2026-07-01
Blog Page 1084

Bizkaiko hirugarren adineko egoitzetako baldintzak hobetzearen alde mobilizatu gara

Hirugarren adineko egoitzeko langileek agerraldia egin dute gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Herritarrekiko Harreman eta Eskarietarako. Bertan, hitzarmen duina eskatu dute hirugarren adineko egoitzetarako. Kontzentrazioa ere egin dute kanpoan, “Hitzarmen bidezkoaren alde, Aldundia erantzule!” lemapean.

Adierazi dute egoitzak ez direla duela 20 urte bezalakoak (erabiltzailearen mesedetan), hauen perfila asko aldatu da, baina gure baldintzek berdinak edo txarragoak izaten jarraitzen dute.

Politika sozialetan ematen ari diren aldaketa eta aurrerapenak eta egoitzetako erabiltzaileen perfilen eboluzioa, inoiz ez datoz bat langileok honi aurre egiteko beharrezkoak dituzten aldaketekin. Baina langieleek ere aldaketak behar dituzte lan-baldintzetan egoitza eta erabiltzaileen aldaketekin batera.

Ratioak erabiltzaile bakoitzeko langile kopurua dira. Eta ez dira 1998tik hona aldatu 1998tik. Gainera, kalkulu hau egiteko egoitzetako langile guztiak hartzen dituzte kontutan (lorezaina, mantentze lanetakoa…). Lege honek aldatu egin behar duela adierazi dute eta ezin dela erreferentzia bezala erabili inondik inora.

Langileen lan-baldintzak azaldu dituzte.

◦ Bakoitzak 17 bat erabiltzaile izan ditzake bere kargura.

◦ Goizeko 6rak inguru hasi behar dira erabiltzaileek esnatu eta altxatzen, goizeko 11tarako denak jaikita eta gosalduta egon behar dutelako eta ez dagoelako egiteko beste modurik.

◦ Erabiltzaileek oso denbora gutxian gosaldu, bazkaldu eta afaldu behar dute (gehienei langileek ematen diete ahora jatekoa), ez dutelako denbora nahikoa denei nahikoa arreta eskaini eta jaten eman eta gero siesta edo lotara sartzeko.

◦ Jasaten dituzten karga fisikoak izugarriak eta gehiegizkoak dira eta langileen gorputzak txikituak daude. Gaixotasun muskular eta hezurretakoak sufritzen dituzte lanaren ondorioz.

◦ 1.698 ordu egiten dituzte lan urtean, egoitza publikoetan eta Gipuzkoako egoitza kontzertatuetan baino 106 ordu gehiago.

Aldundiari egoitza hauetan duen ardura benetan hartzea exijitu diote langileek, erabakiak eta neurriak hartzea zerbitzuak eta lan zein bizi baldintzak hobetu daitezen. Langileek, euren aldarrikapenk gogorarazi dituzte.

• Langile gehiago.
• 1592 ordutako lan jarduna.
• Profilen eta funtzio profesionalen hedapena.
• Erabiltzaile bakoitzari eskaintzen zaion dedikazio eta zerbitzu denbora igotzea.

 

 

 

Grupo Alfaren diruzalekeria eta inkonpetentziak Mecánica Mallabiren itxiera ekarri du

0

Astelehenean, apirilaren 18an, ALFA taldeko Mecánica Mallabiko zuzendaritzak egun horretan bertan epaitegitik likidazio autoa heldu zela jakinarazi zion enpresa batzordeari. Lantegian ari diren 81 pertsonentzat eta euren familientzat modu krudel eta ilunenean gauzatu da iragarpenik okerrena, hau da, enpresaren itxiera.

Iluntasunez jokatu du GRUPO ALFAko zuzendaritzak. Astebete lehenago sartu zuen epaitegian likidazio proposamena langileei ezer jakinarazi gabe, euren arabera, ezin diotelako aurre egin hartzekodunen hitzarmenaren ordainketari. Etorkizunerako konponbideak bilatzea ez da bere estiloa, hortaz aurretik Enpresa-batzordearekin programatuta zuen bilera atzeratu zuen aspaldi prestatutako plater bat mahai gainean jartzeko. Talde honen zuzendaritzak berriro erakusten du zein gutxi axola dioten pertsonek eta zenbat zenbakiek, bereziki eurenek.

Zuzendaritzaren inkonpetentzia eta profesionaltasun falta salatu nahi ditugu, behin baino gehiagotan enpresa ixtear izan ondoren, plantila 180tik 81 langiletara murriztuz, denbora honetan proiektu berririk lortu gabe eta %50eko kitaren ondoren. Zorra ordaintzen hasteko eguna iritsi da eta euren konponbidea ez ordaintzea eta langileak kaleratzea da. Ez dute lotsarik.

Mecánica Mallabiko langileak ez daude horrelako astakeria onartzeko prest. Bihar apirilaren 23an Bilbon enpleguaren eta industriaren alde deitua dagoen manifestazioan izango gara. Mobilizazioa 12:00etan hasiko da Jesusen Bihotzetik.

Astelehenean langileek asanblada deituko dute aurrera begirako ekimen eta mobilizazioak erabakitzeko. Greba mugagabea deitu dute datorren asteartetik aurrera (apirilaren 26a).
 

 

 

Pineko zuzendaritzak hartu nahi dituen neurrien aurrean langileek mobilizatzen jarraituko dute

0



INGETEAM taldekoa den Pine Instalaciones y Montajes S.A,ko enpresa batzordeak, Zuzendaritzak erabakitako neurri traumatikoen aurrean mobilizazioekin jarraitzea erabaki du. Egun,150 langile ditu Pinek bere Bizkaiko lantegian. Bi kontu inposatu nahi ditu enpresak. Batetik, 10 langileren kaleratzea. Bestetik, beste 30 langile Bretainiara lekualdatzea. Gainera, Bizkaiko Metalgintzako Herrialdeko Hitzarmenaren azpitik dauden lan-baldintzak ezarriz.

Enpresa-batzordeak bigarren paroa egin du gaur, 12:30etik 14:30era eta kontzentrazioa 13:30etik 14:30era, INGETEAM Taldeak Zamudioko parke teknologikoan dituen bulegoen aurrean, 106 eraikinean.

Langileak Zuzendaritzaren neurrien kontra daude eta bi gauza exijitzen dizkiote. Batetik, INGETEAM taldearen inplikazioa eta bigarrenik, etorkizuneko plan industrial bat taldearen barruan Pine baliozko enpresa moduan kokatuko duena.

Momentu hauetan, ez dago benetako eskaintzarik Zuzendaritzaren aldetik, prekarietatea eta enplegu suntsiketa ezartzeaz aparte.

Langileok etorkizunaz hitz egin nahi dugu baina gardentasun eta benetako negoziazio terminoetan, akordioetara heltzeko prest gaude baina akordio horiek bermatuko dituen etorkizuneko plan industrialaren negoziazioaren baitan.

Enpresa-komiteak atxikimendua ematen dio bihar, apirilaren 23an, Bilbon “Gure industriaren defentsan. Por una política industrial real” lemapean egingo den manifestazioari. Bertan egongo gara, konponbideak exijituz.
 

 

 

Ez dugu Bizkaiko Foru Aldundiako Gizarte Ekintza Sailean zerbitzu publikoaren pribatizaziorik onartuko

LABek salatzen du EAJk zuzentzen duen Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saila zerbitzu publikoa kanpoko enpresen esku uzten ari dela. Gero eta gehiago pribatizatzen ari da, bai hirugarren sektoreko egoitzen arloko politikari dagokionez, baita barruko administrazio-kudeaketari dagokionez ere.

2015eko hauteskundeek Aldundiko gobernuan eragindako aldaketaren ondorioz, eta bizkaitarrek zerbitzu hauek gero eta gehiago erabiltzeak sortutako testuinguruaren ondorioz, administrazio-kudeaketan ezin dira eginkizunak bete, gainezka daudelako, eta zerbitzu publikoa kanpoko enpresen esku uzteko joera areagotu egin da. Aldundiak eta Lantik eta Zugaztel enpresa publikoek emandako zerbitzu publikoa enpresa pribatuen eskuetan uzten ari dira: Médicos de Bizkaia, SDEC, Intra eta beste batzuk.

Joera horren adibide nabarmena da Ebaluazio eta Orientazio Zerbitzua. Mendetasunaren Ebaluaziorako eta Orientaziorako Atala eta Desgaitasuna Ebaluatzeko Atala daude haren barruan. Azken hirurtekoan, nabarmen gehitu da zerbitzu horrek izapidetutako espedienteen kopurua (mendetasunaren inguruko eskaerak, plaza sozio-sanitarioak, kasu urgenteak…), eta egoera horrek gainkarga bat ekarri die administrariei, teknikariei eta medikuei.

Kudeaketa zuzeneko lanpostuak finkatu eta sortu beharko lirateke, deialdi publikoa eginez, eta, bitartean, dauden lan-poltsak erabilita. Baina, horren ordez, EAJren bidea da zerbitzua kanpoko enpresen esku uztea eta pribatizatzea, Médicos de Bizkaia SL enpresaren esku, hain zuzen. Bizkaiko Medikuen Elkargoaren mendeko enpresa bat da, mendetasunaren eta desgaitasunaren ebaluazioak egiteaz eta haien jarraipena egiteaz arduratzen dena. Gero eta indar handiagoa du sektorean eta, Zerbitzuarekin duen lehentasunezko kontratuari esker, gero eta instalazio, langile eta baliabide gehiago ditu. Prestatutako profesionalekin eratutako lan-poltsa bat du eta Zerbitzu honetan enplegu publiko gehiago sortzeko edozein aukera ahultzen ari da. Profesionalak aukeratzeko modua eta haien gaineko kontrola kontrol publikoaren eremutik kanpo dago.

Aldi berean, Zugaztel SA eta Lantik SA foru-enpresa publikoek gero eta aurrekontu handiagoa dute orain arte Foru Administrazioak berak, baliabide ekonomiko eta material gutxiagorekin, egindako lanak egiteko.

– Zugaztel S.A.: Foru-enpresa publiko hau eskaerak grabatzeaz eta eskaneatzeaz arduratzen da, baita telefono bidezko zerbitzua emateaz ere., eta beste enpresa batzuk azpikontratatzen ditu horretarako: SDEC (Servicio Especial de Codificación) edo Indra Sistemas S.A., besteak beste. Batek daki zer baldintzatan, konfidentzialtasun handiko datuak grabatzeko: osasun-datuak, datu pertsonalak…! Non dago isilpeko informazio berezi horren gaineko kontrol publikoa?

-Lantik S.A.: Enpresa publiko hau Gizarte Ekintza Saileko eta Aldundiko beste sailetako aplikazio informatikoak garatzeaz eta mantentzeaz arduratzen da, eta iaz aurrekontu ikaragarria izan zuen: 6 milioi euro.

Hala ere, gure ekipo informatikoak mantentzeko lanak, egitura-lanak direnez, bertako langileek egin beharko lituzkete ere, Lantikek azpikontratatutako enpresa pribatuetako langileek egiten dituzte, baldintza ezegonkorretan: soldata eta lan-baldintza txarragoak, ez dago subrogaziorik…

Azterketa soziologikoen arabera, Bizkaiko gizartea zahartzen ari da, eta gero eta gehiago beharko du sektore publiko indartsu bat. Behar besteko giza baliabideak eta baliabide materialak dituen sektore publiko bat, areagotzen ari diren deserrotze, babesgabetasun, esklusio eta bazterkeria egoerei aurre egin ahal izateko

LABek uste du akats larria dela zerbitzu publikoei goian aipatutako bitartekoak ez ematea eta zerbitzu horien etorkizuna xede bakartzat etekin propioak lortzea duten enpresen eskuetan uztea.
 

 

 

SATen errepresioaren kontrako jardunaldietan parte hartuko dugu asteburu honetan Sevillan

0

LABek Andaluziako SAT sindikatuak antolatu dituen Errepresioaren kontrako jardunaldietan parte hartuko du. Sevillako Pablo de Olavide Unibertsitatean egingo dira, bihar eta etzi. Lehen egunean Saul Arangibel, LABeko ordezkariak hartuko du hitza eta igandean Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusiak, hartuko du parte.

Oscar Reinak emango die Jardunaldiei hasiera. Ondoren andaluziar herriko sindikatua babesten duten zenbait sindikatuen txanda izango da. Atal horretan, Saul Arangibel LABeko ordezkariak izango du hitza. Jarraian mahai inguru desberdinak izango dira, hala nola, errepresioa, jendarte mugimenduak eta politikoak, errepresioaren aurkako tresna juridikoak edo jendarte eta langile mugimenduaren aurkako jarrerak.

Bigarren eguneko saioan Ainhoa Etxaide Idazkari Nagusiak hartuko du hitza. Goizez izango den saio honetan, berriki kartzelaratu duten Andres Bodalo SATeko kidearen sendia, CSIko Candidó Gonzalez, eta SATeko Mari Garcia eta Diego Cañamero izango dira.
 

 

 

Gure industriaren defentsan Bilbora

0

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuok deituta, bihar hilak 23, eguerdiko 12.00etan, manifestazioa izango da Bilbon, "Gure industriaren defentsan. Industria politika erreal baten alde" lelopean. Multinazionalei tresna guztiak ematen dizkien lan legeriaren baitan, eta hauei aurre egiten ez dieten menpeko instituzioekin, langileoi gelditzen zaiguna borroka da. Eta bide horretan bihar Bilboko kaleak beteko ditugu. Gaurko borroka, biharko enplegua izango delako.

 


 

 

EU-Turkia akordioari ez! Ongi etorri errefuxiatuak!

Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia Plataformak deituta bihar, hilak 23, "SOS Errefuxiatuak, no al acuerdo UE-Turquía" lelopean ekimenez beteriko eguna antolatu dute Bilbon errefuxiatuei babesa eman eta Europar Batasunak eta Turkiak sinatu duten akordioari ezetza emateko. Aldarrikapenekin bat eginez, LABek euskal langileei bertan parte hartzeko gonbitea luzatu nahi dizue. 

EGITARAUA
10:30 – Konzentrazioa Bilboko Udaletxean
11:00 – Giza katea Plaza Eliptikorarte
11:45 – Tailera: "Egungo errefuxiatuen egoera" (Plaza Eliptikoan)
14:30 – Tailerren bukaera
16:30 – ASANBLADA OROKORRA Plaza Eliptikoan
18:30 – Giza katea Bilbotik
20:00 – Konzentrazioa Arriagan
 

 

 

Asteleheneko heriotzaren atzean arrantzaleen lan baldintza kaskarrak daude

0

Prekarietateak hiltzen duela salatzeko elkarretaratzea burutu du gehiengo sindikalak gaur goizean Pasaian. Prekarietateak hiltzailea lemapean, lehengo astelehenean itsasoan zela ondoezik sentitu eta hil zen arrantzalearen heriotza salatzeko.
Arrantzaren sektorean gaixotasun kardiobaskular asko izaten dira. Hau ez da kasualitatea arrantzaleek dituzten lan baldintza kaskarren ondorioa baizik. Egoera hau aldatzeko neurriak har daitezela exijitu dute.

 

 

 

Prekarietateari aurre egiteko galdetegiak martxan dira



Lan munduan ematen diren prekarietate kasuak antzemateko eta hauei irtenbide bat emateko, online galdetegi ezberdinak jarri ditugu martxan "Zure Eskubideak. Actívate por tus derechos" dinamikaren baitan. Zerbitzu publikoetara eta zerbitzu sektora zuzendurikoak dira berriki aurkeztu ditugunak. Inkestak anonimoak dira erabat eta langileen partehartzea ezinbestekoa izango da prekarietateari aurre egiteko borrokan.

BA AL DAGO PREKARIETATERIK ZERBITZU PUBLIKOETAN?
JENDE ASKOK USTE DUENAREN KONTRA Zerbitzu Publikoetan prekarietatea egon badago: oposaketetara inoiz ateratzen ez diren lanpostuen behin-behinekotasun egoera ez da inoiz konpontzen; lanaldi partzialak, ordezkapen gutxi… eta langile askoren lan-baldintzak prekarioak dira; batez ere, pribatizatu diren zerbitzuetan aritzen diren langileenak.

ERABAT ANONIMOA DEN INKESTARI erantzuten badiozu prekarietate egoerak topatzen lagunduko diguzu eta iradokizun batzuk emanen dizkiguzu prekarietateari aurre egiteko. Benetan eskertuko dizugu lantxo hau hartzen baduzu, baliagarria izango baitzaigu prekarietatea borrokatzeko.

INKESTA

ZERBITZU SEKTOREAN EMATEN DEN PREKARIETATEAREKIN AMAITZEKO INKESTA 
Prekarietatearen aurkako "Zure Eskubideak" dinamikan aurrera eginez eta bereziki zerbitzu sektorean (garbiketa, kolektibitateak, merkataritza, ostalaritza, telemarketing…) ematen den prekarietatea aztertzeko nahiarekin, sektoreko langileen egoeraren berri izateko galdetegia prestatu berri dugu. Zerbitzu sektorean orokorrean bizi den egoera ez da normala eta lanketa honekin prekarietatearekin amaitzeko borrokan pausu berri bat eman nahi dugu. Langileek bizi duten errealitatearen argazkiak egin beharreko bidea erakutsiko digulakoan gaude. 

INKESTA