2026-09-24
HomeEkintza Sindikala2024ko azken lan heriotza salatu dugu Zornotzan

2024ko azken lan heriotza salatu dugu Zornotzan

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok kontzentrazioa egin dugu Zornotzako Boroa enpresa-parkean, Forest Trafic enpresaren aurrean. Abenduaren 30ean I.P.C. 41 urteko langilea hil zen enpresan. Langilea inbentario-lanak egiten ari zen biltegian orga jasotzaile batekin, eta garraiatzen ari zen zamaren zati bat gainera erori zitzaion.

Ikerketa zorrotza eskatzen dugu gertakariak eta kasutik erator daitezkeen erantzukizunak argitzeko. Era berean, gogoratu nahi dugu 2015ean ere beste langile bat hil zela enpresa honetan bertan pieza baten kolpearen ondorioz.

Atzean utzi dugu urte tragiko bat laneko istripuei dagokienez; gutxienez 64 langile hil dira eta lan-istripuak ugaritu egin dira. 2023an 100.000 lan-istripu baino gehiago komunikatu ziren, eta horien erdiek egun bat baino gehiagoko lan-bajak eragin zituzten.

Datu horiek agerian uzten dute kontrol-neurri gehiago behar direla enpresek lan-osasuneko araudia bete dezaten. Lan-ikuskatzaileen kopurua handitu behar da, eta Osalanek zigor-ahalmena izan behar du, eta ez aholkularitza hutsa.

Absentismoari buruzko eztabaida faltsuen gainetik, enpresen zigorgabetasun honekin amaitu behar dugu, laneko prebentzioari eta osasunari buruzko araudia behingoz bete dadin.

2025eko lehen hildakoa

Atzo hil zen urteko lehen langilea Gasteizen. Bere heriotza salatzeko, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok mobilizazioa egingo dugu bihar Gasteizen, goizeko 11:00etan, Baskonia-Alaves dendaren aurrean (General Loma Plazan).

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Elkarlan zintzorako deia egin dugu Nafarroan lan mundua euskalduntzeko urratsak eman daitezen

LAB bidelagun izango gaitu ELAk, lan mundua euskalduntzeko konpromiso zehatzak eta elkarlanerako borondatea erakusten baditu; bestela, euskalduntzearen kaltetan izango da. Langileok euskaraz lan egiteko eskubidea...

SEULA enpresak kudeatzen duen kale garbiketa zerbitzuan sei greba egun deitu ditugu Aguraingo jaien bete-betean

Langileak urtarriletik dabiltza itun berri bat negoziatzeko saiakeran. Hilabete hauetan, enpresak negoziatzeko borondate eskasa erakutsi du, erantzunak atzeratuz eta bileretara benetako erabakitzeko ahalmena zuten pertsonak bidali gabe. Egoera horren aurrean, maiatzean Lan Harremanen Kontseilura jo behar izan genuen negoziazioa desblokeatzen saiatzeko.

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok mobilizazioak hasi ditugu Osakidetzan, lan eskubideak eta proposamen zehatzak eskatzeko

Gehiengo sindikalak ohartarazi du gaur egindako elkarretaratzeak mobilizazioen eta greben dinamikaren hasiera direla, eta Euskal Osasun Zerbitzuari eskatu dio negoziazioa atzeratzeari uzteko eta benetako konponbideak mahai gainean jartzeko.