2026-09-18
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaLan baldintza duinak aldarrikatu ditugu Arabako helduen egoitzetako langileentzat

Lan baldintza duinak aldarrikatu ditugu Arabako helduen egoitzetako langileentzat

Elkarretaratzea egin dugu Gasteizen, Aldundiaren aurrean, hitzarmenaren defentsan.

Pasa den otsailaren 6an urtebete bete zen Arabako Foru Aldundian egin genuen lehen kontzentraziotik. Gure nagusien zaintzan ari garen langileok (sektorearen %95a emakumezkoak gara), egoitza pribatu eta etxebizitza komunitoarioetan ordezkaritza handiena duten 4 sindikatuen eskutik, LAB, ELA, UGT eta CCOOek, kalera ateratzea erabaki genuen jasan behar dugun prekarietate eta babesgabetasun egoera salatzeko.

Sektore feminizatu honetan jasaten dugun errealitatea honakoa da: soldata prekarioak, langile ratio askiezengatiko gehiegizko lankargak, egiten ditugun lan desberdinetarako kualifikazio egokia izan gabe sarritan, batez ere zentro txikietan eta kontziliazioa ezinezko izanda.

Guzti honi estatu mailako hitzarmena ezartzea gehitzen badiogu, zailtasunak areagotu egiten dira. Are gehiago kontutan hartzen badugu Bizkaia eta Gipuzkoan badituztela soldata hobeak, aldi baterako ezintasungatiko hobekuntzak, ordu murrizketak…

Gure helburua, ditugun lan-baldintzak Bizkaia eta Gipuzkoako gure lankideek dituztenekin parekatzea da. Azken finean, hiru herrialdeetan alderdi politiko berdinak daude gobernuan eta zerbitzua ematen duten enpresetako batzuk berdinak dira. Horretarako, eta bide honetan egin beharreko lehen pausu moduan, egun esistitzen ez den mahaia zabaldu beharko litzateke egoitza pribatuen patronala eta alde sozialaren artean, hau da, sindikatuak. Eta horrela hasiera emango litzaioke Arabako egoitza pribatuen I herrialdeko hitzarmenaren negoziazioari ulertuta, sektoreak herrialde honetan duen kasuistika dela eta, beharrezkoak izango direla patronal ezberdinak, errealitateak ere anitzak direlako eskainitako plazei, bitarteko ekonomiko etab.ei dagokienez.

Urtebeteko borroka egin dugu, honako balantzearekin:

-Gaur, otsailaren 19an egin dugun kontzentrazioa hamabosgarrena da gatazka hasi zenetik, egin izan ditugun beste hainbat ekimenekin batera: kotxe-karabanak, pankartak jartzea, sinadura-bilketa (4.000 sinadura baino gehiago Arabako egoitza eta etxebizitza komunitario pribatuetako erabiltzaileei kalitatezko zerbitzuak eta arreta eskatu eta babesa emanez), talde politiko guztiekin bilerak eta baita Emilio Sola Politika Sozialetako Ahaldunarekin ere (bi aldiz), alderdi politiko guztiek aldetik, EAJrena izan ezik, herrialdeko hitzarmenaren negoziazio bultaztzeko idatzizko konpromisoa lortuz.

-Pentsionisten plataformarekin harremanetan ari gara eta menpekotasunaren inguruan antolatu dituzten ekimen ezberdinetan parte hartu dugu.

Elkartzen gaituen azken helburu bat dugu, nagusientzako arreta duintzea eta ematen den zaintzaren kalitatea ziurtatzea, edozein egoitzetara joanda ere.

Datorren martxoaren 4an prentsaurrekoa eta kontzentrazio bateratua egingo ditugu egoera larri honen aurrean.

Lan-baldintza duinak eskatzen ditugu sektore honetako langileentzat eta zaintza duina gure nagusientzat eta horretako, ezinbestekoa da Arabako egoitzen Herrialdeko Hitzarmena negoziatzea. Ahaztuta gaude, ez dezagun beste alde batera begira, edozein egon gaitezke egoera honetan.

Mobilizatzen jarraituko dugu lortu arte.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Erandioko ‘Los Ochos’ eraikinetako bizilagunek eta LAB sindikatuak manifestazioa deitu dute irailaren 24an eta adierazi dute beren etxeak defendatzeko prest daudela

Alokairuan dauden 120 familia baino gehiago beren etxebizitzetatik kanporatuak izateko arriskuan daude Mosaic putre funtsak erosi dituenetik eta urte luzez haien bizitzak hantxe eraiki...

Euskararen desofizializazio prozesuan urratsak ematen jarraitzen dute auzitegiek

Sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko dekretua baliogabetu izanak agerian uzten du euskara eta gaztelania maila berean jarriko dituen arkitektura juridikoaren beharra. LABetik Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu auzitegien mehatxuei aurre egin diezaiela eta euskalduntzearen beharrei erantzungo dien dekretu berria osatzeko prozesua has dezala.

Desgaitasunaren sektorea Administrazioarekin parekatzea eskatu dugu, zaintza-sistema publiko baterantz aurrera egiteko

LABetik proposamen formal bat helaraziko diogu mahaiari, bi urte baino gehiagoko geldialdi sektorialaren ondoren, eta ANADPen pribatizatutako langileen subrogazioa eskatzen dugu.