrikatuko ditugu

Otsailaren 20an Euskal Presoak dauden Espainia eta Portugaleko espetxe guztietara martxak burutuko ditugu presondegietan ABIAN eztabaida behar den bezala eman dezaten dispertsio eta sakabanaketak eragindako baldintzak salatzeko eta Euskal Presoen eskubideak aldarrikatzeko.

LABek gorriz markatua du asteburu honetako hitzordua eta kartzeletara egingo diren martxetan izango da. Gainera LABek autobusa antolatu du larriki gaixo den Lorentxa Guimon-en etxeratzea exijitzeko antolatu den martxan parte hartzeko.
 


 

 

Administraziopeko ikastetxeetako aurrematrikulazioan, “D” eredua baztertua

0

Nafarroan aurrematrikulazio epea ireki den honetan LAB sindikatuak Administrazioaren aldetik D ereduaren aldeko kanpainarik egin ez izana salatu nahi du. Era berean Aurrematrikulazio kanpaina Ikastetxeen eskutan uztea arduragabekeria dela uste dugu. Hau guztia azkeneko hogeita hamar urtetan UPNek eta PSNek beste eragileen laguntzarekin ezarri duten Napartheid linguistikoaren ondorio zuzena besterik ez da.

Aurrematrikulazio epea ireki den honetan LAB sindikatuak, era zuzenenean, eremu diskriminatuan ereduen inguruko ze informazio mota ematen ari den ezagutu nahi izan du. Gure ustez aukera berri baten aurrean gaudenean garrantzi handia du eskaintza hori saltzerakoan informatzailearen jarrera zein den, gero bere arrakasta neurtzeko. Hori da LABek neurtu nahi duena.

Eremu diskriminatuko berrogei Ikastetxetara deitu dugu informazio eske eta horietako lautan,%10, ez zuten telefonoz inongo daturik ematen.

Hamahiru Ikastetxetan,%32, “D” ereduaren eskaintza ez dute egiten, informazioan eskeintza horren berri ematen ez dutelako.

Hogeita hiru Ikastetxetan,%57, “D” ereduaren inguruko informazioa eman dute, horietako hamarretan, funtsarik gabeko informazioa izanez eta ez aukeratzera bultzatuz.
Beste hainbeste ikastetxetan “D-PAI”eredua eskaini dute gure harridurarako eta soilik hiru ikastetxetan,%7,5 eskeini dute “D” eredu hutsa.

Hau guztia ikusi ondoren gogoeta bat egin beharko genuke.

Lan honen ondorioz LABek Administrazioaren aldetik aurrematrikulazioan D ereduaren aldeko kanpainarik ez izatea salatu nahi du.

Aurrematrikulazio kanpaina Ikastetxeen eskutan uztea arduragabekeria dela uste dugu, bertatik eman den informazio eskasa izan delako eta ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzaren iritziaren araberakoa.

D ereduaren zabalpenaren arrakasta horretan oinarritzen bada ezin gara oso baikorrak izan. Aukerak behar bezala ez badira eskaintzen edo zailtasunak jartzen badira eredu zehatz batean matrikulatzeko, gurasoak uxatuko ditu eredu horretatik. Are gehiago informazioa izkutatzen denean.

D-PAI eskaintzea ikastetxe gehienetan ardugabekeria da, PAI programaren eskaintza handitzen ari delako ebaluatzen ari den bitartean eta eskaintza hau ez dela handituko Hezkuntza Departamentutik adierazi zenean.

Hau guztia azkeneko hogeita hamar urtetan UPNek eta PSNek beste eragileen laguntzarekin ezarri duten Napartheid linguistikoaren ondorio zuzena besterik ez da.
 

 

 

LABek Tubos Reunidoseko zuzendaritzak egindako adierazpenak gaitzesten ditu

0


Tubos Reunidos Industrialeko LABen sail sindikalak salatu nahi ditu Abasolo jaunak zuzendaritzaren izenean otsailaren 17an komunikabideetan enplegu erregulazioari buruz egindako adierazpenak. Lehenik eta behin, errespetu falta bat iruditzen zaigu langileak eta beraien ordezkariek enpresaren asmoen berri komunikabideen bidez izatea, langileen eta bere familietan zalantzak sortzen dituen enpresa estrategia aurrera eramanez.

Enpresaren zuzendaritzak murrizketak ezartzeko dituen asmoak ez dira berriak. Tunos Reunidoseko LABek, pasa den azaroan, enpresak aurkeztutako krisiaren kontrako plana salatu zuen, zeinetan, mugikortasuna, malgutasuna, soldata jeitsiera eta lanaldiaren igoera eskatzen ziguten orain mahai gainean ditugun argudio berdinen aitzakipean (petrolio putzu berrien zabaleraren etetea eta honen prezioaren jeitsiera). Plan honek batzordearen ezetza jaso zuen.

Zuzendaritzak 2015eko galerak eta datorren urtean egongo omen direnak aipatzen ditu, aurreko urteetako irabazi itzelak ahaztuz. Orain, enpresak gure soldatak zein baliabide publikoak erabili nahi ditu bere emaitzak mantentzeko, galerak gizarteratuz eta irabaziak pribatizatuz.

Hala ere, dei egiten diogu zuzendaritzari, gure eskubideen aurkako mehatxuak alde batera ixteko eta enpresan dagoen antolakuntza faltan eta aurreikuspen faltan buru belarri sartzeko eta horrela ditugun arazo batzuk ekidingo liratezke, azkenaldian izan ditugun hiru sute adibidez.

Amaitzeko, gogorarazi nahi dugu, atzo adierazpenak egin zituen Abasolo jaunak, orain dela gutxi Jose Mari Korta saria jaso zuela Eusko Jaurlaritzaren eskutik bere ibilbide enpresarialagaitik. Azpimagarria iruditzen zaigu sari hau ematea, Urkulluk, egun horretan bertan esan zuenean enpresen biziraupena ez doala bat kostuen murrizketarekin, kalitatearekin baizik.
 

 

 

Imegar SAko langileek mobilizazioa egin dute atzeratutako nominak ordaintzea exijitzeko

0

Imegar SAko Enpresa-Batzordeak deituta, enpresako langileek mobilizazioa egin dute gaur enpresaren kudeatzaile eta bazkideen jarrera salatzeko, atzerapenak baitituzte soldata kobratzerakoan. Giza-katea egin dute enpresatik Laudioko plazara 12:00etatik aurrera eta kontzentrazioa egin dute 13:00ak arte.

Enpresa-batzordearen oharra

Urteak daramatzagu nominak kobratzerakoan atzerapenak jasotzen. 2011an enpresak egindako inbertsio baten ondoriozkoa da egoera hau. 2011an 2 makina automatiko erostea erabaki zuten. Akats larria izan da hau inbertsioa egoera ekonomiko zailean egiten zelako eta, lana ezagututa, ez dugu uste egiten dugun lanerako (serie laburrak) beharrezkoak izango zirenik. Kudeatzaileek ez dute makina hauentzako lan espezifikorik bilatu.

2006an, legalitatearekin jokoan, tailer bat egin zuten Orozkon (ROKU) gurearen jarduera berdinean ari dena, Imegar SAn dagoen kudeatzaile berdina jarrita.

Denbora honetan zehar, langileok konponbideak eskatu dizkiegu bazkideei. Euren erantzuna izan da “pazientzia izan dezagula”, inolako konponbiderik jarri gabe, inbertsioekin egindako kudeaketa txarra euren erantzukizuna izango ez balitz bezala. Enpresaren ordainketa-lehentasunetan, langileok gara kobratzen azkenak, esan diguten moduan. Nomina bi epetan ordaintzeko aukera ere eman diegu kobratzeko data jar dezatela exijituz, baina hori ere ez dute gustoko ez dakitelako noiz izango dute ordaintzeko dirua.

Langile bezala, daukagun lana egitea baino ezin dugu egin, kudeatzaileak dira eskariak lortzearen arduradunak kontuak ondo atera daitezen eta ematen duenez, ez da gai bere lana egiteko.

Honekin nahikoa ez eta azkena izan da kamarak jartzea balizko lapurreten aitzakiarekin, baina konprobatu dugu ateei begira egoteaz aparte, makinak eta langileak ere kontrolatzen direla.
 

 

 

Correscales: Duintasunaren eta prekarietatearen aurka denok batera ekiteko garaia da

Gaur, otsailaren 18an, egingo ditu Correscalesek Bilbotik Bartzelonarako lehen kilometroak. Korrikarekin egin ohi dugun antzera, gau eta egunez ibilbide bat eginen da helburu batekin: prekaritatearekin amaitzea eta duintasunez bizitzea. Eragile sozial, sindikal eta politiko ugariren babesarekin 800 kilometroko ibilbidean, guztiok batera eginez, gure eskubideak defendatzeko borrokan egon eta egongo garela erakutsiko dugu. 

Duela hilabete batzuk Movistarreko milaka langilek abiatutako bidea da hau, muturreko zapalkuntzaren kontra altxatu ziren bi hilabete pasa luzatu zen greba indartsua eginez, gizartean isla nabarmena izan zuena. Movistarreko langileek ekin zioten bide honi, eta gu orain hauekin batera jarraipena ematera gatoz. Borrokarako eta babesereako konplizitate sare bat ehuntzeko garaia da eta hori bilatuko du Correscales ekimenak ibilbide osoan zehar.

Hamaika ekimen eta elkartasun mezu ezberdinak egin dira Euskal Herrian Correscales ekimenari babesa emanez eta parte hartzea bultzatuz. Horietako batzuk hemen ikus ditzakezue:

Ainhoa Etxaide: "Correr para, desde nuestra capacidad de lucha, seguir con el camino que nos va ha permitir construir una nueva realidad"

BILBO
Mugimendu sozial, sindikal eta politikoetako ordezkariak ekimena aurkezten.

GASTEIZ

DONOSTIAKO ELKARGUNEA

IBILBIDEA

 

 

Denok dugu zer esan zerbitzu sozialen defentsan

“ZAINTZA ZAINDU. Langile gehiago, zerbitzu hobea” izenarekin zerbitzu sozialetako ratioak eta arreta hobetzeko kanpaina martxan dugu LABen. Kanpaina honekin adinekoen, adin txikikoen eta aniztasun funtzionala dutenen zentroetan arreta duintasunez eman ahal izateko langile gehiagoren beharra azaleratzen ari gara. Ratioak handitzea ezinbestekoa da, eta instituzioei hori exijituz sinadura bilketa bat jarri dugu martxan. Otsailaren 19a sinadura bilketaren egun handia izango da, eta guztion parte hartzea ezinbestekoa zerbitzu sozialen defentsan. Animatu eta otsailaren 19an SINATU zerbitzu sozialen defentsan.
 

 

 

Pentsio sistema propioaren alde urratsak eman behar dira

Euskal Herriko pentsio-sistemek gabezia estruktural garrantzitsu bat dute erabakiak hartu ahal izateko, hau da, Estatuari dagokio, modu esklusiboan, pentsioen inguruko eskuduntza. Honen aurrean sindikatuak urteak daramatza pentsio sistema propioaren alde eta pentsionisten bizi baldintzen defentsan borrokan. Guzti honen inguruan azalpenak emateko agerraldia eskaini du LABek eta Ainhoa Etxaide Idazkari nagusiak, Bea Martxueta Politika Sozialeko ordezkariak eta Carlos Ruiz pentsionistak hartu dute parte.

Bea Martxuetak adierazi du sindikatuak urteak daramatzala pentsio sistema propioaren alde eta pentsionisten bizi baldintzen defentsan borrokan. 2010ean LABek proposamena egin zuela gogorarazi du eta urteak daramatzala Helduen eta Pentsionisten arloarekin lanean.

Carlos Ruizek pentsionisten egoeraren argazkia egin du. Hego Euskal Herriko biztanleriaren %25a dira pentsionistak eta 300.000k 600 eurotik beherako diru-sarrerekin bizirauten dute. Azken 5 urteotan pentsioak izoztuta izan dituztela gaineratu du, hemendik aurrera ez dela KPIaren erreferentzia hartuko pentsioak eguneratzeko eta “%0,25eko hazkundera kondenatuta” daudela.

Eskubide Sozialen aldeko Euskal Herriko Pentsionisten Plataformen Herri Ekimen Legegileei buruz ere hitz egin du Ruizek. Bata EAEn eta bestea Nafarroan. EAEn, Parlamentuko Mahaiak bidea moztu arren, sinadura-bilketa egingo dutela adierazi du.

Ainhoa Etxaidek pentsioen sistema propioari buruzko Eztabaida agenda politikoan kokatu dela azpimarratuz hasi du bere hitzartzea. “Bazen garaia eztabaida hau irekitzeko. Pentsio sistema propioa ezartzea sindikatu abertzaleon aldarrikapen historikoa da”.

Azken egunetako adierazpen edo urrats politikoen inguruko gogoeta bi egin ditu LABeko Idazkari Nagusiak. Batetik, “pentsio sistema propio bat eraikitzeko bidean protagonistak pentsionistak berak izan behar dira, ez partidu politikoak. Joko politikoaren eremuan egiten diren urratsak ikusi ditugu, oraindik ez dugu ekimenik ikusi oinarri sendoak izango dituen bideari ekiteko”.

Eztabaidaren funtsa eta oinarria pentsionisten egoera izanda, geroz eta egoera larriagoa bizi dute pentsionistek azken urteetan egiten diren erreformak eta babes sozialaren sisteman egin diren murrizketak direla eta. “Sistema propioaren premiaz hitzegin behar da, premia dagoen neurrian eztabaidatuko dugu bideragarritasunaz, ez bideragarria den bai edo ez, baizik eta nola egin bideragarri sistema publiko bidezko eta propio bat” gaineratu du.

EAJk egindako proposamenaz, Etxaidek adierazi du jeltzaleak Nafarroara joan direla sistema propio bat aldarrikatzera, “baina Gasteizen agintzen du. Eta Jaurlaritzako buru eta parlamentuko partidu nagusi bezala, bi erabaki hartu ditu: pentsionistek eskatutako lege egitasmoa tramitera ez onartzea eta estatus politikoaren eztabaidan gai hau alberatzea”. Honekin batera, “EAJk egin ez duena” gogoratu du Etxaidek. “Erreforma inposatu zutenean ez zuen sistema publikorik defendatu, ez hemen, ez Madrilen”.

Pentsio sistemaren kontrako bigarren erasoa, lan erreforma izan da Etxaideren hitzetan. “Enplegu egonkorrik eta kalitatezkorik gabe ez dago gaurko sistema publikoa elikatzerik. Bideragaitza bada ez da publikoa delako, botere ekonomikoaren politikek eta interesek itotzen dutelako baizik”.

Etxaidek adierazi du, asko egin daitekeela Jaurlaritzatik “pentsionisten kolektiboa babesteko eta beren bizi baldintzak hobetzeko”. Neurrien artean aipatu ditu pobrezia energetikoaren kontrako neurriak hartzea, zaintza ziurtatuko duen sistema egoki bat garatzea, kopagoa deuseztatzea eta batez ere, pentsioak osatzea, gutxienez 1.080 eurotako pentsioak izateko. “Azken neurri hau hartu gabe alargun gehien gehienak pobreziara kondenatzen dituzte”, gaineratu du Etxaidek.

LABen eskakizunak zehaztuz amaitu du agerraldia Idazkari nagusiak. Lehenik eta behin, “has gaitezen sistema publiko eta propioaren definizioa eta diseinua egiten. Horretarako ez da marko juridiko politikoa aldatu behar, borondate eta ekimen politikoarekin nahiko. Guk gure proposamenak bidaliko dizkiegu alderdiei”. Bigarrenik, bide eman diezaiotela pentsionisten plataformek aurkeztutako Herri Ekimen Legegileari parlamentuetan eztabaida egiteko eta eztabaida horietan pentsionisten parte hartzea ziurtatzeko. Hirugarrenik, jar daitezela neurri zehatzak martxan pentsionisten egoera hobetzeko, prestazio osagarriak ziurtatuz, kopagoak kenduz eta zerbitzu egoki eta nahikoak bermatuz.
 

 

 

Egun negoziazio kolektiboak langabezia eta prekarietateari aurre egiteko mugak ditu


“Negoziazio kolektiboa langabeziaren eta laneko prekarietatearen aurkako tresna al da?”. Hau da hitz eta hitz fundazioak antolatutako eztabaida sindikaleko mahaiko partehartzaileei egindako galdera. LAB sindikatuaren izenean, Garbiñe Aranburu, Negoziazio Kolektiboko Idazkariak izan zuen erantzuteko ardura. Zoritxarrez, “galdera honi, gaur egun ezezkoarekin erantzun behar diogu”. Negoziazio kolektiboak prekarietatearen aurka borrokatzeko tresna izan beharko luke, baita sortzen den aberastasuna hobeto birbanatzeko bitartekoa ere, baina egun ez da horrela.

Zergaitik? 80. hamarkadatik hona bizitzen ari garen oldarraldi neoliberalaren ondorioz, erreformak bata bestearen atzetik inposatu zaizkigu, etengabe lan baldintzak erasotuz. Honen ondorioa langabezia eta prekarietatearen zabalkundea izan da eta negoziazio kolektiboak egoera honi buelta emateko agorpen zantzuak agertzen zituen.

Krisiaren aitzakiapean bultzada izugarria eman zaie lan munduan bizitzen ari ginen egiturazko aldaketei eta azken bi lan erreformekin negoziazio kolektiborako eskubidea indargabetu egin da. Honela etengabe hedatzen ari den prekarizazioaren fenomenoari negoziazio kolektibotik bakarrik ezin zaiola aurre egin defenatu dugu.

Negoziazio kolektiboaren alde borrokatzen jarraitu behar dugu, erreformak ezarri digun joku zelaian ito gabe. Horregatik, hain zuzen ere, ekintza sindikala indartu eta berritzeko erabakia hartu dugu eta birpentsatzen prozesuan murgildu da sindikatua.
 

 

 

Urdulizko ospitalean, %100 publiko eta kalitatezkoa

0


Uda baino lehen zabalduko den Urdulizko Ospitalea %100 publiko eta kalitatezkoa izan dadin exigitzeko kontzentrazioa burutu genuen atzo, Bidezabal anbulatorioaren aurrean. Kezka handiz salatu behar dugu gure eskualdean erakitzen ari den ospitalearen gaineko informazio eta gardentasun falta Osakidetza zein Osasun Saialaren aldetik.

Honen aurrean, hau da guk nahi dugun ospitalea:

  • Eskualdeko populazioak eskatzen dituen zerbitzu guztiak eskaintzen dituena; eskualdeko populazio osoari zerbitzua eman eta gaur existitzen den espezialitateen dispertsio geografikoari amaiera emango diona.
  • Pribatizatutako zerbitzurik eta kontratarik gabekoa, hauek lan-baldintza prekarioak sortu eta arretaren kalitatea jaitsi baino ez baitute egiten.
  • Beharrezkoa den langile-kopuruarekin, kalitatezko zerbitzua eskeintzeko berme bakarra delako.
  • Euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatzen dituena, bai langile zein erabiltzaileonak. Erabiltzaileok ospitalean sartzen garenetik atera arte gure hizkuntzan artatuak izatea bermatzen duena.
  • Hasieratik gure eskualdeko herritarrontzat oso inportanteak diren zerbitzuak ematen dituena: larrialdiak, hemodinamika, onkologia… Zerbitzu hauen funtzionamendua ezin da denboran luzatu.