2026-11-06
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaLan mundua euskalduntzeko prozesu parte hartzailea aurkeztu du LABek

Lan mundua euskalduntzeko prozesu parte hartzailea aurkeztu du LABek

LAB sindikatuak lan mundua euskalduntzeko estrategia egokitzeko 2014 urtean martxan jarriko duen prozesua aurkeztu du gaur, Euskararen egunean. Egitasmoak lan mundua euskalduntzeko LABen LANEUS ildoa gaurkotu eta egungo ziklo berrira egokitzeko hausnarketa eta eztabaida bultzatu nahi du. Proiekzio publikoa izango du eta webgunean gaiarekin interesatua dagoen edonork ekarpena egiteko aukera izango du.

LANEUS. LAN MUNDUA EUSKALDUNDUZ, ETORKIZUNA EUSKARAZ ASKATASUNEAN
Lan mundua euskalduntzeko estrategia egokitzeko prozesua

Lan munduak hizkuntzen normalizazio prozesuan berebiziko garrantzia du (edozein hizkuntzak bete beharreko 4 funtzio nazionaletatik bat lan mundua da, administrazioa, hedabide eta hezkuntzarekin batera).

Hori horrela, lan munduan euskarak bizi duen errealitatea ezagutzea guztiz beharrezkoa da beronen garapen zein hedapena ziurtatuko duten Hizkuntza Politika eragingarriak zimentu sendoen gainean eraikitzeko. Bada, gure herriko instituzioei ez zaie komeni lan munduan euskarak bizi duen egoeraren gordintasuna agertzea, jakin badakitelako, orain arte egin dutena hutsaren hurrengoa dela eta euskara lan munduan normalizatuko bada, egungo egoeratik abiatuko diren Politika eragingarriak beharrezkoak izango direla. 

Lan munduan inposatzen ari diren politikek lan harremanak aldatu egin dituzte. Ondorioz, sindikalgintza eredu berria ezinbestekoa da, eta horrek lan munduan hizkuntza normalizazio prozesuan ere eragina du. 

Gaur gaurkoz ezinbestekoak zaizkigu:

  • Erabakitzeko eskubidea, politika propioak EHaren garapenaren mesedetan.
  • Euskal Esparru sozioekonomikoa, lan harremanak euskaraz izateko berme gisa.
  • Aldaketaren beharra agerikoa da. Eredu alternatiboa euskaratik eta euskararentzat eraikia behar du izan edo ez da benetako aldaketa gauzatuko).
  • Askatasuna. Baldintza demokratiko berberak edukitzea ofizialak diren hizkuntzek. Soilik orduan aukeratu ahal izango dugu euskara askatasunez (gaur egunean, espainola zein frantsesa inposatzen zaizkigu)

Euskararen normalizazioa helburu, LAB sindikatuak Euslab egitasmo estrategikoa du abian (euskararen normalizazioa estrategikotzat, barne zein kanpo mailan). Barne mailan, SinEus egitasmoarekin dihardu sindikatuak lanean. Azken urteetan SinEus ildoaren aldeko desoreka egin bada ere, unea iritsi da LanEus, alegia, lan mundua euskalduntzera bideratutako LABen estrategia, indartzeko. 

2014.urtean zehar, LAB sindikatuak lan mundua euskalduntzeko estrategia egokitzeko prozesu oso bat martxan jarriko du, gaur, abenduaren 3an abiatzen dena.

Helburuak:

  • LAB sindikatuak lan mundua euskalduntzeko duen estrategia eraginkortu eta errealitatera egokitzea. Burujabetza ariketa praktikoa egiteko garaia da.
  • Inposatu diren erreforma ezberdinek lan munduan izaniko ondorioak kontutan hartuta, lan mundua euskalduntzeko eragin gune ezberdinak identifikatzea eta gune bakoitzean kokatzen ditugun ardatz nagusiak zehaztea.
    • Lan zentroetan ezin gara negoziaketa kolektibora mugatu. Eskualdeko estrategien baitan lan munduaren euskalduntzea ere kokatu behar dugu.
    • Krisialdi ekonomikoak prekarietatean eta pobrezian sakontzen duen neurrian, euskararen normalizazioan izaten ari duen eragin negatiboa ere mahai gaineratu behar dugu. Aldaketaren beharra inoiz baino agerikoago den honetan, aldaketa baliatu behar dugu euskararen normalizazioan urrats sendoak egiteko.
    • Azkenik, uste dugu lan munduaren euskalduntzearen aldeko indar metaketa egin behar dugula, botere harremanak eraldatu eta kapitalari bataila irabazi behar diogu. Horretarako, ordea, herri gisa egingo dugun bidea adostasunetan eraiki behar dugu eta aliantza berrietarako baldintzak sortu.
  • LAB sindikatuak lan mundua euskaldundu dadin, langile klasea (eta bereziki LABeko militanteak) estrategiaren erdigunean kokatuko du (langileak subjektu aktibo).

Lan mundua euskalduntzeko estrategia berrituaren ezaugarriak:

  • Proiekzio publikoa izango duen estrategia.
  • Irekia, inklusiboa. Ekarpenei ateak zabalik, informazio publikoa. Berrikuntza gisa, webgunean gaiarekin interesatua dagoen edonork ekarpena egiteko aukera izango du.
  • Parte hartzailea.
  • Prozesu dinamikoa.
  • Integrala.
  • Efektu biderkatzailea izateko bokazioa duena. Langile klasean eta euskal sindikalgintzan.

Inflexio puntu nagusiak:

2014ko Urtarriletik ekaina bitarte

  • ▪ Aurrez aurreko harremanak sindikatuko militanteekin: egituratan dabiltzanekin (zuzendaritza, sektore-federazioak, eskualdeak, emakume-gizon pareko…) eta euskalgintzan/ lan munduaren euskalduntzean eragiten duten kideekin.
  • ▪ Eztabaida taldeak. Sindikatuko hainbat kiderekin zein ekintza sindikalari loturiko berezko egituratan.

Uda

  • Jasotako ekarpenekin txostena berregituratu.

Iraila

  • Ikasturte hasierarekin batera sindikatuak estrategia berritua bere egiteko prozedura garatuko du.

Urria/ azaroa:

  • Konferentzia eragile sindikal, sozial eta politiko ezberdinei lan mundua euskalduntzeko estrategia aurkeztu eta partekatzeko helburuarekin. 
LAB sarean
{module[111]}

laneus Langileok aldaketa euskaraz, kalean zein lanean, askatasunean
Hausnarketa prozesurako dokumentua eta ekarpenak

 


AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ezin da pertsona zaurgarrien izenean euskararen normalizazioa zalantzan jarri

LABek erabat arbuiatzen du GUFE Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen gizarte-integraziorako teknikari lanpostuetako Lan Eskaintza Publikoa baliogabetu izana, eta horretarako argudiotzat erabili izana pertsona zaurgarrien artena euskararen erabiliera oso txikia dela. Denen eskubideak bermatzea da administrazio publikoaren betebeharra.

Dornier-eko batzordeak salatu du alde bakartasunez ezarri direla langileen kontziliazioa eta segurtasuna okertzen dituzten lan-baldintza berriak

Dornierreko ordezkaritza sindikalak (LAB, ELA, UGT eta CCOO) enpresak ezarritako lan-baldintzen funtsezko aldaketa errefusatu du, negoziazio-prozesua akordiorik gabe amaitu ondoren. Gainera, Iruñeko Udalari erantzukizuna...

Greba orokorraren egunean 70 herritan baino gehiagotan egingo ditugu manifestazioak arratsaldez

Goizez iragarritako manifestazioez gainera, arratsaldeko hitzorduen berri eman dugu gaur Bilbon eta Iruñean eginiko agerraldietan. Herrialdeetako hiriburuei dagokienez, mobilizazio guztiak 18:00etan abiatuko dira. Bilbon, Plaza Eliptikotik; Donostian, Bulebarretik; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik, eta Iruñean, Baluartetik.