2025-12-25
Blog Page 1042

LABek SATeko Andres Bodalo kidearen askatasuna exijitu du

0



LABek Andres Bodalo SATeko kide sindikalistaren askatasuna exijitzen dio Espainiar Gobernuari. Andres Bodalo andaluziar herriko langileen eskubideen alde borrokatzeagatik gartzeleratua izan da martxoaren 29an, 3 urte t’erdiko zigorra ezarri ondoren. 

Egun inposaturik daukagun sistema ekonomiko kapitalista neoliberalak ez ditu desadostasuna eta disidentziak inondik inora onartzen. Ortodoxia ekonomikoa zalantzan jartzen duen edozeinek kriminalizazioa eta jazarpena pairatzen ditu. Langile mugimendua bizirik, botere ekonomiko zein politikoei aurre eginez ari den herrietan, boterearen etsai eta jomuga bihurtzen da.

Euskal Herrian ondo dakigu zer den langile mugimenduaren aurkako jazarpen errepresiboa. Zigorrak, isunak eta egoitzen polizia okupazioak, baita legez kanporatzeko ahaleginak ere, bizi izan ditugu botere ekonomikoek hala nahita eta botere politikoak hala onartuta, sistemaren sostengatzaile diren sindikatuen isiltasuna lagun. Eskura zituzten bitarteko guztiekin nahikoa ez, eta gainera, Estatu Espainiarrak langile eta gizarte mugimenduaren kriminalizazio eta errepresioan sakondu du mozal Legearen promulgazioarekin.

SATeko Andres Bodaloren txanda izan da orain. Andaluziar herriko langile mugimenduan eta langileen eskubide defentsan eskarmentu handiko borrokalaria. Jazarpen politiko eta polizialaren biktima. Polizi testigantzan oinarrituta eta aurkako zentzuan zeuden frogak kontuan hartu izan gabe kartzela zigorra betetzera zigortua izan da. Sententzia finkoa izan baino lehen kartzelaratua izan da.

Ez dugu langile mugimenduaren kriminalizazioa onartzen eta aipatutako guztiagatik, LABek SATeko Andres Bodalo kidearen askatasuna aldarrikatzen du eta SAT sindikatuari bere elkartasunik beroena helarazten dio.
 

 

 

Arcelor Mittaleko Europako Enpresa Batzordeko bileratik kanpo utzi dute LAB

0


Sestao eta Zumarragako lantokietako LABeko ordezkariok, Arcelor Mittaleko Europar Batzordeko gonbidapena jaso ondoren bilera egin dugu gaur goizean Bilboko CCOOen egoitzan. Gure sorpresarako eta Europar Batzordeak egin duen aurkezpenean “protagonista sozial guztiek ahots propioa izatea” adierazi den arren, ukatu egin zaigu LABeko ordezkarioi Arcelor Mittaleko Europako Enpresa Batzordeko bileran egotea.

Aurkezpenen ondoren, aipatu batzordetik adierazi da eskariak, iradokizunak etab. jasotzeko asmoa dutela ondoren europar batzorde mugatu honen eta enpresaren artean ondoren egingo zen bilerara eramateko.

LABek adierazi du prestasuna duela aipatu lantokietan presente dauden sindikatu guztien ordezkaritza bat aipatu bileran egoteko, lantegiok dauden egoera larria lehen eskutik adierazi eta azaltzeko helburuarekin.

Gure sorpresarako eta Europar Batzordeak egin duen aurkezpenean “protagonista sozial guztiek ahots propioa izatea” adierazi den arren, ukatu egin zaigu LABeko ordezkarioi aipatu bileran egotea.

Ezezko horren ondoren, alde egin dugu bileratik, gure ustez eskubidea dugulako langileek demokratikoki aukeratutako ordezkari moduan gure iritziak adierazi eta lehen eskuko informazioa izateko gure egoera eta enpresen etorkizunari buruz. Berriro diogu, enpresotan demokratikoki aukeratutako ordezkariak garelako.

 

 

 

Presoak eta iheslariak etxeratzearen alde, kontzentrazioak gaur Mutrikun eta bihar Oiartzunen


Hilabetean behin, azken ostegunetan, elkarretaratzea egiten du Debaldea eskualdeko LABek euskal preso eta iheslari politikoen behin betiko etxeratzearen alde. Herriz herri egiten dira aipatu elkarretaratzeak. Gaurkoan, Mutrikuko Udaletxe aurrean egokitu da. Datorren hilean Deba Goienako herri batean egingo dute.

Sindikatuak, lantokietan ere ekimen ezberdinak eraman nahi ditu aurrera, euskal preso eta iheslarien egoera berehala konpondu behar dela bait deritzo. 

Bihar, apirilaren 1ean, kontzentrazioa egingo dute Oiartzunen aldarrikapen berdinarekin, 10:30ean, Alcampo parean.
 

 

 

Confemetal, UGT eta CCOOek sinatutako estatuko metaleko hitzarmenak negoziazio kolektiboa estatu mailara eraman nahi du

0


CCOO, UGT, eta Confemetalek sinatutako metalgintzako Espainiar Estatuko hitzarmenak negoziazio kolektiboa Estatuko eremura eramateko estrategian urrats berri bat da, lan erreformaren helburuekin bat egiten duena, lan erreformak jasotzen dituen helburuekin: lan baldintzak prekarizatu metalgintzako sektoreko langileei.

Metalgintzako lan hitzarmenak errespetatu beharrean, zuzenean erasotzen ditu, “beharrezkoa balitz Estatuko Hitzarmena aplikatzeko aukera ezartzen du, salaketa egin ondoren urtebetean herrialde mailan akordiorik ez balego.“ 

Gainera, estatuko batzorde parekideari herrialde mailako negoziazioetan blokeoen aurrean esku hartzeko ahalmena ematen zaio berez dagokionari lapurtuz.

Patronalaren neurrira egindako akordioa da, CCOO eta UGTek patronalari errazten diote langileen lan baldintzak prekarizatzea, beraientzako finantzaketaren eta langileekiko kontrolaren truke, formakuntzaren monopolioa eskeiniz, eta eraikuntzako txartela hedatuz. Hau da, CCOO eta UGTk beste behin, euren interes propioak langile interesen gainetik jarri dituzte. Enpresa moduan ari dira, klase sindikatu moduan aritu beharrean.

Akordio honekin, Nafarroa eta EAEko patronalak (SEA, ADEGI, FVEM, ANEM eta APMEN), CONFEMETALeko kide diren heinean, negoziazio kolektiboaren desarautzearen eta prekarizazio prozesuaren erantzule dira.

Egoera honen aurrean, LABek borroka defendatuko du, hitzarmenak lortzeko, sektore zein enpresa mailan. Ez dago bestelako bidezidorrik.

Urte hauetan aldarrikatu dugun moduan, Euskal Herriak lan harreman eta negoziazio kolektibo propioa behar ditu, bertako errealitate, arazo eta beharrei erantzungo diena. Gaur hau oraindik beharrezkoagoa da.

Instituzio ezberdinei, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari bereziki, bertoko lan harreman eta negoziazio kolektiboko eredu propioa eraikitzea exijitzen diegu. Ikusle gisa aritzeko garaiak amaitu dira. Euskal Herriak behar du.

 

 

Greba eguna Ipar Euskal Herrian Parisek lan erreforma erretira dezan


Martxoaren 9ko mobilizazio arrakastatsua eta gero, mobilizazio eta greba eguna izango da gaur Ipar Euskal Herrian lan erreformaren kontra. Martxoaren 31a greba orokor eta iraunkor bat bilakatu behar dugu, mugimendu zabal eta iraunkor bat osatzeko abiapuntua Parisetik ezarritako Khomri lan kodea erretira dezan eskatzeko.LABetik langile guztiak deitzen ditugu Hendaian, Donibane Lohitzuen eta Bidarten egingo ditugun kotxekarabanetan eta 10:30etan Baionan izango den manifestazioan parte hartzeko.

Lan eskubideak greba orokor bat balio du !

"El Khomri" legea Lan kodigoaren kontrako eraso berri bat da. Lege hortan :

Lan auzitegiko ordain sariak MUGATUAK izanen dira.

35 orduak HAUTSIAK izanen dira.

Orduen anplitudeak EMENDATUAK izanen dira.

Kanporatzeak (bakarkakoak eta kolektiboak) ERREXTUAK izanen dira.

Ordu gehigarriak NORMALIZATUAK izanen dira, hauen paga emendatzea ttipitua izanen delarik.

Entrepresetako erreferenduma batzuen bidez, nagusiek sindikatak SAIHESTEN ahalko dituzte.

Lan eskubidearen suntsitze horren helburu bakarra lan merkatua liberalizatzea da.

­ Macron Legearen ondotik, erretretari buruz izan diren erreforma lazgarri guzien ondotik, Zerbitzu Publikoen suntsitze sistematikoen ondotik, ezinbesteko kolpea dator, 
lege honek nahi duena:

– Kanporatzeen kontrako babes indibidual eta kolektiboekin bukatu.

– Langileen babes forma guziekin bukatu

– Lan kodigoa arintzea eta sinplifikatzea ez du erran nahi suntsitzea !!

MARTXOAK 31an DENOK GREBARA
Lan kodigoari esker da langileek garantiak dituztela lan denborarentzat, haien osagarriarentzat eta babesa sozialarentzat.

Lan kodigoak du arautzen lan harremanean izaiten ahal den menpekotasuna.

Lan kodigoak du arautzen langileen artean izaiten ahalko litaizkeen ezberdintasunak.

Beraz, ez da lanbidearen eta lehiakortasunaren izenean, bainan bai bere onuran MEDEF­ak, gobernuaren laguntzarekin, nahi duela dena berriz hartu. Hori guzia haiek eragin duten krisi ekonomikoaren aitzakiarekin.

Lehen ministroaren arabera « XXI. mendean gira eta ez XIX. mendean». Hala baldin bada, gelditu guri berriz aspaldi pasatu den mende hartara eramaiten, eskubide guziak nagusieri emanez.

LAB­entzat gauzak argi dira. Sindikaten errola ez da gobernuarekin idaztea abantaila sozialen suntsiketa operazio txarrena.

Bainan bai indar harreman bat sortzea da, klase borrokarena, lege proiektu hori behin eta betiko, bertan behera uzteko.

Orain, bakotxarengain da mobilizatzea, erreforma hori kendua izan dadin.

Euskal Herrian iñoiz baino gehiago lan egin behar dugu negoziazio kolektibo espazio baten ukaiteko. Horren bidez indar harreman hobeago bat sortzeko, lan baldintzen hobetzeko helburuarekin.

 

 

 

Amurrioko Tubos Reunidoseko lanpostuak eta lantokiaren geroa bermatu behar dira

0

Baieztatu dira gure susmoak, Productos Tubularesen Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientearen (EEE) tramitazioa amaitu ondoren, Tubos Reunidosek ezaugarri beretsuak lituzkeen beste bat planteatu du Amurrioko lantegian. Honen aurrean, Amurrioko Tubos Reunidoseko LABen atal sindikalak argi utzi nahi du bere jarrera Aldi Baterako EEE honen aurrean. 

Berriro diogu Aldi Baterako EEE hau ez dela beharrezkoa, enpresak eta Tubos Reunidos Taldeak soberako gaitasuna baitaukate merkatuaren egoera koiuntural honi aurre egiteko, enpresaren emaitzen hobekuntza enpresako langileen edo diru publikoen kontura egin barik. Horren erakusgarri dira aurreko urteetako emaitzak eta hauetan egindako dibidenduen banaketa.

Egoera honen aurrean, enpresak egin dituen proposamen bakarrak izan dira soldaten murrizketa eta lanaldiaren luzapena (zerbait ulertezina eskarien falta argudiatzen denean) eta Aldi Baterako EEE bat ezartzea. Euren jarduera laneko kostuen eta langileon bizkar egin nahi dute, enpresaren jarduera planik planteatu gabe, merkatu berrien bilaketan, produktu berrietan edo ekoizpen sisteman, kudeatzaile moduan eta bere egunean hartu ziren erabakien ondorioz duten erantzukizuna saihestuz.

Tubosen jarduera produktiboaren emaitza beti izan dira irabaziak, gaur egun ere bai. Arazoa taldeak dituen karga finantzarioetan kokatzen da, batez ere duela 9 urtetako finantza-ingenieritzako operazio baten ondorioz. Operazio honekin, zorra 35 milioitatik 200 milioitara pasatu zen. Hau justifikatzeko Condesarekin fusioa aipatu zen. Hau ez zen azkenean burutu, ondorioz, ez dakigu nora joan den edo zertarako erabili den diru guzti hori.

Ulertezina da Aldi Baterako EEEa tramitatzeko prozedura abiatzearekin batera, enpresa egutegi aldaketak egiten ari da eta aparteko orduak erabiltzen. Hortaz, lan falta eta gehiegizko lan-eskuaren argudioak ez dira benetakoak.

Guzti hau kontuan izanda, LAB ez da Aldi Baterako EEE hau negoziatzen ez onartzen sartuko, gure enpresak Aldi Baterako EEEa ezartzeko epea baino harago joango litzatekeen enpleguaren bermea zehazten ez bada (langileok 6 urte beharko genituzke gure langabezia berreskuratzeko). Era berean, enpresaren jarduera plan zehatz eta neurgarria izan beharko luke, etorkizuna, enplegua eta lantegiaren gaitasun produktiboari eustearekiko enpresaren inplikazioa erakutsiko lukeena.

Guzti honengatik, LABen lehentasunak ez dira egongo enpresak langileon isiltasuna erosteko asmoz eskainiko duen soldata-osagarria negoziatzen. Gure lehentasuna lanpostuei eustea eta Amurrioko lantegiaren etorkizuna bermatzea izango da. Ez litzateke ulertuko gure burua klasekotzat dugun sindikatuok lanpostuak ahaztea soldataren osagarri horrengatik.

 

 

 

Frackingari ateak guztiz itxi behar zaizkio

0


Albiste oso ontzat hartzen dugu Madrilgo Kongresuak haustura hidraulikoa, frackinga, legez kanpo uztea. Gaur egun, gobernuak teknika hori inolako baldintzarik gabe aplikatzea onartzen du. Estatuko erkidego batzuk dagoeneko erabaki dute aurretik teknika hau ez erabiltzea daukan arrisku mailagatik, berdin Europar Batasuneko herrialde ezberdinek, Frantziak edo Holandak adibidez.

Euskal Herrian teknika arriskutsu honek hasieratik izan du oposizio maila altua, gehiengo sozial eta sindikalak aurka agertu dira. LABek euskal erakundeei exijitzen diegu teknika hau legez kanporatu dezatela guztiz eta inolako zirrikiturik gabe, eta gure herria frackingetik libre izan dadila.

Gaur da eguna ez dakiguna teknika honen ondorio guztiak zeinek izango diren ez dakiguna, baina bai gure ingurunearentzat eta gure osasunarentzat kaltegarria dela, batez ere lurrazpiko urarengan duen eraginagatik, eta metano gasa inolako kontrolik gabe askatzen uzten duelako. Baina ez hori bakarrik, gainera ekonomikoki ez da errentagarria, horrela adierazten dute beste herrialde batzutan egindako inbertsioek.

Ez gara gelditzen eredu honi ezezkoan. Lehenik eta behin, gehiegizko energia kontsumoarekin eten beharra dugu. Energia aurreztea izan beharko litzateke hartu beharreko lehen neurria, horretarako teknika egokiak erabiliz, eta gurea bezalako jendarte industrializatua, adibide izan beharko litzateke horretan.

Bigarrenik, apostu sendoa egin beharra dugu berriztagarri, ordezkagarri eta lokalen alde, gure ustez, apostu hori energi sortzailea izango litzateke gainera. Mugikortasunari dagokionez, berau izanik erregai gehien kontsumitzen duena, lanera eta ikastera joateko, garraio publiko eta kolektiboaren alde inbertitzea da gure apustua.
 

 

 

Prekarietatearen kontra, etxeko langileentzat ere 1.200 eurotako soldata


Langileok, eta bereziki emakume langileok, pairatzen dugun prekarietatea salatu izan dugu behin eta berriro sindikatutik, baina askotan kostatu egiten zaigu prekarietate horretan murgiltzen diren kolektibo anitzei aurpegia ipintzea, bakoitzaren errealitatea azalaraztea. Lan baldintza erabat prekarioetan, askotan esklabotza gogorarazten duten baldintzetan lan egiten duen sektore feminizaturik badago, hori etxeko langileena da.

Ohituak gaude eta erabat normaltzat ikusten dugu gure etxeetan etxeko lanak egiteko zein haurren edo nagusien zaintza lanez arduratzeko emakume bat izatea. Emakume horiek langileak direla eta ze nolako baldintzetan lan egiten ditugun ez dugu ikusten ordea, edo askotan, ez ikusiarena egiten dugu gure kontzientziak astin ez daitezen. Hau fenomeno orokortua izatea ez da kasualitatea: sistemak esparru pribatuan egiten diren lan hauei inolako aitortza eta baliorik ez ematea ez da kasualitatea, sistemak lan hauek modu sistematikoan emakumeoi egotzi izana ez da kasualitatea, lan hauek merkantilizatu direnean baldintza prekarioenei eta miseriazko soldatei lotuak egotea ez da kasualitatea, lan hauek egiteko norbait behar izan dugunean edo kontratatu dugunean emakume bat hautatu izana ez da kasualitatea…

Ez da kasualitatea ezta hazkunde garaietan lan hauek nahiko modu orokortuan merkantilizatu, eta lan hauek aurrera eramateko aukeratu dugun emakumearen perfila: emakume etorkina, bere sorterria arrazoi ekonomikoengatik utzi behar izan duena, ilegala dena paperik ez duelako… Ikusezinak bihurtu ditugun emakumeak. Hori bai, krisi garaian askotan familiek (familiako emakumeek) lan hauek berriz ere euren gain hartu dituzte, edota bertako emakumeak bueltatu dira lan hauek egitera, emakume atzerritarrak lan merkatutik desplazatuz.

Bihar da martxoaren 30a, Etxeko Langileen Nazioarteko Eguna, oraindik ere etxeko langileen lan baldintzak, gainontzeko langileekin alderatuta ezberdinak direla salatu behar dugu: langabezia prestaziorako eskubiderik ematen ez duen lanbide bakarra da, ordutegi zabalak eta erabateko malgutasuna, Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren parekoa jasotzeko.

Egoera honen aurrean, oinarri oinarrizkoak diren ondorengo neurriak aldarrikatzen ditugu:

  • Langileen gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea aldarrikatzean, etxeko langileen gutxieneko soldata ere hau izan beharko lukeela aldarrikatzen dugu.
  • Gainontzeko langileek dituzten jai eta opor egun berdinak izatea.
  • Ordutegien gutxieneko arautzea, errespetatu beharreko atseden tarteak zehaztuz.
  • Lana modu seguru eta baldintza osasuntsuetan egiteko eskubidea.
  • Zaintza lanetan dihardutenentzat, Ongizate zerbitzuetatik beraien lana modu egokian eta seguruan egin ahal izateko formazioa jaso (langile hauek instituzioek bete beharko luketen zerbitzu bat betetzen ari diren neurrian, instituzioek beraien langileei eskaintzen dieten formazio berdina jasotzeko aukera izan beharko lukete).

Aldarrikatzen ditugun neurri hauek trantsiziozko neurriak izanik, egungo sistema kapitalista patriarkalak ezarritako ereduaren aurrean eraiki nahi dugun eredu berria zelakoa izatea nahi dugun da jendartean zabaldu beharreko eztabaida. Merkatuak eta enplegua erdigunean egotetik bizitza eta pertsonak erdigunean kokatzera jauzia eman nahi badugu, argi dago bizitzaren sostengurako ezinbestekoak diren lan hauei ere bestelako aitortza eta lekua eman beharko zaiela, eta egungo sexuen araberako lan banaketa gainditu.

 

 

 

Jai egunetan irekitzearen aurkako prozesioa

0aren birginak, Aste Santuko pertsonaietaz lagunduta eta “Chaparemos”ek eramanda, egun hauetako prozesioa Decathlonera eraman genuen enpresak irekitzeari utzi eta kontsumitzaileei horrelako egunetan eros ez dezaten eskatzeko. 0aren Birginak, denak zoriontsu gauden eta familia artean pasatu nahi ditugun egun hauetan, Decathlonek irekitzeagatik, hala behartuta, langile askok lanean pasa beharko dituztela salatu zuen.

Eguberritan Santa Closek egin bezala, berak ere aste santuko jai egunetan irekitzen duten denda edo merkatal guneei bisitak egiten hasiko dela iragarri zuen, hauek irekitzeari utzi eta langileek lanera joateko beharrik ez izan arte. Azkenik langileek egun hauetan ere disfrutatu nahi dutela aldarrikatu eta, dendek ez irekitzeaz aparte, kontsumitzaileek ere eros ez dezatela eskatu zuen.