Lau sindikatuok hainbat mobilizazio antolatu ditugu azken 3 urte hauetan heriozko lan istripu bakoitza salatzeko. Guretzat ezinbestekoa da agerian uztea hain oihartzun gutti duten lan istripu guzi horiek. Arruntak, larriak, oso larriak edota hilkorrak izan, lan istripuak ezin ditugu ohiko bilakarazi.
Azken urteetan mobilizatu gira hilak eragin dituzten lan istripuen aitzinean, nahiz eta jakin beste hainbat istripu oharkabean pasatzen direla.
Hortaz gure protokoloa Donibane Lohitzuneko Prado jatetxearen aitzinean aurkeztea erabaki dugu. Izan ere, duela justu lau urte, hiru langile larriki erreak izan ziren bertan. Aurtengo apirilaren 9an, hau da lau urte berantago, garaiko enpresaburua eginbeharrak ez betetzeagatik kondenatua izan dela jakin dugu, nahiz eta ia inork horren berri ez izan.
Protokolo honen bitartez ahal bezain bat langileentzat tresna eskuragarri bat sortu nahi dugu enpresetara modu pedagogikoan iritsi ahal izateko. Lan istripuen aitzinean erantzunak automatizatzea eraginkortasunean lagungarri izan daitekeela pentsatzen dugu. Intersindikalean eginez gero, denbora aurreztu eta lan istripuen aitzinean erantzun egokia emateko parada emango digu.
Hitz guttitan laburbiltzeko, protokoloak lan istripuak agerian jartzeko edo ikusgai izaiteko parada emango digu larrienak eta heriotza dakartenak salatuz. Entrepresetan lan istripuak ekiditzeko asmoz langileak sentsibilizatu nahi ditugu eta bide batez langile eta sindikatuen arteko harremanak sortu edo sendotu.
Hemendik aurrera lau sindikatuok protokolo hau banatzen hasiko gira gure delegatu zein gure sindikatuetatik kanpo diren delegatuei. Langileei dei berezia egiten diegu alde batetik protokoloa irakurri eta barneratu dezaten, bestalde haien enpresan lan istripu baten aitzinean isolaturik izanez gero, gurekin harremanetan jartzea ere eskatzen diegu.
Azpimarratu nahiko genuke dokumentu hau dokumentu ireki bat dela eta beste sindikatuak juntatzeko aukera dutela nahi izanez gero. Hobetzeko eta garatzeko aukera eman behar diogu protokolo honi.
Abuztuaren 26an Amezketako Aralar paper lantegian lan istripua izan eta larri zauritu zen langilea hil egin da gaur. P.R.C. 30 urteko Ibarra Argi Lanak enpresako langilea, mantenu lanak egiten ari zen Aralar paper enpresan, istripua izan eta lau egun beranduago hil da. Azken honekin, 38 dira urte hasieratik Euskal Herrian hildako langileak.
Azpikontrata ezberdinak lanean ari diren enpresetan, enpresa nagusiari dagokio, hau da, Aralar paper lantegiari kasu honetan gremio ezberdinen arteko koordinazioa eta segurtasuna bermatzea. Eta hau egoki ez egiteak ekarri du langilearen heriotza. Onartezina.
LAB sindikatutik askotan salatu izan dugu azpikontrata ezberdinak dauden enpresetan prebentzio plan egokiak ondo ez egiteak dakartzan arriskuak, eta heriotza honek agerian utzi du hori, beste behin ere.
Laneko heriotza honen aurrean, 24 ordutako lanuztera deitu ditu langileak Aralar paper lantegiko enpresa-batzordeak, abuztuaren 29ko 14:00etatik abuztuaren 30eko 14:00etara. Honetaz gain, kontzentrazioa egin dute bihar osteguna, abuztuaren 30ean, 11:00etan, Amezketako enpresa atarian. Enpresa-batzordeak dei egiten die Amezketako lantegian ari diren azpikontratetako langile guztiei mobilizazioan parte hartzera.
Muriba Construccion SL enpresako langileek kontzentrazioa egin dute Iruñeko Rozalejoko markesaren jauregiaren aurrean. Adierazi dute obra hau, egiten ari diren gainontzekoak bezala, Nafarroako Gobernuak ordaintzen diola beren enpresari, eta honek hainbat hilabetetako soldatak zor dizkiela.
Ez dugu ulertzen egiten ari diren kudeaketa txarra, kontuan hartuta lan-bolumena badagoela, gure obren bezero nagusia Nafarroako Gobernua dela eta aldez aurretik saldutako etxebizitzak eraikitzen ari garela. Diru publikoa euren poltsikoetara sartzen ari bada, zergatik ez dizkie Muriba ConstrucciĂłn SLk langileei soldatak ordaintzen?
Nabarmendu nahi dugu ez gatozela bat langileak beldurtzeko, manipulatzeko eta engainatzeko moduarekin. Izan ere, enpresaren ordezkariak lanpostuetatik pasatu ziren hartzekodunen lehiaketa bat aurreratuz. Azken hau, batetik, ez zioten delegatuari bilera batean modu ofizialean jakinarazi, eta, bestetik, langileen beharrizanekin jolastu nahi zuten, hauek beren lanpostuak utzi eta alde egin zezaten, horiekin zuten zorra aurreztuz.
Honen aurrean, LABen argi dugu egoera salatuko dugula. Gure lanpostuen defentsaren alde, borroka juridikoa egingo dugu, eta agerian utzi nahi dugu honi darion kiratsa.
Gaurko kontzentrazioa ez da egingo dugun azkena izango, eta langile guztiak, eta bereziki eraikuntza sektorekoak, mobilizazioetan parte hartzera animatzen ditugu.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Langile Batzordeak, zeinetan LAB den lehen indarra, akordio bat lortu du bertako gobernuarekin, erakundearentzako irismen orokorreko lehen lan-akordioa 2010az geroztik. Horrek amaiera ematen dio EAEko beste aldundiekiko konparaziozko bidegabekeria historikoari.
Foru plantilla zahartzen ari den testuinguru honetan, eta sektore publikoan errelebo-kontraturik ez dagoenez, enpresa pribatuetako langileei bai aplikatzen zaiena, plan berri honek belaunaldi erreleboa sustatzen du, enplegua banatuz eta langileek metatutako ezagutzaren transferentzia bermatuz.
Hauek dira akordioaren alderdi nagusiak:
– Ezagutza transferitzeko “Partekatuz” programan parte hartzea sustatzea, erretiroa hurbiltzen den heinean 6 hilabetera arteko baimen ordaindua emanez.
– Urte erdi sabatikoa lan-bizitzaren amaieran, bost urtetan %98a kobratuz eta kotizatuz eta azken sei hilabeteetan libratuz.
– Lanaldi murrizketa saritua, 60 urtetik aurrera lanaldia murrizteko soldata baldintzak hobetzen dituena.
– Soldatarik gabeko baimena, 6 hilabetera artekoa.
– Urte sabatikoa langile guztientzat, 5 urtetan %85a kobratuz eta kotizatuz, eta 5. urtean libratuz.
Sindikatu sinatzaileek antolatutako errelebo orokorrerako, enplegua banaketarako eta Aldundiko langile guztientzat akordioa positibotzat jotzen dute eta uste dute garrantzizko erreferentzia izango dela Gipuzkoako toki-administrazio guztietan garatu behar diren negoziazioetarako ere.
Asteburuan Laudion gertatutakoak agerian uzten du, berriz ere, Osakidetzako Emergentziak zerbitzuak aspaldidanik duen arazo larria. LAB sindikatutik gure doluminik zintzoenak adierazi nahi dizkiegu hildakoaren familiari eta lagunei, Osakidetzako langile guztiek bere egiten dituztenak. Izan ere, langile horiek, zalantzarik gabe, indargabe eta frustrazio-maila handiarekin sentitzen dira honelako gertakarien aurrean.
Urteetako utzikeriaren ondoren, berriro ere, Laudioko bizilagun bat hil da larrialdietan lanpostuak ez betetzearen ondorioz. Ondorio zuzen eta larriena bizilagun horrek, haren senide eta lagunek jasan duten arren, gizarte osoak du antzeko ataka batetik igarotzeko arriskua.
Beste behin ere, Osakidetzako zerbitzu askotan dauden hutsuneak azpimarratu behar ditugu, baina zehazki, larrialdietako egoerak dakartzan arrisku larriez ohartarazi behar dugu.
Osakidetzako zuzendaritzak egungo egoerari adabakiak jartzearen alde egiten jarraitzen du, aparteko orduen bidez edo bateraezintasunena bezalako legeak ez betez. Neurri horiek guztiak ez dira onargarriak, eta arrisku-egoerak ere areagotzen dituzte; izan ere, langileek oso luzeak diren lanaldiak hartzen dituzte beren gain, eta horrek ere segurtasun-gorabeherak eragiten ditu.
Gizarteak jakin behar du arrisku larria dagoela larrialdietako ekipoak guztiz bermatuta ez daudenean. ZIUen flotak gabezia handiak ditu, eta zentro koordinatzailea erizain bakar batek kudeatzen du denbora luzez.
Daukagun arazo larriari irtenbidea emango dioten epe ertain eta luzerako neurriak ezartzeko negoziazioa beste biderik ez dago, eta ez da ahaztu behar Larrialdietako Zuzendaritza izan dela, bere pasibotasunarekin, gertatutakoaren azken erantzulea.
Beharrezko neurriak egiturazkoak dira, eta urteak daramatzate alde batera utziak izaten. Neurri horiek epe laburreko neurrien mesedetan baztertu dira, hala nola aparteko orduen mesedetan, eta bateragarritasunen legea egungo puntura iritsi arte urratu da; izan ere, ez dira nahikoak osasun-zerbitzuen hondatze larriaren aurrean.
Biztanleria guztiari dei egiten diogu herritar gisa jasaten ari garen etengabeko arrisku horri erantzuteko, bermeak dituen osasun sistema publikoa defendatzeko eta horren ondorioak salatzeko abian jartzen diren mobilizazioetan parte hartzeko. Hurrengo hitzordua abuztuaren 29an izango da, 19:00etan, Laudioko Herriko plazan, Eusko Jaurlaritzaren osasun-politikek bigarren aldiz gogor jo duten lekuan.
Atzo B.L.S. 61 urteko langilea hil zen Ataunen, Lizarrustiko inguruetan, zuhaitz bat gainera erorita. Lehenik eta behin LAB sindikatutik elkartasuna eta babesa agertu nahi diegu hildakoaren senide eta gertukoei.
2024ko 37. lan heriotza izan zen atzokoa. Eta nabarmentzekoa ere, azken 9 egunetan, basogintzako sektorean hiltzen den bigarren langilea dela, agerian uztiz sektoreko lan baldintzak gero eta okerragoak direla.
LAB sindikatutik adierazi izan dugun moduan, basogintzako sektorean ematen diren arriskuak handiak dira. Alde batetik erabiltzen diren makinak arriskutsuak dira, lan egiten diren lurrak ere arriskutsuak izan daitezke faktore ezberdinak medio (aldapak, lurraren egoera…). Kanpo faktoreak ere, eguraldia adibidez, garrantzitsuak izan daitezke lan arriskuak okertzeko garaian. Erabiltzen diren prebentzio neurriak guztiz eskasak direla ere salatu nahi dugu, eta horren adierazle dira azken garaietan sektorean egondako lan istripuen gorakada.
Lan istripuek ez dute etenik, heriotzek ez dute etenik eta prekarizazioaren ondorio larriak eta erakundeek lan osasunean duten kontrol ezaren ondorio dira.
Gaur sartuko da indarrean Emakume eta gizonen ordezkaritza parekide eta presentzia orekatuaren Lege Organikoa, “Parekotasun Legea” deiturikoa.
Lehenik eta behin, LABek onartutako atzerapausoa salatu nahi du; izan ere, hemendik aurrera, kontziliazio-neurriak hartzen dituzten langileen kaleratzea erraztuko da da. Lan Ministerioak akats tekniko bati egotzi dion eta publikoki zuzendu beharra onartu duen arren, bereziki kezkagarria iruditzen zaigu oraindik berau konpondu ez izana benetan akats baten ondorio baldin bada.
Bigarrenik, LABetik azpimarratu nahi dugu foku mediatikoa beste bat izan arren, “Parekotasun Legearen” helburua dela emakume* eta gizonen presentzia orekatua bermatzea sektore publiko eta pribatuan, hau da, zuzendaritza organoetan dauden emakumeen* presentzia handitzea. Hala ere, kristalezko sabaia apurtzetik harago, ulertzen dugu gaur indarrean sartuko den legea ez doala arazoaren errora. LAB sindikatutik benetako berdintasunerantz aurrera egitearen alde egiten dugu, eta horretarako, egiturazko neurriak behar dira emakumeon* lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko.
Gure ustez, goi-karguak betetzeak, baldintza berberetan ez gaudenean, ez du ekarriko emakumeon* ez lan- ez bizi-baldintzak hobetzea, eta hori erakusten dute soldata-arrakalaren datuek. Egiturazko desparekotasunak jarraitzen du: zaintza lanen erantzukizuna emakumeon* gain dago oraindik, ez dago neurri eraginkorrik lanaren banaketa sexualarekin amaitzeko, besteak beste.
Finean, LABen ulertzen dugu ezinbestekoa dela bestelako lidergo moten sorreran aurrera egitea, ez maskulinoak, eta ekonomiari eta errentagarritasunari buruzko beste ikuspegi bat eraiki behar dela.
Correosek Gipuzkoan duen langileak ez kontratatzeko politikak eragina du egungo plantillan, eta gehiegizko lan-karga jasanezinak izatera eramaten ari da. Enpresak apirilaren amaieratik ezagutzen du langile bakoitzaren oporraldia, baina bere lana egin ahal izateko behar adina langile ez kontratatzeko ideiarekin jarraitzen du, eta karteria gehienetan jakinarazpen administratiboen eta judizialen metaketa onartezina eragiten du, paketeria entregatzeko atzerapena, Posta Zerbitzu Unibertsalak ezarritako epeak ez betetzea, etab.
Egoera hau ez da berria Correoseko bulego eta karterietan; banatzen ez diren auzoak estaltzeko langile guztiek egiten dituzten gehiegizko ahaleginek, ezinbestean, langile guztien osasunean eragina dute.
Oro har, langileen %50 baino gehiago falta da, eta karteriak erabat gainezka daude. Amasa-Villabonan esaterako, 6 postutatik 2 bete dituzte eta 2 asteko atzerapena pilatzen dute jakinarazpen eta gutun arruntetan. Eibarren 14 postuetatik 6 baino ez daude beteta. Bergaran (8tik 4), Lazkaon (4tik 2) eta Hondarribian (11tik 6), adibidez, langileen erdiak falta dira, eta bidalketetan atzerapen handiak dituzte. Irunen, 27tik 16 baino ez daude goizetan, arratsaldetan 7tik 3 eta 500 bat jakinarazpen atzerapenekin. Zumarragan 13tik 5 pertsona baino ez daude estalita, gutun arrunten pilaketa handiarekin. Donostialdean datuak antzekoak dira: Antiguoko banaketa bulegoan 21 postutatik 10 baino ez daude beteta, eta horrek 4 aste baino gehiagoko atzerapenak eta 4.000 jakinarazpen metatu inguru eragiten ditu. Astigarragan banaketako langile bakarra dago udalerri osorako. Zarautzen, Andoainen eta Zumaian ere kontratazio-faltak eta epeen ez-betetzeek eragina dute.
Gainera, aipatutako lanpostu horietatik asko lanaldi partzialekoak eta/edo lanaldi murriztukoak eta landa-banaketakoak dira, eta, gainera, oso hedadura handia edo zenbait udalerri bete behar dituzte.
Egoera jasanezina da, eta denboran asko luzatzen ari da; beraz, Correosek arazoari irtenbidea ematea erabakitzen ez badu, hurrengo urratsa mobilizazioak izango dira.
Rosalba Gómez Vásquez (Medellin, 1955) Kolonbiako lehen indar sindikala den Central Unitaria de Trabajadores-eko (CUT) nazioarteko harremanen arduraduna da. Azken honek, 1.000 sindikatu baino gehiago biltzen ditu eta 570.000 afiliatu inguru ditu. Lanbidez hezitzailea da, eta 33 urteko esperientzia luzea du Medellinen sindikalista gisa, maisuen sindikatuko maistra gisa, ondoren GECODEn ere aritu zen (Kolonbiako Hezitzaileen Federazio Handia) eta aipatutako CUTen.
LAB sindikatuak gonbidatuta, Euskal Herrian izan zen ekainean, eta Kolonbiako egoeraz hitz egiteko aukera baliatu genuen.
Kolonbia aldaketa politiko eta sozialaren fasean dago, baina arriskuan dago bakearen eta justizia sozialaren aurkako indarren erasoen ondorioz. Zenbateraino da egonkorra une honetan Kolonbiako egoera eta zenbaterainokoa da benetakoa aldaketa horren aurkako mehatxua?
Egia da aldaketa desberdina dela. Benetakoa da, gobernu sozialagoa dela, gizatiarragoa, indigenari, nekazariari, gazteari gehiago entzutekoa, hori da egia. Besteengandik desberdina den gobernu bat da. Baina era berean eta desberdina izateagatik, bizitza osoan boterean egon direnek ez dute hain erraz onartzen. Eta estatu-kolpea eman nahi diote Petrori. Komunikabide oso oldarkorrak dituzte, sare sozial oso oldarkorrak dituzte, “Petro kanpora”, “ze beldurra Petrorekin”, “zelako beldurra gerrillari bat izan zela”, “Venezuela itzuliko dela”… esaten dutenak. Hori da boterea berreskuratu nahi duen eskuina, boterera itzuli nahi duena, eta bai, saiatu dira beren sare sozialetan, mezuetan, jendeari horiei buruz esaten, “Petro botako dugu “, “Petrorekin ezer ez”, “Petro gaiztoa da”, “Petro gerrillaria da”… Ez, Petrok gauza onak egin ditu.
Nik Petroren gobernuaren balorazio bat daukat. Orain, gauza bat da Petro presidentearen gobernua, eta beste gauza bat da Kongresua. Kongresuan ez dugu gehiengorik, Zentro Demokratikoak [uribista] du gehiengoa. Orduan, bozketak batzuetan zaildu egiten dira. Izan ere, Osasunaren lege-proiektua bertan behera geratu zen, haiek ez zutelako nahi izan. Aliantzak egon ziren eta pentsio-erreforma pasatu zen. Hori ona da, jendeari pentsioa izateko eskubidea ematea delako, inoiz izan ez dutenek pentsio-bonu bat izan dezatela, asteak metatuta dituztenek asteak berreskuratzea, emakumeentzako onura egotea, hori positiboa da. Berreskuratutako lurren lorpena. Zenbat nekazari? Begira, pozten naiz, hori berria delako Kolonbian. Nekazariek korrika alde egin behar izan zuten beren lurrak utziz, eta gaur egun beren lurretara itzultzen dira. Lurrak berreskuratu dira. Lurjabe batzuek ere entregatu dituzte lurrak, eta hori Petrorekin negoziatuz izan da. Askok, baina askok, beren lurrak berreskuratu dituzte. Eta egia da Petrok eskua eman diela landa eremuari eta nekazariei. Beste lorpen bat: “zero hezkuntza” unibertsitarioentzat, doako matrikula. Hori ere positiboa da. Nola esango dute bere kontrakoek Petrok ez duela ezer egin? Bai, gauzak egin ditu. Emakumeen gaian, Emakumearen Ministerioa sortu zuen, eta hori ez du edonork egiten. Orain, eutsi egin behar duela eta zailtasunak daudela, bai, baina Emakumearen Ministerioa sortu da. Gazteekin ere bai, hala nola enplegu duina lortzeko aukera handiagoa izatea, ikasleek baldintza hobeetan ikasteko eskubidea izatea…
Bake-prozesuan, niri gustatzen zait ELNrekin bake-prozesua egotea. Kolonbiak hamabi bake-prozesu izan ditu 1984tik. FARCekin, M-19rekin, EPLrekin, PRTrekin… Talde askorekin. Orain da ELNren garaia. Eta Otty Patiñok zioen bezala, Petro bezalako gerrillari ohiak, egin genuen bakeari buruzko ekitaldi batean, “ordu laurden hau ezin duela ELNk galdu”. Zailtasunak izan zenituen bake-negoziazioan, Habanan, Mexikon… Negoziatu behar dute eta negoziazioetan ari dira, batzuetan zaildu egin dira, baina negoziazio-mahaira itzuli behar dute. Lurraldeetan, jendeari, gizarte zibilari, herrialde osoari entzuteko ekitaldiak antolatzen dituzte, jendearen ideiak hartzeko, eramateko, antolatzeko eta bake-prozesuan aurrera egiteko.
Dena dela, CUTek estatu-kolpe baten benetako aukeraz ohartarazi zuen Maiatzaren Lehenaren testuinguruan. Latinoamerikan duela hogeita hamar eta berrogei urte egoten ziren estatu-kolpeen antzerakoa esan nahi al duzue? Edo beste estatu-kolpe mota batez ari zara, epaileen edo komunikabideen bidez ere izan daitekeena?
Nik uste dut desberdina dela. Desberdina da duela hogei edo hogeitamar urteko estatu-kolpea, , izan ziren diktadurekin, gaurkoarekin alderatuta. Baina gauza berera garamatza, Petro lehendakaritzatik kentzera eta bizitza osoan boterea izan dutenek boterea hartzera. Sare sozial indartsuak dituzte, Petro txarra dela diotenak, Venezuelari zabaltzen ari zaionaren beldurra, jendeak herrialdetik alde egingo duela, jendeak ez duela inbertituko, Petro gerrillaria dela, gerta daitekeen okerrena dela. Gau eta egun egiten dute. Eta guk, CUTekoek, sindikatuek eta erakunde sozialek protesta egiten dugu gobernuari bere erreforma sozialetan laguntzeko, eta orduan eskuinak, handik zortzi egunera, Petroren aurkako beste protesta bat egiten du. Orduan, kontu handiz ibili behar da. Kolpe saiakera horiek ematen direla uste dudan horietakoa naiz ni.
Medellinen bizi naiz, Paisan. Han jende asko dago Uriberen aldekoa. Familia berean gaude bi aldeetakoak da eta politikaren inguruko eztabaidak izaten dira, nire arreba uribista delako. Ni ez, Petrita naiz. Baina hori baino gehiago, sareetan irakurtzen duzu nola sustatzen duten Petrorenganako gorrotoa, Petroren gobernuarenganako gorrotoa, haren proposamenekiko gorrotoa. Eta gezurrekin sustatzen dute, gezur hutsekin. Kapitalistak Kolonbiatik joango direla. Gezurra! Joan den astean irakurri nuen artikulu bat kapitalista handienak, Kolonbiako enpresariak, lasai daudela beren irabaziak sortzen eta izaten. Joan egingo direla? Kolonbian ia ez dute zergarik ordaintzen zuek bezala. Baina eskuina gezurrez baliatzen da. “Petrorekin Kolonbia amaituko da, Venezuelako politika guztia ekartzen ari delako”. Hori ez da egia. Baina nola zabaltzen dute pozoi hori? Eta jendeak nola sinesten dien batzuetan. Ni familiarekin esertzen naizela eta zalapartaka amaitzen dugula.
Orduan, kontu handiz ibili behar da komunikabideetan agertzen diren ideia horiekin, haiek eskuinaren alde baitaude. Adibidez, aste honetan irakasle eskolan greban gaude eta nik ez dut horren aldeko albiste askorik ikusi. Lanuzte hau Magisteritzaren arreta erakartzeko da, onartu zen eta, beno, bertan behera uztea lortu zen erreforma baten inguruan. Petrori esan behar diogu, “jarri lanean”. Hori da estatu-kolpearen aurrean dagoen beldurra.
Indar paramilitarrak aktibo daude oraindik?
Bai. Haiek ere Uriberekin negoziatu zuten, adibidez, armak entregatzeko prozesuak ere izan ziren.
Eta suposatzen dut sindikalistak haien jomugan zaudetela.
Noski, egunotan haien mehatxu gutunak iritsi dira. Beno, batzuk benetakoak dira, beste batzuk faltsuak, baina kontu handiz ibili behar da. Egoera nahasietan denak saiatzen dira onurak eskuratzen. Baina bai iritsi direla paramilitarren gutunak, mehatxuka. Kolonbian askori mehatxu gutunak iritsi zaizkie une honetan. Egoera hori kezkaz bizi dugu.
Eta zer egiten ari zarete zuek sindikalismotik gizartea eraldatzeko prozesu honetan? Nola ari zarete laguntzen?
Asko, asko, asko. Petrok badaki guk norabide argia dugula, kalera goazela, zentraletatik eta komandotik, hor greben komando bat dagoela, zentralak batuta, gizarte erakundeak, indigenak, horri greba-komandoa deitzen zaio, eta gu gara kaleetara deitzen dugunak, babesa emanez. Lehen beste gobernu batzuk ziren. “Irten gaitezen Duqueren erreforma horren aurka”. “Atera gaitezen Uriberen erreformen aurka”. Orain gobernu sozialari laguntzera ateratzen gara.
Baina kalera ateratzen jarraitzen duzue.
Bai. Eta are gehiago, irteten gara, eta zortzi egunera ateratzen dira eurak. Kontra. Baina bai, noski, uneari erabat laguntzea da. Beti ere gure autonomiaren esparruan. Autonomoak gara. Izan ere, agian esaten digute: “Zuek Gobernukoak zarete, zuek sindikatua saltzen ari zarete, ez duzue autonomiarik”. Ez, autonomia dugu. Izan ere, hezkuntzarekin Petrori esan genion, edo aldatu hori, edo gelditu egingo gara. Beraz, bai, autonomiaren esparruan, independentziaren esparruan, Gobernuaren proposamenak babesten ari gara, onak direlako.
Enpresaburuek Petrori esan zioten sindikalisten proposamenak egiten ari zela lan-hitzarmenen batzordean. Hori da bilatzen duguna.
Bitxia da erreforma hitzaren esanahia, nola aldatzen den leku batetik bestera. Izan ere, hemen “erreforma” entzuten dugunean, beti zentzu negatiboan doa; hau da, Espainiako gobernuak lan- edo pentsio-erreforma bat planteatzen duenean, beti da eskubideak murriztekoedo kentzeko. Baina ulertzen dut une honetan, Petroren erreformez ari garenean, gauza positiboak direla. Baina asko eztabaidatu behar dira eta asko negoziatu, pentsioen erreforman gertatu den bezala, ezta? Duela gutxi onartu dela.
Pentsio-erreformaren puntu eztabaidagarrietako bat izan zen funts publikora kotizatzearen beharra ezartzea, langileen diru-sarreren arabera. Erreformaren lehen bertsioan, gutxieneko hiru soldatetan ezartzen zen kotizazio-atalasea. Guk zentral gisa esan genion Petrori ez jaisteko gutxieneko lau soldatatik. 1.600 euro inguru dira. Ez zedila hortik jaitsi. Hori da pentsiodunentzako oinarria. Soldata hori izatean, muga horretara arte ondo jaso zitekeela pentsioa. Orduan, gobernuko gainerakoek eta Zentro Demokratikokoek, batez ere, erasora jo zuten, eta ezetz esan zuten, ez dugu pentsio-erreforma babestuko pentsiodunentzako gutxieneko lau soldatekin. Orduan 2,3 soldatara jaitsi zuten. Muga horrek pentsioa jasotzeko eskubidea izateko emango luke. Orduan, noski, baxu geratu zen. Klase baxuari mesede egiten dio, soldata txikiak dituztelako delako. Baina erdiko klaseari ez. Kontuz ibili behar da, noski. Kontrakoek erreforma hori babesteko 2,3 hori onartu behar izan zuten. Gu ez gatoz bat. Eta gutun bat bidali genien gobernuari eta biltzarkideei esanez ona izango zela langileak pentsio hobea izatea, baina 2,3an geratu zen.
Beste puntu batzuetan ez genuen desberdintasunik izan. Pentsioak funts pribatuek erabiltzen zituzten. Hau da, pentsioaren erabilera bidegabea zen, funts pribatuen esku baitzegoen pentsiodunen dirua. Eta Colpensiones, publikoa , oso gaizki geratzen zen. Orain, langileek Colpensiones-en afiliatzeko eskubidea dute, publikoa baita. Inoiz pentsiorik izan ez duten langileek, gutxi gorabehera hiru mila pertsonak, pentsionala deritzon bonu bat izango dute, diru-laguntza bat. Pentsioen erreformak lau zutabe ditu. Eta zutabe solidarioa da inoiz pentsiorik izan ez duenak orain jaso ditzan 235.000 peso kolonbiar (60 euro gutxi gorabehera), eta hori ere ez da asko. Hori, beraz, erreforma honen onuretakoa da.
Emakumeei kotizazio-asteak jaisten zaizkie. Emakumea zainketen ekonomiaren parte delako, seme-alaben ardura hartu behar duelako, familiaren zaintza. Orduan, kotizazio-aste gutxiago ditu. Seme-alaba bakoitzeko berrogeita hamar asteko kotizazioa kentzen diote. Emakumeek tratu desberdina izango dute pentsioen inguruan, hirugarren seme-alabara arte onura izango dutelako, baina niri positiboa iruditzen zait, emakume gisa. Gizon askok esaten dute, “ai, hori ez da bidezkoa”. Baina noski badela. Gizonek ulertu behar dute emakumeek batzuetan zailtasun gehiago dituztela, etxea, seme-alabak eta senarra zaintzeko lan egiteari utzi ziotelako. Senarra lanera atera daiteke, ikastera, seme-alabak ere bai, baina emakume bat etxean geratu delako. Orduan, jakina, zaintzaren ekonomia hori guztia egiten ari garen lana dela onartu behar da, eta onura horiek oso ondo daude.
Gainera, lan-erreforma bat dago, orain eztabaidatzen ari dena.
Lan-arloak eztabaida bat izan zuen joan den astean. Abuzturako atzeratu zuten. Akordioak ere lortu zituzten, lortu behar direlako, euren artean akordioak lortu behar direlako. Nik ulertzen dut akordioak lortu behar direla. Jende askok ezetz esaten du, akordiorik ez haiek ados ez badago, baina botoak behar ditugu. Kongresuak botoekin funtzionatzen du. Nahiago nuke Kongresuan gehiengoa bagenu, dena gertatu izan balitz. Orduan, akordioak lortzen dira. Akordio bat izan zen lan erreforman, baina ez zitzaigun gustatu sindikalistoi. Ez zitzaigun gustatu eskubide kolektiboei, negoziazioari, grebari eta negoziazio kolektiboaren eskubideari buruzko kapitulua atera izana. Kapitulu hori erabat atera zuten.
Hau da, ez ukitzeko atera zuten.
Ez ukitzeko. Ez dute ukitzen, eta hori indartzea zen kontua, jakina baita, nolanahi ere, Laneko Nazioarteko Erakundearen 87 eta 98 hitzarmenak mundu osoan babesten duela langilea askatasun sindikalean eta elkartzeko eskubideetan. Baina hemen indartu egin nahi zuten, eta kapitulu hori ez zuten nahi izan eta atera egin zuten. Gainerakoa negoziatzen jarraitzen dute: lan-egonkortasuna, formalizazio handiagoa nahi dute… Hau da, Kolonbian, %69ko izkutuko ekonomia dago, prestazioetarako eskubiderik gabe lan egiten dute, osasun gabe, kaleetan… Lan-egonkortasun handiagoa izatea. Ez dadila hiru hilabetez izan, hilabetez, orduka, gazteek eskubidea izatea.
Aurreko gobernuek kendutako eskubideak berreskuratzea da.
Jakina. Duqueren aurreko gobernuak lan-erreforma izugarria egin zuen, ikaragarria. CUT erabat sartuta dago eztabaida honetan.
Eraldaketa soziala eta bake-prozesua eskutik al doaz?
Erreforma sozialak Kongresuan bozkatzen dira. Eta hor lortu behar ditugu oso gustuko ez ditugun akordioak. Baina hori Kongresuan dagoen bezala, Gobernuak ELNren proposamena du negoziatzeko, hitz egiteko, armak uzteko, sua eteteko, bizitza zibilari berriro egiteko, armak entregatzeko, baina haiek ere eskatzen dute: baldintza zehatzak egotea, ondo atera ditzatela, ez ditzatela hil… Hori parean doa. Baina hori ez da bozkatzen Kongresuan. Bakea ez doa botoekin. Bakea negoziatua da. Hori da CUTek eskatzen duena: gatazka armatuari irtenbide negoziatua ematea. Eta horrek armak uztearen beharra adierazten du, horrek ELNn daudenentzako proposamenak ere behar ditu. Prozesu horrek une zailak izan ditu, baina guk bakearen aldeko elkarrizketa-prozesuak jarraitzea babesten dugu. ELNk ere aurrera egin dezala gobernuarekin, ez dezala abagune hau galdu. Izan ere, lehenago, esan dizudan bezala, hamabi bake-prozesu izan dira. Baina hori ez da botoekin.
Baina suposatzen dut ELNk ez duela gauza praktikoez bakarrik hitz egingo, arma entregez, esaterako. Justizia sozialari lotutako beste gauza batzuez ere hitz egingo dute.
Bai, hezkuntzaz, osasunaz. Haiek, berez, parte hartzeko bilerak egiten dituzte; adibidez, Santanderreko departamentu batean bilera deitzen dute. 1.000 pertsona. Biztanleria zibila, indigenak, gizonak, emakumeak… Entzun egiten dituzte eta proposamenak negoziazioetara eramaten dituzte.
CUTek uste du bakeak justizia sozialarekin batera etorri behar duela?
Bai, noski. CUTek dio “gatazka armatuaren irtenbide negoziatua”, eta justizia soziala. Zer esan nahi du justizia sozialak? “Zero matrikula”, etxebizitza, janaria, nekazarientzako lurrak berreskuratzea, soldata duina, gazteentzako hezkuntza, emakumeenganako indarkeriarik eza, feminizidiorik ez egotea, nekazarien hainbeste heriotza ez egotea, gazteak ez jazartzea ez torturatzea, hitz egiteko eskubidea dutelako…
Euskal Herritik, begirada internazionalista batetik, zer ekarpen egin dezakegu Kolonbian saiatzen ari zareten aldaketa soziala indartzen laguntzeko?
Zuek oso solidarioak izan zarete. Zerbaitek batzen gaitu. Iritziak iritzi, solidarioak gara, eta Euskal Herria solidarioa izan izan da Kolonbiarekin, bakearekin. Eta nik ikusten ditut Kolonbiako bakearen alorrean, miresten dut, Kolonbiako bakearen alde egiten duzuelako, solidarioak zaretelako, kolonbiarrak oso ondo tratatzen dituzuelako hemen.