1976ko martxoaren 3tik 50 urte betetzen dira, Arabako hiriburuan poliziak hildako bost langileak eta Basaurin eta Tarragonan protesta egin eta poliziaren errepresioaren ondorioz hil ziren bi gazteak oroitzeko eta omentzeko eguna.
Aurten, beste behin ere, Martxoak 3 elkarteak eta ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuok Estatuaren indarkeria pairatu zuten pertsona guztiak gogoratuko ditugu eta soldata eta baldintza duinen aldeko mobilizazio eta antolaketa kolektibo baten protagonista izan zen langile klasea, errepresio bortitz batek itota, balioan jarriko dugu. Emakumeen lana ere nabarmendu nahi dugu, greben arrazoiak gizarteratzen eta ondorioei ekonomikoki eusten lagundu baitzuten. Mende erdi geroago, egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak exijitzen jarraitzen dugu.
Gaur, 1976an bezala, langileriak justizia sozialaren alde eta sistema kapitalista guztiz bidegabearen aurkako borroka aldarrikatzen dugu: sistema horrek oinarrizko zerbitzuen pribatizazioa bultzatzen du, publikoa dena ahultzen du, eta onura ekonomikoa eskubide sozialen gainetik lehenesten duen ereduan, hain zuzen pertsonen eta planetaren esplotazioaren kontura aberastasuna esku gutxi batzuetan pilatzen jarraitzen duen eredu horretan sakontzen du . Horrek mundu osoko herri eta langile klaseei eragiten dien nazioarteko tentsio sakonek markatutako egoera batera garamatza. Euskal Herrian bortizkeria hauek salatzen ditugu eta gure elkartasuna adierazten diegu beren duintasunaren alde erresistitzen eta antolatzen diren herriei.
Palestinako genozidioa krudeltasun iraunkor eta sistematikoa da, Israeleko Estatuak herri oso baten aurka egindako sarraskia. Langileen, haurren eta erresistitzen dutenen aurkako Estatu indarkeria da. Okupazioa, apartheid-a eta garbiketa etnikoa gerra-krimenak dira, eta nazioarteko isiltasunak legitimatzen ditu. Era berean, Estatu Batuek Venezuelaren aurka egindako erasoa salatzen dugu; Venezuelako baliabide naturalak kontrolatu eta espoliatzeko helburu esplizitua duen operazio inperialista da.
Martxoak 3 hau, gainera, mobilizazio ziklo zabal eta beharrezko batean kokatzen da; horren baitan, martxoaren 8a izango da jarraipena, borroka feministaren eguna, beste urte batez kalera aterako gara sistema kapitalista, patriarkal eta kolonialak emakumeen bizitza nola prekarizatzen duen salatzeko, bereziki emakume arrazializatuena eta zisheteroarautik kanpo dauden pertsonena.
Martxoaren 17ko Greba Orokorrak bereziki markatutako martxoa dugu hau, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata propioa exijitzeko deitua, 1976an bezala, langile guztientzako gutxieneko soldata duinak eta aberastasunaren banaketa justuagoa exijitzeko. Orduan bezala, inork ez digu ezer oparituko; horrela, Hego Euskal Herriko gobernuek eta patronalek jarrera bateratua erakutsi dute, lan-prekarietate muturrekoena pairatzen duten pertsonen bizi-baldintzak hobetzearen kontra eta gutxi batzuen pribilegioen alde.
Eusko Jaurlaritzak bere aurpegirik antidemokratikoena erakutsi du, ez baitu onartu eztabaidara LGS propio baten aldeko Herri Ekimen Legegilea, herritarren 140.000 sinadurek baino gehiagok babestua, bai eta Pentsiodunen Mugimenduak bultzatutakoa ere, gutxieneko pentsioak LGSarekin berdintzeko. Zortzi urte bete dira 1976ko langile borroketan protagonista izan zirenak pentsio duinak eskatzeko astelehenero kalera ateratzen hasi zirenetik.
Greba Orokor horretan langile klase osoaren erosahalmenaren galera salatu nahi dugu, bizitzaren garestitzearen igoeraren azpitik eguneratzen diren soldata, pentsio eta prestazio sozialak ezarrita. Desberdintasun sozialen igoera jasanezina eta soldata eta pentsioetan mantentzen diren arrakala matxista eta arrazistak salatu nahi ditugu, are mingarriagoa emakume pentsionista eta emakume arrazializatuentzat, askotan ezkutuko ekonomietan murgilduta bizitza sostengatuz eta atzerritartasun lege bidegabea sufrituz. Greba horrek argi eta garbi erantzuten dituen gai nagusiak dira guztiak.
Testuinguru horretan, Martxoak 3ko 50. urteurren honetan, memoria historikoa munduko txoko guztietako desberdintasunari, indarkeriari eta injustiziari aurre egiteko tresna ere badela berresten dugu.
Aurreko guztiagatik, aurtengo leloa “M3moria. Antolakuntza. Borroka”. M3moria Egia, Justizia, Erreparazioa eta Ez Errepikatzeko bermeak exijitzeko. Indar kolektiboa eraikitzeko Antolaketa. Eskubideak konkistatzeko Borroka.
Martxoaren 3ko 50. urteurreneko egun horretarako ekitaldi bikoitza antolatzen ari gara, 50. urteurrenaren mailan egongo dena, eta oroimen kolektiboan mugarri izango dena, eraildako pertsonak eta une haietako borrokak gogoratzeko, bai eta urte hauetakoak ere, borrokaren beharra orainera eta etorkizunera proiektatzeko helburuarekin, gizarte justuago baterantz aurrera egiteko bide gisa. Horretarako, bi ekitaldi izango dira:
-Arratsaldeko 17:00etan, Martxoaren 3ko monolitoaren ondoan hildakoen Omenaldia egingo da. 1976ko Batzarra Polizia Armatuak indarrez hautsi zuen ordu berean. Omenaldi horretan presentzia berezia izango dute monolitoa eta bere plaka jarri zuten langile haiek, gaur egun haien kemenari esker existitzen dela gogorarazteko; izan ere, orain erakunde guztiek argazkia bertan ateratzen badute ere, behin eta berriz kendu zuten eta ondoren biktimek izan zuten ahaztura instituzional bera jasan zuen.
-18:30ean, beste hitzordu bat izango dugu Katedral Berriaren eta Andre Maria Zuriaren plazaren arteko espazioa hartuz. Katedralean 1976. urteko hiletak gogoratu nahi ditugu, eta herri mobilizazio handi batean Andra Mari Zuriaren Plazaraino joango gara. Bertan, ekitaldi nagusi handi bat egingo da, 50. urteurrena ospatzeko, eta Martxoak 3rekin konprometitutako artisten hainbat emanaldi izango ditugu. Beraz, bertan euskal gizarte osoak parte hartzeko deia egiten dugu, euskal langileriaren oroimenean grabatuta geratuko baita.
Argi utzi nahi dugu antolatzen ari garen Martxoaren 3ko oroitzapenezko ekitaldia espazio anitza, herrikoia eta belaunaldien artekoa izango dela, adin eta inguruabar guztietako pertsonei irekia, eta guztiok askatasunean parte hartzeko aukera izango dugula, aldarrikapenerako espazio segurua izanda.
Urteak daramatzagu elkar zaintzeko mekanismoak abian jartzen, errespetutik eta zaintza arauetatik abiatutako espazio seguru bat eraikitzeko, erantzukizun kolektibora joz; izan ere, 50. urteurren honetan, beste behin ere, parte-hartze masiboa, askea eta segurua izatea nahi dugu.
Alde horretatik, Ertzaintzari bermeak eta beharrezkoak diren barne-neurriak har ditzala parte-hartze aske, masibo eta indarkeriarik gabekoa ziurtatzeko eskatu diogu, eta beste urte batzuetako polizia-jarduerak ezin direla errepikatu argi adierazi diogu.
Amaitzeko, oroitzapenezko kamisetak eta izerditakoak eskaintzen jarraitzen dugula adierazi nahi dugu, Martxoaren 3ko memoria kolektiboa bizirik mantentzeko eta aurreikusitako ekitaldien antolakuntzari laguntzeko.

