2026-02-02
HomeEkintza PolitikoaMaiatzaren Lehen bateratuan Baiona klase elkartasunez eta borrokaz betetzera dei egin dugu

Maiatzaren Lehen bateratuan Baiona klase elkartasunez eta borrokaz betetzera dei egin dugu

Maiatzaren Leheneko mobilizazio bateratua aurkeztu dute gaur Baionan LAB, CGT, CFDT, FSU eta Solidaires sindikatuok. Faxismoaren eta kapitalismoaren aurrean, klase elkartasuna eta borroka aldarrikatuko dituzte, eta baita aberasatasuna, enplegua eta zaintza lanak banatzeko beharra ere.

Ezinbesteko borroka eguna da Maiatzaren Lehena mundu osoko langileriarentzat, langile izatearen harrotasuna aldarrikatzekoa eta justizia sozialaren alde borrokatzekoa. Horregatik, LAB, CGT, CFDT, FSU eta Solidaires sindikatuek mobilizazio bateratura deitu dute gaur Baionan. 11:00etan abiatuko da tren geltokitik.

Konstatazioa lazgarria da, salatu dutenez: “kapitalistek gure bizkar gainean aberastasunak bereganatzen dituzte, eta gure bizitzei kalte izugarria egiteko ahalmena dute”. Egoera horren benetako errudunak aberastasuna arpilatzen eta planeta suntsitzen duten aberatsak eta boteretsuak direla azaldu dute: “Eskuin muturra diruztatzen dute faxismoa hobeto zabaltzeko, bestearen gorrotoa hauspotzeko beren sistema bidegabe eta bortitzari eusteko asmoz”.

Horren aitzinean, elkartasunari eta borrokari eustera dei egin dute: “klase langilearen antolaketa eta batasuna ezinbestekoak dira biharko borrokak irabazteko. Aberatsek, espekulatzaileek, multinazionalek espoliatu egiten gaituzte, larrutu egiten gaituzte. Bada garaia langileoi boterea emateko eta krisi demokratiko egoera honetatik ateratzeko, aberastasuna, enplegua eta zaintzak lanak, ordainduak edo ordaindu gabeak, banatzeko”

Era berean, egungo gobernuek sustatu nahi duten “gerra ekonomia inperialista”, heriotza ereiteaz gain, zerbitzu publikoak eta oinarrizko eskubideak desegiteko aitzaki gisa darabiltela salatu dute. “Lan egiten dutenak edota prekarioenak sakrifikatzea ez da onargarria. Indar harreman bat eraiki behar dugu, sistema kolektibo eta elkartasunezkoak indartzea edo sortzea exijitzeko”.

Bestalde, Gizarte Segurantzak 80 urte beteko ditu aurten, eta urteurrena baliatu dute salatzeko, aurrerapen sozial handia izanagatik, haren desegitea azkartzen ari dela: “osasun zerbitzuak eta zainketakoak pribatizatu egiten dira, eta osasun-gastua gero eta gehiago langileon gain geratzen da, lanpostuak prekarizatzen. Horrela, langileok ez gaude hain babestutak”.

Elkarrekin honako aldarrikapenak plazaratuko dituzte Maiatzaren Lehenean:
• Zerbitzu publiko indartsu, kualitatibo eta irisgarriak denetzat
• Duintasunez bizitzeko aukera ematen diguten lansariak eta pentsioak
• Bifurkazio ekologiko politika bat, klima-aldaketearen ondorioak arintzeko
• Emazteen eta gizonen arteko berehalako lansarien berdintasuna
• Lantoki guztietan protokoloak ezarri eta aplikatzea, diskriminazio, jazarpen eta indarkeria guztiei eraginkortasunez aurre egiteko 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...