2026-06-17
HomeEkintza SindikalaLortu dugu jardunaldi partziala duten kontratatuek oporraldi ordainduak izateko eskubidea izatea

Lortu dugu jardunaldi partziala duten kontratatuek oporraldi ordainduak izateko eskubidea izatea

Aste honetan, LAB sindikatuak lortu du, epai irmo baten bidez, lanaldi zati batez kontratatzen diren pertsonei opor ordainduak eta osoak aitortuko zaizkiela. Ebazpenean jasotzen da lanaldiaren %85a betetzen duen aldi bateko kontratua egin zaion lankide batek ezin izan zuela urteko oporrik egin, eta eskatu zituenean, ukatu egin ziotela.

Lehen Zaintzako Profesionalen Buruzagitzak lanaldi partzialeko batez kontratu diren erizainen oporretarako eskubidea ukatu zuen Leitza-Goizuetako Oinarrizko Eskualdean. Lankidea aldi baterako ezintasunean egon zen 2014. eta 2015. urteetan. Lanari berrekitean, gauzatu ez zituen oporrak eskatu zituen; ordainez, Profesionalen Buruzagitzak ukatu zion oinarrizko eskubide hori.

Lehen Zaintzako Zuzendaritzak (Zerbitzu Profesionalen Buruzagitzak) oporretarako eskubidea murriztu zuen: 27 lan egun izatetik, kontratatu den lanaldiaren eta eragindako pertsonaren berariazko lan egutegian jasotzen diren soberako orduak izatera igaro da.
Lan egutegia akastuna izanik, kontrataturiko urteko lanaldia eta legez egokitzen diren 27 opor egunak batzen ez zitzaizkionez, pertsona honi nabarmenki urritu zitzaizkion zegozkion oporrak.

Aipatu buruzagitzak erabili argudioa Administrazioarekiko Auzien Epaileak eraitsi zuen, gure abokatuak aurkeztu zuen argudioa onetsi eta berretsi zuelako lanaldi zati batez kontrataturiko langileei oporrak egiteko dagokien eskubidea galdegitearen harira.

Ebazpenean argi adierazten da aldi osoz kontratatuak 1.592 lanordu eraginkorreko lanaldia gehi oporretako 198 orduak (2015. urtean, 7 ordu eta 20 minututako 27 lanegun) betetzen dituela, guztira, haren lan egutegian 1790 ordu ezartzen direla. Egun zati batez kontratatu den pertsonari (oraingoan, %85ean) lanaldi eraginkorrean bete dituen 1321 orduak gehi, hari dagokion 198 ordutako urteko oporraldia (27 lanegun) dagozkio.

Hortaz, “aldi osoz edota egun zati batez kontratatu izanak ez diezaioke inolaz eragin opor ordainduak jasotzeko eskubideari. Aitzitik, haren iraupena bestelako eragile baten araberakoa, alegia, kontratuaren iraupenaren arabera izanen da, ez ordea, aldi osoz edota egun zati batez lan egitearen araberakoa”.

Lanaldi partzialaren erregimenak azpimarratzen ditu lan eraginkorrez egin orduen kopurua eta ordainketa doitua, ez ordea oporren eskubidea, berbera delako.

Langileei deia

Ebazpen honek aitortzen dizue sortzen dituzuen oporrak egiteko eskubidea, aldi osoz diharduten langileen antzera. Hauek sortzen dira: “ez dira sortzen ordu eraginkorren kopuruaren baitan edota haien proportzioan,…. kontratuak berez izanen duen iraupenaren arabera baizik”. Ebazpenak honakoa dio ere: “… lan egutegia lantzean eman daitezkeen akatsak ez daitezke zuzendu, nolanahi ere, legez aitortzen den eskubidea ukatuz”.

Kontrataturiko langileak animatzen zaituztegu (lanaldi partzialean nahiz lanegunka) zuen egoera berraztertzera, eta irregulartasunen bat antzemanen bazenute, eskubidez dagokizuena erreklamatzera. Hartu gogoan araudiak uzten duela aurreko urtetako egoerak berraztertzen.

Kudeaketa zabarra ez daiteke arrazoia izan kontratatu diren langileek oinarrizko eskubideak gal ditzaten.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea erretiratzeko eta azalpenak emateko eskatu diogu Tubacexeko zuzendaritzari

Gaur egin da Tubacexek Laudion eta Amurrion dituen lantegietarako planteatutako aldi baterako lan-erregulazioko kontsultaldiko lehen bilera. Zuzendaritzak ekoizpen- eta antolaketa-kausetan oinarritutako ABEEEa (Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea) jarri du mahai gainean, eta neurri hori justifikatzeko erabili nahi duen dokumentazioa entregatu du.

Eusko Jaurlaritzan hitzarmen berria negoziatzearen alde mobilizatu gara

Elkarretaratzeak egin ditugu Bilboko, Donostiako eta Gasteizko lan-zentroetan, eta administrazioari eskatu diogu benetako elkarrizketa ahalbidetu dezala.

Gernika-Lumoko Udalaren gardentasun eza salatzen dugu

Azken urtean, lana ahalik eta hobekien egin nahirik, LAB sindikatutik behin eta berriz eskatu diote Gernika-Lumoko Udalari langileen arloko hainbat gairi buruzko informazioa, hala nola kontratazioei, lan-poltsen erabilerari, lanpostuen estaldurari, funtzio-aldaketei edota giza baliabideen antolaketari buruzkoa.