Bihar, hilak 26, arratsaldeko 19etan, erabakitzeko eskubidea eta burujabetza ekonomikoa izango dira aztergai ordizian, Elkarrekin eta Gure Esku Dagok antolatutako mahai inguruan. Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusia, Joseba Villarreal (ELA), Jesus Uzkudun (CCOO) eta Igor Mera (ESK) izango dira hizlariak.
erabakitzeko eskubidea eta burujabetza ekonomikoa aztergai Ordizian
Zenbait alderdi politikotako ordezkarien parte-hartzea eta erabiltzeko saiakera salatu nahi ditugu
Industriak bizi duen egoera larriak erantzule zehatzak ditu: Batetik, Zapatero eta Rajoyren gobernuek, langileak kaleratu eta lantokiak ixteko erabiltzen ari diren lan erreformak inposatu zizkiguten. Bestetik, Eusko Jaurlaritzak, multinazionalei alfonbra gorria jartzen jarraitzen du: euren boterea haunditzeko ezinbesteko diru laguntza eta subentzio politika aplikatzen darrai, enpleguaren babeserako neurriak baztertuz.
Hauteskunde aurrekanpainan denak balio al du? Beraien politiken kontra atera al dira kalera? Manifestazioaren mezua ulertu ez badute lasai egoteko esaten diegu, ze aurrerantzean ere LABek langileriari euren politikak salatzen jarraitzeko deia egiten dugu, lantoki bakoitzean lanpostuak defendatuz! Gaurko borroka, biharko enplegua!
Milaka lagun Bilboko kaleetan benetako industria politika baten alde
Gaur, hilak 23, milaka lagun kalera irten gara gure industriaren defentsan. Bilboko kaleak zeharkatu ditugu "gure industriaren defentsan, por una política industrial real " lema zeraman pankartaren atzean, gaur egungo politikak errotik aldatu behar direla aldarrikatuz. Ainhoa Etxaide, LABeko idazkari Nagusiak, adierazi du "ez gaudela prest gure etorkizuna, gure enplegua elite politiko eta ekonomikoen esku uzteko eta etorkizun ekonomiko hobea defendatuko badugu langileak batzen garelako, mobilizatzen garelako eta industria politika berri baten eraikuntzan zuzenean parte hartzen dugulako izango da".
Hilabetez hilabete, inbertsio funts eta multinazional handiak enpresak ixten ikusten ditugu Euskal Herrian, beste herrialdetara produkzioa eramanez merkeago ekoizteko. Egoera larria da eta Gobernuek benetako industria politika eraginkorrak egin ordez kapital handiei abantaila fiskalak zein bestelakoak ematen jarraitzen dute. Zentzu honetan, azken egunetako azgarkiek "Jaurlaritzaren benetako aurpegia erakutsi dute" Etxaideren iritziz. Ez dago instituzioen partetik ekonomiaren nazioarteratze prozesu honetan euskal esparru sozioekonomikoa bultzatzeko estrategia argirik. Hain zuzen ere, "Arantza Tapia lan harreman eredu bati buruz hitz egiten entzun dugu, baina lan erreforma aipatu gabe. Gogoan izan behar dugu lan erreforma horren ondorioz, azken urteetan 75.000 lanpostu suntsitu direla industrian eta datozen urteetan milaka lanpostu suntsituko direla bestelako neurririk hartu ezean". Tapiak nahiago izan du Patronalaren ondoan egon. "Argi geratu da beste behin Gobernuan patronalaren ordezkaria zein den". Toñak bere aldetik prestazioak arazo direla adierazi du, baina ongi daki "esku artean lehertzen ari zaigun bonba enplegu suntsiketa dela".
"Langileok ez gaude prest gure etorkizuna, gure enplegua politiko elite politiko zein ekonomikoen esku uzteko, ez gaude prest gure etorkizuna Gobernu honen esku uzteko". Ez gara geldirik egongo. Multinazionalei tresna guztiak ematen dizkien lan legeriaren baitan, eta hauei aurre egiten ez dieten menpeko instituzioekin, langileoi gelditzen zaiguna borroka da. Gaurko borroka, biharko enplegua izango delako. "Enplegua defendatuko badugu etorkizun ekonomiko hobea defendatuko badugu langileak batzen garelako, mobilizatzen garelako eta industria politika berri baten eraikuntzan zuzenean parte hartzen dugulako izango da".
Bizkaiko hirugarren adineko egoitzetako baldintzak hobetzearen alde mobilizatu gara
Hirugarren adineko egoitzeko langileek agerraldia egin dute gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Herritarrekiko Harreman eta Eskarietarako. Bertan, hitzarmen duina eskatu dute hirugarren adineko egoitzetarako. Kontzentrazioa ere egin dute kanpoan, “Hitzarmen bidezkoaren alde, Aldundia erantzule!” lemapean.
Adierazi dute egoitzak ez direla duela 20 urte bezalakoak (erabiltzailearen mesedetan), hauen perfila asko aldatu da, baina gure baldintzek berdinak edo txarragoak izaten jarraitzen dute.
Politika sozialetan ematen ari diren aldaketa eta aurrerapenak eta egoitzetako erabiltzaileen perfilen eboluzioa, inoiz ez datoz bat langileok honi aurre egiteko beharrezkoak dituzten aldaketekin. Baina langieleek ere aldaketak behar dituzte lan-baldintzetan egoitza eta erabiltzaileen aldaketekin batera.
Ratioak erabiltzaile bakoitzeko langile kopurua dira. Eta ez dira 1998tik hona aldatu 1998tik. Gainera, kalkulu hau egiteko egoitzetako langile guztiak hartzen dituzte kontutan (lorezaina, mantentze lanetakoa…). Lege honek aldatu egin behar duela adierazi dute eta ezin dela erreferentzia bezala erabili inondik inora.
Langileen lan-baldintzak azaldu dituzte.
◦ Bakoitzak 17 bat erabiltzaile izan ditzake bere kargura.
◦ Goizeko 6rak inguru hasi behar dira erabiltzaileek esnatu eta altxatzen, goizeko 11tarako denak jaikita eta gosalduta egon behar dutelako eta ez dagoelako egiteko beste modurik.
◦ Erabiltzaileek oso denbora gutxian gosaldu, bazkaldu eta afaldu behar dute (gehienei langileek ematen diete ahora jatekoa), ez dutelako denbora nahikoa denei nahikoa arreta eskaini eta jaten eman eta gero siesta edo lotara sartzeko.
◦ Jasaten dituzten karga fisikoak izugarriak eta gehiegizkoak dira eta langileen gorputzak txikituak daude. Gaixotasun muskular eta hezurretakoak sufritzen dituzte lanaren ondorioz.
◦ 1.698 ordu egiten dituzte lan urtean, egoitza publikoetan eta Gipuzkoako egoitza kontzertatuetan baino 106 ordu gehiago.
Aldundiari egoitza hauetan duen ardura benetan hartzea exijitu diote langileek, erabakiak eta neurriak hartzea zerbitzuak eta lan zein bizi baldintzak hobetu daitezen. Langileek, euren aldarrikapenk gogorarazi dituzte.
• Langile gehiago.
• 1592 ordutako lan jarduna.
• Profilen eta funtzio profesionalen hedapena.
• Erabiltzaile bakoitzari eskaintzen zaion dedikazio eta zerbitzu denbora igotzea.
Pineko zuzendaritzak hartu nahi dituen neurrien aurrean langileek mobilizatzen jarraituko dute
INGETEAM taldekoa den Pine Instalaciones y Montajes S.A,ko enpresa batzordeak, Zuzendaritzak erabakitako neurri traumatikoen aurrean mobilizazioekin jarraitzea erabaki du. Egun,150 langile ditu Pinek bere Bizkaiko lantegian. Bi kontu inposatu nahi ditu enpresak. Batetik, 10 langileren kaleratzea. Bestetik, beste 30 langile Bretainiara lekualdatzea. Gainera, Bizkaiko Metalgintzako Herrialdeko Hitzarmenaren azpitik dauden lan-baldintzak ezarriz.
Enpresa-batzordeak bigarren paroa egin du gaur, 12:30etik 14:30era eta kontzentrazioa 13:30etik 14:30era, INGETEAM Taldeak Zamudioko parke teknologikoan dituen bulegoen aurrean, 106 eraikinean.
Langileak Zuzendaritzaren neurrien kontra daude eta bi gauza exijitzen dizkiote. Batetik, INGETEAM taldearen inplikazioa eta bigarrenik, etorkizuneko plan industrial bat taldearen barruan Pine baliozko enpresa moduan kokatuko duena.
Momentu hauetan, ez dago benetako eskaintzarik Zuzendaritzaren aldetik, prekarietatea eta enplegu suntsiketa ezartzeaz aparte.
Langileok etorkizunaz hitz egin nahi dugu baina gardentasun eta benetako negoziazio terminoetan, akordioetara heltzeko prest gaude baina akordio horiek bermatuko dituen etorkizuneko plan industrialaren negoziazioaren baitan.
Enpresa-komiteak atxikimendua ematen dio bihar, apirilaren 23an, Bilbon “Gure industriaren defentsan. Por una política industrial real” lemapean egingo den manifestazioari. Bertan egongo gara, konponbideak exijituz.
Ez dugu Bizkaiko Foru Aldundiako Gizarte Ekintza Sailean zerbitzu publikoaren pribatizaziorik onartuko
LABek salatzen du EAJk zuzentzen duen Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saila zerbitzu publikoa kanpoko enpresen esku uzten ari dela. Gero eta gehiago pribatizatzen ari da, bai hirugarren sektoreko egoitzen arloko politikari dagokionez, baita barruko administrazio-kudeaketari dagokionez ere.
2015eko hauteskundeek Aldundiko gobernuan eragindako aldaketaren ondorioz, eta bizkaitarrek zerbitzu hauek gero eta gehiago erabiltzeak sortutako testuinguruaren ondorioz, administrazio-kudeaketan ezin dira eginkizunak bete, gainezka daudelako, eta zerbitzu publikoa kanpoko enpresen esku uzteko joera areagotu egin da. Aldundiak eta Lantik eta Zugaztel enpresa publikoek emandako zerbitzu publikoa enpresa pribatuen eskuetan uzten ari dira: Médicos de Bizkaia, SDEC, Intra eta beste batzuk.
Joera horren adibide nabarmena da Ebaluazio eta Orientazio Zerbitzua. Mendetasunaren Ebaluaziorako eta Orientaziorako Atala eta Desgaitasuna Ebaluatzeko Atala daude haren barruan. Azken hirurtekoan, nabarmen gehitu da zerbitzu horrek izapidetutako espedienteen kopurua (mendetasunaren inguruko eskaerak, plaza sozio-sanitarioak, kasu urgenteak…), eta egoera horrek gainkarga bat ekarri die administrariei, teknikariei eta medikuei.
Kudeaketa zuzeneko lanpostuak finkatu eta sortu beharko lirateke, deialdi publikoa eginez, eta, bitartean, dauden lan-poltsak erabilita. Baina, horren ordez, EAJren bidea da zerbitzua kanpoko enpresen esku uztea eta pribatizatzea, Médicos de Bizkaia SL enpresaren esku, hain zuzen. Bizkaiko Medikuen Elkargoaren mendeko enpresa bat da, mendetasunaren eta desgaitasunaren ebaluazioak egiteaz eta haien jarraipena egiteaz arduratzen dena. Gero eta indar handiagoa du sektorean eta, Zerbitzuarekin duen lehentasunezko kontratuari esker, gero eta instalazio, langile eta baliabide gehiago ditu. Prestatutako profesionalekin eratutako lan-poltsa bat du eta Zerbitzu honetan enplegu publiko gehiago sortzeko edozein aukera ahultzen ari da. Profesionalak aukeratzeko modua eta haien gaineko kontrola kontrol publikoaren eremutik kanpo dago.
Aldi berean, Zugaztel SA eta Lantik SA foru-enpresa publikoek gero eta aurrekontu handiagoa dute orain arte Foru Administrazioak berak, baliabide ekonomiko eta material gutxiagorekin, egindako lanak egiteko.
– Zugaztel S.A.: Foru-enpresa publiko hau eskaerak grabatzeaz eta eskaneatzeaz arduratzen da, baita telefono bidezko zerbitzua emateaz ere., eta beste enpresa batzuk azpikontratatzen ditu horretarako: SDEC (Servicio Especial de Codificación) edo Indra Sistemas S.A., besteak beste. Batek daki zer baldintzatan, konfidentzialtasun handiko datuak grabatzeko: osasun-datuak, datu pertsonalak…! Non dago isilpeko informazio berezi horren gaineko kontrol publikoa?
-Lantik S.A.: Enpresa publiko hau Gizarte Ekintza Saileko eta Aldundiko beste sailetako aplikazio informatikoak garatzeaz eta mantentzeaz arduratzen da, eta iaz aurrekontu ikaragarria izan zuen: 6 milioi euro.
Hala ere, gure ekipo informatikoak mantentzeko lanak, egitura-lanak direnez, bertako langileek egin beharko lituzkete ere, Lantikek azpikontratatutako enpresa pribatuetako langileek egiten dituzte, baldintza ezegonkorretan: soldata eta lan-baldintza txarragoak, ez dago subrogaziorik…
Azterketa soziologikoen arabera, Bizkaiko gizartea zahartzen ari da, eta gero eta gehiago beharko du sektore publiko indartsu bat. Behar besteko giza baliabideak eta baliabide materialak dituen sektore publiko bat, areagotzen ari diren deserrotze, babesgabetasun, esklusio eta bazterkeria egoerei aurre egin ahal izateko
LABek uste du akats larria dela zerbitzu publikoei goian aipatutako bitartekoak ez ematea eta zerbitzu horien etorkizuna xede bakartzat etekin propioak lortzea duten enpresen eskuetan uztea.
SATen errepresioaren kontrako jardunaldietan parte hartuko dugu asteburu honetan Sevillan
LABek Andaluziako SAT sindikatuak antolatu dituen Errepresioaren kontrako jardunaldietan parte hartuko du. Sevillako Pablo de Olavide Unibertsitatean egingo dira, bihar eta etzi. Lehen egunean Saul Arangibel, LABeko ordezkariak hartuko du hitza eta igandean Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusiak, hartuko du parte.
Oscar Reinak emango die Jardunaldiei hasiera. Ondoren andaluziar herriko sindikatua babesten duten zenbait sindikatuen txanda izango da. Atal horretan, Saul Arangibel LABeko ordezkariak izango du hitza. Jarraian mahai inguru desberdinak izango dira, hala nola, errepresioa, jendarte mugimenduak eta politikoak, errepresioaren aurkako tresna juridikoak edo jendarte eta langile mugimenduaren aurkako jarrerak.
Bigarren eguneko saioan Ainhoa Etxaide Idazkari Nagusiak hartuko du hitza. Goizez izango den saio honetan, berriki kartzelaratu duten Andres Bodalo SATeko kidearen sendia, CSIko Candidó Gonzalez, eta SATeko Mari Garcia eta Diego Cañamero izango dira.
Gure industriaren defentsan Bilbora
Enpresa itxieren aurrean erakusten duten ekimen ezak erantzule egiten ditu instituzioak



