2026-03-22
HomeEkintza SindikalaNafarroako Konponketa Tailerren hitzarmenak bizi duen blokeoa eta utzikeria salatu dugu

Nafarroako Konponketa Tailerren hitzarmenak bizi duen blokeoa eta utzikeria salatu dugu

Badira hiru urte baino gehiago Nafarroako Konponketa Tailerren hitzarmenaren negoziazioak ez duela aitzinatze nabarmenik. Hori dela eta, hitzarmen horrek bizi duen blokeoa eta utzikeria salatu du LAB sindikatuak gaur Iruñean eman duen prentsaurrekoan. 3.000 langile inguru daude Nafarroan konponketa tailerretan, baina lan zentro anitzetan daude sakabanaturik eta horrek lan baldintza duinen aldeko borroka zailtzen du.

LABeko Industria federazioko arduradun Asier Calderonek eta Oskar Hernandez sektoreko delegatuak ―eta negoziazio mahaiko kideak― hartu dute parte prentsaurrekoan eta azaldu dute Konponketa Tailerren sektoreak, Industriako bertze sektore batzuekin alderatuta, ez dituela bereziki lan baldintza onak eta ekintza sindikal bateratua egiteko zailtasunak dituela.

“Horregatik, negoziazio mahaia osatzen dugun alderdiok, patronalak zein sindikatuok, erantzukizun berezia dugu, ez bakarrik sektoreari baldintza duinak emateko ―inoiz baino beharrezkoagoak bizi dugun inflazio neurrigabearen aitzinean―, baizik eta, batez ere, hitzarmena bera hiltzen ez uzteko”, esplikatu dute LABeko ordezkariek.

Konponketa Tailerren Nafarroako hitzarmena 2019. urtearen hasiera hasi ziren negoziatzen. Baina ordutik negoziazioak ezer gutzi egin du aitzinera. “Negoziatzen jarraitzeko eta aitzinera egiteko borondate falta salatu behar dugu, azken bilera duela lau hilabete izan baitzen”, adierazi dute LABekoek. “Horregatik, egoera horri buelta emateko, mahaiko alderdien erantzukizunari dei egiten diogu, eta, modu berean, gainerako indar sindikalei eskatzen diegu, patronalak parametro berberetan jarraituz gero, egoera desblokeatzeko beharrezkoak izanen diren borroka-planteamenduak guztiak mahai gaineratzea, denok badakigulako hori dela kasu hauetan bide eraginkor bakarra”.

Azkenik, LABeko ordezkariek erran dute “etorkizunean, horrelako sektore sakabanatuentzat eta borroka sindikal tradizionalak aktibatzeko zailtasun handiagoak dituztenentzat, eragin esparru zabalagoko hitzarmenen bidez arautzea planteatu beharko litzateekela, borrokarako aukera gehiago emateko eta, horrela, baldintza duinagoak izateko”. Kasu honetan, LABen ustez, Konponketa Tailerretako langileek industria siderometalurgikoaren hitzarmenaren barnean egon beharko lirateke.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Martxoak 21. Arraza diskriminazioaren aurka indar guztiz borroka egitera dei egiten du LABek

Ez dadila egun arrunt bat izan. Balio dezala, benetan, egiteke (asko) dauzkagun batzuetan aurrera egiteko. Erakunde sindikal gisa, LAB, olagarroaren beste tentakulu bat izan gaitezke edo, aitzitik, gure indar guztiekin haren aurka borrokatu.

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...