Negoziazio Kolektiboaren blokeo egoera orokorra da eta Espainiar Gobernuak berriki zerbitzu publikoetan hartutako neurri eta erabakiek ez dituzte funtsean negoziazio kolektiboaren joko arauak aldatzen. Hau dela eta LABek zerbitzu publikoetan negoziazio kolektiboak bizi duen egoerari nola aurre egin azaltzeko agerraldia eskaini du gaur Bilbon. 

Neurri berriak zerbitzu publikoetan, ezer ez aldatzeko

Espainiar Gobernuak berriki zerbitzu publikoetan hartutako neurri eta erabakiek ez dituzte funtsean negoziazio kolektiboaren joko arauak aldatzen: inposizioa eta euskal langileon hitzari bizkarra ematen zaie.

Espainiar Gobernuak hauteskundeen atarian gauden honetan, eta hazkunde ekonomikoa dagoelako diskurtsoaren harira egiten ari diren aurpegi zuritzez, hainbat neurri erabaki ditu zerbitzu publikoetako langileen lan baldintzen inguruan (batzuk aurrekontuen lege bidez laster onartuko direnak, eta beste batzuk bestelako araudien bidez): soldata igoera apal bat onartu %1eko gehienezkoa, 2012ko paga bueltatzeko aukera ematea (%25 2015ean bertan itzuli ahal izango delarik, eta gainerakoa 2016an), moskoso eta kanosoak itzultzea, eta 2016rako erreposizio tasa %100ekoa izatea osasungintza eta irakaskuntzan, eta %50ekoa gainerako zerbitzu publikoetan.

Esan bezala espainiar Gobernuak elektoralismo hutsez hartu ditu erabakiok, agerikoa da.

Baina LAB sindikatuan, euskal langileon ordezkari garen heinean, honek beste arrazoi batzuengatik kezkatzen gaitu bereziki:

• honek berriro ere erakusten duelako zerbitzu publikoetan ezer erabakitzeko dugun erabateko ezina
• eta zerbitzu publikoen eta lanpostu publikoen suntsiketa eragin duten neurriei eutsi egiten zaielako.

Azken urte hauetan Espainiar Gobernuak zerbitzu publikoetako langileon lan baldintzak kaxkartzeko neurriak hartzeaz gain, lanpostu eta zerbitzu publikoak suntsitu ere egin ditu. Bertoko administrazio nagusiek – eta hemen bereziki Jaurlaritzaren jarrera nabarmendu nahi dugu – zerbitzu publikoen suntsiketa eta pribatizazio politika horiek konpartitzen dituztelako negoziazioari bizkar eman, eta INPOSIZIOA beterik ez dute erabili (legez besterik ezin egin dezaketelako aitzakiaz, baina aldi berean egoera juridikoa aldatzeko inongo borondate politikorik erakutsi gabe).

Orain ere, Espainiar Gobernuak aurrez finkatutako negoziazio gaien mugapenean, eta negoziazio gai horietan gehienezko edukien mugapenean murgildu ahal izango dira bertoko administrazioak ustezko negoziazio mahaietan, hau da, berriro ere langileoi INPOSIZIOA.

Ezin dugu onartu, ezin dugu dinamika honetan jarraitu, alegia, Espainiar Gobernuak diño zer negoziatu daitekeen eta noraino negoziatu daitekeen eta gu horretara mugatu. Ezin dugu horrela jarraitu. Euskal langileok NEGOZIATU (MAIUSKULAZ) NEGOZIATU NAHI DUGU, INONGO MUGAPENIK GABE NEGOZIATU.

Zergatik mugatu behar gara gehienezko %1eko soldata igoera, edo 2012ko pagaren itzulpenaren negoziazioetara mugatu behar?

Zergatik ez gure zerbitzu publikoen eta gure lan baldintzen diagnostiko propioa egin, eta horren arabera eta horren beharrizanen mesedetara norabidetu gure negoziazio kolektiboa?

Hori da LABek defendatuko duena, eta euskal adminitrazioei exijituko diena: benetako negoziazioa, euskal langileoi inongo mugapenik gabe hitza ematea, eta negoziazio kolektiboari gure errealitate eta diagnostiko propioan oinarrituta ekitea.

Eta zer dio gure diagnostikoak:

• Langileon eros ahalmena eta lan baldintzak oso kaltetuak suertatu direla azken urteotan, eta orain inplementatu nahi dituzten neurri partzial hauekin nekez emango zaiola buelta alde horretatik izandako galerari.
• Bajetan langileak ordezkatzeko dauden instrukzio murriztatzaileek lanpostuak suntsitzea ekarri dutela, lan kargak handitzea eta zerbitzu publikoen kalitatea okertzea ere.
• Zer esanik ez lanaldiaren handitzeak ekarritako lanpostuen suntsiketaz eta zeritzu publikoen kalitatearen galeraz.
• 2012tik 2014ra bitarte erreposizio tasa 0koa izateak, eta 2015ean %50ekoak milaka lanposturen suntsiketa ekarri du: adibide grafiko bat ematearren, soilik 2013 eta 2014ko datuak aintzat hartuz gero EAEko Jaurlaritzaren menpeko zerbitzuetan jubilatutako eta beraz amortizatutako lanpostuak 2.540 izan ziren.
• Irakaskuntzan ikasle/irakasle erratioak ikasturtetik ikasturtera okerrera doaz hezkuntza ziklo guztietan, alegia, gero eta irakasle gutxiago ikasleko.
• Osakidetzan aldibaterakotasun tasa %30etik gorakoa dela (26.000 pertsonako plantilla presupuestarioa eta aldiz, lanean bataz beste hileko 37.000 pertsona), eta gainera aldi baterako lan egiten duten pertsona hauek hamaika kontratu izenpetzen dutela hilabetean zehar, hau da, kontratazio konkatenatu asko inongo egonkortasunik gabe.
• Oro har zerbitzu publikoetan azken urteetan egin den aurrekontu inbertsioa urterik urtera murrizten joan da
• Zerbitzu publikoen pribatizazioa ohiko praktika bilakatu da
• Zerbitzu publikoen euskalduntzetik oso urrun gaude eta ditugun tresnekin ezta hamarkadetan ere ez diogu egoerari buelta emango.
• Aukera berdintasun eza eguneroko errealitate bilakatu da
• Langileon iritzia eta ekarpena bideratzeko mekanismorik ez dago
• Langileon eta herritarren zerbitzu publikoen kontrolerako bererako ere ez dago inongo aukerarik.
• …

Noizko guzti honi buruzko benetako negoziazioa? Hori da guk bertako administrazioei exijituko dieguna eta hori gabe guk ez dugu negoziatuko, LAB ez da mugatuko inposizioa besterik ez den ustezko negoziazio honen azpijoko arauetara.

Hala, bereziki Lanbideren akordioaren sinadura eta gero Toñak egindako gogoetei argi erantzun nahi diegu: Toña oker dabil Lanbideko sinaduratik ondorioztatzen badu eremu publikoan negoziazioaren desblokeoa etor daitekeela, izan ere desblokeoa Erkoreka eta bere gobernuaren inposizio jarrerek probokatzen baitute, ez langileok. Hartara gogoratu nahi dugu Erkoreka jauna jada atera dela hedabideetan zerbitzu publikoetako langileen lan baldintzen inguruan zer neurri onartuko dituen esaten, negoziazio mahairik deitu ere egin gabe. Beraz, akordioa nahi badu Toña jaunak badaki nor interpelatu behar duen eta hori ez gara gu, Erkoreka jauna interpelatu dezala. Izan ere, LABek ere interpelatu egiten du eta.