2026-09-10
HomeEkintza SindikalaOsakidetzak azpikontratatutako garbitzaileak, hitzarmenaren negoziazioaren blokeo egoeraren aurrean, homologazio-printzipioaren alde mobilizatu dira...

Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileak, hitzarmenaren negoziazioaren blokeo egoeraren aurrean, homologazio-printzipioaren alde mobilizatu dira Legebiltzarraren aurrean

LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuon oharra:

Osakidetzako garbiketa zerbitzuko langileok 5 urte inguru daramatzagu hitzarmenik gabe. Enpresa emakidadunekin berrogeita hamar bat bilera egin ditugu honezkero, hala ere, hauek ez dute inoiz akordio batera heltzeko borondaterik erakutsi.

Gure hitzarmena Osakidetzako langileen baldintzekin benetan homologatzea aldarrikatzen ari gara. Hor sartzen dira, besteak beste, karrera profesionalerako sarbidea eta errelebo- kontratuari lotutako erretiro partziala. Gogorarazi behar dugu gure hitzarmenak, berez, Osakidetzako langileen baldintzekin homologatuta gaudela adierazten duela, baina praktikan ikusten ari gara enpresak homologazio hori indargabetzen ari direla Osakidetzako langileek azken urteotan izan dituzten hobekuntzak aplikatzeari uko egiten diotenean.

Are gehiago, berriki jakin dugu, sektoreko enpresa nagusiaren ahotik, Osakidetzako zuzendaritzak adierazi duela ez duela bere gain hartuko egokitu beharreko gaietako bat, karrera profesionaleko osagarria, alegia. Beraz, gertaera honek azken hamarkadetan zehar indarrean egon den homologazio-printzipioa haustea suposatzen du gure iritziz.

Horregatik, sektoreko langileok gure hitzarmenaren defentsan, eta finean, homologazioaren alde mobilizatzera behartu gaituzte. Ziur gaude borrokaren bidez bakarrik lortuko dugula guri aldarriei kasu egin diezaioten. Horrela, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuok Legebiltzarraren aurrean mobilizatu gara, izan ere Legebiltzarreko Osasun Batzordean parte hartzeko eskaera erregistratu dugu. Gure aldarriei kasurik egin ezean, sindikatu deitzaileok ez dugu hurrengo asteetan mobilizazioa gogortzea baztertzen.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT-k bost greba egun deitu ditugu Osakidetzako kolektibo guztien lan-baldintzen hobekuntza eskatzeko

Deialdia egin dugun sindikatuok Osasun Sailari ohartarazi diogu ez dugula simulaziorik onartuko. Bilerak hilero deitzeak ez du esan nahi benetako negoziazioa dagoenik, eta benetako edukiak dituzten proposamenak eskatu ditugu. Uztailaren bukaeran SMErekin sinatutako akordioak agerian uzten du lan-baldintzak hobetzea borondate politiko kontua dela.

Mikel Torresek uko egin dio LABekin eta ELArekin biltzeari LGSri buruz hitz egiteko

EAEko lehendakariorde ere baden Lan sailburuak apirilean LABi eta ELAri mehatxu egin zigun ez genuelako Elkarrizketa Sozialeko Mahaian parte-hartzen; bada, hilabete gutxiren ondoren uko egin dio langileen gehiengoa ordezkatzen duten sindikatuekin biltzeari.

Bizkaiko esku-hartze soziala borrokan: benetako negoziazioaren alde!

LABek, ELAk eta ESK-k salatu dugu Gizardatz Bizkaiko Esku Hartze Sozialeko patronala blokeo egoerara eramaten ari dela negoziazio mahaia.