2026-08-07
HomeEkintza SindikalaOsakidetzaren immobilismoaren aurrean, sindikatuok gure jarrera negoziatzailearen aldeko apustua berretsi dugu

Osakidetzaren immobilismoaren aurrean, sindikatuok gure jarrera negoziatzailearen aldeko apustua berretsi dugu

LAB, SATSE, ELA, CCCO, UGT eta ESK sindikatuok, mobilizazioen bidez, Osakidetzak konpromisoak eta hobekuntzak betetzea eskatzen jarraitzen dugu, gure osasun-sistema publikoak bizi duen egoera larriari buelta eman ahal izateko.

Horregatik, Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak biharko, apirilaren 1erako, egin duen Mahai Sektorialaren bilerarako deialdi berriaren aurrean, gogorarazi nahi dugu Osakidetzak sobera ezagutzen dituela oinarrizko gaien inguruan egiten ari garen mobilizazioen xede diren aldarrikapenak, eta gure jarrera irmoari eusten diogula erabateko negoziazioaren beharrari buruz.

Gai horien artean, Osakidetzaren aurrekontua 2023. ekitaldirako handitzeko eskakizunari eusten zaio, EBko batez bestekora iritsi arte (BPGaren %7), horren %25 lehen mailako arretara bideratuz; plantillen dimentsionamendua milaka lanposturen sorrerarekin egokitzea, lan-kargak arrazionalizatu eta herritarrei kalitatezko arreta eman ahal izateko, eta 24.600 langilek baino gehiagok pairatzen duten behin-behinekotasunarekin amaitzea, %8ra jaitsi arte, plantillak finkatuz.

Era berean, galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea eta murrizketa guztiak itzultzea eskatzen dugu sindikatuok, baita Garapen Profesionalean aplikatutakoa ere. Lehen mailako arretan, arreta-ordutegiak berreskuratu eta EAG berriro ireki, baita erretiroak, lanpostu hutsak, bajak eta bestelako absentziak berehala, osorik eta lehen egunetik betetzea ere, kategoria guztietan.

Aldarrikapen horiez gain, honako hauek ere egin behar dira: arrisku psikosozialen ebaluazioa eta neurri zuzentzaileen aplikazioa, arreta berezia jarriz lan-kargetan eta pandemiaren ondorioetan; malgutasuneko eta/edo lan-bizitza eta familia-bizitza uztartzeko neurri eraginkor eta errealak abian jartzea; horrez gain, txandakotasunari, ospitaleratze-osagarriari (%4), berariazko osagarriari, mantentze-lanetako langileen eskaerei eta Santiagoko larrialdien itxierari buruz ebazteke dauden gatazkak ebaztea.

Mahai sektorial gehiago

Aldarrikapen horiei guztiei irtenbidea emateko, sindikatuok uste dugu ezin direla hilean behin bilera sektorial bakar batean jorratu, orain arte finkatuta dagoen bezala. Horregatik, egutegi zorrotz eta eraginkor bat programatzea eskatzen dugu, hurrengo hilabeteetan negoziatu ahal izateko eta neurri zehatzak eta garrantzitsuak lortzeko. Horretarako, mahai sektorialen maiztasuna handitzea eskatzen da, gai horiek negoziatzeko eta konpontzeko foro praktiko bat izan dadin.

Mobilizazioen testuinguruan, martxoaren 28an, sindikatuok apirilaren 8an Lehen Mailako Atentzioan greba egiteko deialdia argitaratu genuen, apirilaren 19tik 22ra, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan lau greba egun eta maiatzaren 16an greba ospitale-sare osoan eta osasun mentalean.

Jaso den Mahai Sektorialaren bilera-deialdian, eguneko gai-zerrendan sartu beharreko gaiak eskatu zaizkie sindikatuei. Ildo horretan, aurretik aipatutako gai bakar bati ere uko egin gabe, sindikatuok nabarmendu dugu foro honetan aurretik ere landutako gaiak daudela, borondatetik erraz konpon daitezkeenak, eta horiek direla deitutako lehen mobilizazioen arrazoia. Hori dela eta, sindikatuok bilera hasteko eskatzen dugu, honako gai hauek lehentasunez jorratuz: mahai sektorialaren akordioak betetzea; %4ko parekatzea eta txandakako osagarria; lehen mailako arretan, ordutegiak berreskuratzea eta EAGak berriro irekitzea, gainerako gaien negoziazioaren egutegiaz gain.

Azkenik, berriro diogu Osakidetzaren benetako negoziazio-borondatearen keinu gisa, puntu horiek izan daitezela Mahai Sektorialaren garapenean jorratu beharreko lehenak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lan baldintzek hil egiten dute

Gaur jakin dugu, atzo, Azkoitian gertatutako lan istripu traumatiko batean, 44 urteko J.A.A.T. basogintzako langilea hil zela, lanean ari zela enbor bat gainera erori...

Navarrabiomed kalera atera da bere lana ezagutarazteko eta Nafarroako Osasun Sistema Publikoaren ikerketa ahalmena indartuko duen hitzarmen duin bat exijitzeko

Fundazio publikoko Langileen Batzordeak borondatea eskatzen du hitzarmen propiorik gabeko 40 urte luzeko epealdiari amaiera emateko. Behin eta berriz aldarrikatu du ezinbestekoa dela ikerketa...

Greba egingo dute abuztuaren 14tik 16ra Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek lan baldintzak hobetzearen alde

Abuztuaren 14ko 22:00etatik abuztuaren 16ko 22:00etara egingo dute greba Moevek Gipuzkoan dituen 16 gasolindegietako 150 langileek. Enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik eta ELAko 3k...