2026-03-19
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaLangileen parte hartzea beharrezkoa izango da eremu sozioekonomikoan euskararen egoerari buelta emateko

Langileen parte hartzea beharrezkoa izango da eremu sozioekonomikoan euskararen egoerari buelta emateko

Euskararen Egunaren atarian gauden honetan, LAB sindikatuak nabarmendu nahi du aurtengo fokoa eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko egin diren eta egiten ari diren zenbait jardunaldi, plan eta ekimenetan jartzea ezinbestekoa iruditzen zaigula. Horregatik uste dugu 2020 bide horretan sakondu behar dela, lan munduaren euskalduntzeaz arituko bagara ezinbestekoa delako langileon hizkuntza eskubideak onartu eta errespetatzea, eta baita egiten den oro langileokin batera egitea ere.

Euskararen Egunaren atarian gauden honetan, ezin ukatu 2019ak utzi dituela hizkuntzaren gaiarekin hausnarketarako gako batzuk. Hala nola, Euskaraldia edo Korrika bezalako ekimenak. Eremu sozioekonomikoa nola euskaldundu ere, egin dira zenbait jardunaldi eta identifikatu omen dira beste hainbeste gako. Helduen euskalduntzeak eta doakotasunak eman du zer esana eta nola ez, administrazioak eta bere politikek ere bai; Nafarroan zein Hego Euskal Herrian, bederen.

LAB sindikatua ere, noski, ez da horietatik guztietatik aparte ibili. Eta orain dela 20 urte hasitako bideari jarraiki, EUSLAB gure plan estrategikoa berritu eta aurrera nola egin landu, eztabaidatu eta ekinean ibili gara. Sindikalismotik eta daukagun ardura soziopolitikoari uko egin gabe jardun dugu euskararen gaiarekin, bai kanpora begira, arestian aipatu direnetan aktiboki parte hartzen, baina baita barrura begira ere.

Nafarroan, Euskararen Lege berriari bide emateko antolatu zen batzordean parte hartu genuen eta egun indarrean dagoen dekretuaren topeak berriro mahai gainean jarri genituen. Hala ere, osatu den gobernuarekin ez du ematen lege berrirako biderik irekiko denik. Ez hor ez eta beste eremu batzuetan ere. UGT-ek jarritako helegiteari Nafarroako auzitegiak eman dion erantzuna ikustea besterik ez dago. Gure herriaren asimilazio eta ezabatze estrategiaren parte dira horiek guztiak, baina LAB sindikatuak irmo jarraituko du erantzuten eta euskararik gabe Euskal Herririk ez dagoenaren aldarria kaleratzen!

Aurtengo fokoa, ordea, eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko egin diren eta egiten ari diren zenbait jardunaldi, plan eta ekimenetan jartzea ezinbestekoa iruditzen zaigu. EAEn, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak egin nahi duen eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko plana egikaritzean gainerako eragile guztiekin elkarlanean aritu gara ekarpenak eginez, nahiz eta jakin badakigun plan horrek muga batzuk izango dituela. Izan ere, LAB sindikatuaren ustez, Jaurlaritzaren hizkuntza politikak araugintzari bide ematen ez dion bitartean eta langileen parte hartzeari aterik zabaltzen ez bazaio, nekez lortuko da eremu sozioekonomikoan euskararen egoerari buelta ematea.

Horregatik uste dugu 2020 bide horretan sakondu behar dela, lan munduaren euskalduntzeaz arituko bagara ezinbestekoa delako langileon hizkuntza eskubideak onartu eta errespetatzea, eta baita egiten den oro langileokin batera egitea ere.

Guk, kalean zein lanean euskaraz askatasunean.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.