2025-12-18
HomeEkintza PolitikoaNafarroan jende gutxiagok lan egiten du, baina ordu gehiago, urte gehiagoz eta...

Nafarroan jende gutxiagok lan egiten du, baina ordu gehiago, urte gehiagoz eta lan erritmo handiagoekin eta %5,1 gutxiago kobratuz

2013ko uztailean, lan erreformak lan hitzarmenak berritzeko finkatutako epea agortzen zenean, UGT eta CCOOek harro adierazi zuten Nafarroako herrialdeko hitzarmen kasik denak sinatu zituztela. Sindikatu hauen arabera, euren “pragmatismoa” LABek hartutako jarrera (hitzarmenak edozein preziotan sinatzeari uko egitea) baino eragikorragoa zen. Denborak zera erakutsi du: UGT eta CCOOen morroitza sindikala kaltegarria da oso nafar langileriarentzat.

Nafarroan UGT eta CCOOek inolako mobilizaziorik egin gabe lan hitzarmenak sinatzen zituzten bitartean, EAEko hitzarmen gehienak ez ziren berritu, sindikalgintza abertzaleak ez baitzuen onartu “edo hitzarmen kaxkarra sinatu edo ez da berrituko” xantaia. Adeccok egindako ikerketa batek erakutsi duenez, EAE eta Nafarroaren arteko soldata amildegia hirukoiztu egin da 2007tik: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan soldatak %0,9 igo diren bitartean, Nafarroan %5 jaitsi dira.

Bien bitartean, Eurostateko datuen arabera, nafar langilearen produktibitateak alemaniarrarena gainditu du: Nafarroako BPG zati soldatapeko kopurua kasik 70.000 eurokoa da, Alemaniakoa berriz 66.500ekoa. 2007-2012 epealdian, produktibitatea gehiago igo zen Nafarroan (%14,6) Alemanian baino (%4,1). Alabaina, hobekuntza hori lanean ari den populazioaren gutxitzearen ondorioz lortu da; garai bera kontutan hartuz, Nafarroan %12,5 jaitsi zen, Alemanian %5,51 igotze zen bitartean. Hau da, Nafarroan kasik berdina ekoizten da langile askoz gutxiagorekin.

Azkenik, enpresa askok lanaldia luzatu dutela eta PP-PSOEk erretiro adina atzeratu egin dutela kontutan hartu beharra dago. Honela bada, Nafarroan jende gutxiagok lan egiten du, baina ordu gehiago, urte gehiagoz (erretiroa hartu ahal izateko) eta lan erritmo handiagoekin, %5,1 gutxiago kobratuz. Txanponaren beste aldean, multinazionalak eta UPNren inguruko enpresariak aberasten ari dira UPN-PPren politikari eta UGT-CCOOen morroitzari esker. Izan ere, Nafarroako BPG Europako altuenetakoa da: 270 lurraldeen artean, 32. postuan dago. Hau da, gaur “krisia”ren hasieran baino egi borobilagoa da honako hau: ez da ondasunik falta, lapurrak dira soberan!

Egiten ari denaren justu kontrakoa egin beharko litzateke. Jende gehiagok, ordu gutxiago eta baldintza hobeagoetan lan egin beharko luke, erretiroa lehenago hartuz. Horixe da, hain zuzen ere, LABek Nafarroako Parlamentuko Enpleguaren Mahaian aurkeztu zuen proposamena, zeinaren bidez 28.189 lanpostu sortuko liratekeen. Alabaina, UPN, PP eta PSNk asmoen agiri bat onartzea hobetsi zuten eta, komunikabideei aurkeztu ostean, zakarrontzira bota zuten zuzen-zuzenean. Honela bada, Nafarroan aldaketa politiko eta soziala premiazkoa da, baita enpleguaren ikuspuntutik ere.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Zerbitzu publikoetan euskaraz lan egin eta bizi ahal izateko lege bermeak exijitu ditu LABek Gasteizen

Euskarafoboak diren alderdi eta sindikatuen aurrean, euskaraz lan egitea eta euskaraz artatua izatea eskubide gisa tinko defendatzeko ordua da. Horregatik, LABek gaztelerak dituen eskubide...

Iruñeko lorezaintzako lehen hitzarmenaren kontrako blokeoa salatu dute sindikatuek

LAB, UGT, CCOO, ELA eta Solidari sindikatuek, GORA LOREZAINAK batzarraren babesarekin —Iruñeko Udalak azpikontratatutako OHLA Ingesan, Eulen eta Tasubinsa enpresetako lorezaintzako langileek osatzen dute...

Langileon Donostia eraikitzera goaz!

Donostiar gehienon lan eta bizi baldintzak etengabe okertzen ari dira eta eraiki hitza da azken aldian gure hirian hitzetik hortzera dabilena. Turismoan oinarritutako postalezko hiria da eraikitzen ari direna, hain zuzen ere, gutxi batzuen interesak hiritarron beharren gainetik jarrita.