2026-07-04
Blog Page 1033

Etxaide: “LAB berritu batekin iritsiko gara Biltzar Nagusira, etxeko lanak eginda”

“LABen lerro sindikala berritu dugu krisiaren eta erreformen kontra borrokatzeko, gure egiteko moduak eta langileekin lan egiteko erak egokitu ditugu, gure aldarrikapenak berritu ditugu lan eta gizarte egoera guztiz aldatu delako… LAB berritu batekin iritsiko gara biltzarrera, etxeko lanak eginda”. 

 
Sindikatuko idazkari nagusi Ainhoa Etxaideren hitzak dira horiek, LABen 9. Biltzar Nagusiaren aurkezpenean egindakoak. Batzorde Exekutiboko kideek agerraldia egin dute gaur goizean, Bilboko egoitzan, eta Biltzar Nagusiaren irudia aurkeztu dute bertan, baita leloaren berri eman ere: ‘LAB 4.0 Gure Garaia’. Era berean, Garbiñe Aranburu idazkari nagusi eta Igor Arroyo idazkari nagusi ondoko gisa proposatu dituztela jakinarazi dute, Ainhoa Etxaidek eta Jabi Garnikak lekukoa utziko dutela iragarri eta gero.

Maiatzaren 25 eta 26an izango da 9. Biltzar Nagusia, Gasteizen. LABek argi du Kapitalismoan ez dagoela ondo bizitzerik, eta proposamenak eta alternatibak eramango ditu biltzarrera egoerari buelta emateko. Sindikatuarentzat sozialismoan dago bizitza on bat edukitzea ziurtatuko duen sistema. Espazio ezkertiar soberanista sendo bat behar dugu, eta euskal sindikalgintzaren ekarpenak erabakigarria izan behar du espazio horren eraikuntzan. Hain zuzen ere, Euskal Herri Sozialista eraikitzeko feminismoa, ekosozialismoa eta independentismoa dira gakoak. Feminismoa, ideologia transformatzailea delako eta bakarrik horrela ziurtatuko dugulako eraikitzen dugun sistema guzti guztientzat izatea, gizonentzat zein emakumeentzat; ekosozialismoa, ezin dugulako bizitza duina eta ona kontsumoan eta neurririk gabeko produkzioan oinarritu; eta independentismoa, sistema berri bat eraikitzeko behar beharrezkoa delako Estatu burujabe bat izatea, Herriaren esku egoteko sistemaren gaineko boterea, Herria bere erabakiak hartzeko aske izateko.

 
Ildo honetan, LABek iritzi du hau dela garaia ezarri diguten sistema kapitalista aldatuko duen burujabetza prozesua abian jartzeko, aukerak ere badaudelako. Badago gehiengoa eta baditugu prozesua martxan jartzeko balio estrategikoa duen tresna: Karta Soziala. “Falta zaiguna aliantzak eta akordioak dira. Eremuz eremu lehenik, eta eremuen artean ondoren; eremu bakoitzaren errealitatea, eginkizuna eta autonomia aitortuz eta balioan jarriz guztien aldetik”, laburtu du Etxaidek.
 
Garai berrian, LABen lehentasuna prekarietateari aurre egitea eta langileriaren errealitatea aldatzea izango da. Gauzak horrela, borrokatzen ditugun irtenbideek ez dute lekurik bi estatuek inposatutako eredu politiko, ekonomiko eta sozialean. Izan ere, egoera sozioekonomikoa aldatzeko borrokak derrigor eramaten gaitu gaurko Estatu markoaren aldaketa borrokatzera. Erabakitzeko eskubideak lan mundura eta gai sozioekonomikoetara iritsi behar du horregatik, estatus politiko berria iruzurra ez izateko langileentzat.
 
Etxaideren arabera, “langileen egoera aldatu nahi badugu, sindikatuen arteko aliantzak behar ditugu. Ziur gaude aliantza ahalbidetuko duen estrategia sindikala definitzen ari garela kongresuari begira. Aliantza sendo eta egonkor bat eraikitzea da, gure ustez, LAB eta ELAren erronka nagusietako bat, euskal sindikalismoan ireki behar den garai berrian”.
 
Zuzendaritza berria, garai berrirako

Urte hauetan guztietan egindako lanak ekarri du LAB garai berrira. Kopuru historikoetan dago ordezkaritza eta afiliazioa, inoiz baino jende gehiago dago sindikatuko egituretan modu egonkorrean lanean, sektore publikoko eremu askotan lehen indarra da LAB… emaitzak begibistakoak dira. Sindikatuko zuzendaritzak baztertu egin zuen LAB berri bat arduradun nagusien kasara marraztea, bideak sindikatuak berak egitea baitzen asmoa, eta hala izan da. LAB osatzen duten kide guztiek marraztu dute.

Etxaidek adierazitakoaren arabera, “2008tik gaur arte, Jabi Garnika eta biok zuzendutako taldearen eginkizuna sindikatua eraberritzea zen, eta agindua bete dugu. Biltzarrera etxeko lanak eginda iritsiko gara, eta, gure arduren inguruko erabakia gure eskuetan dagoenez, lekukoa hurrengoei ematea erabaki dugu”.
 
Biltzar Nagusiak erabakiko du, baina “gaurtik esan dezakegu buruak nortzuk izango diren, ziur gaudelako sindikatuan aho batez babestuko duten proposamena dela”, erantsi du Etxaidek. Hain zuzen ere, Garbiñe Aranburu proposatu dute idazkari nagusi izateko eta Igor Arroyo, idazkari nagusi ondokoaren lekukoa hartzeko. “Ezagunak dira gainontzeko sindikatuentzat, baita komunikabide, patronal eta erakundeentzat ere. Talde berria izango da, baina ez dira berriak izango zuzendaritzan. Eskarmentua eta gaitasuna behar beste erakutsi dute”.

 
Azkenik, Jabi Garnikak eta Ainhoa Etxaidek berak LABeko kide guztiak eskertzeko baliatu dute agerraldia, “urte luze hauetan guztietan eman diguzuen babes guztiagatik”.

 

 


9. BILTZAR NAGUSIA
Maiatzak 25 eta 26
Gasteiz

 

 

Jardunaldiak azaroaren 18eta 19an Emakumeen Mundu Martxak antolatuta

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak, Indarkeria Matxista birpentsatzen: feminismotik erantzunak martxan izenburupean jardunaldiak antolatu ditu. Azaroaren 18 eta 19an Donostiako Unibertsitatera gerturatuko direnetzat egitarau mardulda prestatu dute. Hain zuzen ere, bi egun horietan mahai inguru ezberdinen bidez —sistemarteko indarkeria, ekintza zuzenak, jaiak eta indarkeria matxista eta indarkeria martxista transbertsalizatzen— gai honen inguruan gehiago sakontzeko aukera izango da.
 

Ainhoa Etxaide eta Jabi Garnika erreleboa emateko prest

LAB sindikatua 9. Biltzar Nagusiaren prestaketa lanetan bete-betean sartu da. 2017ko maiatzaren 25 eta 26an izango da Kongresua, Gasteizen. Hitzordu garrantzitsu honen berri emateko agerraldia egingo dugu datorren asteartean, azaroak 15, Bilboko egoitzan. Osasun betean eta indartsu iristen da sindikatua hitzordu garrantzitsu honetara. Besteak beste, azken urteotan sindikatuak bere idazkaritza nagusian izandako gure bi lemazain bikain hauei esker.

Goizeko 11.00etan, LABeko exekutiboa hedabideen aurrean agertuko da, Biltzar Nagusiaren nondik norakoak aurkezteko. 

Emankorra izan da LABentzat azken bost urteotan eginiko bidea. Osasun betean eta indartsu iristen da sindikatua maiatzeko hitzordura. Euskal Herrian behar duen sindikalismo eredua Birpentsatzeko gogoeta kolektibo emankorra egin dugu eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest gara.

Biltzar Nagusia berritasunez beteta dator. Aldaketak ekarriko ditu idazkaritza nagusiari begira ere; Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak eta Jabi Garnika idazkari nagusi ondokoak erreleboa emango dute. Lekuko aldaketaren xehetasunak eta Kongresuari lotutako zehaztapenak astearteko agerraldian argituko ditugu.
 

 

 

Grafikagintzako hitzarmena lortzeko mobilizazioa beste biderik ez dago

0

Grafikagintzako hitzarmenaren negoziaketan dagoen blokeoaren aurrean mobilizatzeko beharra ikusi dute langileek. Arrazoi ezberdinek eraman dituzte Grafikagintzako Negoziazio Mahaian dauden sindikatuak guztiak gaur Adegiren egoitzaren aurrean elkarretaratzea burutzera. Hain zuzen ere, hitzarmen berriaren negoziazioan Adegik izan duen immobilismoa eta abenduak 31an herrialdeko hitzarmena bertan behera geratu eta hitzarmen estatala ezartzearen mehatxuaren aurrean mobilizazioa beste biderik ez da geratu.

Andrés Bódaloren askatasuna eskatu dugu Jaengo kartzelan

0

Azaroak 9an, goizeko 11etan herrialde ezberdinetako ezkerreko hainbat sindikatuk deituta prentsaurrekoa eta elkarretaratzea egin genuen Jaengo kartzelaren atarian Sindicato Andaluz de Trabajadores-eko (SAT) kide den Andrés Bodaloren askatasuna eskatzeko.

Bertzeak bertze LAB sindikatuaz gain honako sindikatuok parte hartu genuen: Astuariakoo Corriente Sindical de Izquierda (CSI), Herrialde Katalanetako Intersindical Autonoma de Catalunya (IAC), Aragoiko Coordinadora Unitaria de Trabajadores (CUT, CGT, Comisiones de Base (COBAS), Solidaridad Obrera, Plataforma EMT, Confederación Intersindical, Intersindical Valenciana, eta noski Sindicato Andaluz de Trabajadore (SAT).

Kontzentrazioaren helburua bikoitza zen, alde batetik Sindicato Andaluz de Trabajadores (SAT) Andrés Bódaloren askatasuna exijitzea eta bertze aldetik sindikalgintza borrokalariak pairatzen duen errepresio gordinaren salaketa.

SAT-eko idazkari nagusia den Oskar Reinak hartu zuen hitza lehenengo eta bertaratutako komunikabideei gaur egun Andrés Bódalok pairatzen duen egoeraren salaketa egin du. Andrés Bódalok osasun arazoak direla medio gose greba ere utzi behar izan du.

Ondotik LAB sindikatuko ordezkariak nazioartetik etorritako sindikatuen izenean hitza hartu eta Andrés Bódaloren askatasuna exijitzeaz gain, han eta hemen sindikalgintza borrokalariak pairatzen dugun errepresio gordinaren salaketa egin genuen, Euskal Herria, Andaluzia, Asturias eta Kataluniako gertakizun ezberdinak azalduz.

Ondotik bai Oskar Reinak zein LABeko ordezkariak hitza hartu zuten prentsari azaldutakoa bertaratutako guztiei azaltzeko. Nazioarteko sindikatuen izenean gure elkartasun internazionalista helarazi genien Andrés Bódalo, eta beren senitarteko eta lagunei, eta oro har Andaluziako herri langile klaseari. Ekimena bukatzeko Andrés Bódalo eta Vallecaseko Alfonen senitarteko batek hitza hartu eta elkartasun guztia eskertu zuten.

Ekimena bukatzeko bertaratutakoek Andrés Bodaloren askatasuna exijitzen jarraituko dutela berretsi dute eta etorkizunean mobilizazio eta ekimen ezberdinak egonen zirela ere iragarri zuten.

 

 

 

Autobus zerbitzuetan etor daitezken murrizketak oztopatu behar dira

0


Lurraldebuseko langileek kezkaz ikusten dute beraien geroa. Hain zuzen ere, azken aldian izan diren linea desagertzeak eta aldaketek, murrizketa gehiago egon daitezkenaren susmoa zabaldu dute langileen artean. Gainera, Aldundiak, sektore honetako kudeaketa daraman erakundeak, ez du inolako informaziorik zabaldu egin nahi duen berregituraketaren inguruan. Egoera hau salatuz gaur, hilak 11, elkarretaratzea burutu dugu Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean.

LABek oso larritzat hartzen ditu inposatu nahi diren murrizketak baita Foru Alduandiak, herritarren ordezkari den heinean, autobus zerbitzuaren inguruko gestioa izkutuan eraman izana ere. Gaur egungo egoerak eta, batez ere etor daitezken murrizketek, langile zein erabiltzaileen mobilizazioa eskatzen du eta horregatik irten gara gaurkoan kalera.

Aldarrikapen zehatzak ditugu, alde batetik gardentasunez jokatzeko eskatzen diogu Foru Aldundiari, langile zein herritarrei eragingo dien erabakiak ezagutzeko eskubidea dugula baiteritzogu. Bestaldetik autobus zerbitzuaren kalitate eta langileen lan baldintzak bermatzea exigitzen dugu. Hemendik aurrera egoerak hobera egin ezean mobilizazio eta borrokari ekingo diogu lanpostu zein kalitatezko zerbitzuaren defentsan.

 

 

 

Hitzarmena sinatu dute Guardian enpresan

0

Laudioko Guardian enpresan hitzarmena sinatu dute. Abuztuaren hasieran, enpresak, ELAk eta UGTek sinatutako aurreakordioa salatu zuen LABek, lanaldia jaitsi beharrean, handitu egin nahi zutelako. Bada, LABen salaketa eta lanari esker, hitzarmenean jasotako testuan 24 ordu jaitsiko dira: orain arte agertzen ziren 1.644 ordutik 1.620 ordura pasako da, orain arte bezala, ordainduko ez den 30 minutuko etenaldiarekin.

Laudioko Guardian enpresan hitzarmena sinatu dute. Abuztuaren hasieran, enpresak, ELAk eta UGTek sinatutako aurreakordioa salatu zuen LABek, lanaldia jaitsi beharrean, handitu egin nahi zutelako. Bada, LABen salaketa eta lanari esker, hitzarmenean jasotako testuan 24 ordu jaitsiko dira: orain arte agertzen ziren 1.644 ordutik 1.620 ordura pasako da, orain arte bezala, ordainduko ez den 30 minutuko etenaldiarekin.

LABek hasieratik eskatu moduan jaso dute testua, eta, modu horretan, lanaldia handitzea saihestu ahal izango da, eta etorkizunean soldata eskala bikoizteko arriskuari ateak itxiko zaizkio.
 

 

 

Grebara deitu dute Michelinen astearterako

Ferrovialeko langileen batzordeek eta LAB eta ELA sindikatuek grebara deitu dute astearterao, Michelinen. Gasteizen dagoen enpresaren segurtasun eza salatu dute, eta herritarrak ere deitu dituzte asteartean bertan egingo dute manifestazioan parte hartzeko. Hain zuzen ere, mobilizazioa Bilbo plazatik abiatuko da, 19:00etan.

Ferrovial langileen batzordeetako ordezkariek nabarmendu dute "nazkatuta" daudela osasuna "hirugarren edo laugarren mailan" egoteagatik enpresan, eta salatu dute ekoizpen helburuak eta lan erritmoak gehiegizkoak direla. "Nazkatuta gaude ikusteaz nola lankide batzuk ez dauden dagoeneko gurekin, ikusteaz nola pairatzen ditugun bizitza osorako kalteak eragiten dizkiguten lan istripuak", adierazi dute. Nabarmentzekoa da aurten bi langile hil direla Michelinen, azpikontratatuak biak.
 

CAFeko enpresa batzordea zuzendaritzarekin bilduko da astelehenean

0

CAFeko zuzendaritzak bilerara deitu du enpresa batzordea, astelehenerako. Irungo eta Beasaingo lantegietan bi orduko hiru lan uzte egin dituzte aste honetan, eta horren ondoren dator bilerarako deia. Enpresa batzordeak agerraldia egin du Beasainen, eta adierazi du bilera eta gero aztertuko dituela eman beharreko urratsak, beti ere kalitatezko enplegua bermatzeko eta azpikontratatzeko politika indargabetzeko bidean.

Hona hemen Irungo eta Beasaingo CAFeko enpresa batzordeek kaleratutako oharra:

KALITATEZKO ENPLEGUAREN ALDE, EZETZ ESATEN DIOGU PRODUKZIO LANAK AZPIKONTRATATZEKO POLITIKARI 
BAIETZ ESATEN DIOGU CAFEKO LANGILEAK ZUZENEAN KONTRATATZEARI
 
Urte zail batzuen ondoren, CAF lan-kargak leheneratzeko prozesuaren hasieran dago. Egia da produkzio arloko langileok jasan dugun lan-gabeziaren aurrean, neurri traumatikoak erabili beharrik izan gabe aurrera ateratzea lortu dugula. 
 
Baina oraingo egoera ezberdina da. CAFek bere historia osoan izan duen eskarien zorro handiena dugu aurrean. Gainera, eskari esanguratsuak dira, eskakizun handiko merkatuetarako egindakoak: Europarako, Erresuma Baturako edo Holandarako, adibidez. 
 
Dagoeneko hasi gara ikusten Beasaingo fabrikazio sail askotan horiek guztiek produkzio-gaitasuna gainditzen dutela. Baina distira guztiak ez dira urre. Sail askotan langileen gabezia nabarmenagoa den bitartean, Zuzendaritzak zuzeneko langileak kontratatzeko aukerari ateak itxi dizkio eta hemen eta kostu baxuko herrialdeetan azpikontratazioa egitean aldeko apustu argia egin du kargen igoera horri aurre egiteko formula gisa.
 
2009. urtetik, ez da langileen eta enplegatuen kontratazio berririk egin; duela urte askotatik, CAFek ez du zuzenean muntatzailerik, elektrikaririk, soldatzailerik, pintorerik, delineatzailerik, mantentze-lanetako langilerik, administraririk eta abarrik kontratatu. 
 
Orain, Zuzendaritzak Erresuma Batuan eta CAFeko hitzarmenetik kanpo dauden filialetan langileak kontratatuko dituela iragarri du. Gainera, beste 150 ingeniari kontratatuko dituela iragarri du. Oso ondo; albiste onak direla iruditzen zaigu. Baina produkzio-zentro historikoetarako azpikontratazioa baino ez dute iragarri.  

Datorren urteotarako eskarien zorroa ikusita, CAFek ezin du lanik gabe dauden Euskadiko milaka gazteren aurrean aurkeztu, azpikontratazioak berekin dakarren prekarietatera kondenatuta. 

Gainera, erabat beharrezkoa da datorren 2 urteotan errelebo-kontratuarekin aurre-erretiroa hartu beharko luketen 90 langileen bajak estali ahal izateko kontratazio berriak egitea. Tailerreko langileen bajak kolektibo bereko langileekin ordezkatzea eskatzen dugu; hau da, langile bat beste langile batekin.
Hori guztia gutxi balitz, gainera, duela gutxi, Enpresak Beasaingo Altzairutegia ixteko asmoa duela jakinarazi digu. Eta hasiera batean altzairuaren produkzioa 2017ko urtarrilaren 1erako geldiarazteko asmoa zuten arren, presio hori gainetik kentzea lortu dugu eta Enpresak mugaegunik eta aurretiazko baldintzarik gabeko elkarrizketa-prozesua irekitzea onartu du.
Gure aldetik, Enpresari eskatzen diogu Altzairutegirako etorkizunerako alternatiba posible guztiei buruzko azterketa serioa eta zorrotza modu gardenean egin dezala; gure ustez, aukera horiek sekzio horretan inbertsioak eta hobekuntzak egitearekin lotuta daude. Horren inguruan lanean jarraituko dugu.
Enpresak bilerarako dei egin digu astelehenerako. Horren ostean, eman beharreko urratsak aztertu beharko ditugu. Honako hau Beasaingo eta Irungo lantegietan egin dugun bi orduko hirugarren lan-uztea dela gogorarazi nahi dugu. Horrek guztiak mantentze-lanetako zentroetan ere eragina izan du. 
Horregatik guztiagatik, Zuzendaritzak gure eskariei erantzun positiboa emango diela eta aldi baterako langileak kontratatzen hasiko dela espero dugu. Hala egin ezean, jende gehiagoko mobilizazioak eta mobilizazio sendoak deitzea, beste aukerarik ez genuke izango.  
Beasainen, 2017ko azaroaren 10ean
Irungo eta Beasaingo CAFeko enpresa-batzordeak