2026-01-24
HomeEkintza PolitikoaLarrialditik indarraldira. Lan egin eta bizi euskaraz!

Larrialditik indarraldira. Lan egin eta bizi euskaraz!

Euskara kinka larritik aterako duten eta euskaraz lan egitea eta bizitzea bermatuko duten hizkuntza politika burujabeak aldarrikatu ditu LABek Euskararen Egunean. Euskal langileei dei egin die euskararen eta hizkuntza eskubideen alde aktibatzera, eta euskararen aldeko ekimen eta mobilizazioetan parte hartzera.

Euskararen Egun hau une garrantzitsuan dator. Izan ere, azken hilabeteetan, euskarak eta euskaldunon hizkuntza eskubideek beste urte batez menpekotasun erabatekoan jarraitzen dutela baieztatzeaz gain, egoera are ilunagoa marrazten diguten zenbait gertaeraren eta ikerketaren berri izan dugu: oldarraldi judizialaren baitako epaiak ezagutzen jarraitzearekin aski ez, eta nabarmen ugaritu dira; ebazpen judizial horiek ahalbidetzen ari den hizkuntza politika murriztaileari aurre egin beharrean, instituzio gehienak horren araberako lan deialdi mugatuak eta diskriminatzaileak ari dira argitaratzen; UEMAren azken ikerketak agerian utzi du euskararen biziraupenerako gakoa diren arnasguneen etorkizuna kolokan dagoela; eta, azkenik, LABen ustez larritasun handienekoa dena: hori guztia ikusita, ezein eremutan –bereziki eremu sozioekonomikoan— eta ezein herrialdetan ez da egon euskararen egoera zaurgarria iraultzen saiatzeko erabaki politiko-instituzional irmorik, guztiz alderantzizkoa baizik.

Horregatik guztiagatik, larrialditik indarraldira igarotzeko garaia dela aldarrikatzen du LABek Euskararen Egunean, eta, euskalgintzarekin eta gainerako eragile eusialtzaleekin batera, ozen eta irmo adierazi nahi du iritsi dela garaia euskararen normalizazioan berpizkunde berri bat gertatzeeko, eragiteko. Euskara kinka larrian dagoen garaitik normalizazio osora eramateko garaia da. Euskaraz normaltasun osoz lan egin eta bizi ahalko garen aldira igarotzeko garaia da. Hizkuntza politika burujabe baten bidez Euskal Herri euskalduna eraikitzeko garaia da.

LABek euskal langileriari dei egiten dio euskararen alde eta hizkuntza eskubideen alde lantokiz lantoki aktibatzera eta eragitera. Baita ikasturte honetan euskararen alde deituko diren mobilizazio eta ekimenetan parte hartzera ere; horien artean, Euskal Herrian Euskarazek abenduaren 6an Durangon egingo duen manifestazioan eta Euskalgintzaren Kontseiluak abenduaren 27an Bilboko Miribillan egingo duen ekitaldian.

Larrialditik indarraldira igarotzeko garaia da. Euskaraz lan egitea eta bizitzea bermatuko duen Euskal Herri euskalduna eraikitzeko garaia da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

1.500 ordezkari baino gehiago elkartu ditu LABek egunotan, martxoaren 17ko greba orokorra lantzeko

Greba orokorrerako deia herriz herri, auzoz auzo eta lantegiz lantegi ari da zabaltzen LAB. Egunotan, eskualdez eskualde batzarrak egin ditu, eta ehunka ordezkari elkartu ditu.

Arabako ardogintzako hitzarmena berritzeko mahaia osatu da

Gaur, Urtarrilak 23, negoziazio berria martxan jarri da, LAB-ek gehiengoa duen sektorean. Bilera honetan, aurreko hitzarmenak jasotzen zuen KPI berrikuspen klausula dela eta, %2ko igoera...

Martxoak 3: langile memoria zaindu eta sindikalismo soziopolitikoari eusteko deia egin du LABek

Martxoaren 3aren urteurrenaren harira, egitarau oparoa antolatu du LABek, hitzordu nagusia martxoaren 3ko ekitaldi nazionala eta mobilizazioa izango dituena. Duela 50 urte nola, sindikalismoak...