2025-12-27
Blog Page 1011

CGTk LABsindikatua erasotu du


LABek prentsaurreko bat eman du, goiz hontan, hilak 13 Baionan, CGTek aurkeztu helegitea salatzeko. hain zuzen ere, Estatu frantsesean heldu diren azaroan eta abenduan izanen diren enpresa tipietako hauteskundeetan LAB ez aurkezteko errekurtsoa aurkeztu du CGT sindikatuak.

CGTk LAB sindikatuari eginiko erasoa salatzen dugu : CGTk LAB argiki atakatu du. CGT beldur da bere lehen tokia galtzeaz estatu frantsez mailan nun prest den sindikatu ttipien lana xehatzea bere interes proprioentzat.

15 urte LAB existitzen dela, eta gaur egun nehork ezin du gehiago LABen lan sindikala zalantzan jartzen. Duela hilabeteak karrikan girela langileen ondoan «lan legearen erreforma» salatzeko ispiritu kolektibo batean.

Eta Montreuileko CGT-ko zentral sindikalak sindikata ttipiek eginiko lana lehertzea erabakitzen du? ez du besterik egiteko?
LABentzat, eraso horrek egunero LABekin gobernamendu eta nagusien aurka borrokatzen direnak laidoztatzen ditu.

Sortu denetik, LAB Euskal Herriko langileen zerbitzurako tresna bat bezala garatu da. CGTren arabera, LAB Errepublikako baloreen aurka kokatzen da elebiduntasuna gure komunikatuetan erabiltzen dugulako. CGTk berriro atakatzen gaitu baina hau ez da LABen aurkako eraso xume bat, pundu anitzetan ondorio pizu eta latzak ukaiten ahal dituen eraso orokorrago bat baizik.

1- Demokraziari egindako erasoa

LAB Sindikatua 2000. urtean sortu zen Ipar Euskal Herrian eta  nagusi batzuk aparte, nehork ez du gure bidezkotasuna zalantzan ezartzen.

Hauteskunde anitzetan aurkeztu gira arazorik gabe : 2002 eta 2008 ko Prud’hommesetan, 2012 ko Enpresa ttipi ttipien hauteskundeetan (TPE) eta enpresen hauteskundeetan…

Gure ekintza sindikala baztertzen saiatuz, eta gure hautagaitza baliogabetzen saiatuz TPE hauteskundeetan, CGTk langileei hautatzeko eskubidea kendu nahi die. Gizarte zibilari erabakitzeko aukera uztea demokraziaren oinarria da.

CGT zertaz beldur da? Eztabaidaz? Edo gure proiektu sindikalak langileen partetik sustengu handi bat lortzeaz beldurtzen da? CGT ez al da sinpleki demokraziaz beldur azken finean ?

2- Sindikalismoari eta langilegoari egindako erasoa

Gaur egungo testuinguruan, nola CGTk LAB bezalako sindikatua atakatzen ahal du jakinez duela hilabeteak LAB borrokatzen ari dela (eta kolektiboarentzat gainera) azken erreforma anti sozialaren aurka?

Langileek batasun eta elkartasun gehiago galdegiten dutenean CGTk nola egin dezake ezikusiarena? LABek pentsatzen du sindikatua langileen zerbitzurako tresna izan behar duela.

Eraso honek erakusten du CGTrentzat bere interes proprioak langileen interesak baino balio gehiago dutela. Eta hortara heltzeko ez du dudatzen « ttipienen » zapaltzea.

3-Euskara eta euskal sentimenduari egindako erasoa

CGTk erabilitako argudioak hurbilagotik begiratzen baditugu, argi da CGTren arazo bakarra LABekiko; euskararen erabilpena dela bere egunerokotasunean.

CGTk erabilitako argudioak gure baliogabetzeko faltsuak eta oinarririk gabekoak dira. Euskal gizarteari eginiko eraso zuzena da. CGTren iritziz, elebiduntasuna erabiltzeak edo euskaren alde posizionatzea diskriminizatzen duen neurria da.

CGTk duen ikuspegi ultranazionalista konpara genezake bere fama zatiketan oinarritzen duen alderdi politiko baten ikuspegiari ez…,? Ikusiz nola gaur egun CGT langileen zatitzen saiatzen den…

LABek jadanik Errepublikako baloreei inguruko auziak irabazi ditu eta segituko du. CGTk eramaten duen borroka inutila, zentzugabekoa, alferra eta anti soziala da beraz.

Gaur egun, borroka enpresetan eta karrikan garatu behar da eta ez auzitegietan ttipienak zapaltzen saiatuz.

CGTk ez gaitu gure proiektu sindikaletik desbideratuko, eta egiteko manera hauek onartezinak direla pentsatzen duten langile guziak gure gana etortzera deitzen ditugu eta horien enpresetan antolatzeko galdetzen diegu. Gure afiliatu guziak terrenoan diren lan taldeen indartzea deitzen ditugu ; LAB sindikata enpresa ttipi ttipietan (TPE) presente izaiteko gisan .

 

 

 

Topaketa Ekosozialistak alternatiba eraikitzen jarraitzea ahalbidetuko digu

0

Datorren irailaren 23, 24 eta 25ean, Nazioarteko Topaketa Ekosozialisten III. edizioa ospatuko da Bilbon. Hirugarren topaketa hauetan, gaur egun funtsezko diren bi erronka bakarrean bildu nahi izan ditugu: urgentzia ekologikoa eta larrialdi soziala. Biei ala biei bilatu behar diegu alternatiba, eta pixkanaka, mundu-mailan, alternatiba hori eraikitzen eta berau aurrera ateratzeko sareak osatzen ari gara. Gaur, uztailak 13, prentsaurrekoa emango dugu III. Topaketen berri emateko. LABen izenean, Ainhoa Etxadek hartu du hitza.

Ezer baino lehen, Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusiak, topaketa hauen garrantzia azpimarratu du. Hain zuzen ere
"foro honek alternatiba hori eraikitzen eta ezkerrean horrenbesteko behar diren aliantzak ehuten jarraitzea ahalbideratzen digu". Partehartze soziala bultzatzen duen ekimena da, maila indibidual zein kolektiboan. Bestalde Euskal Herriaren egiteak "gure Herria alternatibak dituzten herrien mapan kokatzeko balioko digu, eta gainera elkarrekin lan egiten eta akordioak lortzen jarraitzeko aukera zabalduko digu"

Zergatik hitz egiten dugu urgentzia ekologikoaz eta emergentzia sozialaz? Jendartea benetan kezkatzen duten bi kontu direlako, gure etorkizunerako determinanteak direlako. Eta horrela izanda, kapitalak eztabaida bereganatu nahi duelako eurak izan daitezen jendartearen aurrean bi krisi hauek kudeatuko dituztenak. Beste behin, krisia sortu dutenak dira beronen aurrean zer egin diktatzen dutenak.

Foro honetan arrazoiez hitz egingo dugu, ez soilik sintomez. Gure iritziz "berdina da krisi ekologikoa eta krisi sozialaren arrazoia: sistema". Eta honen aurrrean alternatiba eraikitzeko unea da. Jendartea boteretzea ahalbidetuko duten eredu politiko berria behar dugu, emakume langileok boteretu ahal izan gaitezen bide eraginkorrak sortuko dituztenak. Eta "alternatiba hori Herrien ekimen sozial eta politikotik abiatuta eraikiko dugu". 

Norabide honetan garrantzitsua deritzogu gehiengoa dugun sindikatuok topaketetan parte hartzea. Etxaidek adierazi duenez "alternatibaren parte izan behar dugu, ez egungo sistemaren estaldura soziala". Inposatu diguten krisi sozialerako alternatiba sindikalak behar ditugu, eta beronen eraikuntzan, ezin dugu krisi ekologikoa erlatibizatu. LANAren egoerari alternatiba topatzeak, lana kapitalaren gainetik jartzea dakar. Aberastasuna banatu behar da horretarako, hazkundea egon zein ez.

"Borroka honekin konprometitutako sindikalismoa baliotsua da kapitalismoari boterea lehiatu nahi dion mugimendu alternatiboarentzat" azpimarratu du Etxaidek. Euskal Herriak alternatiba eraikitzeko gehiengo sindikala izateko aukera dauka. Salbuespena gara Europan. Aldarrikatu eta balioan jartzea egoki irizten diogun zerbait da.
 

 

 

Ainhoa Villaberderi CORREOSen lan egitea galaraztea salatzen dugu

0

Ainhoa Villaberderi, bere militantzia politikoarengatik 2 urteko kartzelaldia eta inhabilitazioa ezarri zizkioten eta orain, Auzitegi Gorenaren jurisprudentziaren kontra, Gasteizko Epaitegi batek berretsi du Correos-eko Lan Poltsetatik kanporatu izana. LABek erabaki horren kontra mobilzazioa burutu du eta helegitea aurkeztuko du.

Ohar honen bitartez, LABek jakinarazi nahi du Gasteizko Epaitegi batek berretsi duela CORREOSen erabakia, zeinaren ondorioz AINHOA VILLAVERDE lan poltsatik kanporatzen zuten. Gogorarazi nahi dugu AINHOA gazte mugimenduaren kontrako sarekada batean atxilotu zutela, kartzelaratu, epaitu eta azkenean Auzitegi Gorenak 2 urtebeteko kartzelaldia eta inhabilitazioa ezarri zizkion.

Hortaz, AINHOA Correos-eko lan poltsan zegoen eta tarteka-tarteka denboraldi batez lan egiten zuen bertan. Gauzak horrela, aurtengo otsailean Correos-ek jakinarazi zion lan poltsatik kanporatzen zutela inhabilitatuta egoteagatik eta ebaluaketa negatiboa jasotzeagatik.

Hala ere, batetik inhabilitazioa zehaztuta egon ezean, Auzitegi Gorenak jada ebatzi du ezin dela aplikatu. ren jurisprudentziaren kontrakoa zen erabakia. Bestetik ere, ebaluaketa negatiboa zigortua izan zen delituak “alarma soziala” pizten zuelako; horren aurrean, esan behar dugu prozedura ez dela legezkoa izan eta Auzitegi Gorenak bere sententzian 2 gradu jaisten zizkionean “alarma soziala” ez zegoelako. Beraz, erabaki erabat politikoa hartu zuen Correos-ek AINHOA lan poltsatik kanporatzen eta orain epaitegi batek bere argudio eskasak aintzat hartu eta erabakia berretsi du.

LABek irmotasunez arbuiatzen du sententzia hori, AINHOAren eskubide baten urraketa bermatzen duelako. Ainhoari bezala, hamarnaka pertsonei beraien militantzia politikoarengatik urratu zaizkie beraien eskubide politikoak, zibilak, askatasuna,… eta orain arlo publikoan lan egiteko eskubidea ere. Sindikatu honek ez du onartzen burutzen ari den eskubide zapalketa hori eta ahal duen bitarteko guztiekin borrokatu du, pertsona hauei bere babes osoa eskainiz. Norabide horretan burutu dugu gaurko mobilizazioa eta horrekin batera, iragartzen dugu arlo juridikoan sententzia horren kontra helegitea aurkeztuko dugula.

 

 

 

Lapurtu diguten boterea berreskuratzeko borrokatuko gara

0


LABek, Ipar Hegoa Fundazioarekin batera, 2016ko ikusmiran txostena aurkeztu du. Bertan Euskal Herriko ordezkaritza sindikalaren bilakaera aztertu da. Mapa sindikalaren bilakaera plazaratu ostean, Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusia, aurrera begira jarri da eta adierazi du LABen erronka lortutako ordezkaritza prekarietatearen kontrako borrokan inplikatzea eta mapa sindikalaren aurrean iniziatibak hartzea dela, eta hau derrigorrez pasatzen da ELA eta LABen arteko elkarlana berrezkuratzetik.

Jagoba Zuluetak, Ipar Hegoa Fundazioko kideak, izan du Ikusmiran txostena aurkezteko ardura. “Lan honekin sindikatu bakoitzaren ordezkaritza soilik jasotzea baino, euskal sindikalismoaren ordezkaritzaren eta estalduraren bilakaera begiratu eta aztertu nahi izan dugu”. Azterketa mamitsua da eta asko dira aipa daitezken datuak. Lehenik eta behin agerian geratu da “sindikatuek ofentsiba gogorra jaso arren langileen artean eskubideen eta lan baldintzen defentsarako baliabide sendo bezala kontsideratzen dela”. Hala ere sindikalismoa birpentsatu beharra dago langileek bizi dituzten egoerei aurre egin ahal izateko. Eta amaitzeko “sindikatu abertzaleek ahalmen eta indar handia erakusten ari direla” nabarmendu du Zuluetak.

Gorka Berasategi, ejekutiboko kideak, ikusmiran txosteneko hauteskunde sindikalen atalari erreparatu dio. Sindikatuek izan duten bilakaeraren inguruko gako batzuk eman ditu. Zentzu horretan bi fase nagusi nabarmendu ditu, bata 1995etik 2014 arte, non ELA kontsolidatzen den EAEko lehenengo indar gisa eta CCOO eta LABek gora egiten duten. Garai horretan, Nafarroan CCOO-UGT blokea indartzen da. Bigarren fasean 2014tik aurrera egoera aldatzen da, ELAk bere lehen postua mantendu arren LAB da gehien indartzen den sindikatua. EAE zein Nafarroako argazki sindikala aldatu dira. Nafarroan CCOO eta UGTk gehiengo absolutoa galdu dute eta EAEn LAB bigarren sindikatua bilakatu da CCOOren aurretik.

Ikusmiran txostenean murgilduz, Ainhoa Etxaidek, datu guzti horien inguruan egiten dugun irakurketa plazaratu du. Idazkari Nagusiaren iritziz “bi klabe daude ordezkaritza honen atzean: batetik aurreko belaunaldiak sindikatu sendo eta kontsolidatu bat utzi izana eta bigarrenik belaunaldi berriak azken urteetan egindako ekintza sindikala, hartutako konpromiso sozialak eta finkatutako jarrera politikoa”. Sindikatuak lortutako emaitzen atzean LABen lerro propio bat dago bai negoziazio kolektiboan eta bai instituzioen aurrean ere.

Datuak hor daude, “azken 30 urteetan mapa sindikal irauli egin da” eta LABek gehiengoa eman eta kentzen dituen hirugarren sindikatua izateari utzi dio. Gure ustez momentu honetan “LABen balioa finkatu dugun eta egiten dugun ekintza eta estrategia sindikalan datza”.

LAB ez zen jaio ordezkaritza handia duen sindikatu bat izateko, bestelako Euskal Herri bat langileei eskaintzeko baizik. Ikusmiran honekin aztertu nahi izan dugu ordezkaritza sindikal honek zer botere ematen duen ikusten baitugu ordezkaritzak indartu arren horrek ez duela botere sindikala indartzea ekartzen. Egoera honen aurren eta Kongresuaren atarian Birpentsatzen prozesuari ekin zion sindikatuak. Hau da sindikalismoa krisian dagoela esaten den honetan, “euskal sindikalismoa eta konkretuki LAB biluztu nahi izan dugu jantzi berri bat egiteko, sindikalismo eraginkorragoa egiteko”.

LABek hamaika erronka ditu aurrean. Lehenik eta behin ordezkaritza zabaltzen jarraitzea eta “ordezkaritza hau prekarietatearen kontrako borrokan inplikatzea”. Bestalde langileen babes hau mobilizazio soziala suspertzeko baliatzea, hau da “jendea LABen ekimenez kalera ateratzea nahi dugu”. Azkenik mapa sindikalaren aurrean iniziatiba hartzea eta hori derrigorrez pasatzen da ELA eta LABen arte elkarlana berreskuratzetik. Elkarlan hori hiru norabidetan kokatzen dugu: ekintza sindikala eta negoziazio kolektiboaren bidez langileen babesa indartzeko, hain zuzen ere gure ustez “konfrontazio garaia askoz ere emankorragoa izango da elkarlanean ireki eta garatzen badugu”. Bigarrenik mobilizazio soziala suspertzea. “Emergentzi egoera batean gaude eta emergentziazko neurrika hartu behar dira eta hori bakarrik egingo dugu kalera ateratzen bagara”. Zentzu horretan ELA eta LABek badugu beste eragile askorekin egindako programa soziala horretarako. Eta hirugarrenik uste dugu hemen aldaketa politiko eta soziala lortuko badugu burujabetza prozesua ireki behar dela. Argi dugu ezinezkoa zaigula gure bidea egitea PPk lideratuko duen Gobernu batekin. Guk murrizketa eta inposaketa berriak aurreikusten ditugu eta horren aurrean uste dugu “herri honek aurrera urrats bat eman behar duela eragile politiko sozial eta sindikalen ekimenez. Eta zentzu honetan eragile sindikal nagusiak ELA eta LAB gara eta aurrera urrats bat emanez gero aldaketa prozesu hori ireki eta ezurmamitzeko gai izango gara”.

 

 

Arcelor Mittal Zumarragako langileek uko egiten diogu itxiera onartzeari

0

Arcelor Mittal Zumarragako enpresak negoziazioak amaitutzat eman dituen honetan, enpresa-batzordeak kontzentrazioa eta prentsaurrekoa egin ditu asteburu honetan bere jarrera jakinaraziko du. Hain zuzen ere Arcelor Mittalen jarrera salatu nahi du, azken hau oztopatzen ari baita lantegia ixtearen aurrean alternatiboa izango den edozein aukera.

Arcelor Mittal Zumarragako enpresa-batzordearen oharra:

Arcelor Mittal Zumarragako enpresa-batzordeak Arcelor Mittalen jarrera salatu nahi du, azken hau oztopatzen ari baita, hiru hilabete pasatu direnean itxierarako prozeduraren hasieratik, lantegia ixtearen aurrean alternatiboa izango den edozein aukera eragozten ari baita. Ez du zentzurik esateak ezinezkoa dela edozien jarduera industrial mantentzea eta jarduerari eusteko egin zitekeen guztia egin dela eta era berean, edozein alternatiba aztertzeari berari uko egitea. Proiektu errentagarri eta bideragarria atera daitekeela uste dugu, baina horretarako lantegiaren aldeko apustua egin behar dela. Arcelor Mittalek nahi ez duena da hirugarren batek ebidentziak uztea, bere benetako asmoa ekoizpena deslokalizatzea dela agertaraziz.

Arcelor Mittalek, enpresa utzi nahi duten langileen irteera errazteko akordioa xantaia larria bihurtu du: gure bizitza goitik behera baldintzatuko duen erabakia aste betean hartzea, ezer konponduko ez duen kalteordain baten artean edo ziurgabetasun osoaren artean aukeratu beharra: lekualdatzeko aukera baten alde agertzea nora eta noiz jakin barik, baldintzak edo soldata ezagutu barik, gero ezer gabe gera gaitezkeenaren mehatxupean. Hiru hilabete baino gehiago pasatu dira lekualdatze prozesua hasi zenetik, eta Arcelor Mittalek dio oraindik ez dakiela nora lekualdatzen gaituen. Gure seme-alabak ere ezin ditzakegu matrikulatu, lekualdatzea beste aukerarik ez dugunok ez dakigu ezta ze hiritan biziko garen. Arcelor Mittalek nahi duena da ia guztiok kaleratzearen alde egin dezagun.

Era berean, Industria Sailburuarekin egindako azken bileraren berri eman nahiko genuke. Bertan behera uzten gintuela esan zigun, ezin zuela ezer gehiago egin. Erantzun lotsagarria iruditzen zaigu, gobernu batek egin behar duenetik urruti dagoena. Ze urruti geratzen diren argazkilariak agertzen ziren bilera haiek, zeintzutean esaten baitzen sintonia erabatekoa zela! Gobernuak ezin badu legalki eragin multinazional batek egiten dituen bidegabekerietan legeria aldatu beharko litzateke, biana ez dugu agertzen Eusko Jaurlaritzak horretan babestea bere burua. Enpresa Batzorde honetatik Eusko Jaurlaritzatik onartutako proposamen zehatzak egin dira, egiteko borondatearen menpe zeudenak soilik, baina gero zehaztu ez direnak.

Pazientziaz itxaron dugu konpromisoak betetzen ziren, baina eman diguten erantzuna, esanez ez direla gure egoeraz arduratuko, gehiegi izan da.

Aurkeztuko zutela agindu ziguten kanpo auditoritzako eskaria. Ez da aldatu Eusko Jaurlaritzak enpresari aurkeztu zion plana. Ez dute hartu inolako konpromisorik itxierari juridikoki aurre egiteko. Ez dute bideragarritasun plan alternatiborik egitea agindu.

Kontraesankorra dirudi, baina gure ustez Eusko Jaurlaritzak eta Arcelor Mittalek elkar elikatzen dute euren jarrerarekin. Ematen du batzuk zein besteek bilatzen dutena guk amore ematea dela eta lantegiaren itxiera onartu, eskualdearentzan dakartzan kalte guztiekin. Horrela, lantegia behin betiko ixstea lortuko lukete, eta euren ekintza falta zuritu.

Argi eta garbi esan nahi dugu: uko egiten diogu itxiera onartzeari. Ez zaigu ez bidezkoa ez justifikatua iruditzen. Konponezina den kaltea sortzen du, arrazoirik gabe lantegi bat ixtea ahalbidetzen duen laneko legeria probestuz. Azkenera arte jarraituko dugu borrokan, eta esandakoagatik bakarrik gaudela eman dezakeeen arren, inoiz baino babes gehiago sentitzen dugu herritarren aldetik eta eskualdetik. Eta horregatik jarraituko dugu borrokan. Badakigulako Zumarragako proiektu industriala posiblea eta beharrezkoa dela.

Hala ere, interpelatzen jarraituko dugu. Eta publikoki esan nahi diegu ez dezatela Arcelor Mittal finantziatu, lantegi guztietan proiektu industriala bermatzen ez den arte. Ez genuke ulertuko diru publikoa gure kaleratzeak ordaintzeko erabili ahal izatea.

 

 

 

Olagibel Osasun Zentroko X Izpien Zerbitzua zabalik mantentzeko borrokan ari dira langileak

0

Araba ESIko zein Osakidetzako zuzendaritzek Gasteizko Olagibel Osasun Zentroko X Izpien zerbitzua itxi nahi dute. Erabakiak langile zein erabiltzaileen haseerre piztu du. Izan ere, zerbitzu hau ixteak behin behineko lanpostuak galtze ekarriko du eta gaur egun oso ondo funtzionatzen den osasun zerbitzua bat desagerraraztea.

LAB indarrez ari da mobilizazioetan parte hartzen eta sustatzen, ezin dugulako onartu, inondik inora, osasun publikoaren kontrako eraso berririk.
 

 

 

Kutxabank publikoa plataformak aurkezturiko mozioa Bizkaiko Batzar Nagusietan aurkeztu du

Gaur, Euskal Sistema Publikoaren aldeko eta Kutxabanken pribatizazioaren aurkako plataformak aurkeztutako mozioa aurkeztu da Bizkaiko Batzar Nagusietan. Bien bitartean, kontzentrazioa egin dute kanpokaldean. Mozio honetan euskal kutxen likidazio eta bankarizazio prozesua bertan behera uztea eskatuko da. Horrez gain, fundazio bankarioen esku dauden Kutxabanken akzioak aurrezki kutxen fundatzaileen esku uzteko eskatuko da, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiaren esku.

Gure ehun produktiboa defendatzeko baliabide guztien beharra dugun honetan, pertsonen eta enpresa txiki eta ertainen beharrizanei aurre egin behar zaien honetan, ezin dugu onartu gutxi batzuek kutxen likidazioa aurrera eramatea eta Kutxabanken akzioak inbertsore pribatuen esku uztea.

Gure aldarrikapena, Europako beste herrialde batzuetan gertatzen den bezala, Kutxek bere izaera publiko eta soziala mantentzea da; alegia, euskal sistema finantziero publikoa sortzea zeinen oinarrian kutxabank osatzen duten euskal kutxak dauden.

 

 

 

Bizitza berriaren egoera larriaren aurrean zerbitzu sozialak publikoak izatea eskatzen dugu


LABek kezkaz ikusten du Bizitza Berria elkarteak bizi duen egoera. Elkarte honek 2012. urtetik bere langileekin pilatutako zorra, hilabete honetan kitatuko du, ondorioz porrot egoeran geratuz. Gauzak honela, bertako langile eta eralbiltzaileak etorkizun zalantzagarrian utziko ditu.

Bizitza berria, 3. sektorean diharduen elkartea da, gizarte bazterketa edo baztertze egoeran dauden pertsonei, neurrizko edo menpekotasun larriekin, gizarte-laguntza ematera zuzendua. Kasu gehienetan familia eta bitartekorik gabeko pertsonak, Eusko Jaurlaritza, Aldundia eta Udaletxeko dirulaguntzei esker, eta nola ez, elkartean lan egiten duten profesionalei esker, bizirauten dutenak.

LABetik elkartean lan egiten duten langileek bizi duten egoera salatu nahi dugu, ahaztu gabe, 55 erabiltzaile baino gehiagori eragingo dien egoera kezkagarria, zeintzuk erakundeen babespean egon beharko lukete.

Hortaz, instituzioei, Elkarte hauen kudeaketaz zuzenean arduratzea eskatzen diegu, eta ez soilik, urtez urte gero eta murritzagoak diren dirulaguntzak bideratzeaz, erabiltzaile eta plantilaren gain eragina dutenak.

 

 

 

Durangoko Ongi Etorri Errefuxiatuak Plataforma aurkeztu da


Atzo, hilak 7, Durangoko Ongi Etorri Errefuxiatuak Plataforma aurkeztu zen hainbat eragile, sindikatu eta norbanakorekin. Plataformaren helburua errefuxiatuek bizi duten dramaren gainean biztanleria sentsibilizatzea da, pixkanaka jendarte solidarioagoa sortu, gure garai historikoko arazo handiak sumatzeko gai izan eta hainbat konpromiso pertsonal eta kolektibo bere gain hartzeko asmoz.