2026-01-30
Blog Page 1039

Prekarietatearen aurrean lan osasun eskubidea borrokatzen

0
APIRILAK 28
Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna

Hazkunde ekonomikoak ez du kalitatezko enpleguaren sorrera ekarri


Gaur kaleratu diren EPA inkestaren datuen arabera, Hego Euskal Herrian 175.300 langabe zenbatu dira 2016. urteko lehenengo hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino 1.400 gehiago eta urte bat lehenago baino 43.800 gutxiago. Langabezia tasa %13,13koa da. Berriro salatu behar dugu ekonomiaren hazkundea ez dela modu justu eta zentzuzkoan nabaritzen lan munduan, hala nola sortzen den enplegu apurra oso prekarioa da.

Gainera, landun kopuruak gora egin du Hego Euskal Herrian nahiz eta Nafarroan oso bilakaera txarra izan; lurralde historiko honetan 2.300 langabe gehiago zenbatu dira eta 1.500 landun gutxiago.

Hala ere, ekonomiaren hazkundea ez da modu justu eta zentzuzkoan nabaritzen lan munduan eta salatu beharra dago datu hauek ezkutatzen dutena:

Sortzen den enplegu apurra oso prekarioa da; kontratazioan prekarietatea, aldi baterako kontratuen gehiegizko erabilerak eta batez ere emakumeen kasuan borondatezkoak ez diren aldi partzialeko kontratuek hartu duten pisuak erakusten dute.

Lan baldintzak larriki kaltetzen ari den beste faktorea soldaten debaluazioa da. Enplegu berrietan du eragina honek bereziki, batez ere gutxi kualifikatutako enpleguetan eta gutxien irabazten dutenen kasuan. Ondorioz, eros-ahalmenaren galeraz gain, soldata desberdintasunak geroz eta handiagoak eta kezkagarriagoak dira.

Datu hauek argi uzten dute ekonomiaren hazkundea adierazten duten datu makroekonomikoen atzean dagoen errealitatea eta botere publikoek duten ezintasuna krisiari erantzun egoki bat emateko.

Gainera gaur, apirilak 28, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna, salatu beharra dago lan merkatuan areagotzen ari den prekarietateak gaixotu eta hil egiten gaituela.
 

 

 

Prekarietateak gaixotu eta hil egiten du

0

LABeko kideok Lan Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperan prekarietateak gaixotu eta hiltzen duela salatu dugu Gasteizen eta Laudion. Aurten jadanik 17 langile hil dira lan istripuan Euskal Herrian, eta errealitate horren arrazoiak ezagunak dira, prekarietatea eta prebentzio neurri eskasak patronalari kostuak murrizteko. LAB lan osasuna eskubidea izan dadin borrokan dihardu, eta bide horretan kalean eta enpresetan izango da prekarietatea salatuz eta prebentzio neurriak exijituz.

APIRILAK 28. DEIALDIAK


 

 

 

Enpresa publikoetako langileei lapurtutako soldatak itzultzeko exijitzen diogu Jaurlaritzari

0


Hilabete honetan Madrilgo Auzitegi Gorenak kaleratu duen ebazpean argi utzi du Eusko Jaurlaritzak 2010ean langile publiko guztien soldata %5 murrizteko hartu zuen erabakia konstituzioaren kontrakoa zela, eta beraz legez kontrakoa. Hau da, Eusko Jaurlaritzak, bere eskumenak gaindituz, EAEko enpresa publikoetako langileei soldata lapurtzeko Konstituzioa urratu egin zuen.

Bere momentuan Espainiako Gobernuak bankuen zorrak ordaintzeko helburuarekin hartu zituen neurrien artean administrazio publikoetako langileentzako %5eko soldata murrizketa agindu zuen, esplizituki enpresa publikoak bazter utzita. Eusko Jaurlaritza are solidarioagoa izan nahi, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresa publikoetako langileei ere luzatu zien murrizketa. Orain, LABek Euskal Telebistaren kontra jarritako salaketaren bidearen amaieran Jaurlaritzaren erabakia legez kontrakoa izan zela argi gelditu da.

Zoritxarrez, LABek egunero-egunero espainiar legedia eta egitura juridikoa erabili behar izaten du euskal langileen eskubideak defendatzeko, oraingoan bezala. Horrela Langileen Estatutua, lan legeria, Madrilek ezarritako epaile eta idazkariekin eta abarrekin aritu behar izan du beti, lan harremanetarako euskal esparrua existitzen ez delako… oraingoz.

Oso argi dago, hasiera-hasieratik langile publikoei egindako soldata, kontratazio eta lan baldintzen lapurretak bankuek sortutako zorra (gobernuek eufemistikoki “zor publikoa” deitzen dutena) kitatzeko erabili dela. Grafikoan argi ikusten da bankuen zorrak goranzko despegea hasi zirenean hartu zituztela neurriok. Zor publikoa handitzea berez ez litzateke txarra, gastu eta zerbitzu sozialak handitzeko izango balitz, baina argi eta garbi dago ez dela kasua. Konstituzioa bera ere ezkutuan aldatu zen hain zuzen ere zor publikoaren kitapena hauen aurretik lehenesteko.


Berriro ere Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu egindako murrizketa guztiak atzera botatzeko: ordezkapenak, gaixotasunengatik, kontziliazioa, euskara planak, berdintasun planak, lan osasuna, 2012ko abenduko paga… eta jakina langile publiko guztien soldatak. Funtzionarioak izan, laboralak, enpresa publikoetakoak eta azpikontratetakoak.

Honen haritik enpresa publikoetako langile guztiei 2010etik lapurtutako soldatak itzultzeko eta lapurtzen ez jarraitzeko exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari. Horretarako bide guztiak erabiltzen jarraituko dugu: negoziazio mahaiak, epaitegiak eta borroka sindikala. Kasu honetan legea bete baino ez dute egin behar gainera. Ezin diote berriro ere “zalantza juridikoaren” komodinari heldu. Paradoxikoa da PSEk, delako autogobernuaren izenean, defendatzen duen Konstituzioa urratu izana. Bitxia da ere Madrilekiko beti horren zintzo eta leiala den PNVk bide “desobediente” bera mantendu izana urte hauetan guztietan, murrizketa propioak gehituz gainera. Paradoxikoa eta desobediente baino, jokabide iruzurtiak dira.

Hauteskunde testuinguru honetan PNVk hobekuntza txiki batzuk argitara ditzake, alde bakarrez hartutakoak gainera. LAB ez da tranpetan erortzen, eta Sektore Publikoari benetako konponbidea emateko urratsak emateko prest dago. Horretarako Euskal Enplegu Publikoaren Lege proiektua atzera botatzeko eskatzen diogu Gasteizko Parlamentuari. Baita Sektore Publikoari eragiten dizkien lege guztiak hasiera-hasieratik eragile guztien benetako parte hartzearekin negoziatzea exijituko diogu etorriko den Jaurlaritza berriari.

 

 

 

Gure lanpostuen alde borrokan jarraitu behar dugu

0

Zumarragako Enpresa batzordeko kideek taldearen zuzendaritzako ordezkariekin bilera egin zuten atzo, hilak 26. Bilera amaitu ostean enpresa batzordeak adierazi du enpresak jarduera industrialari eutsiko dion alternatibak aztertzeari uko egin diola berriro ere. Langileek beren aldetik lanpostuen eta eskualdeko ongizatearen alde borrokan jarraituko dute.

Enpresa batzordearen oharra:

Enpresa batzordeko kideok taldearen zuzendaritzako ordezkariekin bilera egin dugu gaur. Honakoa jakinarazi nahi dugu:

1-Alde sozialetik Lan Ikuskaritzaren bitartekaritza eskatu da hurrengo bileratan bertan egon dadin. Ez duela beharrezko ikusten erantzun digu enpresak.

2-Berriz eskatu da jarduera industrialari eustea bilatuko duten zenbait alternatiba aztertzea. Berriz ere, ezezkoa.

3-Planteatzen ari zaizkigun neurrien negoziazioari ekin nahi izan dio enpresak, neurrion negoziatzea ahalbidetuko lukeen ezelango daturik eskaini Gabe. Hortaz, amaitutzat eman da bileta eta datorren ostiralerako geratu gara, 10:00etan

Gure lanpostuen alde eta gure eskualdeko ongizatearen alde borrokan jarraitu behar dugula pentsatzen jarraitzen dugu.
 

 

 

Maiatzaren Lehenarekin prekarietatearen kontrako agenda aktibatzera goaz

Gaur hilak 26, LAB sindikatuak, agerraldia eskaini du iristear diren hitzorduen berri emanez. Hain zuzen ere, Maiatzaren Lehenean hasi eta ekaina hasiera bitarte hamaika mobilizazio egingo ditu sindikatuak. Laneko prekarietatearen aurka eta alternatibak eraikitzeari begira jauzi bat emateko ordua da eta hortara goaz.

Ainhoa Etxaide LABeko Idazkari Nagusiak azaldu duenez “mobilizazioan oinarritutako agenda oso bat prestatu dugu, prekarietatea salatzea eta prekarietatea borrokatzea ardatz hartuta”. Prekarietatean oinarritutako eredu sozio laboral bat inposatu digute krisiaz baliatuz. Prekarietate hori probrezi iturria da eta bazterketa sozialera kondenatzen gaitu. Egoera horri aurre egitea da sindikatuaren erronka. Badakigu gaur arte erabili ditugun tresnek, besteak beste negoziazio kolektiboak, oso emaitza mugatuak ematen dituztela prekarietatearen kontrako borrokan, beraz mobilizazioa eta aktibazioa beste biderik ez zaigu geratzen. Helburu horrekin, “udaberriko jauzi” gisa izendatu dugun agenda oso bat prestatu dugu.

Maiatzaren Lehen honetan alternatiba badagoela eta martxan jartzea posible dela aldarrikatuko dugu. Gure mezu nagusia langileei zuzenduko diegu ez patronalari ez eta erakundeei ere, haungandik ezer gutxi espero dugulako eta ziru baikaude Euskal Herrian alternatiba egoteaz gain badela nahiko jende eta nahiko masa kritiko alternatiba horren alde urratsak emateko. Badira alternatiba erreal eta burujabeak kapitalismoak jarri digun ereduari aurre egin eta beste bide bat hartzeko. Badago sindikalgintza prekarietateari aurre egiteko borroka planteamentuak egiten dituena. Eta sindikalgintza hori geroz eta indartsuago da.

Maiatzaren Lehen hau testuinguru zehatz batean egingo da: hauteskunde berri batzuen atarian, EAEn ere hauteskundeak bistan ditugula eta eremu instituzionaletik langileei egiten zaien eskeintza agerian geratu delarik. Estatu espainoletik ez da aldaketa etorriko. Eta Euskal Herrian ere, ez da aldaketarik lortuko Confebask-ekin lerrokatuak dauden gobernuekin. Honen aurrean LABek alternatiba bat proposatzen du, herritik eta herriarentzat eraikia, mobilizazioan oinarritutakoa. Beharrezkoak dira aldaketak bultzatuko dituzten gobernuak, baina hauek bideratuko dira baldin eta herri mobilizatu bat badago aurrean. Horregatik, hain zuzen ere egiten dugu mobilizazioaren aldeko apustua, langileak batzearen eta akibatzearen aldeko apustua.

Maiatzaren Lehenean eskualdez eskualde, maiatzaren 28an Bilboko kaleetan eta ondoren etorriko den Borroka Astean prekarietatearen kontra egingo dugu. Lan munduan gaudenak eta kanpo utzi gaituztenak batuko gara.

 

 

Gipuzkoako papergintzako hitzarmena sinatu dugu

0


Negoziazioa hasi zenetik 16 hilabete pasa eta gero, gaur Donostiako PRECOn, Gipuzkoako Papergintzako Hitzarmena sinatu du LABek. Borroka eta mobilizazioak bere fruitua eman dute eta langileen borrokari esker hitzarmen berri eta hobetua sinatu da.

Hitzarmenenean jasotzen da soldatak KPIren gainetik haziko direla eta KPIa 0 edo negatiboa balitz, berme-klausulak egongo direla; lizentzia batean familiaren ospitalizazio kasuan ospitalizatuta dagoen bitartean hartu ahal izatea; eta enpresako “non-stop” eta “correturnos” itunak inaplikatzeko, herrialdeko hitzarmenak berak honetarako daukan prozedura erabili beharko dela, hau da, arbitrajera joateko beti aldeen adostasuna. Horrela, lan-erreformari aurre egiten diogu.

Guzti honengatik, edukien hobekuntzagatik eta lan-baldintzei emandako babesagatik, LAB sindikatuak balorazio ona egiten du. Borrokak bere fruituak eman ditu.
 

 

 

Maiatzak 1. Langileok martxan eskuBIDEAK aktiBATU!, Euskal Herria contra la precariedad

Langileok martxan gara, EskuBIDEAK aktiBATUZ, Euskal Herrian prekarietatea garaitzeko. Iazko Maiatzaren Lehenean LABetik genion ez genuela hazkunde ekonomikoko fase berri hau sendotzen eta egonkortzen lagunduko, elite ekonomiko eta politikoek, beren aberastasuna bermatzeko, gehiengo soziala miseriara kondenatzen dutelako.

Orduan esandakoan berresten gara gaur. Eskubide sozialen eta lan eskubideen likidazioaren kontrako borrokan jarraitzen dugu. Ekinbide sindikala egokitu dugu prekarietatearen aroari aurre egiteko. Lan baldintza kaskarren kontra, pobreziaren eta bazterketaren kontra, krisi sozial larria da LABen lehentasuna eta gure borrokaren ardatza. Ez dugu orain 10 urteko egoerara itzuli nahi. Egoera irauli nahi dugu eta horretarako arazoaren muinera jo dugu: lan baldintza eta eskubideen prekarizazioan oinarritzen den lan mundua, herritarrak babesik gabe uzten dituen eredu soziala eta herriari erabakitzeko eskubidea lapurtu dion eredu politikoa.

Emergentzia sozialeko egoerari erantzun, lan munduan gaur dugun errealitatea irauli eta alternatiben eraikuntzan aurrera egin ahal izateko antolatu da LAB. Antolatu eta aktibatu egin gara, sektore ezberdinetako langileei, prekarioenak kasu, borroka beraren baitara bideak batzeko eskaintza sindikal zehatza eginez.

Borrokak piztuz, mobilizazioak eta gatazkak hauspotuz krisi soziala eta prekarietatea lehen mailako arazo nazional bihurtu behar ditugu, agenda politiko-instituzionalaren erdian jarri. Lan munduaren egoera ez da arazo laboral bat, inposatu zaigun eredu sozioekonomiko basatiaren isla, baizik. Pentsio sistema propio bat, Lan Harremanetako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua, kalitateko zerbitzu publikoak… burujabetza ariketak eskatzen dituzten afera politikoak dira guztiak. Eta arazo politikoek irtenbide politikoak eskatzen dituztenez, borondaterik ez dagoen tokian behartu egin beharko dugu.

Gero eta gehiago dira sindikalismoaren funtzio historikoen eraginetik kanpo geratzen ari diren langileak: lan mundutik at, negoziazio kolektiboaren babesik gabe, prestazioetara eta orohar zerbitzu publikoetara sarbidea ukatuta. Errealitate horri aurre egiteko badugu eskaintza sindikal sendo bat, lan munduaren gaurko egoerari erantzuten diona. Martxan gara, eta ez bakarrik salaketa eta erantzun dinamiketan, alternatiba zehatzen defentsan ere bai. Aberastasunaren eta lanaren banaketa dira gakoak: 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko lanastea, emakumeengana neurri hauek iristeko politika zehatzak; lan osasuna ziurtatzeko neurriak eta euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzea. Bost urrats hauek ematen badira langileen egoera goitik behera aldatuko da.

Ekintza sindikal gaurkotuarekin eta aktibazioaren bidetik, lan zentruak patronalari eredu soziala eta laborala borrokatzeko eta boterea lehiatzeko eremu bilakatzea dugu helburu. Eta ez gaude bakarrik, emakumeekin, gazteekin, pentsiodunekin, eskuz esku dihardugu lan eta bizi baldintza duinen aldeko borrokan.

Sindikalismo independentistak aipatutako erronka horiei guztiei aurre egiteko gai izan behar du. Aldaketa eragiteko baldintzak baditugu: badugu mugimendu sozial eta sindikal indartsu bat, Karta Sozialaren bueltan, Euskal Herrian alternatibak proposatu, saretu eta elikatzeko. Bagara antolatzeko eta borrokatzeko gaitasuna duen Herria.

Baditugu aldaketa prozesua indartzeko, sendotzeko eta azkartzeko baldintzak. Badugu aldaketa sozial eta laboralak behartzeko sindikalismo borrokalari bat.

Baditugu alternatibak, bagara alternatiba.

Maiatzaren Lehenean ere kalean izango gara. 

Gora langile borroka! Gora LAB!
  

M1. DEIALDIAK


KARTELA [PDF]



ESKUORRIA [PDF]

{saudioplayer}http://biltegia.lab.eus/Kanpainak/maiatzak1/2016/kunak/m1Elebidun.mp3{/saudioplayer}
{saudioplayer}http://biltegia.lab.eus/Kanpainak/maiatzak1/2016/kunak/m1Euskaraz.mp3{/saudioplayer}

 

 

Prekarietatea borrokatzea langileon eskubideak defendatzea da



Martxotik hona Arabako LAB sindikatuak kanpaina bati ekingo dio, laneko prekarietatearen kontra eta patronalak klase politikoarekin duen adostasuna salatzeko, egoera hori ahalbideratu eta indartu egiten duena. Horrela, enpresen markoan hainbat dinamika abiatu ditugu, eta ostiral goizean Michelin, el Boulevard merkatalgunea, Mercedes, Txagorritxu, Gasteizko Udala, SEA eta EAJko egoitzen aurrean hainbat ekimen burutu genituen. Halaber, arratsaldean manifestazioan abiatu ginen SEA aurretik EAJko egoitzaraino. Milaka langile arabarren egoera gero eta kezkagarriagoa salatzeko eta Araban enplegu duina aldarrikatzeko helburuarekin.

Hau da baieztatzen duguna: gero eta lan baldintza txiroagoen aurrean topatzen garela, eta langileei mobbing etengabea egiten dien patronala gero eta harroago dagoela, jendartearen beharren gainetik bere egoera ekonomikoa indartzeko gero eta gehiago eskatzen duenean.


Patronalak lanpostuen sorrera deitzen duena kontratu prekarioak eta miseriazko soldatekin dira; enplegua sortzeko politikatzat dutena gizon eta emakumeen arteko soldata aldeak, mugikortasun geografikoa edo kaleratze merkeak dira. SEA oraindik lege ez den lan erreforma bat aplikatzea da, jasaten ari garen krisi ekonomikoarentzako proposatzen duen irtenbide partikularra baino ez.

Jakina, erakundeek ematen dioten babesa eta laguntzarik gabe, SEAk ez lituzke halako proposamenik egingo. Erakundeei egiten dien eskaera zerrenda, eurekiko etxeko lana bailitzan, hile amaierara iristeko komeriak egin behar dituen jendarte honen zati handi bat lotsarazi, iraindu eta baztertu egiten du.


Langabezia jaisteko Lan Publiko gehiago? Babes eta diru-laguntza gehiago? Lan Erreforman sakondu?… Ez da, ez da izan, eta jakina ez da izango LABen ustez egin beharreko bidea. Erakundeak herritarren zerbitzura jartzea ezinbestekoa da; patronalaren abusuei aurre egitea eta men egiteari uztea; euren langileak halaxe, “euren langile” bezala hartzen duten enpresariei domina gutxiago ematea; Administrazioak “zenbat eta ordu gehiago hobe” defendatzen dutenei pulpitua eta mikrofonoa jartzea eta aldi berean Administrazioan bertan 35 orduko lan-astea berreskuratzea planteatzea ez da etikoa inondik ere. Patronalak horrenbeste azpimarratzen duen “bake soziala” ez doa eskubideak deuseztatzeko bidetik, hauek errespetatzetik baizik.

Egin dugun azterketa orokor honek Arabako ekoizpen ehun osoan du isla. Beraz prekarietatea, zalantzazko egoera eta klase politikoaren babesa industria arloan herrialdeko lau enpresa erreferenteetan ere ematen da: MERCEDES, MICHELIN, TUBOS REUNIDOS eta AERNNOVA.

12.000 langiletik gora duten enpresa hauetan, erakundeek hainbeste zaintzen enpresari handiek planteatzen dute era desberdinetako prekarietate ERREALA, eskubideen murrizketa ERREALA, enpleguen suntsiketa ERREALA eta plantilak BENETAN beldurtzen produkzioa lekualdatzearekin, beti ere ahalegin kolektiboaren eufemismoaren mozorroarekin, beraiek izateko onuradun nagusiak. Hori guztia arestian aipatu bezala, EAJren babes instituzional inplizitu edo esplizituarekin ari dira egiten.

Azkenik, sindikatu batzuek patronalarekin duten kolaborazio paregabea salatu nahi dugu. Izan ere neurriok onartuz, langileei bizkar emanda pasteleatuz edota mobilizazioak oztopatuz patronala are indartsuago egin eta lan eskubideei mesede eskasa egiten baitiete.