2026-02-01
Blog Page 1013

Zortzi greba egun deitu dituzte Guggenheim museoko hezitzaileek

0


Bilboko Guggenheim museoko hezitzaileek zortzi greba egun deitu ditzute pairatzen duten prekarietatea salatzeko. Protestak abuztuaren 9, 11, 16, 18, 23, 26, 30 eta iralaren 1ean egingo dituzte eta beraien eskariak ez badira kontutan hartzen langileak prest daude greba mugagabea egiteko.

Lan-gatazkan inplikatutako aldeak (Manpower Group Solution eta Guggenheim museoa, Giza Baliabideetako zuzendaria den Garbiñe Urrutikoetxeak ordezkatuta) eta Bilboko Guggenheim museoko hezitzaile eta beraien ordezkari sindikalekin izandako bileraren ostean,berriz ere publikoki prekarietate eta ezegonkortasunarekin amaitzeko errebindikazioekin dagoen konpromiso eza salatu nahi dugu. Bilera horretako eduki falta ere salatuz.

Beraz, asanblada bidez onartutako ondorioak zuekin konpartitu nahi ditugu:

-Museoak ez du subrogazioaren aldeko konpromisorik hartu nahi, Urriaren 1etik aurrera ez delarik langileen jarraipena bermatzen.

-Ez dago hobekuntzarako konpromisorik langileok planteatutako baldintzetan (ez dira gutxieneko soldatak blindatzen, jai-egunetako soldatak, antzinatasuna, lan-bajak, etab.)

-Guggenheim museoak Abuztuaren bukaeran edo Irailaren hasieran eman nahi du erantzuna (positiboa edo negatiboa), lizitatutako enpresarekin duen kontratua amaitu baino hilabete aurretik.

Hau guztiagatik, “motore ekonomikoa” eta munduan erreferentzia den zentro artistikoa eta bere zuzendariaren esanetan “Guggenheim-en misioa heziketa instituzio bat” dela kontuan izanik eta prekarietatea pairatzen ari garen 18 langileren egoerarekiko Museoak duen utzikeria konprobatu ostean, 2016ko Abuzturako akordatutako mobilizazioen egutegia jakinarazten dizuegu, lan-baldintzak duintzeko gure errebindikazioak onartzen ez badira, greba mugagabea baztertzen ez dugularik.

Abuztuan aurreikusitako greba eta mobilizazioak:
-Abuztuaren 9 eta 11.
-Abuztuaren 16 eta 18a.
-Abuztuaren 23 eta 26a.
-Abuztuaren 30a eta Irailaren 1a.

Era berean, inplikatutako aldeei Manpower Group Solutions eta museoko patronatoa: Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Solomon R. Guggenheim Foundation) mobilizazio hauek deskonbokatzeko gure aldez-aurretiko jarrera transmititu diegu, beti ere gure lan-postuen iraunkortasuna eta jarraipena bermatuko dituen subrogazioa bermatzen badira, eta prekarietatearekin amaitzeko konpromisoan aurrera-pausuak ematen badira.

Uste dugu, gutxiegitasuna, utzikeria, mespretxua eta langileekiko eta emandako zerbitzuengatiko arbuioak, ez direla bide egokia museoak nahi duen bezala bikaintasun eta kalitatean erreferentzia izateko.

Liburuxka turistiko baterako erakuslehio baino gehiago izan behar gara, Museoa izan behar gara titaniotik barrura ere.

“Museo bat instituzio iraunkor bat da, irabazi-helbururik gabea, gizartearen zerbitzura eta publikora irekia, gizateriaren ondasun material eta inmateriala eskuratu, kontserbatu, aztertu, erakutsi eta hedatzen duena, ikerketa eta aisiarako”. ICOM-ek (Guggeheim museoa parte den museoen nazioarteko kontseilua) egindako “museo” hitzaren definizioa.

 

 

 

Gehiengo Sindikalak irmoki salatu du azken heriotz istripua

0

Astelehenean gertatutako heriotz istripuaren harira, gaur, hilak 3, Gehiengo Sindikalak deituta elkarretaratzea burutu dugu Gasteizen "Lan istripu gehiagorik ez, Prekarietatea hiltzailea" lemapean. Osasuna galtzea eta lan istripuak, ez dira lanaren ezaugarriak, lan eredu jakin baten emaitza ankerra baizik. Ekidin zitekeen emaitza, baina horretara neurriak hartzea ezinbestekoa da. Enpresaburu zein erakundeek arduraz jokatzeko ordua da.

Instituzio, enpresari eta Michelini exijitzen diegu gertatutakoa ikertzeko, ardurak argitzeko eta behar den guztia egin dezaten hau berriro gerta ez dadin. Hain zuzen ere gure informazioaren arabera, prebentzio neurriek huts egin zuten.

Gogorarazi nahi dugu langileak MICHELINeko azpikontrata batean lan egiten zuela eta badakigu azpikontratetan lan baldintza prekarioagoak dituztela. Zentzu honetan LABek betidanik salatu du prekaritateak, eta horren barruan, azpikontratazioak, eragin zuzena daukatela gure osasunean eta lan baldintza gero eta kaxkarragoek gero eta arrisku gehiago sortarazten dituztela.

Instituziek ere ardura zuzena dute egoera hauetan. Urkulluk, duela gutxi bisita batean esan zuen MICHELIN beti zaindu dituela langileen lan baldintzak. Arabako Aldundiak ere Herrialdeko Urrezko Domina eman dio nori eta prekarietatean sakondu eta lan osasuna gutxiesten duenari. Orain heriotz honen aurrean, biak ala biak mutu gelditu dira.

Sindikatuak ez du uste hau fatalitatea izan denik. MICHELINen lan osasunean hutsune handiak daude eta horregatik LABek arlo hau lehentasunez lantzen jarraituko du.

 

 

Garbialdi enpresak kaleraturako 8 langileen berronartzea exijitzen dugu

0

“Limpiezas Villar” Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailaren menpe dauden eskolak garbitzeaz arduratzen zen enpresa esleipenduna zen 2016ko martxoaren bata arte; aipatu egunaz geroztik, zerbitzua “Garbialdi” enpresak kudeatzen du, hark irabazi zuelako lehiaketa. Behin lehiaketa irabazi zuela, Garbialdik erabaki zuen ez zituela subrogatuko derrigorrean subrogatu behar zituen langile guztiak. .

Zehaztearren, Limpiezas Villarrentzat lan egiten zuten 8 langile kanpoan geratu dira. Aipatu langileek auzi-eskea jarri dute, haien ustez, Garbialdi derrigortua dagoelako haiek subrogatzera. Auzi-eske hauetako batzuei epaia eman zaie. Epai guztiak langileen aldekoak izan dira, hala ere, enpresak ez ditu berronartu. Dagokien ordaina eman ostean, kale gorrira bidaltzen ditu.

LABek jarrera hau salatu nahi du, enpresarena nahiz esleipenaren ardura duen administrazio publikoarena. Erabilera publiko eta orokorra ematen zaien eraikinen garbiketa eta higienea oinarrizko zerbitzuak izanik, hauen azpikontratazioa, horren hedatua eta horrenbesteko prekarietatea sortzen duena, ez daiteke gauzatu enplegua ezegonkortuz. Honen bidez langile hauek berehala berronartuak izan daitezela eskatzen dugu.
 

 

 

Guggenheim Museoko hezitzaileen greba prekarietatearen aurka

0


Guggenheim Museoan Manpower Group Solutions enpresarekin azpikontratatuak dauden hezitzaileak gaur greban daude bizi duten egoera prekarioa salatzeko. Egoeraren berri emateko agerraldia eskaini dute museoaren kanpoaldean eta bertan, "kalitate eta bikaintasun estandarrak" titanioaren barruan ere aplika daitezen eskatu die Solomon Guggenheim fundazioari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari.


Guggenheim Museoan Manpower Group Solutions enpresarekin azpikontratatuak dauden hezitzaileek eskaini duten prentsaurrekoaren edukiak

GREBA EGUNA BILBOKO GUGGENHEIM MUSEOAN

KALITATE ETA BIKAINTASUN estandarrak titanioaren barruan ere aplikatzea eskatzen dugu

“Guggenheim Museoan Manpower Group Solutions enpresarekin azpikontratatuak gauden HEZITZAILEOK hemen bildu gara gaur, orain dela urte asko jasaten ari garen prekarietatea eta ezegonkortasun laborala publikoki salatzeko.

Goi mailako FORMAKUNTZA duten 18 HEZITZAILE gara (lizentziatuak, hizkuntza desberdinen hiztun, masterra, disponibilitatea, balioaniztasuna eta etengabeko formakuntzarekin) eskatzen diren kalitate estandarrak eta bikaintasuna betetzeko.

Ez gara ‘esperimentalak’, eta egiten ditugun lanak ez dira ‘ekintza puntualak’ nahiz eta museoak egindako prentsa ohar ofizialean horrela azaldu duen. Gure eginbeharra, orain dela urteak hezkuntza programen garapena gauzatzen dugu, eta horren aurpegia gara gainera.

2015eko datu ofizialetan:
Kolektibo ezberdinentzat Museoak burutzen dituen hezkuntza programetan 577.266 pertsonek hartu zuten parte (irakasleak, haurrak, gazteak, familiak, museoaren lagunak, helduak) eta hauetatik 107.594, ORIENTATZAILEOK, guk geuk, artatu genituen, eta zuzendariaren hitzetan ‘egonkortu’ den zerbitzua da orientatzaileona.

Bilboko Guggenheim Museoko Giza Baliabideak eta Kalitate arloko arduradunaren hitzetan: “Aitzindariak gara pertsonak kudeatzeko moduan” eta “errotazio gutxi dugu, eta hau arro egoteko balio bat da, lan egonkortasun handia mantentzen dugu eta hori ona da”.

Hala ere, GURE KASUAN, zerbitzua azpikontratatu eta gero, estandar kualitatiboak eta bikaintasunezkoak ez dira betetzen inondik inora:

− Gure lanpostua, lan baldintzak eta soldatak EZEGONKORRAK dira, SUBROGAZIOA ez delako kontratazioan bermatzen, eta urtero (bi urtetik behin zortearekin) enpresa merkeenak aukeratzen dira, lan kalitatean honek duen eragina kontutan izan gabe.
− Ez da inolako plusik aitortzen jaiegunetan edo gaueko lanean. Eta ez dugu aintzinatasunik.
− Ez da dagokigun KATEGORIA PROFESIONALA aitortzen eta horregatik gure soldatak ikasketarik gabeko lan postuen soldaten ratioan mugitzen dira, oinarrizko soldata 5.35€ gordin orduko (gehi plusak eta prorratak) eta kasurik hoberenean 12.30€ gordin ordukoa da.
− Soldata minimo interprofesionaletik oso urrun dauden soldata aldakorrak kobratzen ditugu hilero. ‘Tarifa laua’ aplikatzen zaigu eta edozein zerbitzu egiten dugula ere, orduko kobratzen dugu baina ordu horiek ez daude bermatuak (ordu minimorik ez dago)
− Erakusketa bakoitza prestatzeko katalogoa EROSI egin behar dugu (edo liburutegian kontsultatu) eta gure etxean egiten dugu lan hau musutruk.

Juan Ignacio Vidarte Museoko zuzendariaren hitzetan, “zonaldeko aberastasunaren parte garrantzitsua gara, suspertze ekonomikorako zein eraldatze edo proiekziorako instrumentua gara, eta horrek gizartean dugun papera modu sentsible baten kontutan izatera behartzen gaitu.

Hau guztiagatik, Bilboko Guggenheim Museoko Patronatoaren (Solomon Guggenheim fundazioa + Bizkaiko Foru Aldundia + Eusko Jaurlaritza) esku dago egoera lotsagarri honekin bukatzea, eta Bilbo eta Bizkaiko motore ekonomikoaren ‘berezkoa dna’ osatzen duen ERANTZUKIZUN SOZIALA aplikatzea.

Bilboko Guggenheim Museoko KALITATE ETA BIKAINTASUN estandarrak titanioaren barruan ere aplikatzea eskatzen dugu, aurki hezkuntza zerbitzua emateko publikatuko duten lizitazioarekin kontratatzen duten enpresa zeinahi dela ere.

PASIBOTASUNA eta ARDURAK SAIHESTEA lan baldintzen kalitateari dagokionez, ez da Museoak bilatzen duen bikaintasun kulturala lortzeko bidea, eta horregatik GAUR GREBA EGUNA da, titanioan ezkutuan dagoen prekarietatea jendaurrean aurkezteko eguna.”

Manpower Group Solutions-ek azpikontratatutako Bilboko Guggenheim Museoko Hezitzaile taldea

 

 

 

Biztanleria aktiboaren jaitsierak azaltzen du langabeziak urteko bigarren hiruhilekoan behera egin izana

Bigarren hiruhilekoari dagokion Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, Hego Euskal Herri osoan, 1.159.300 pertsonek egiten dute lan, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, kopuru txikixeagoa den datua. Datu honek, apirilean eta ekainean, Bizkaian eta Gipuzkoan eman den landunen kopurua handitzeak Araban eta Nafarroan pairatu den enplegu suntsipena konpentsatzeko ez duela balio izan erakusten du.

Bigarren hiruhilekoari dagokion Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, Hego Euskal Herri osoan, 1.159.300 pertsonek egiten dute lan, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, kopuru txikixeagoa den datua. Datu honek, apirilean eta ekainean, Bizkaian eta Gipuzkoan eman den landunen kopurua handitzeak Araban eta Nafarroan pairatu den enplegu suntsipena konpentsatzeko ez duela balio izan erakusten du.

Hortaz, bigarren hiruhileko honetan eman den jaitsiera berri ona baino, kezka iturri da, biztanleria aktiboa urritu izanari bakarrik zor zaiolako, ez ordea enplegu garbia sortzeari.

Biztanleria aktiboaren bilakaera honek adoregabetutako langabeziaren kopuruan eman den igoera estaltzen du; lana aurkitzeko aukera hondatzen ari denaren adierazgarri garbia. Egoera honek enplegua aktiboki bilatzeari uzten zaiola eragiten du, eta horren ondorioz langabezia, itxuraz, urritzen dela.

Gainontzean, prekarietatea eta azpi-enplegua dira lan egoera honen ezaugarri adierazgarrienak. Soldatapean diharduen lau pertsonetatik batek aldi bateko enplegua betetzen du; eta lanaldi partzialean lan egiten duten langileen %60ak baino gehiagok nahi gabeko zereginetan dihardu, aldi osoko enplegua aurkitzea ezinezkoa gertatzen zaielako.

Hortaz, 168.300 langabetuez gain, Hego Euskal Herrian badira beste 123.400 azpi-enplegatuak.

Lan araudiak hainbat hamarkadetan desarautu ostean, egungo lan harremanetarako ereduak, dirudienez, bi aukera soilik eskaintzen dizkigu: aldi batez enplegu prekarioan eta gaizki ordainduan aritzea edo bestela, langabezian iraun aldi mugagabe batez.

Honen harira, salatu behar dugu botere publikoek bihozgabe agertzen ari direla krisialdi eta gizarte-larrialdi egoera honetan; ez daude prest erantzun onargarri eta zuzenak emateko.

Haien gobernu ekintzaren ardatzak langileria osatzen duen gizartearen gehiengoak dituen premiez arduratu beharrean, lehiakortasuna, nola edo hala eta erreforma bidez, handitu behar dela erabaki dute; prekarietatearen hedapena, lan eskubideen murrizketa eta soldatak urrituz, eskulana debaluatzea eragin dute.

Estrategia honek aurrerantz ihes egitea eta porrot egiteko arriskua duen eredu ekonomiko hauskorra iraunarazten tematzea dakar, gero eta txirotasun handiagoa jasan behar izatera eta gizarte aldeak areagotzera garamatzalako.

PP-PSOE tandemak botere ekonomikoen menpekoa den politika antisozial horren borrero eraginkorra dela erakutsi du. Tamalez, adierazle guztiek hurrengo gobernua eratze aldera aipatu aliantza estutuko dela adierazten dute. Baldintza horrek behartzen gaitu zelatan ditugun mehatxu berri horien aurkako erantzun sindikalaren gaitasuna indartzera.

 

 

 

ACB errentagarria zen eta da

0

Denbora badoa eta Sestaoko altzairutegiak itxita dirau. Enpresak esaten zigun haren plana maiatzaren 31 baino lehen onartu behar zela, larrialdi atzeraezina zegoelako bezeroei eskariak emateko. Hara ba, larrialdiak larrialdi, uztailak 28 dituen honetan altzairutegiak itxirik dirau.

Enpresak proposatu zuen plan bera CCOOk eta UGTk bere egin bazuten ere, baldintza hori betetzea ez da nahikoa izan lantegia zabal dezaten. Diotenez, horrez gain, beharrezkoa gertatuko da ere erakundeen laguntza ekonomikoa. Iadanik ez dute aipatzen Txinaren dumpinga eta argindarraren tarifa. Igarotzen den egun bakoitzeko, gero eta agerikoa egiten zaigu gezur handi batez ari garela. Hori adierazteko honakoan oinarritzen gara:

1.- ACB ZENBAKI POSITIBOETAN DAGO.
Gaur egun, oinarrizko altzairu bobinaren prezioa Europako merkatuan 430 bat €/tonakoa da. Oinarrizko altzairu bobina ekoizteko prezioa ACBn, 2016ko urtarrilean, 387 €/egunekoa zen. Hortaz, + 40 €/tonako marjina positiboa dugu.

Honez gain, esan, gaur egun, ACBk dituen eskarien erdiak (%50a) balio erantsi handiko altzairu bereziak ekoizteko direla, eta haren prezioak merkatuan 900 €/tona gainditzen duela. Mota horretako bobina bakoitzak 200 € baino gehiagoko marjina positiboa du.

Horrela, eskariak baditugu eta gure kostaprezioa merkatuan dagoen salmenta prezioaren azpitik badago, zergatik jarraitzen du geldirik? Ez dago inolako justifikaziorik geldirik jarraitzeko.

Are gehiago, berresten dugu enpresak nahita eusten diola egoera honi.

2.- ENPRESAREN PLANA EZ DA INOLAKO PLANA.
Enpresak agertu duen planak berresten gaitu lehen esandakoan: ACB errentagarria zen eta da. Egitasmo hau astakeria hutsa izateaz gain, lan eskubideei dagokienez, industria ikuspegitik, ez du ez hanka ez bururik. Ez dute proposatzen inbertsiorik, ez eta ekoizpen prozesuan aldaketarik, ez ezer. Altzairutegia itxi aurretik ekoizten ziren 55.000 tona baino, 12.000 tona ekoiztera mugatzen ziren soilik, non %12a bakarrik (1.500 tona) balio handiko altzairuak ziren. Enpresaren iritziz, lehen ez bagina errentagarriak, nola demontre izango gara plan honekin? Zein datutan oinarritzen da enpresa? Ez dago seriotasunik!

Beraz, Sestaoko altzairutegia lehenbailehen abiaraz dadila eskatzen dugu. Utz diezaiotela gezurrak esateari! Bazter ditzatela xantaiak! Erreala izango den etorkizuneko egitasmoa behar dugu. Enpresa batzordeak landu zuen eta erakundeen babesa jaso zuen industria planak mahai gainean dirau. Arcelor Mittalek ez badu altzairutegi honen alde egin nahi, lehiakorra ez dela ulertzen duelako, argi eta garbi esan dezala eta, bidenabar, azaldu dezala zergatik orduan ez duen salgai jarri nahi, lekua utziz egun nahi duenari.

Azkenean altzairutegi hau itxiko balitz, erakundeak, eta batik bat Eusko Jaurlaritza, egoera honen erantzunkideak izango dira ere.

 

 

 

Euskal preso eta iheslariak etxera!

Gaur, hilak 28, Deba bailarako azken ostegunetan egin ohi dugun bezala, euskal preso eta iheslarien eskubideen alde eta etxean nahi ditugula aldarrikatzeko kalean izan gara. Gaurkoan Debako hondantzan mobilizatu gara.
 

 

 

Araiako NESTLÉ lantokiko hitzarmenaren negoziazioa blokeo egoeran

0

Araiako NESTLÉ lantokiko enpresa komiteak enpresa-hitzarmena berritzeko negoziazio prozesua blokeo egoeran dagoela salatu dute. 2015eko ekainaren 10ean abiatu zen negoziazioa desbloketu asmoz mobilizazio ezberdinak iragarri dituzte. 

Aipatu negoziazioa 2015ko ekainaren 10ean abiatu zen. Sindikatuen Plataforman barne biltzen diren gairik aipagarrienen artean, ondorengoak daude:

– Hitzarmenaren deskuelgearen aurreko blindajea
– Ontziratze saileko langileen lan osasuna
– Interinoen kontratuak
– Soldata igoera

Hainbat bilera burutu ondoren, negoziazio prozesuaren blokeo egoera nabaria da. Egoera larriagotu delarik, langileria pairatzen ari garen informazio eza eta zalantzak kontutan hartzen baditugu. Izan ere 2016ko urriaren 1tik aurrera enpresa Froneri Iberia, S.L. izendatzera pasatuko baita.

MOBILIZAZIO DINAMIKA
Hasteko, asteazken (uztailak 27) honetatik aurrera eta astea amaitu arte, elkarretaratzeak burutuko dituzte enpresaren aurrean “Bidezko hitzarmen baten alde eta lan baldintza duin batzuen alde”. Eta hurrengo astetik aurrera, ordu beteko lan uzteak burutuko dituzte hiru txandetan.
 

 

 

Negoziazio kolektiborako euskal esparruaren defentsan berresten gara


ELA eta LAB sindikatuek agerraldi bateratua egin dugu gaur, Donostian. Joan den uztailaren 22an Eusko Jaurlaritzak, Confebask eta CCOO eta UGTek sasi-gizarte elkarrizketarako mahaian sinatutako akordioa salatu eta haren larritasunaz ohartarazi dute bi sindikatuetako bozemaleek.

Pasa den astean Jaurlaritza, CONFEBASK eta CCOO–UGTk, hilzorian zegoen elkarrizketa sozialeko mahaia berpizteko borondate argia erakutsi dute. Bi akordio egin zituzten, bata negoziazio kolektiboari buruzkoa eta bestea elkarrizketa sozialaren instituzionalizazioari buruzkoa. Bata eta beste lotuak daude.

Garbiñe Aranburu, LABeko ekintza sindikaleko eta negoziazio kolektiboko idazkariak gezurtatu egin du akordioen helburua negoziazio kolektiboko esparru propioa babestea denik, “hori gezur borobila da”, adierazi du, “CONFEBASKek ez du euskal esparruko negoziaketak babesteko egitura akordiorik nahi”.

Argi geratu da egon diren bi saiakeratan. “Bietan xantaia egiten saiatu da eta euskal esparrua babesteko asmoa aitzakia hartuta, negoziazio kolektiboan indar posizio hobeak eskuratzen saiatu da. CONFEBASKek euskal langileen prekarietatean sakontzeko jarraitzeko akordioa nahi zuen eta lortu du, beti horretarako prest egon den gutxiengo sindikalarekin eta JAURLARITZAren laguntza paregabearekin”.

“Zinikoa” izan da, berriz, CCOO eta UGTk erakutsitako jarrera. Aranburuk gogoratu bezala, “hemen, bertako hitzarmenen salbatzaile gisa agertzen diren bitartean, Madrilen euskal esparrua erasotzen baitute”.

Akordioaren benetako helburuez galdetuta, Aranburuk hiru asmo nagusi salatu ditu:

“Jaurlaritzaren aldetik argi geratu da erabat patronalaren aldeko hautua egin duela, langileen gehiengoaren interesak alde batera utziz. Euskal langileei iruzur egin die. CONFEBASKekiko menpekotasun jarrera du, eredu eta proiektu ekonomiko neoliberal berbera babesten dute”.

LABentzat akordo honekin egiten duten apustua argia da, “prekarietatean sakondu baino egingo ez duen lan harreman eredu baten aldekoa, estatuko eredu berbera”, zehazki, eta ildo horretatik Aranburuk ohartarazi du “lan kostuen etengabeko merketzean” oinarritzen den lan harreman eredua baten alde egitea ez datorrela bat berrikuntza eta balio erantsian oinarritzen den garapen ereduarekin.

Helburu horretan aurrera egiteko erditik oztopoak kentzeko “bidezidorra” topatu nahi izan dute, gutxiengo sindikalarekin horrelako akordioak eginez, “negoziazio kolektiboa erabat desitxuratuz, hitzarmenak gutxiengoan sinatuz eta gehiengo sindikala baztertzeko erabakia muturreraino eramanez”.

Gogor salatu dugu gaurkoan erabakia, “erabaki erabat antidemokratikoa”, LABen irudiko. Eta ondorio larriak izango dituena, gainera, elkarrizketa soziala erakundetzeko asmo argia azaldu dutelako. “CCOO eta UGTren babesa eta menpekotasun jarrera finantzaketa bidez erosteko modua baino ez da”, adierazi du LABeko bozemaleak.

Honen aurrean zer? Hori da orain erantzu beharreko galdera: Negoziazio kolektiborako euskal esparruaren defentsan berresten gara eta hitzarmenen desblokeoaren aldeko apustua egiten dugu (ez edozein hitzarmen, edukiak dituzten hitzarmenak, beti ere).

Amaitzeko, Aranburuk alderdi politikoei eskaria egin die, beren jarrerak argitu ditzaten, “Lan Harremanetan geratzen ari dena ez delako patronal eta sindikatuen arteko lan arazoa, arazo politikoa baizik.

Jaurlaritzak egin du, patronalaren alde egin ere, argi eta garbi.