2026-02-01
HomeEkintza SindikalaLangile guztiontzako baldintza duinak aldarrikatu ditugu Donostiako esplotatzaileen tabernaren aurrean

Langile guztiontzako baldintza duinak aldarrikatu ditugu Donostiako esplotatzaileen tabernaren aurrean

Gipuzkoako ostalaritza sekulako sektore prekarizatua da: ehuneko handi bat ezkutuko ekonomian murgildurik dago, hitzarmenik gabe. Sinatu zen azken lan-hitzarmena 2010. urtean indargabetu zen eta, saiakerak egin diren arren, geroztik ez da berritu. Horrek, sektorea are gehiago prekarizatzen du, arduradun nagusia Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea izanik.

Testuinguru honetan, asteartean, salatu beharreko albiste baten berri izan genuen: Senran eta Donostiako beste taberna batzuetan baldintza irregular bezain penagarrietan lanean ziharduten 21 lagunek.

Haien babesgabetasun egoera profitatuz, lan-kontraturik gabe, atsedenik gabe eta egunean 12 eta 15 orduko lanaldia betez lan eginarazten zien enpresariak soldata miserable baten truke.

Gastronomiagatik eta ostalaritzagatik goratutako postaleko Donostia honen atzean, esplotazio-eredu hori beren gorputzekin eusten duten langileen lan-baldintza lazgarriak daude. Arrazakeria, klasismoa, esplotazioa eta gehiegikeriak daude gero eta bortitzagoa eta baztertzaileagoa den txanpon horren beste aldean. Aski da gehiegikerien nahiz denetariko xantaia eta promesa faltsuen bidez aberasten den patronal espekulatzailearekin.

Hondarribian ere, jabe berberak kudeatutako beste Senra taberna bat badago, non egoera errepikatu egiten den. Are gehiago, herrian, taberna hori ezaguna da egoera horretan aurkitzen diren pertsonak kontratatzearren (etorkinak, egoera administratibo irregularrean daudenak,…).

Gure aburuz, egoera guzti hauek salatu eta aurre egin beharrekoak dira, baldintza duinetan lan egiteko eskubidea langile guztiontzat izan dadin bermatzeko.

Gertatutakoa salatzeko eta kaltetuei gure babesa eta indar guztia helarazteko, boikotera deitzen dugu!

Gaurkoan, urtarrilak 27, Donostiako Senra taberna parean elkartu garen moduan, asteartean, urtarrilak 31, Hondarribiako Senra tabernaren aurrean bilduko gara.

Esplotazioa borrokatu! Lan baldintza duinak langile guztiontzat!



AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...