2026-05-01
HomeHerriak du hitza eta erabakiaLangileok ere erabakitzeko prest gaude

Langileok ere erabakitzeko prest gaude

Gure etorkizuna erabakitzearen alde gaude, erabakitzeko eskubidea behar dugulako egoera laboral eta soziala iraultzeko. Nola ziurtatu bizi proiektu duin eta askea edukitzeko eskubidea, geuri dagozkigun gaietan erabakiak hartzeko aukerarik ez badugu? Herri aske eta burujabe bat behar dugu izan, gure etorkizunaren jabe, erabakitzeko eskubidea oinarri. Honengatik guztiagatik, Gure Esku Dago dinamikak larunbatean Bilbon egingo duen mobilizazio nazionalarekin bat egin dugu, ekimenaren leloak dioen bezala, gu ere “erabakitzeko prest” gaudelako.

Gure Esku Dagok mobilizazio nazionala eta itun herritarraren aurkezpena egingo du larunbatean Bilbon, 17:30etik aurrera, Euskadi plazatik eta Plaza Eliptikoraino galdera ikur erraldoi bat irudikatuko dute “Erabakitzeko prest” lemarekin. Udalerri ugaritan egindako galdeketek ardaztu duten ikasturtea borobilduko duen ekimena izango da larunbatekoa.

LABentzat oso garrantzitsua da euskal herritarrok, herri gisa, nazio gisa, gure etorkizuna erabaki ahal izatea, eta horren alde egiten ari gara, erabakitzeko eskubidea oinarrizko eskubide demokratikoa baita. Gure ustez, erabakitzeko eskubidea behar dugu egoera laboral eta soziala errotik aldatzeko. Langileok erabaki, herriak erabaki, gure etorkizunaren jabe izateko.

Erabaki, bizi proiektu duin eta askea edukitzeko eskubidea bermatzeko, langileoi dagozkigun gaietan parte hartu eta erabakitzeko aukera izan behar dugu. Herri aske eta burujabe bat behar dugu izan, gure etorkizunaren jabe, erabakitzeko eskubidea oinarri. Horrela bada, oinarri berriak dituen jendarte eredua eta herri askea nahi ditugu, erabakitzeko eskubidea abiapuntu hartuta eta, itun herritarraren bidetik, herritarren gehiengoaren nahia oinarri izanik. Munduan beste hainbat herrik egin duten moduan, hurbilagokoenetan, Kataluniak. LABetik erabakitzeko eskubidearen alde Kataluniako herria egiten ari den bidea txalotzen dugu. Erreferendumaren data eta galdera iragartzear dauden honetan, LABetik gure babesa eta indarra bidali nahi diogu.

Katalunian bezala Euskal Herrian ere urratsez urrats jarrai dezagun erabakitzeko eskubidearen aldeko olatu gero eta handiagoa astintzen. Honengatik guztiagatik, Gure Esku Dago dinamikak larunbatean Bilbon egingo duen mobilizazio nazionalarekin bat egin du LABek, ekimenaren leloak dioen bezala, gu ere “erabakitzeko prest” gaudelako.

Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoa bertan izango da, sindikatuaren ordezkaritzaren buru. Era berean, LABek dei egiten die langileei ekimenean parte eta erabakitzeko eskubidearen aldeko borrokan inplikatzeko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LABek sinatu du Nafarroako zahar egoitzetako lehen aurreakordioa, sei urteko borroka sindikalaren ostean

LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmen kolektiboaren lehen aurreakordioa sinatu du, sei urteko mobilizazio eta antolakuntza sindikala eta gero. Hitzarmenak hobekuntza nabarmenak izango ditu...

Erandioko Udaleko langileak mobilizatu egin dira gaur, Erandioko udalak hasi asmo duen etxez- etxeko laguntzaren pribatizazioaren aurka

Urteak daramatzate etxez- etxeko laguntza zerbitzua indartzea exijitzen. Alde batetik, zerbitzurako sarbidea izan beharko luketen erandioztar guztiei eskubidea bermatzeko eta bestetik, ematen den zerbitzuaren...

Igor Arroyo: “Batzuentzako prekaritatea dena, beste batzuentzako etekinak dira”

LABeko koordinatzaile orokorrak elkarrizketa eman du gaur goizean Naiz Irratiko mikrofonoetan. Greba Orokorraren osteko egoeraz, lan osasunaz, euskara eskakizunen aferaz edota, nola ez, biharko, Maiatzaren Lehenerako, sindikatuak eginiko deialdiez mintzatu da, besteak beste.