2025-12-25
Blog Page 1040

“Panamako paperak”: pilatze eredu bakarra, bi sistema fiskal

0


2015eko Errentaren kanpainaren hasierarekin bat eginez, egunerokotasun politiko eta ekonomikoa astindu du “Panamako paperen” eskandaluak. Historia osoko kazetaritza-filtraziorik handiena. 200.000 pantaila-enpresa baino gehiagok paradisu fiskalekin duten lotura eman da argitara, mundu osoko ehunka pertsonalitate nabarmen zipristinduz, horrela euren ondarearen inguruko sekretu aitortezinak izkutatzen zituztenak, estatu buruak, errege-etxeetako kideak, enpresari handiak, eliteko kirolariak eta mota guztietako famatuak barne.

Albistea argitaratzeak sortutako zalaparta gorabehera, mundu guztiarentzat ezaguna zen ustezko sekretu batean aurrean gaude; eta egia esan, gertakari honek arazo estruktural eta soberan ezaguna denaren izebergaren muturra baino ez du ikusarazten.

Hipokrita litzateke ebidentzia ukatzea. Besteak beste 70eko hamarkadatik hona 500 baino gehiago izan baitira orain aurkitu dituzten enpresa opakoen sorreran Panamako bufete famatuarekin lotura zuten banku eta entitate filialak.

Hau gutxi balitz, paradisu fiskalen zerrenda luzea dago, eta batzuk Europar Batasunaren lurraldean daude kokatuta. Hortaz, galde dezakegu zein punturaino duten interesa Estatu kideek eta bertako zerga-agintariek inpunitate espazio hauen desagertzean, zerga iruzurra eta diru beltzaren garbiketarekin harremana duten pertsonen nortasuna izkutatzeko hain baliagarri direnak.

Hala ere, “Panamako paperen” kasua pizgarria izan daiteke, edo presio elementua, ingenieritza fiskaleko praktika hauen erabilera eragotziko duen nazioarteko zerga-arkitektura berrirantz pausoak emateko. Zentzu honetan, egia da zenbait paradisu fiskali amaiera emateak nazioarteko lankidetza eskatzen duela, baina torpezia nabarmena litzateke argudio hau beste alde batera begiratzeko alibi moduan erabiltzea baldartasun nabarmena izango litzateke.

Hortaz, azken egunotako gertakarien ondoren, zerga-agintariek, foralek barne, aukera ezinhobea dute euren benetako borondate politikoa eta determinazioa erakusteko zerga-iruzurra borrokatzeari begira, zergen ordainketa legalki sahiestea ahalbidetzen duten arau-zirrikituak ixtetik hasita.

Gogoratu behar dugu langileok gure soldatak behar ditugula bizirauteko, eta hauek agintari fiskalek kontrolatuta daudela eta erretentzioek lotuta. Hortaz, nagusiki euren betebehar fiskalak betetzen dituzten zergadunez ari gara.
Zerga-iruzurraren zatirik handiena aberastasun handietan eta jarduera ekonomiko eta profesionaletan pilatzen da, batez ere enpresa handi eta multinazionaletan, bide ugari dituztelako zergak ez ordaintzeko.

Gainera, langileok laneko errenten gainean zerga-gainesfortzu desproportzionatu eta bidegabea inposatzen digun zerga-sistema bati lotuta gaude. BEZa bezalako zeharkako zergek eragin erregresiboa dute errentaren banaketan, eta gero eta pisu handiagoa dute diru-bilketan. Beste alde batetik, PFEZa da errentaren banaketan dauden desberdintasunak murrizten laguntzen duen zerga figura bakarra, baina laneko errenten gainekoa da nagusiki, hauek izanik zergaren progresibitateari eusten diotenak. Bien bitartean, kapitaleko errentek eta irabazi enpresarialek pribilegiozko tratua jasotzen dute eta laneko errentek baino ahalegin fiskal txikiagoa egiten dute.

Bidegabekeria bikoitz honek ekitate fiskal eta justizia sozialeko printzipioei eraso egitea suposatzen du, edozein demokrazia aurreraturen giltzarria direnak. Printzipio hauek behin betiko hausteak Estatuaren zilegitasunari eusten dion oinarrizko zutabe bat erortzea ekarriko luke, horrela bere egiturek errepresioan eta indarkeriaren mononopolioan oinarrituta soilik iraun ahalko lukete.

Egoera honen aurrean, LABen proposamen fiskalaren arabera, diru-sarrera publikoek gora egitea eztabaidaezinezko beharrizana da jendarte solidarioagoa eraiki nahi badugu, babes sozialeko eredu zabal eta eskuzabalago batekin eta zerbitzu publiko garatuagoekin. Hala ere, diru-bilketak ezin du gora egin langileoi ezarritako zergen igoeraren kontura, ahalegin fiskal desproportzionatua jasotzen baitute PFEZ eta BEZaren bidez.

Horregatik, iruzur fiskalaren aurkako borrokak zerga-bilketan erantzukizuna duten administrazioen lehentasunezko egitekoa izan behar du, helburu bikoitza betetzeko: eskura dauden bitarteko publikoak handitzea eta zerga-sistemaren ekitatea hobetu. Bestela, porrotera bideratutako ilusio hutsa izango dea aberastasunaren banaketa bidezkoagoa lortzeko edozein ahalegin.
 

 

 

Arcelor Mittal Zumarragako Enpresa-Batzordeak lantegiaren bideragarritasuna defendatzen jarraitzen du

0

Arcelor Zumarragako enpresa batzoredea zuzendaritzarekin batzartu ostean enpresak jarduera partzialki etetearen erabakian berresten da. Praktikan, lantegia guztiz istea esan nahi du honek, planteamendua 342 langile Asturiasera lekualdatzea baita. Enpresa-batzordeak, bere aldetik, lantokiaren bideragarritasuna defendatzen jarraitzen du.

Arcelor Mittal Zumarragako Enpresa-Batzordeak lantegiaren bideragarritasuna defendatzen du eta proposamen berriak aurkeztea exijitzen dio zuzendaritzari

Enpresa-batzordea zuzendaritzarekin batzartu ondoren, enpresak jarduera partzialki etetearen erabakian berresten da. Praktikan, lantegia guztiz istea esan nahi du honek, planteamendua 342 langile Asturiasera lekualdatzea baita.

Honek gainera enplegu suntsiketa suposatzen du, bai jatorrizko zein helmugazko lantegietan. Arcelor Mittalek kanpo-aholkulari bati eskatutako txosten batean oinarritzen dute. Memoria juridikoa ere aipatu txostenean oinarritzen dute.

Gure ustez, aurkeztutako informazioa ez da nahikoa eta informazio gehiagarria eskatu diogu zuzendaritzari, aipatu txostena egiteko aholkularitzari helarazi diotena barne.

Enpresa-batzordeak lantokiaren bideragarritasuna defendatzen jarraitzen du eta proposamen berriak aurkeztea exijitu dio zuzendaritzari.
 

 

 

Superprekarioak Gasteizko Parlamentuan izan dira klausula sozialen legea iruzur hutsa dela salatuz


Gaur azpikontratazio publikoan klausula sozialak ez txertatzeko legea onartu da Gasteizko Legebiltzarrean, EAJ eta PSEk adostutakoa. LABek protesta egin du bertan eta azpikontratetako langileen eskubideak benetan bermatuko dituen legea aldarrikatuz.

Berez, albiste ona izan beharko litzateke administrazioko azpikontratetako langileentzat, euren laneko egoera hobetuko lukeelako eta herritarrentzat orohar, zerbitzuaren kalitatea hobetuko lukeelako. Baina hori zientzia-fikzioa da EAJ eta PSEren akordio batez argi garenean, “Klausula Sozialak txertatzeko” bezala izendatua izan arren, kontrakoa bilatzen dutelako, klausula sozialen benetako aplikazio eraginkorrari bidea ixtea.

Hori dela eta, prekarietatearen aurka borrokan ari diren LABeko superheroiek, SUPERPREKARIOEK, agerpena egin dute Parlamentuan. Azpikontratetako langile hauek, prekarietatean egiten dute lan, eta salatu dute bozkatu den legeak prekarietatearekin amaitzeko ez duela balioko. Egoera larri hauekin amaitzeko aukera izanda, EAJ eta PSEk ez dute horretarako borondaterik izanik, eta lotsagarritzat jo dute euren jarrera.

Ahoa beteko zaie EAJ eta PSEko parlamentariei Lan Erreformaren aurka daudela esanez, baina berau baldintzatzeko lehen aukeraren aurrean, berriz ere kokatzen dira gutxiengo baten aurka (azpikontratatutako enpresak) eta gehiengoaren aurka (Herri honetako langileria).

EAJ eta PSEk betikoa aukeratu dute: enpresei mesede egitea eta langileak eta herritarrak kaltetzea. Batak zein besteak langileon interesei bizkar ematen jarraitzen dute. Geroz eta Superprekario gehiago gara Euskal Herrian, geroz eta langile gehiago, prekarietatean bizitzera kondenatuta.
 

  

EAEko aurrezki kutxa eta banka-fundazioen lege proiektua erretiratzea exijitzen dugu

Gaur, apirilak 7, EAEko Aurrezki Kutxen eta Fundazio Bankarioen Lege Proiektuaren osoko emendakinak eztabaidatu eta bozkatuko dira Gasteizko parlamentuan. Honen aurrean, Euskal Sistema Finantziero Publikoaren aldeko eta Euskal Kutxak-Kutxabanken Pribatizazioaren aurkako Plataformak kontzentrazioa egin du “Euskal Herrian sistema finantziero publikoa, Kutxabanken pribatizaziorik ez” lemapean. Bertan lege-proiektua kritikatu eta berau erretiratzea exijituko dute.

Euskal Sistema Finantziero Publikoaren aldeko
eta Euskal Kutxak-Kutxabanken Pribatizazioaren kontrako plataforma

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki-Kutxa
eta Banku-Fundazioen Lege-proiektuaren kritika

Euskal Kutxak-Kutxabanken pribatizazioaren aurkako plataforma osatzen dugun erakunde sozial eta sindikatuok berretsi egiten dugu euskal kutxak likidatu eta banku bat sortzea, zeinaren jabegoa akziodun pribatuen esku geratuko den, euskal jendarteari egindako iruzur bat dela.

Salatu dugunez, prozesu hau babesten duten alderdi politikoek ez dute eman arrazoi bat ere euskal ekonomiaren eta herritarren aldekoa izango litzatekeela justifikatzeko.

Alternatiba bideragarriak proposatu ditugu, baita exijitu ere ordezkatzen dugun gehiengo sozial eta sindikala aintzat har dezatela, gure herriari funtsezko tresna baten gaineko kontrol publiko eta soziala kendu baino lehenago. Funtsezkoa, diogu, enpresa txiki eta ertainentzako eta pertsonentzako kreditua errazteko; hala izan ohi da beste herrialde europar batzutan.
Beti oztopo bera izan dugu aurrez-aurre: EAJ, PP eta PSEren erabakia. Hauen xedea da banku handien eskariak betetzea eta akziodun pribatuen esku Euskal Kutxen gordailupean dauden milaka milioi euro jartzea.

EAJk, PPk eta PSEk zorrotz jarraitzen diote markatutako bide-orriari: Kutxen lege estatala erreformatu dute, kutxak likidatu dituzte fundazioetan bilakatuz, aktiboak saltzen dituzte, eta Kutxabanken akzioak saltzen dituztenak fundazioen eskuetan.

Orain, Kutxak-Kutxabanken pribatizazioa are mugigaitzagoa izan dadin, Euskal Kutxen Legea aldatzeko prozesua hasi dute: horretarako aurkeztu dute Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki-Kutxa eta Banku-Fundazioen Lege-proiektua.

Behean sinatzen dugun erakunde sozial eta sindikatuok lege-aurreproiektua erretira dezatela eskatzen dugu, honako arrazoiengatik:

EAEren arau-eremuan Euskal Kutxen likidazio-egiaztagiria besterik ez da. Hauek banku-fundazio bihurtu dituzte, eta beren banku-negozioa Kutxabanki eskualdatu diote; horrela Lege honen eremutik kanpo geratu dira.

Ez gaude ados Legearen xedearekin. Lehen artikuluko lehen puntuaren ondorioz etorkizuneko euskal kutxak sortzeko eta garatzeko aukerak zeharo murrizten dira, onartu egiten baitira 26/2013 Legean ezarritako mugak.

Halaber, salatu egin behar dugu artikulu horren beraren bigarren puntuan banku-fundazioen eredu antidemokratikoa betikotu egiten dela. Ez dira saiatu ere egin patronatu horiek Kutxentzat ezarritako osaera eta funzionamendu bera izan dezaten.
Aurreproiektu honek ez duenez gaia aipatzen, 15 lagunen esku uzten du fundazioko patronatuaren esku dauden Kutxabankeko akzioak noiz eta nola saldu. Hau da modurik onena kapital pribatuak akzioak erosteko inolako eragozpenik izan ez dezan.

Gobernuak aurreproiektu hau guk ordezkatzan dugun gehiengo sozial eta sindikalarekin bat ere kontraste, negoziazio eta adostasunik gabe egin du, eta honi buruz plazaratu izan ditugun alternatibak baztertu egiten ditu.

Gobernu-organoak osatzeko proposatu diren aldaketei gehiegi erreparatu gabe ere, erabat gaitzesten dugu aginte mailan herri-erakundeek duten presentzia galera, eta bezeroei dagozkien postuen %50 “ezarle handi”entzako gorde nahi izatea.

Hau ez da euskal ekonomiak, ez enpresa txiki eta ertainek, ezta pertsonek behar duten Legea; aitzitik, testuak estaldura formala ematen dio herritarren baliabideetan egin den harrapaketa bati, betiere akziodun pribatuen mesederako.

Berriro diogu, gaur premiazkoa eta ezinbestekoa da:
• Banku-fundazioen esku dauden Kutxabankeko akzioak herri-erakunde sortzaileei itzultzea.
• Egungo egoerara ekarri gaituzten erabakietan atzera egin dadila
• Benetako Kutxen Lege bat egitea, haien izaera publiko eta soziala hobetzearren, muga bakarra euskal herritar eta erakundeen erabakiak izango direlarik.
• Euskal finantza-sistema publiko bat eraikitzeko beharrezko diren ekimen politiko eta instituzionalak erabakitzea, euskal enpresa txiki eta ertainen eta pertsonen beharrizanak asetzeko aukera emango duena.
• Legea baztertu dadila, dauden alternatiba ezberdinak kontuan hartu daitezela eta kontuan hartu dadila erakunde sozial eta sindikalen iritzia.

Eragile sozialak: AHT Gelditu Elkarlana –BerriOtxoak– Bilboko AuzoElkarteen Federazioa –Denok lan – Euskal Herriko Pentsionisten Plataformak – Ezker Gogoa – IRPH Stop – Asociaciones de comsumidoras y consumidores (EKE, UCE, EKA, EHKB, OCUV) – Kutxabank publikoa bilgunea – M15 – REAS (Red de Economía Alternativa y Solidaria) – PAH Kaleratzerik ez! – STOP desahucios Gasteiz – STOP deshaucios Gipuzkoa.

Sindikatuak: EHNE – HIRU – ELA – LAB – ESK – STEILAS – CNT

 

 

 

Lanbide Heziketa Zentro Integratuak, burbuila berria EAEko irakaskuntzan?

0

Catering enpresetako afera argitara atera zen duela gutxi. Prezioak hitzartzeagatik 18 milioi eurotako isuna ezarri diete enpresa batzuei eta Hezkuntza Sailak zerikusirik ez duela aldarrikatu du. Hau azaltezina iruditzen zaigu egunero arduraz jokatzen duela eta kudeaketa gardentasunez egiten duela aldarrikatzen duen administrazioa izanik. Aipatu sailak kontrolatzen hasi beharko litzatekeen beste arazo batean jarri nahiko luke LABek arreta, ikasturte batzuk igaro ostean beste burbuila batekin topo egin ez dezagun, 2015ean sortu ziren Lanbide-Heziketa Zentro Integratuez ari gara.

Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak harreman zuzena du ikastetxe hauen sorreran, eratze eta arautze dekretuetan gauzatu dena. LABek puntu hau argitu nahi du, unea iristean ardura ez dadin lausotu, jantokietan gertatu antzera.

Ikastetxe hauek sortzearen helburua bizitzan zehar ikasi ahal izatea da; hauen heziketan hastapeneko lanbide heziketari dagozkion ikasketak, langileen lanerako insertzio eta berrinsertziorako ekintzak, baita lanean ari direnen etengabeko prestakuntzakoak hartzen ditu. Oro har, 900.000 langabetu eta lanean ari diren pertsona hartzen ditu kontuan.

Hobetuzera 2016-2017 ikasturterako esleitu den aurrekontua 16.900.000 eurotakoa izan da. Kontuan hartuz eskola hauetatik 25ek premia hauek beteko dituztela, kalkulatzen dugu hauetako bakoitzarentzat, batez beste, 676.000 euro esleituko direla.
LABi kezka sortu dio ikastetxe hauek arautzen duen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuak. Honek erabateko autonomia ematen die ikastetxeei antolakuntzan, pedagogian, kudeaketa ekonomikoan eta langileenean, indarrean dagoen araudiaren arabera, dekretuaren 10. artikuluan jasotzen dena.

Bestalde, zuzendariaren eginkizunen artean jasotzen da lanak, zerbitzuak eta hornidurak kontratatzea. Ez dugu ulertzen aipatu ikastetxeek kontratatzeko autonomia izatea, publikoak direlako eta diru publikoa kudeatzen dutelako.

LABek antzeman du eskolak, haien autonomia osoa erabiliz, zerbitzuetako langileekin kudeatzen ari direla, batzutan, aipatu langileak eginkizunak bikoiztera behartzen dituztelarik. Hau kontraesanean dago aipatu dekretuaren 7. artikuluarekin. Hemen, behar beste administrazio eta zerbitzuetako langile izango dituztela jasotzen da.

Diru publikoak gaizki erabiltzen ari direla uler genezake. Horretan, zerikusia izan dezake Hezkuntza Sailak, zerbitzuetako langileei dagokienez, lanpostuen zerrenda aldatu ez izanarekin, ez baitu adierazten lanpostu kopurua handitu denik eskola hauetako beharrizanak handitzearekin lotuta.

LABek beharrizan hauek aztertuko ditu eta gehikuntza hori lanpostuen zerrendan isla dadila eskatuko du. Honez gain, eta jantokien lana kanpora ateratzearen emaitza zein den ikusita, zerbitzu hauei ekiteko era bakarra dagoela uste dugu, zerbitzu publikotik eginez. Horrela, gure diruak gaizki erabiltzea saihestuko dugu.
Beharrizan hau premiaz atenditu izan dadin eskatuko dugu, honezkero ekin zaiolako prestakuntza eskaintzari, benetako langile-premiak aintzat hartu gabe. Burbuila berri baten aurrean al gaude?
 

 

 

Prekarietatearen aurkako Kaiera langileen esku jarri dugu


#OROezdaURRE zerbitzu publikoetako prekarietatea borrokatzeko kanpainaren barruan ekimen berria jarri dugu martxan. Prekarietate egoerak antzemateko asmoz lantzen ari den galdetegiei bultzada emateko, langileek euren iritziak utz ditzaten “Kaiera” edo koadernoa aurkeztu dugu.

Gaur Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan egon da, eta ekarpen ugari idatzi dira bertan. Prekarietatearen ezaugarrien artean nabarmenenak lan kargak, behin-behinekotasuna, externalizazioak eta lan osasuna apuntatu dira batez ere; konponbide bezala kontratazioa, deialdi publikoak eta mobilizazioak gailendu dira.

Apirilean zehar Hegoaldeko lantokietan zehar ibiliko da Kaiera langileen iritzi gehiago jasotzen, eta hor eta galdetegietan jasotzen diren ekarpenak aztertuta proposamen zehatza aurkeztuko du LABeko Zerbitzu Publikoen Federazioak. Aste honetan Araban, eta
 

 

 

Emakume sindikalistok prest! Feministok prest!


Gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuetako emakumeok “11 eraso 12 erantzun” lelopean apirilaren 9an indarkeria sexistaren kontra Gasteizen izango den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dugu gaur Bilbon.

Emakume sindikalistok prest! Feministok prest!
ELA – LAB – ESK – STEILAS – EHNE – HIRU

Gehiengo sindikalaren parte garen ELA, LAB, STEILAS, ESK, EHNE eta HIRU sindikatuko emakume feministok, apirilaren 9an Gasteizen Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta eta “11 eraso 12 erantzun” lelopean egingo den manifestazio nazionalari gure atxikimendua eman nahi diogu.

Guk ondo ezagutzen ditugu egungo sistema kapitalista heteropatriarkalak lan munduan ere emakumeon gain ezartzen dituen indarkeria anitzak. Lan munduan, lan merkatu formalaren munduan, eta nola ez, aitortzarik gabeko lanen esparru ikusezinetan, indarkeria sexistak ere baditu milaka aurpegi. Askotan neurgaitzak izanik ere, izendatu eta salatu beharrekoak.

Indarkeria sexista estrukturala den heinean, lan munduan zein gure bizitzako gainontzeko esparru guztietan eragiten digu, horregatik mugimendu feministarekin batera, eta gu ere feministak garelako, saretze feminista handi honekin bat egin nahi dugu.

2014. urtean Euskal Herriko hainbat sindikatu eta eragile sozialek Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta bezala ezagutzen den tresna bateratua sortu eta plazaratu genuen. Tresna honekin, instituzioak zuzenean interpelatzeaz gain, bestelako jendarte eredu baterako printzipio eta tresnen proposamen indartsu bat egin genuen.

Feministok bertan egon ginen eta “indarkeria sexistarik gabeko bizitza baterako eskubidea” printzipio nagusi bezala kokatu genuen. Bertatik, baina baita bidean ditugun hainbat elkargune desberdinetatik indarkeria sexistaren hamaika aurpegiak identifikatu eta salatzeko prest egongo gara, bai lan mundutik baina baita lan mundutik kanpo ere. Ahalegin kolektibo hau irmoki babestu eta hedatu nahi dugulako.

Bide horretan, euskal jendarteari dei egiten diogu apirilaren 9an Gasteizko kaleak bete eta indarkeria sexistaren kontrako salaketa eta borrokara batu daitezen.

Euskal Herrian, 2016ko apirilaren 6an

 

 

 

Lau urte luze igaro dira

0


Lau urte luze igaro dira gure lankide izandako Iñigo Cabacas Ertzaintzaren pilotakada batek hil zuenetik. Lau urte luze daramatza epaile batek testigantzak jasotzen han gertatutakoa “argitzeko asmoz”. Hori diote behintzat, baina errealitatea bestelakoa da. Zelan da posible lau urte luzetan Ertzaintza berak eragindako hilketa bat argitu ezin izatea? 

Momentuz 6 ertzaina inputatu dituzte, baina erantzukizunak zehaztu barik eta polizi gehigikeri honen arduradun nagusiei (polizialak zein politikoak) kargurik ezarri gabe. Horretaz gain, oraindik ez dago argi salaketa aurrera joango den eta ekainean epaileak kasua itxi dezake epaiketarik gabe. Lau urte luze daramatzagu senitarteko eta lagunek JUSTIZIA eskatzen.

Hainbeste denbora pasatzen uztean lortu nahi dutena Iñigori egindakoa ahaztea da eta bide batez arduradunak zigorrik gabe geratzea. Ez da bidezkoa familia eta lagunak hainbeste sufritzen ari diren bitartean, ukiezinak diren kargu horietako batek, Ugarteko lotsabakoak, (“entren al callejon con todo lo que tenemos” agindua eman zuena, jakinda momentu horretan istilurik ez zegoela) gurasoen abokatua eta komunikabide bat salatzea egia argira ateratzeagatik.

Guzti honek nolabaiteko erantzuna behar du, horregatik justizia eskatzen izan gara gaur Plaza Zirkularretik PSEren egoitzara arte giza kate bat eginez.

Asteburuan ere ekintzak ezberdinak egongo dira: larunbatean 12:30etan Kirruli plazan (Iñigo zauritu zuten tokian) konzentrazioa eta igandean manifestazioa 17:30etan “justizia” jauregitik (kandela bat eraman).

Parte hartzera animatzen zaituztegu!
 

 

 

Borrokak bere emaitzak eman ditu Elgoibarko Tratamientos Intxaustin

0


Elgoibarren aurkitzen den Tratamientos Intxausti SAko langileak, martxoaren 16an hasitako greba mugagabearen ostean, akordio batetara iritsi dira enpresarekin. 3 urtetarako enpresa hitzarmen baterako aurreakordioa egin dute. LAB sindikatutik oso positibotzat joten dugu, langileen mobilizazio, kohesio eta presioaren ondorioz lortutako akordio hau.

Metalgintza sektoreko enpresa honetan, aurreko urtean lorturiko hitzarmena oinarri moduan hartuta, hainbat hobekuntza lortu dituzte mobilizazio eta borrokaren ondorioz.
Langileek lortutakoa honakoa da:

• 2016- KPI + % 1,5.
• 2017- KPI + % 1.
• 2018- KPI + %1.
• Aldi baterako ezintasun guztietan, bai lanetik bai gaixotasun arruntetatik eratorritako gaixotasunetan, udako eta neguko aparteko ordainsarietan %100eko konplementua.
• Lan osasunean hobekuntzak egiteko konpromisoa.

Hau dena, lan erreformatik babesturiko eta Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenari loturiko Enpresa Hitzarmen baten bitartez egingo da.