LABek lan osasuneko ekintza planari babesa eman dio, baina aipatutako planean dauden ekimenen jarraipen estua egitekoa konpromisoa hartu du, bere eraginkortasuna aztertu eta, beharrezkoa izanez gero, beharrezkoak liratekeen aldaketak planteatzeko. Era berean, Nafarroako Gobernuari eta berau sostengatzen duten alderdiei honako hau eskatu die: lan arloan eta lan osasunaren prebentzioan erabateko ahalmena eskuratzeko urratsak eman ditzatela, eta Lan Ikuskaritza propioa lortzeko helburua bere egin dezatela.

Nafarroako Gobernuko Lan Osasuneko Zerbitzuak ekintza-planaren (2016-2019) zirriborroa bidali eta ekarpenak eskatu zien sindikatu ezberdinei. Ekarpenak egiteko epea laburregia bazen ere, plan horren inguruko kontsentsua eraikitzeko aipatutako Zerbitzuak erakutsitako borondatea aintzat hartzen dugu. LABen jarrera bi ardatzetan labur biltzen da.

Alde batetik, LABen ustez oso zaila da nafar langileok ditugun osasun arazo larriei aurre egitea, arriskuen prebentzioari nahiz lan baldintzei dagokionean legeak sortzeko ahalmenik gabe, ezta legedi horren betetzeaz arduratuko litzatekeen Lan Ikuskaritza propiorik gabe. Ildo honetan, Nafarroak lan eremuaz nahiz prebentzioaz arautzeko ahalmena eskuratzea funtsezkoa da, baita Lan Ikuskaritza propioa izatea ere.

Beste alde batetik, LABen ustez premiazkoa da Nafarroan neurriak hartzea, lan erreformaren ondoriozko lan baldintzen prekarizazioak langileen osasunean eragindako ondorioei aurre egiteko.

Aipatutako mugak kontutan hartuta, baina era berean ekintza-planean aurreko Gobernuen planekiko alderatuta ekimen berritzaileak daudela aitortuta, LABek hainbat proposamen egin ditu ekintza-planari begira eta horietako gehienak onartuak izan dira, tartean honako hauek:

-Lan osasunaren ikerketa nahiz arriskuen prebentzioa egitean, genero aldagaia txertatzea.
 -Lan osasunean jasandako kalteak aztertzean, ebentualitatea eta azpikontratazioa bezalako prekarietate aldagaiak kontutan hartzea.
 -Gaur egun ezkutuan mantentzen diren kalteak aitortzeari begirako ekintzak martxan jartzea.
 -Nafarroako eraikin eta instalazioetan legokeen amiantoaren mapa egitea.
 -Egungo prebentzio legedia betetzen dela bermatzeko, enpresei begirako behatze eta kontrol tresnak indartzea.
 -Mutuen jarduera ikuskatzea, nola prebentzioan hala lan osasunaren kudeaketan dauden praktika desegokiak antzemateko asmoz. 
 -Nafarroan indarrean dagoen sistema prebentibo merkantilizatua eraldatzea.

Honela bada, LABek Lan Osasuneko ekintza-planari babes kritikoa eskaintzen dio eta aipatutako planean dauden ekimenen jarraipen estua egiteko konpromisoa hartzen du, bere eraginkortasuna aztertu eta beharrezkoa izanez gero beharrezkoak liratekeen aldaketak planteatzeko.

Era berean, Nafarroako Gobernuari nahiz berau sostengatzen duten lau alderdiei zera eskatzen diegu: lan arloan eta lan osasunaren prebentzioan erabateko ahalmena nahiz Lan Ikuskaritza propioa eskuratzeko urratsak ematea.