2026-10-02
HomeEkintza SindikalaOsakidetzako zerbitzuen beste lau pribatizatze-saiakera geldiarazi ditugu

Osakidetzako zerbitzuen beste lau pribatizatze-saiakera geldiarazi ditugu

LAB sindikatuak beste 4 kanporatze-espediente geldiarazi ditu, eta dagoeneko hamar plegu baino gehiago daude geldirik, 160 milioi eurotik gorako balioarekin, hau da, 2023rako Osakidetzara bideratutako 3.733 milioi euroen %4,28.

Informatika zerbitzuetako zein elektromedikuntzako teknikarien arloan geldiarazitako pleguez gain, azken asteetan pribatizazio estrategian sakondu eta osasun zerbitzu publikoko beste hainbat kategoriatako lana kanpora ateratzeko pleguak geldiarazi ditugu, honako alor hauei eragingo lieketenak: zerbitzuetako langileak, joskintzako lanak, ospitaleko mantentze-lanak eta erradiofisika.

1.- Santa Marina Ospitaleko sukaldeko ostalaritza-makinetarako laguntza teknikoa eta berrikuspenak; 2.430.540€ (mantentze-lanetako ofiziala)

2.- Santa Marina Ospitalerako ikuztegi eta joskintza zerbitzua; 3.026.700€ (zerbitzuetako eta joskintzako langileak).

3.-Ikuzketa zerbitzua Ezkerraldea-Enkarterri Gurutzeta Erakunde Sanitario Integratuaren lehen mailako arretan; (544.242,78 €) (zerbitzuetako langileak)

4.- Osakidetzako laguntza-sareko zentroetako erradiodiagnostikoko instalazioen segurtasunaren eta kalitate-irizpide normalizatuen arloko ebaluazioetarako zerbitzuak; 1.094.400 € (Ospitaleko erradiofisikoa).

Sagarduik eta Urkulluk jarraitzen duten bitartean herritarrei esaten Osakidetzan pribatizaziorik ez dagoela, LAB sindikatuak 160 milioi euro gerarazi ditu azken urtean. Hala, hainbat profesional erakunde horretan egotea eta bertan jarraitzea arriskuan jartzen zuten kanporatzeak ekidin ditu.

LABen esanetan, Osakidetzan asko pribatizatzen ari da, eta, gainera, kontratazio publikoaren legeak ezartzen dituen gutxienekoak bete gabe egiten saiatzen dira askotan. Horrek agerian uzten du sailak dituen baliabide ekonomikoak kudeatzeko orduan arretarik ez dagoela.

Osakidetzako zuzendaritza justifikaziorik gabeko gastuak egiten ari da pribatizazioa bultzatzeko; esaterako, LAB inpugnatzen ari den pleguak aurrera ateratzeko aholkularitza juridikoaren kontratatzea. Kontratazio horrek, halaber, mespretxatu egiten ditu orain arte zeregin horietaz arduratzen ziren Osakidetzako profesionalak, eta, gainera, Osakidetzaz kanpoko erakunde batean inpugnatzeko aukera ematen duen atalasera iristen ez den prezioarekin egiten du. Hala ere, sindikatu honek, berraztertzeko errekurtso baten bidez ere errekurritu du.

Hau da, Osakidetzan asko pribatizatzen da, eta Osakidetzako zuzendaritzak ez du inolako asmorik erakusten pribatizatu beharrean zerbitzuak bere gain hartzeko. Aldiz, LAB ari da pribatizazio horiek geldiarazten, plantillari kalte baino ez diote egiten eta. Bada, zuzendaritzak kanpoko aholkulari juridikoak kontratatzen ditu, Osakidetzak LABen ekintza sindikala saihesteko nahikoa baliabide juridiko ez balu bezala.

Ahalegin handia egiten dute osasun publikoa suntsitzeko, eta baliabide guztiak erabiltzen dituzte enpresa pribatuetara bideratzeko lanok Osakidetzako lankideek primeran egin ditzaketenean.

Premiazkoa da Osakidetzaren kudeaketa aldatzea, hura indartzeko asmoarekin, dituen baliabideen eraginkortasuna eta optimizazioa handitzeko. Osakidetzako zuzendaritzak pribatizazioaren bidea utzi behar du eta kontratazioa sustatu behar du kanpora ateratzen saiatzen ari diren zeregin horiek Osakidetzako langile publikoek egiteko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.