2026-06-15
HomeEkintza SindikalaLangileen egonkortze prozesuak udalez udal negoziatzearen alde egin dugu

Langileen egonkortze prozesuak udalez udal negoziatzearen alde egin dugu

Toki administrazioko sindikatuok EUDELen zuzendaritzarekin batzartu ginen atzo, urriaren 3an, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udaletako egonkortze prozesuetarako oinarrien inguruan eztabaidatzeko. Lehenik eta behin, orain arteko hiru bileren balorazio positiboa egin nahi dugu, denon artean konfiantzazko marko bat eraikitzeko gai izan baikara.

LABek orain arteko posizio publikoa berretsi nahi du. Oso argi dugu egonkortze deialdiak tokian toki, udalez udal, negoziatu eta adostu behar direla, toki-administrazio bakoitzaren udal autonomiaren barruan. Negoziaketa kolektiboa langileoi dagokigun oinarrizko eskubidea da eta udalez udal aldarrikatuko dugu.

Bestetik, egonkortze prozesu hauetan guztietan, finkatutako helburuak nekez erdietsiko dira oinarriak tokian toki lantzen ez badira, udal bakoitzaren argazki zehatzari erantzuten ez badiote.

EUDELek proposatutako oinarriek administrazioan orokorrean erakutsitako eskarmentua lehenesten dute; baina berariazkoa, hau da, administrazio deitzailean emandako esperientzia, infrabaloratua dago. LABek gogor kritikatu zuen EUDELen irizpide hau, gure ustez, berariazko esperientzia delako gehien baloratu beharrekoa, udal langileen kontsolidazioa benetan bermatu nahi badugu.

Positiboki baloratzen dugu EUDELen azken proposamena oinarri bakarren eredu zurrun batetik eredu malguago batetara igarotzea. Hala ere, marko orokor itxi baten barruan (merezimenduen egitura osoa), udal bakoitzak bere oinarri espezifikoen berezitasunak ezarri ahal izango dituen arren, LABen iritziz ez da nahikoa, udal bakoitzak erabakimen osoa izan beharko lukeelako.

LABek ekarpen zehatzak egiten jarraituko du. Euskararen erabileraren normalizazioari dagokionean, esaterako, gure hizkuntzaren ezagutza meritu gisa behar beste baloratua izan dadin lanean segituko dugu.

EUDELek eta hiru foru aldundiek prozesu hauen guztien kudeaketa materialean laguntzea ezinbestekoa iruditzen zaigu, baina inolaz ere udal autonomia eta udal langileon negoziaketa kolektiboaren kaltetan.

Aurrerakuntza partzial batzuk lortu badira ere, oso argi dugu lan-mahai honek ezin duela udal bakoitzaren negoziazio markoa ordezkatu.

Egonkortze prozesuak udalez udal negoziatu behar ditugu. Erabakimena udal bakoitzari dagokio!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Arabako esku hartze sozialeko hilaren 23ko negoziazio mahaian aurrerapausorik ez badago, greba egingo dugu ekainaren 25ean

LAB, ELA, CCOO eta ESK sindikatuok Lucho Royero Gasteizko zinegotziaren faltsukeria eta mututasuna salatzen ditugu. Arabako esku hartzearen sektorean ordezkaritza dugun LAB, ELA; CCOO eta...

Primafrion jazarpen sindikalak ez du etenik

Gaur Durruman (Araba) kokatutako Primafrio enpresaren atean egindako elkarretaratzeak berriro erakutsi du LABen ez gaudela atzera pauso bakar bat ere emateko prest. Bere jarrera zuzendu beharrean, enpresak beste behin ere errepresio sindikalaren aldeko hautua egin du, eta joan den ostiralean beste langile bat kaleratu zuen, lan eskubideen alde egiteagatik.

Navarrabiomedeko langileek aurrekontu-bermeak eskatu dituzte euren hitzarmen kolektiborako

Navarrabiomed-Miguel Servet Fundazioko langileek elkarretaratzea egin dute gaur goizean, hitzarmen kolektiboaren negoziazioan hitzartutako akordioek aurrekontu-babesa izan dezaten eskatzeko. Hitzarmenaren helburua osasun-ikerketa publikoaren errealitatera egokitutako lan-esparru...