2026-09-12
Blog Page 1075

Gipuzkoako grafikagintzako hitzarmen duina lor daiteke

0


Gaur, ekainak 29, Gipuzkoako Grafikagintzako hitzarmena berritzeko hirugarren bilera burutu da. Gaurko bileran, berriro ere, ADEGI eta GAREN enpresarien elkarteek dituzten ikuspuntu ezberdinak geratu dira agerian. Gure aldetik berriro ere eskatzen diogu ADEGIri aurkez dezala sektore errealitateari erantzungo dion proposamena.

ADEGIk soldata igoerarik gabeko 3 urtetarako akordioa proposatu duen bitartean, GARENek, sektoreko enpresa txikiak biltzen dituen patronalak, honelako edukiak dituen akordioa gauzatzea proposatu du: urtebeteko indarraldia, Gipuzkoako KPIaren soldata igoera, kontratazioa egonkortzeko neurriak hartzea, behin-behinekotasuna mugatzea, aparteko ordainsariak soldata osoaren arabera ordaintzea edota sektoreko gutxieneko soldata igotzea, besteak beste. GARENek dioenez, proposamen honek sektoreko langileei zein enpresei emango lieke egonkortasuna.

Proposamen hau positiboki baloratzeaz gain, negoziazio kolektiboa ulertzeko beste era bat dagoela ere adierazten du, enpresari guztiek ez dutela bat egiten CONFEBASKekin negoziazio kolektiboari ekiterakoan eta sektoreko langileen lan baldintzak hobetzeko tartea egon badagoela.

Beraz, ADEGIri eskatzen diogu hurrengo bilerarako, aurkez dezala sektoreko errealitateari erantzungo dion proposamena.

 

 

 

Hiltzen duten lan-baldintzen aurrean erantzuteko garaia da

Atzo, ekainaren 28an, beste istripu hilgarri bat gertatu zen Erandion. Izan ere, lan istripuz hildako 38 urteko A.V.G.ren heriotza salatu behar dugu. Modu berean, gogor salatu nahi dugu heriotza berri honekin, Euskal Herrian 2016an 29 langile hil direla (19 Bizkaian, 1 Gipuzkoan, 2 Iparraldean eta 7 Nafarroan).

LAB sindikatutik, lehenik eta behin, elkartasuna adieraztea langilearen familia, lankide, lagun eta gertuko guztiei.

Osasuna galtzea eta lan istripuak, ez dira lanaren ezaugarriak, lan eredu jakin baten emaitza ankerra baizik. Ekidin zitekeen emaitza, baina batzuen utzikeriak eta besteen neurririk gabeko irabazi asmoak langileok kondenatzen gaituzte.

Atzoko langilea autonomoa zen, AYPRO enpresak azpikontatatutakoa. Baina AYPRO enpresa Construcciones OLABARRIk azpikontratatuta zegoen. Eta Construcciones OLABARRI LIDLek kontratatu zuen, alegia, azpikontratazioaren 4. maila. Betidanik salatu dugu prekaritateak, eta horren barruan, azpikontratazioak, eragin zuzena daukatela gure osasunean eta lan baldintza gero eta kaxkarragoek gero eta arrisku gehiago sortarazten dituztela.

Baina ematen du administrazio publikoen arduradunek ez dakitela hau. Non daude administrazioko arduradunak heriotza berri hau salatzeko. Zein aldaketa eta zein pausu emateko prest daude egoera eta eredu hau geldiarazteko?

Langileok, bizi ahal izateko egiten dugu lan eta ez, saiakera horretan bizia galtzeko. Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak. Langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarria. Ez, lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira.

Hau guztia dela eta, LAB sindikatutik mobilizatzera dei egiten dugu eta guztien artean, langile zein jendartean odoluste hau geldiarazi dezagun; gure eskubideak, gure osasuna eta gure bizitza defenda ditzagun.

Beraz, hurrengo ostiralean, uztailaren 1ean, kontzentrazioa egingo dugu ELA-LAB, ESK, STEILAS-EHNE eta HIRUk 11:15ean Bilboko Lan Ikuskaritzaren aurrean, Bilboko Gran Vía, 50ean, heriotza hau eta administrazio publikoen jokabidea salatzeko eta bestelako lan eredua eskatzeko.

Aski da! Eredu ekonomikoa aldatzera goaz!
 

 

 

Osakidetzak negoziatu barik jarraitzen du eta enpresa kudeaketaren alde egiten du, dekretu berri baten bitartez

0


Ekainaren 28ko Mahai Sektorialak berriro ere argi utzi du Osakidetzako zuzendaritzaren negoziatzeko borondate eza. Gai ordena oso luzea izanik ere, bilera 11etan hasi dugu ezin argiago adierazten duena akordiorik lortzeko interes falta. Osakidetzak ekarritako planteamenduak aurreko bilerako ia berak izan direnez, ez da inolako aurrera-pausorik eman.

Urdulizko Ospitalearen irekiera dela eta, zuzendaritzak oraindik orain ez du argitu kategoria batzuen lana enpresa pribatuek egingo duten. LABeko ordezkariek, gai honetan EAJk duen jarrera salatzen zituzten kartelak ipini zituzten mahai gainean, eta bilera osoan bertan mantendu.

Berrikuntza bakarra eta kezkagarria Osakidetzaren antolakuntza aldetik dekretu bidez ezarri nahi duten sistema izan da. EAEko osasun zerbitzu erakundeen estruktura ordenatzeko dekretua eta Klinika Kudeaketarako Unitateen (KKU) sortu eta funtzionatzeko erregimena dira honen ardatzak. Azken hau, KKU eredua, gogor kritikatu du LABek osasun publikoaren pribatizazioan sakontzea baitauka helburu.

Klinika Kudeaketarako Unitate hauek ez dute osasun arretarekin zerikusirik, osasun publikoan praktika enpresarialak sartzearekin baino. EAJk aurrera daraman osasun politikak antz handia dauka Espainia aldean PPk daramanarekin. Izan ere, Osasun Sailak ez du lotsa izpirik adierazten KKU hauek Osakidetzako zerbitzuak zein pribatuak uztartuko dituztela esaten dutenean.

Laburbilduz, ezer negoziatu gabe atera gara bileratik, eta, beste alde batetik, oso kaltegarri jotzen dugun dekretu barri batekin mahai gainean. Bileran bertan esan bezala, LABek publikoki salatuko du EAJren egitasmo berri hau, osasun publikoaren kontrakoa delako.
 

 

 


Emakumeen soldatak %33,6an handitu beharko luke gizonenarekin parekatzeko

Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratu duen Soldata Egiturari buruzko Inkestak adierazten duenez, Hego Euskal Herriko emakumezko langileek, batez bestez, 7.710 euro gutxiago irabazten dute urtero. Hortaz, emakumeen batez besteko soldatak %33,6an handitu beharko luke gizonenarekin parekatzeko.

Gizon eta emakumeen soldatetan dagoen alde hau emakumeek lan munduan jasan ohi duten bazterkeriaren adierazpen iraingarrienetako bat dugu, bakarra ez izanik; estatistikek adierazten duten ebidentzia honek agerian uzten du eta kontzientzia hartzen laguntzen du ekonomia-bortxa berezi honetaz; horren ohikoa da, askotan sumagaitza egiten zaigula.

Genero bazterkeriaren salaketari ezinbesteko eginkizuna deritzagu; hala ere, haren aurka eraginkortasunez borrokatzeko, gizartearen estamentu guztiek euren ardurak bereganatu beharko dituzte, askoz ere jarrera aktiboagoa hartu beharko dute, bizitzaren esparru guztietan, lan munduan barne, jokaera aldeak ezabatu daitezen.

Izatez, emakumeak lan merkatuan etengabe sartu izanak ez du berekin ekarri lan baldintzak parekatu direla; generoaren arabera soldata-arrakala handitu izanak agerian uzten du berdintasuneko politika publikoek porrot egin dutela.

Dena den, Europako Erkidegoko Estatistika Bulegoak (Eurostat), aipatu soldata-arrakala, gizonen eta emakumeen soldata gordina ordukoen artean dagoen aldearen arabera kalkulatzen du, gizonen soldata gordina ordukoari dagokion portzentajean adierazia.

Definizio honen arabera, Hego Euskal Herriko soldata-arrakala %14,3koa da; aldiz, Europako Batasunaren batez bestea %16,1ekoa da. Bestalde, Nafarroan, soldata aldea handiagoa da, %16,6koa, aldiz, EAEn %13,8koa da.

Soldatetan ematen den bidegabekeria honek emakumeen egungo bizi baldintzei eta independentzia ekonomikoari kalte larria egiteaz gain, ondorio kaltegarri handia eragingo die erretiroko edota langabeziako gizarte-prestazioei.

Diskriminazio honen zergatiak egiturazkoak dira, hierarkian oinarritzen diren genero harremanetan hondoratzen dituzte sustraiak eta emakumeek betetzen dituzten zereginak bigarren mailakotzat hartzen duen lanaren banaketa sexista elikatzen dute.

Soldata-arrakalaren errua izan dezaketen eragileen artean, batzuek zuzenki eragiten dute; adibidez, emakumeek, lan bera edota balio bereko lana egiteagatik, gizonena baino soldata txikiagoa jasotzea.

Beste batzuk, aldiz, ugaltzeari lotutako lana, ordaintzen ez dena (etxeko lanak eta zaintza) ezberdin banatzearekin zerikusia dute (emakumeek aldi bikoitza eskaintzen diete aipatu lanei); eta batez ere, hautapen eta kontratatze prozesuetan, emakumearen bereizketa horizontala eta bertikala sustatzen dituzten enpresa-jarduerarekin. Azken batez, aukera berdintasunean enplegua eskuratu ahal izatea eragozten dituzten kristalez eta porlanez osatutako benetako sabaiez ari gara.

Horrengatik, emakumeak kontratatu ohi dira, gehien bat, onarpen sozial urriko jarduera-sektoretan; horren baloratuak ez dauden eta gutxiago ordaintzen dien lanbide mailetako lanpostuak betetzen dituzte.

Honez gain, hauen lan bideetan, beti, askoz ere baldintza kaskarragoak ematen dira. Izan ere, gaur egun, Hego Euskal Herrian, aldi partzialean betetzen den enpleguaren 3/4a baino gehiago emakumeek betetzen dute. Eta emakumeen behin-behinekotasun tasa %27,7koa da, aldiz, gizonena, osta-osta gainditzen du %22a. Jakina, lanaldi partzialeko eta aldi bateko enpleguei, oro har, beti egokitzen zaizkie soldata apalagoak.

Honengatik guztiarengatik eskatzen dugu botere publikoek bete dezatela berdintasuna sustatzeko dagokien betebeharra, eta ekitatea bihur dezatela haien politiken ardatz. Lan esparruan, premiazkoa da enplegua eskuratzea, prestakuntza, lanbide-sustapena eta lan eta soldata baldintzak bermatuko dituzten neurri eraginkorrak hartzea.

Baina, administrazioak interpelatzeaz gain, baztertze bitarteko guztien aurkako zaintza eta borroka areagotu behar ditugu ere. Horrela bakarrik lan harremanen eredu berria, gizarte bidezkoagoa eta demokratikoagoa sortu ahal izango dugu. Horretan datza gure konpromisoa.

Soldata-arrakala Europako Batasunean, 2014 (EUROSTAT)

 

BATAZ BESTEKO IRABAZIA URTEKO -2014

GIZONAK
EMAKUMEAK
Aldea
Nafarroa
28.659,74
20.163,10
-8.496,64
Araba-Bizkaia-Gipuzkoa
31.271,00
23.781,55
-7.489,45

Hego Euskal Herria

30.686,34
22.976,66
-7.709,68
 

 

 

 

Metalgintzan prekarietaterik ez! Ofentsibara pasatzeko garaia da!

0



Gaur, ekainak 28, LAB sindikatuko Gipuzkoako metalgintzako delegatuok batzarra egin dugu Villabonako Gurea aretoan eta, ondoren, “Hemen lan egin, hemen erabaki, metalgitzan prekarietateari Stop” lemapean elkarretaratzea burutu dugu Herriko plazan.

Gaurko batzarrean sektoreko egungo egoera zein den ordezkariekin partekatzeaz gain, datorren kurtsorako ildo nagusiak zehaztu eta adostu ditugu ekintza sindikala indartzeko helburuarekin.

Metalgintzaren sektorean, gainerako sektoreetan bezala, ematen ari den prekarizazio prozesuaren aurrean, LABek langileei lapurtutako lan baldintzak berreskuratzeko ofentsibara pasatzea erabaki du. LABek honako erabakiak hartu ditu gaurkoan:

– Enpresaz enpresa prekarietateari aurre egingo diogu. Horretarako langileen aldarrikapenak jasoko dituen tokian tokiko plangintza zehatzak osatuko ditugu langileak mobilizatzeko asmoz. Borrokaren bidez behartuko ditugu enpresariak akordioak egiten.

-Patronalak bilatzen duen negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren aurrean, hemengo negoziazio kolektiboa berreskuratzea dugu helburu. Lan harremanetarako esparru propioa behar-beharrezkoa dugu. Hemen lan egin, hemen erabaki! Helburu honekin, hainbat dinamika eta mobilizazio martxan jarriko ditugu.

– Langileak jasaten ari diren prekarizazioa baditu erantzuleak, bai enpresariak bai agintari politikoak. Dirua soberan dagoen arren, gero eta langile gehiago pobrezian daude, gutxi batzuk gero eta aberatsagoak diren bitartean. Hau onartezina da eta erantzule hauek interpelatzen eta salatzen jarraituko dugu.

 

 

 

Ekainak 28, sexu askatasuna aldarrikatzeko eguna

Nazioarteko Sexu Askapenerako Nazioarteko eguna ospatzen den honetan, LAB ere kalean izan eta izango da. Goizean Bilboko Arriaga plazan elkarretaratzea egin dugu lantokietan ere sexu askatasuna aldarrikatuz eta gaur egun oraindik ere LGTBek jasaten dituzten eskubide urraketak salatuz. LAB sexu askatasunaren alde borrokan dihardu eta bide horretan Ekainaren 28aren harira Euskal Herrian deitu diren mobilizazio ezberdinetan parte harte hartzeko deia luzatu nahi dio euskal langilegoari.

ALTSASU

MUNGIA
 

 

BBVAko langileak kaleratzeen aurka mobilizatu dira

0



BBVAk 14 pertsona kaleratu dituela salatzeko langileak protesta egin zuten atzo ordezkaritza sindikal osoarekin batera. Bankuak kaleratze hauekin zerbitzuen azpikontratazioa bilatzen duela salatzearekin batera langileen berronartzea eskatu zuten.

BBVAko ORDEZKARITZA SINDIKALAREN IRAKURKETA
(CCOO – UGT – CGT – ACB – CIG – ELA – LAB – SCAT/CSC – SEC)

"Erantzuteko aukearik gabe BBVAk 14 pertsona kaleratu ditu (2 territorial bakoitzeko) “produktibitate baxua” egotzita. Euren helburu argia plantilla kikiltzea da. Bankuaren asmoa ahalik eta gehien irabaztea da, ahalik eta jende gutxiagorekin eta gero eta zerbitzu gehiago azpikontratatatuz. Honek eragin ankerra du BBVAko enpleguan, kalitatean eta bezeroekiko arretan.

Guzti hau 2.200 goi-zuzendarien soldata lotsagarriak mantentzeko. Larriena zera da: goi-zuzendaritza hau talentu gabeko pertsonaz vetea dago eta ez dira gai postu horiek justifikatzeko behar diren etekin zifrak lortzeko. Azken xendea “banku digitalaren” ezarpena azkartzea litzateke eta horretarako langile guztien enplegua erasotzen ari dira.

2012ko lan-erreformak enpresen ekimen hauek zigor gabe geratzea ahalbidetzen du. Kaleratzeak bidegabekoak deklara ditzatela lortzea (kalte-ordain minimoa kobratuz) ez da inola ere nahikoa. Kaleratze hauek ez dira batere bidezkoak eta ezin dugu enpresaren eraso hau onartu, helburu bakarra langileen artean edozein kalera dezaketela zabaldu eta horrela beldurtuta mantentzea da.

BBVAko giza baliabideen arduradunen jarrera erasokor honen aurrean, ordezkaritza sindikal osoa bat eginda mobilizatu da langileekin batera. Jendartean BBVAren etika eta erantzukizun diskurtso faltsua agertaraziko dugu. Enplegua erasotzea plantila erasotzea da eta arduragabekeria soziala.

Bilbo, 2016ko ekainaren 27an
"
 

 

 


Urdulizko ospitalea %100 publiko izatearen aldeko mobilizazioek jarraitzen dute

0


Pasa den ostiralean, LAB, ELA, SATSE, ESK, CCOO eta UGT sindikatuok Urduliz eta inguruko herrietan zehar kotxe karabana egin genuen, berriro ere Urduliz ospitale berriak %100 publiko izan behar duela aldarrikatzeko, pribatizaturiko zerbitzurik gabe, hala nola sukaldea, garbiketa edota mantenua.

Egunotan hainbat langile hasi dira lanean ospitale berrian, gauzak prestatzen, baina oraindik erabiltzailerik gabe. Gure datuen arabera, uztailarekin batera irekiko zaizkie ateak erabiltzaileei. Horregatik, uztailaren 6an, kontzentrazio zaratatsu berria burutuko dugu ireki berri den ospitalean, eguerdiko 11etan. Auzokide zein langile guztiei bertaratzeko deia luzatu egiten diegu.
 

 

 


Sexu askatasun eta aniztasunaren aldeko ekimenak martxan jarriko ditugu lantokietan

Bizi garen jendartearen ispilu dira lantokiak, eta haietan ere, era honetako diskriminazio eta jazarpen egoerak izaten dira. Prekaritatea, lan ezegonkortasuna, lan erreformak, murrizketak jasaten ditugun tokiak dira lantokiak, eta baita gure nortasuna itotzen duten tokiak ere: denak egiten digu presio gure sexu nortasuna ezkutatzeko, horrek dakartzan kalte pertsonal eta sozialekin.

Homofobia, lesbofobia, transfobia eta bifobiak laneko giroa kutsatzen dute, eta pertsonon arteko harremanen osasunari kalte egiten. LABeko militanteontzat egoera hau iraultzeko gakoak guztion arteko borroka eta elkartasuna dira, beste behin ere. Guk ez dugu onartzen generoarengatik edo pertsonon aukera sexualarengatik inongo baztertzerik, ez jazarpenik. Ez dugu behar inork onar gaitzan, gutxiago jendarte hipokrita honek. Gu gara inolako baztertzerik ez jazarpenik onartzen ez dugunak, ez kalean, ez ikasketa zentroan, ez eta lantokian ere. Eta ez dugu onartzen langileek euren burua diren bezala ezin adieraztea beraien kideen, bezeroen, ikasleen, pazienteen… aurrean.

Ekainaren 28aren testuinguruan, LABek lantokietan askatasun eta aniztasun sexualaren inguruan eta homofobia, lesbofobia, transfobia eta bifobiaren kontra egindako lanaren berri emateko tartea hartu nahi du. 2014. urtetik, LAB sindikatutik lantokiak homofobia, lesbofoia, transfobia eta bifobiatik askatzearen garrantzia planteatzen ari gara. Helburu hori lortzeko, eman beharreko pausoak azaltzen dituen gida atera genuen. Pasa den urtean, bide beretik, eraso edo diskriminazio kasuen aurrean erantzuteko protokoloa atera genuen.

Iaz sindikatuan, tresna bi hauek eskutan, formakuntza saioak burutu genituen sentsibilizazioa eta prebentzioa lantokietara eraman nahian. Gure helburua, jazarpena eta diskriminazioa ekiditea da, eta dagoenean, salatu eta aurre egitea.

Prozesu honetan zehar, sindikatuko aniztasuna ezaugarri duen militante taldea antolatu da borroka hau aurrera ateratzeko. Helburua, sindikatuko delegatu guztiak anistazun sexualaren aldeko militante bilakatzea da, eta LAB aniztasun sexualaren erreferentziazko aliatu bihur dadila lantokietan.

Homofobia, lesbofobia, transfobia eta bifobia ez dira indarkeria aseptikoak. Posible da nondik datozen identifikatzea, errejimen politiko heteropatriarkalak gauzatzen du, indarkeria matxista gauzatzen duen berberak. Indarkeria hau egunerokoa da. Indarkeria honen erasoak disidentzia sexuala hiltzera iristen dira.

Hego Euskal Herrian aurten, %3,3 egin dute gora erasoek aurreko urtearekin alderatuz. Hau, ezberdinarekiko gorrotoa oinarri duen eskuin muturreko diskurtsoari lotuta dago, eta krisi ekonomikoa hasi zenetik, areagotu egin da. Diskurtso horren helburua langile klasea zatitzea da, errealitatea itxuraldatuz. Egoera hau iraultzeko, sistema ekonomiko-politikoaren krisiaz baliatu behar gara.

Ikusgai izan nahi dugu, horretarako ikur hau gure lantoki, sail sindikal eta egoitza guztietara eramango dugu, borroka hau ikusi beharra dago eta langile klasean kontzientzia sortu behar dugu. Kartel hauek, formakuntza saio berriekin lagunduko dugu irailetik aurrera.

Gure ustez, eredu politiko honen aurkako borroken elkarlana oso garrantzitsua da. Gure borroka ez da lantokietara mugatuko, Euskal Herrian askatasun sexualaren mugimenduak ekainaren 28aren testuinguruan deitu dituen deialdietan parte hartzeko deia egiten dugu.

Horietarako deia egiteaz gain, LABek bihar goizerako goizeko 11:00etan deialdi propioa egingo du Bilboko Arriaga plazan.