2026-03-15
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaMugicaren dimisioa beharrezkoa zen, baina berandu heldu da eta ez da nahikoa

Mugicaren dimisioa beharrezkoa zen, baina berandu heldu da eta ez da nahikoa

LABen irudikoz, Osakidetzako Zuzendari Nagusiaren dimisioa berandu heldu da, eta ez du inondik inora bermatzen EPEko filtrazioen eskandalua eta erakundeko barne egoera kaotikoa konponduko direnik.

Berandu heldu dela diogu, udan baino lehen hainbat kategoriatako filtrazioak salatzen hasi ginen lehen momentutik argi gelditu zelako arazoari aurre egiteko zuzendaritza honen gaitasun falta. Zero minututik Darpon eta Mugica eskandalua estaltzen aritu ziren, iritzi publikoaren aurrean gezurretan ibiliz, beste gauza batzuen artean, LABek helarazi zien txostena ukatuz.

Era berean, dimisio honek ez du bermatzen ezer aldatuko denik Osakidetzan. Lehenengo eta behin, Mugicarekin batera Darponek ere dimisioa aurkeztu behar zuelako. Bigarrenez, oraindik argitzeke dagoelako EPE prozesuetako filtrazioen trama ustela. LABen iritziz, EAJk dimisioa erabili nahi du arreta filtrazioen arazotik desbideratzeko eta, neurri berean, oposizioaren eskaera batzuk asetzeko eta Eusko Legebiltzarrean sortu litekeen ikerketa batzordea bertan behera uzteko.

Bestaldetik, Mugicak utzitako kargurako Juan Diego Casals izendatu izanak argi eta garbi adierazten du EAJren apustua ez dela Osakidetzarako kudeaketa demokratiko eta garbia. Guztiz alderantziz, Diego jaunaren profila bat dator EAJ alderdian hain errotuta dagoen kudeatzaile mota batekin, pentsatzen dutenak enpresa publikoak euren kortijo edo batzokia dela. Honen harira, gogoratu behar dugu Juan Diegok EITBko zuzendaritzan egin zuen kudeaketa negargarria, aldi berean EITBek azpikontrataturiko enpresa baten zuzendaritzan zegoen bitartean. LABek epaitegira eraman zuen Juan Diego eta epaile batek inputatu egin zuen, diru publikoaren erabilera maltzurra eta delitu sozietarioa leporaturik. Prozesua artxibatu zuten azkenik, baina frogatuta geratu zen diru publikoaren erabilera okerra gertatu zela.

Beraz, Mugicaren dimisioaren aurrean ez daukagu zer ospatu. Jarraitzen dugu filtrazioen iruzurra argitu gabe, jarraitzen dugu errudunak seinalatu gabe, jarraitzen dugu Darpon jaunak bere erantzukizun politikoa onartu gabe, eta badaukagu kudeaketa gardenik egiten ez duen Zuzendari berria.

Panorama honetan, LABek ikertzen, salatzen eta mobilizatzen jarraituko du Osakidetza gardena, demokratikoa, publikoa, kalitatezkoa eta euskalduna lortu arte.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Etxeko eta zaintza langileak ere grebara!

Etxeko langileen hainbat elkartek, Denon Bizitzak Erdigunean plataformak eta martxoaren 17ko greba orokorraren deitzaileek (LAB, ELA, Steilas,Etxalde eta Hiru) agerraldia egingo dute Bilbon, greba...

Tubos Reunidosen, duintasunak, koherentziak eta klase-borrokak irabazi dute xantaiaren, mehatxuaren, beldurraren eta posibilismoaren aurrean

Gaur argi geratu da Tubos Reunidosen EREari buruz ez dela inolako akordiorik egon. Kontsulta-aldia astelehenean akordiorik gabe amaitu zela defendatzen genuenok zein luzapena proposatzen...

SIDENORen EZKUTUKO KALERATZERIK EZ! Lanpostuen defentsan borrokan jarraituko dugu

SIDENOR ACEROS ESPECIALES SLU-ko lan zentroetako LABeko ordezkariak bildu dira gaur agerraldi batean: Basauri, Azkoitia, Gasteiz eta Legutioko lantegietakoak, hain zuzen. Gure helburua bikoitza...