2026-02-02
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaOsakidetzako soldata-arrakala salatu dugu Gasteizko Zerbitzu Zentraletan

Osakidetzako soldata-arrakala salatu dugu Gasteizko Zerbitzu Zentraletan

Gizon eta emakumeen arteko soldata berdintasunaren aldeko egunean, parodia bat egin dugu Osakidetzako Zerbitzu Zentraletan, Gasteizen, emakumeok jasan behar ditugun diskriminazio egoerak irudikatu eta langile gehienak emakumeak izan arren, zuzendaritzek gizonen esku jarraitzen dutela salatzeko.

Osakidetzako LABen irakurketa
SOLDATA ARRAKALA … eta OSAKIDETZAN ZER?

Generoaren araberako soldata arrakala ez da kantitate kontu hutsa. Arazo politikoa da.

Gure lanak kontutan ez hartzeko tresna bat da, musutruk lan horietaz jabetzeko tresna, lanaldi partzialak eta behin-behinekotasuna inposatu, gutxiago ordaindu, eta zaintza lanak egitera behartzeko tresna. Zaintza lan hauek gabe sistema kapitalista heteropatriarkalak ezingo luke iraun eta ez luke etekinik lortuko.

Zoritxarrez gai honetan Osakidetza ez da salbuespena. Bertako zuzendaritza saiatzen da dagoen arrakala itxuraldatzen, horretarako beraien datuekin nahasmena sortzen ahalegintzen dira eta datu horien erabilera alderdikoia egiten dute. 2018 urteko Memorian hau diote: “Emakumezkoak dira Osakidetzako langileen %78, eta zuzendaritza postuetan nagusi dira”. Baina datu hauei mozorroa kendu behar zaie eta benetako portzentaia atera.

Adibide gisa Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIa jar dezakegu. Bertan 4.400 langile inguru daude, nahiz eta soilik 4.100 langileren datuak ditugun eskuragarri. Horietatik, %22 gizonezkoak dira eta %78 emakumezkoak. Langileen lagin honetan, 113 gizonezko daude buruzagitzetan, emakumezkoak 69.
Beste ikuspegi batetik begiratuta, ESI honetako gizonezko langilegoaren %12,53 buruzagitza mailakoa da. Aldiz, emakumezkoen kasuan portzentaia hau %2,16koa da soilik.

Osakidetza orokorrean harturik, eta erakundeak berak egindako diagnostikoaren datuen arabera, bertan lan egiten duten emakumeen %3,96ak soilik daude buruzagitza postuetan. Legezko zaintza egin ahal izateko eskatzen diren lanaldi-murriztapen eskaeren %92,55 emakumezko langileek eginak dira. Behin-behinekotasun gehiago ere pairatzen dugu, besteak beste.

LABen aspalditik gabiltza instituzioen benetako inplikazioa eskatzen, lanaren gizarte-antolakuntzarekin erabat loturik dagoen diskriminazio egoera hau konpontzeko neurriak ezar ditzaten. Baina beti “suebakiak” topatzen ditugu aurrean, orain morez mozorroturik. Eta egoerak horrela darrai, haurdun diren emakumeentzako gero eta oztopo gehiagorekin, pribatizazio eta azpikontratazioak bidea libre dute, Lehen Arreta hiltzen uzten, berdintasun planik gabe (ezta itxura egiteko ere)…

Guzti honen ondorioz emakumeok kaltetuak irteten gara, langile eta erabiltzaile gisa. Horregatik Osakidetzan planto egiten dugu, sistema honetan sinesten ez dugulako!

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Tubos Reunidoseko enplegu suntsiketa oro gaitzesten du eta enpresari zein erakundeei erantzukizunak eskatzen dizkie

LABek erabat gaitzesten du Tubos Reunidoseko zuzendaritzak Amurrioko eta Trapagarango lantegietan iragarritako EEEa. Ez dugu onartzen egoera koiuntural baten eta erabaki estrategiko okerren kostua langileei...

Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzeko exijitu du LABek administrazio publikoen aurrean

Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan euskarak gaztelaniak dituen eskubide berberak izan ditzan aldarrikatu du LABek Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean. Iruñean...

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...