2025-12-27
Blog Page 1006

Euskotreneko Amarako tren gidari eta operazio agenteak greban

0

Uztailaren 28an Euskotrenen Batzorde Iraunkorrak Amarako (Gipuzkoa) lan-egoitzako tren gidari eta operazio agenteei zuzendutako greba deialdia onartu zuen. Greba deitu izanaren arrazoien artean Zuzendaritzak Hendaia-Lasarte eta Amara-Zumaia lerroetan emango den tren maiztasunen igoeraren aurrean proposatzen duen lan-taldearen handitze eskasa da. Era berean Euskotreneko greba-batzordeak gehiegizkotzat jo ditu Donostiako Aste Nagusiko lanuzteen aurrean ezarritako gutxieneko zerbitzuak. 

GREBA EGUTEGIA:
– Abuztuaren 17,18,19, 20 eta 21ean (19:00etatik 02:00etara).
– Irailaren 4 eta 11ean (8:00etatik 15:00etara).
– Irailaren 9an (22:00etatik 04:00etara).
– Irailaren 12an (egun osoan zehar).

Lanuzteen beste arrazoietako bat Zuzendaritza Araso izango den lan-egoitza berrira bilduko den langile taldeari zuzendutako garraio planik ezarri nahi ez izatea da.

Grebaren azken arrazoia negoziazioetan Zuzendaritzak izandako jarrera zurruna da, alde sozialak zerbitzuaren fidagarritasuna, ikuskatze-trenak zein lan- taldearentzako garraioa bermatzen zuten proposamenak sistematikoki baztertu dituenean.

Finean, grebaren helburua lan-baldintzei eusteko tren gidarien lan-talde finkoa handitzea da, eta Arasoko langileek lanera biltzeko garraio publikoa eduki ahal izatea.

Euskotreneko greba-batzordeak gehiegizkotzat jo ditu Donostiako Aste Nagusiko lanuzteen aurrean ezarritako gutxieneko zerbitzuak

Greba-Batzordetik honako puntuak zehaztu dituzte:

"1.- Donostiako Aste Nagusirako programatutako lanuzteetarako Enplegu Sailak ezarritako %75eko gutxieneko zerbitzuak gehiegizkotzat jotzen ditugu. Gure iritziz, neurri horretako gutxieneko zerbitzuak ezartzea oinarrizkoa den greba eskubidea urratzea da.

2.- Gure haserrea erakutsi nahi dugu Amarako egoitzako langileek eta Arasokoak izango direnek deitutako lanuzteei buruz Euskotreneko zuzendaritzaren prentsa komunikatuan agertutako gezurrengatik.

Grebari buruzko komunikatu honek hauxe zioen "…negoziazioetatik kanpo antolatu eta aurreikusitakoa…" zela. Argitu nahi dugu akordio batera heltzeko enpresaren ezezkoaren ondoria dela soilik greba hau. Halaber, jakin arazi nahi dugu joan den ekainean alde sozialak bertan behera utzi zituela mobilizazio guztiak enpresak hala eskatuta, borondate oneko ekintza gisa eta akordio azkar bat lortze aldera. Borondate oneko ekintza honi erantzunez, enpresak zerbitzutako koadroak inposatu zituen eta edozein akordiori atea itxi zion.

3.- Gezurra da ere Alde Sozialak lan taldea %68 handitu nahi duela. Berez, gure proposamenaren eta zuzendaritzarenaren arteko aldea Tren Agenterakoko 3 lanpostu finkorena zen (langileen %42a %38aren aurrean). Zentzu horretan enpresak egindako proposamenak, aldi baterako lan taldea edo Operazioetako Agenteen olektiboa handitzea zuten helburu (grafiatutako atseden eta zerbitzu koadrorik gabeko kolektiboa eta 3 kategoria desberdinetako funtzioak dituena).

4.- Mingarria da ere, Jaurlaritzatik herritarrei gonbita egitea garraio publikoa erabiltzeko, eta bitartean, Euskotrenek (EAEko garraio publiko enpresarik handienak) 2 tren jarri nahi ez izatea langile gehienak lantokira joan ahal izateko, in itinere gertatzen diren istripuak saihestuz."

Hala ere, argi utzi nahi izan dute prest jarraitzen dutela negoziazioei berriz ekiteko. "Guztientzako lanpostuak eta garraio publikoa lortzeko ari gara borrokan" adierazi dute.
 

 

 

Zainketa aringarrien etorkizuna Osakidetzan

0

IRITZIA
Aitziber Zalbide, LABen delegatua Gorlizko ospitalean
Edurne Agirre, LABeko arduraduna Osakidetzan

Uztailaren 8an Eusko Legebiltzarrean ahobatezkotasunez onartu zen aurretiazko borondateen legea. Zainketa aringarriak etxean, geriatrikoan edota ospitalean jasotzeko eskubidea jasotzen da lege honetan. 

Lege hau onartu aurretik Osakidetzak “Euskadiko Zainketa Aringarrien Plana 2016-2020” aurkeztu zuen. Bertan zainketa aringarrien garrantzia jasotzen da eta asistentziaren edozein eremutan zainketa hauek behar dituzten guztientzat arreta eredu homogeneoa eta zuzena ezarri nahi omen zen.

Duintasuna, ekitatea, eta osasun arreta osoaren garrantzia azpimarratzen du planak, eta baita zainketa hauek behar dituzten pazienteei osasun arreta osoa eremu guztietan eskaini beharra: ospitaleetan, egoitzetan, osasun etxeetan eta gaixoen etxeetan.

Horretarako, hainbat osasun arreta mailetako profesionalen arteko koordinazioaren beharra azpimarratzen du planak. Herrialdearen arabera egungo egoera oso heterogeneoa dela kontuan harturik, Osakidetzak plan honekin osasun sarean dauden eredu desberdinak batu nahi ditu. Araba eta Gipuzkoan gaur egun zainketa aringarriak behar dituzten pazienteentzako eredu mistoa dago. Honen baitan, Osakidetzak ohe publiko gutxi batzuk eskaintzen ditu Lezan (6) eta Donostia Ospitalean (8), baino gehienak ospital pribatuekin egindako hitzarmenen bidezkoak dira: Gasteizko San Onofre klinika (20) eta Gipuzkoako Matia Fundazioa (22 ohe). Ospitalizazio baliabide hauetaz gain badira arreta psikosoziala eskaintzeko beste baliabide batzuk, eta hauek ere zentru pribatuekin hitzarmenak dituzte hiru herrialdeetan.

Gaixo guztiek zainketa aringarriak jasotzeko aukera bermatu eta bateratu asmoz, Osakidetzak Araba eta Gipuzkoako eredua ezarri nahi du Bizkaian ere, ospital pribatu batekin, San Juan de Dios, ohe eskaintza itundu asmo du, Ezkerraldeko biztanleei zuzenduta, Gorliz “urrun” dagoela aitzaki hartuta. Darpon jauna, zentru pribatuekin zerbitzu berriak itundu aurretik sare publikoko baliabideen azterketa egin beharko zenuke. Gaur egun Barakaldon badago ospital bat, San Eloy, non poliki poliki zerbitzuak eta ohe kopurua murrizten ari den, ospitala lan-kargarik gabe utziz. Zentru pribatuetara oraindik eta diru gehiago bideratu ordez, zergatik ez dituzu baliabide publikoak lehenesten, San Eloy ospitalari mota honetako gaixoak zaintzeko baliabide nahikoak eskainiz? LAB sindikatua aspalditik ari da salatzen Osakidetza sare publikoko zenbait zerbitzu funtziorik gabe uzten eta hondatzen ari dela, horrela etorkizunean gaixoak zentru pribatuetara bideratzeko aitzaki ezin hobea izango dute, EAJk osasungintza pribatuan dituen interesen mesedetan.

Garrantzi handiko beste puntu bat paziente hauen tratamendu psikologikoarena da. Zainketa aringarrien Osakidetzaren planak lan honetarako San Juan de Dios eta La Caixarekin itun berri bat egitea proposatzen du. Zergatik itun berri bat egin? Zergatik ez bidali pazienteak hiru herrialdeetan zabalpena duen, eta erabat ahazten duten Osasun Mentaleko Sarera?

Egoera terminalean dauden paziente hauei Lehen Arretako eremutik gertuko zerbitzua eskaintzearen garrantzia ere azpimarratzen du dokumentuak, baina osasun zentruetako baliabideak handitzeko diru-kopururen bat zehaztea ahaztu zaie.

Azkenik, langileen formakuntzaren garrantzia aipatzen da, EHUk eskaintzen duen zainketa aringarrien masterra burutzeko lankidetza azpimarratuz. Master honetean San Juan de Dios ospitalak aktiboki hartzen du parte, eta ziurraski Darpon kontseilariak ospital hau saritu nahi du zainketa aringarriak behar dituzten pazienteak bertara bideratuz.

Kontseilari jauna, Zainketa Aringarrien Plan berria biziaturik jaio da. Izan ere, bere jestioak dirua itundutako zentro pribatuei ematea besterik ez dakar, zentro publikoen kaltetan. Tamalgarriena da guzti hau egiteko paziente ahulenetaz baliatzen direla, paziente terminalak, Plana diseinatu dutenen zitalkeria agerian utziz.
 

 

 

Gaizka Sopelana errefuxiatua Gurutzetako ospitalean dago jada


Gaizka Sopelana errefuxiatua Gurutzetako ospitalean dago jada
35 urtez Euskal Herritik kanpo izan ostean, Gaizka Sopelana badago gure artean. Gaur bertan Gurutzetako ospitalean ingresatu egin dute, pairatzen duen gaixotasun larriaren gaineko tratamendua jasotzeko. Bertan, ehunka lagunek ongi etorri beroa eman diote, eta aldi berean, euskal preso eta errefuxiatuen eskubide guztiak bermatu behar direla aldarrikatu, baita osasun eskubidea eta gainontzeko euskal herritarrok jasotzen dugun arreta sanitarioa jasotzekoa ere.

 

 

 

Donostiako parkingetako langileak grebekin aurrera jarraituko dute

0

2008tik Donostiako parkingen gestioa EMPARK enpresak darama eta ordutik langileen egoerak okerrera egin du. Egoera salatzeaz gain, soldata igoera eta lan baldintza duinak exigitzeko Donostiako Okendo, Katalunia Plaza, Concha eta Atotxako parkinetako langileak greban daude abuztuko igande guziz. Gainera, egoera aldatu ezean prest daude greba mugagabera joateko.

2008an EMPARK enpresak Donostiako parkingen gestio bereganatu zuenetik baldintza kaskarretan aurkitzen dira langileak, hain zuzen ere igande eta jai eguetan lan egiten dute eta 1000€ inguru irabazten dituzte soilik. Horrez gain langile kopuru murritzak arazoak sortzen ditu beraien lana ondo egin eta zerbitzu on bat eskaini ahal izateko.

Egoera honetan Donostiako Udaletxeak erantzunkizun zuzena du. LABek aspaldi jakinarazi zion udaetxeari zein den egoera eta behin baino gehiagotan saiatu gara udaletxeak parte hartu zezan arazoaren konponketan baina oraingoz ez du inolako borondaterik erakutsi. Arazo hau ez da gaur goizekoa baina zoritxarrez langileei mobilizatzea baino beste biderik ez zaie geratu.

 

 

 

LAB Munduko Foru sozialean parte hartzen ari da

0

LAB Québeceko Montreal hirian ospatzen ari den Munduko Foru Sozialean parte hartzen ari da. LABen parte hartzea Langile auzoan izango da gehien bat, non 9tik 14ra bitartean langile borrokarekin eta sindikalgintzarekin erlazionatutako gaiak jorratuko diren. Hala ere, mundu mailako jendarte mugimendua eta sindikalgintza erlazionatzeko foroetan ere egongo da.

Aurtengoa Munduko Foro Sozialaren 12. edizioa da, baina ipar hemisferioan egiten den lehena. 2001ean Brasilen hasi ziren Munduko Foro Sozialak antolatzen Beste mundu bat eraikitzea posible dela aldarrikatzeko.

Antolatzailek Canadar gobernuaren jarrera salatu dute. Afrika eta Asiatik zetozen 200 nazioarteko ordezkari baino gehiagori bisatuak ukatu dizkie eta Munduko Foru sozialean parte hartu ezinik geratu dira.

Irailak 9an Munduko Foro Sozialaren hasiera ekitaldiak izan dira auzo desberdinetan. Langileen auzoan sindikatu desberdinetako ordezkariek nazioarteko konferentzia ospatu dute eta jarraian Munduko Foro Sozialari hasiera emateko manifestaldi eta ekitaldi nagusia egin da.
 

 

 

Itsasoan izandako azken heriotza salatu dugu

Arrantza sektorean zoritxarreko albiste baten berri izan genuen abuztu hasieran, berriro ere lan baldintza kaskarren ondorioz tostarteko bat hil zen lanean ari zen bitartean. Gertatutako salatu eta neurriak hartzeko exigituz elkarretaratzea egin du euskal gehiengo sindikalak.

LABetik betidanetik eskatzen ari gara arrantza sektorearentzako lan baldintza duinak behar direla. Hau da, interes ekonomikoen gainetik tostartekoen segurtasuna bermatu behar dela eta adibidez, ordutegi irregularrak, tokatzen zaien atsedenak bete daitezela bai itsasoan baita lehorrean ere.

LABetik bai armadore elkarteari, baxurako kofradiei, EAEko Arrantza Sailari, Espainako zein Frantziako gobernuei zera exijitzen diegu: arrantza arduratsu eta iraunkorraren alde egin dezatela, tostartekoen baldintzak hobetzeko, belaunaldi aldaketarako eta gure flota bideragarria izateko apustua egin dezatela eta euren probetxurako arrantzale-langileon eskubideekin eta biziarekin ez jokatzeko.

 

 

 

Guggenheim Museoko hezitzaileek greba eguna izan dute gaur

0

Manpower Group Solutions enpresarekin azpikontratatuak dauden Guggenheim Museoko hezitzaileek 24orduko 8 greba egun egingo dituzte abuztuan zehar pairatzen duten egoerari aldatzeko aldarrikatuz. Egoera honi irtenbide bat aurkitzeko premia dela eta, dei egiten diete berriz ere lan gatazka honetan aktore direnei prekarietatearekin bukatzeko konpromesu irmoa har dezaten.

Guggenheim Museoko Hezitzaileen oharra:

Manpower Group Solutions enpresarekin azpikontratatuak gauden Guggenheim Museoko hezitzaileok 24orduko 8 greba egun egingo ditugu abuztuan zehar, orain arte lan gatazka hau konpontzeko izan ditugun negoziaketetan agerian gelditu den eduki urritasunagatik.

Orain arte, ez dugu gure lanponstua urriaren 1etik aurrera mantentzeko inolako konpromisurik jaso, ezta gure lan baldintzak hobetzeko hitzik ere.

ManpowerGroupek prekarietatearekin ezin duela bukatu dio, Museoak egungo lizitazioan ezartzen dituen baldintzak kontutan hartuta.

Bestalde, Guggenheim Museoko ordezkari moduan, Garbiñe Urrutikoetxeak ‘ahozko’ konpromesu bat hartu du: abuztuaren amaieran edo irailaren hasieran erantzun bat emango du (positiboa edo negatiboa) kontratua bukatzeko hilabete baino ez denean geldituko. Ez du inolako bermerik eman subgrogazioarren inguruan (lan egonkortasuna sustatzeko) ezta gure lanpostuak duinak izateko aurrerapenik agertu ere.

Orain arte izandako negoziaketak ezerezean daude, eta hori ez doa bat bikaintasuna eta gardentasunarekin; Ez dakigu zer nolako lan baldintzak izango dituzte gure lanpostuek Urritik aurrera, eta are gehiago, ez dakigu data horretatik aurrera gure lanpostuak mantenduko ditugun ere.

Horregatik, eta irtenbide bat aurkitzeko premia dela eta, dei egiten diegu berriz ere lan gatazka honetan aktore direnei (Manpower Group eta Guggenheim Museoa) Museoko zuzendaritzari, Patronatoa osatzen duten erakunde publikoei (Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia) prekarietatearekin bukatzeko konpromesu irmoa har dezaten.

Museoa diruz laguntzen dituzten erakunde publikoen jakinaren gainean jarri dugu gure egoera. Orain dela hilabete bat baino gehiago, idatzi baten bitartez batzarra eskatu genuen Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko udala eta Angel Toña enplegu eta gizarte sailburuarekin. Hauetatik, Juan Mari Aburtoren (Bilboko alkate izanda Patronatoko kidea) erantzuna baino ez dugu jaso, eta honetan ez digu batzarrik ematen eta gaian duen erantzunkizuna arbuiatzen du, konponbidea Museoko Zuzendaritzaren esku utziz.

Azpimarratu nahi dugu gure aldarrikapenak langileon duintasunaren aldekoak direla, gu gara Museoko aurpegia Hezkuntza programen garapenean eta gure egoera lotsagarri honi bukaera eman behar zaio, hau ezin da bikaintasuna eta kalitatea bermatu nahi duen zentro batean onartu.

Museoko Hezkuntza Departamentuko Hezitzaileak gara eta ilusio handiz departamentu berritzaile eta aitzindari honetan parte hartzen dugu, baina gure ikasketa maila eta kategoria profesionala ez doa bat jasotzen dugun soldatarekin. Ez gara ‘esperimentalak’ eta ez ditugu ‘ekintza puntualak’ burutzen, urte osoan zehar egin dugu lan Hezkuntza Departamentuko programa ez berdinak aurrera eramateko: Bisitak haur, gazte zein helduekin, Irakasleen formakuntza saioak, Tailerrak, Familien programak, Artearen Cornerra eta Orientazioa aretoetan.

Azkenik, esan beharra dago greba egunak bertan behera uzteko borondatea azaldu diegula bai Museoa zein Manpowerrei, subrogazioa eta dagokigun kategoria profesionala aitortu eta bermatuz gero.

 

 

Berriro ere arrantza sektorean zoritxarreko albiste baten berri izan dugu

Atzo, hilak 03, jakin genuen Bermeotik 65 millatako uretan “Otzarri Berria” arrantza ontziko F.J.R.B. 55 urteko tostarteko bat hil zela lanean ari zen bitartean. Dagoeneko 2016an Euskal Herrian gutxienez 34 langile hil dira euren lanpostuetan. LABetik betidanetik eskatzen ari gara arrantza sektorearentzako lan baldintza duinak behar direla eta hori lortu arte lanean jarraituko dugu.

LAB sindikatuak lehenik eta behin beraien familia, lagun eta lankideei gure dolumina eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu.

Dagoeneko 2016an Euskal Herrian gutxienez 34 langile hil dira euren lanpostuetan. 1 Araban, 22 Bizkaian, 2 Gipuzkoan, 2 Iparraldean eta 7 Nafarroan.

LABetik betidanetik eskatzen ari gara arrantza sektorearentzako lan baldintza duinak behar direla. Hau da, interes ekonomikoen gainetik tostartekoen segurtasuna bermatu behar dela eta adibidez, ordutegi irregularrak, tokatzen zaien atsedenak bete daitezela bai itsasoan baita lehorrean ere.

LABetik bai armadore elkarteari, baxurako kofradiei, EAEko Arrantza Sailari, Espainako zein Frantziako gobernuei zera exijitzen diegu: arrantza arduratsu eta iraunkorraren alde egin dezatela, tostartekoen baldintzak hobetzeko, belaunaldi aldaketarako eta gure flota bideragarria izateko apustua egin dezatela eta euren probetxurako arrantzale-langileon eskubideekin eta biziarekin ez jokatzeko.

Hori dela eta azkenengo lan istripu mortala salatzeko, astelehenean, hilak 8, 11:30etan BERMEOko PORTUko sarreran, elkarrateratze bat egingo dugu gehiengo sindikalak deituta, hau da, ELA-LAB-STEILAS-EHNE-HIRU-ESK.

 

 

 

Bordeleko epaitegiak hartutako erabakiaren aurrean helegitea aurkeztuko dugu


Bordeleko epaitegiak CGT-k LABen kontra ezarritako errekurtsoa onartu du. CGT-k heldu den azaroan abiatuko diren TPE (enpresa oso tipiak) hauteskundeetarako LABen hautagaitza deuseztatzea galdegin du eta epaileek arrazoia eman die. Sindikatuak lotsagarritzat jotzen du erabaki hau eta beraz helegite bat aurkezteko erabakia hartu du.

Atzo, hilak 4 ezagutu genuen ekainaren 22an CGT sindikatuak LABen kontrako errekurtsoaren harira —LABek enpresa oso tipietako hauteskundeetan parte hartzeko baldintzak betetzen ez dituelakoan ez aurkezten uzteko eskatzen zuen— Bordeleko epaitegiak hartutako erabakia. Epaileek errekurtsoa onartu ondoren, arrazoia eman diote CGT sindikatuari.

CGTk errekurtsoa aurkezteko hainbat argumentu erabili ditu. Hala nola, Euskal Herriko sindikatuak balore errepublikarrak errespetatzen ez dituela eta izaera independentistari lehentasuna ematen diola. CGTren aburuz, sindikatu batek proiektu politiko bat defendatu ordez langileen eskubideak defendatu beharko lituzke.

Bordaleko epaitegiak hartutako erabakiaren aurrean sindikatuak ez du geldirik egoteko asmorik, erabakiaren kontrako helegite bat aurkeztea pentsatu du; horretarako hilabete bat du.