2026-03-19
HomeEkintza SindikalaMejorando cada Día fundazioaren kudeaketa negargarria salatu dugu, baita langileei ematen dieten...

Mejorando cada Día fundazioaren kudeaketa negargarria salatu dugu, baita langileei ematen dieten tratua ere

Salatu nahi dugu Mejorando cada Día fundazioaren bidez Avanvida SL enpresak Iruñerrian kudeatzen dituen osasun mentaleko laguntzako etxebizitzetako langileak egoera larrian daudela. Gure iritziz egoera jasanezina da.

Gaur egun zazpi langile daude plantillan, eta horietatik bi bakarrik dira finkoak. Aldi baterako langileekin aritzea da enpresa honen araua, betiere %80tik goitiko behin-behinekotasunarekin. Langileek behin-behineko kontratuak lotzen dituzte eta kontratu finkoak egin behar dizkietelarik ez diete kontratua berritzen, eta kalean uzten dituzte, lanpostu horretarako bertze pertsona bat kontratatzeko. Zerbitzuaren beharrak ez dira aldatzen eta, beraz, ez dago justifikaturik jarduteko modu hori. Hartara, lanpostu estrukturalak egonik, zergatik ez dituzte langileak finko egiten? LAB ziur dago jokabide hori iruzurrezkoa dela, ezkutuko kaleratzeak baitira.

Hitzarmenari dagokionez, enpresak ez ditu gauza asko betetzen. Langileek hilabeteak daramatzate lan egutegia eskatzen eta gaur arte ez diete eman. Langileek ez dute lan egutegi egonkorrik, ez dakite noiz joan behar duten lanera, dena bat-batean egiten dute eta etengabe egiten dizkiete aldaketak, enpresaren beharrak betetzeko.

Bertzalde, lanaldi luzapenak etengabeak dira, eta langileek guardiako txandak egin behar dituztelarik, atsedenaldiak ez dira betetzen eta ez dira behar bezala konpentsatzen. Langileek ez dute aparteko deus eskatzen, baizik eta edozein lanpostu motak bete behar dituen oinarriak betetzea.

Egoera larria da. Eta are larriagoa da, gainera, enpresak ez dituelako betetzen langileen legezko ordezkaritzaren eskakizunak: ez dago informaziorik, ez dago erantzunik, ez dago elkarrizketarik, ez dago lanpostuen ebaluaziorik, ez eta laneko osasun psikosozialaren jarraipenik ere, hain garrantzitsua baita pertsonekin lan egiten duten zerbitzuetan.

Bukatzeko, LABek langileek jasotzen duten tratuari buruz duten haserrea adierazi nahi du; izan ere, enpresak behin eta berriz zalantza egin du haien profesionaltasunaz, haien aurkako jazarpen emozional eta psikologikoko formulak erabiliz. Bajak daude arrazoi horregatik.

LABek egoera hau konpontzeko eskatu nahi dio enpresari, bere erantzukizunak bere gain har ditzan eta bere plantilla errespetuz, duintasunez eta tratu onez trata dezan. Hala ez bada, sindikatu honek egoera publikoki salatzen jarraituko du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.